Zer ekarpen egin zion Eusebio Osak euskal irakaskuntzari?

2014-06-01
 
 
Nago galdera horrek gonbita egiten didala begi bat orain berrogei urtera ­edukitzeko, eta bestea, egungora eta biharkora. Bereziki pedagogia eta gizartearen arteko harremanei jarriko diet begia –Pedagogia eta gizartea, Lur, Donostia, 1972–, beste honi ere ­erreparatuz: zer kritika egingo lioke gaur ­egun Osak egungo euskal irakaskuntzari? Ez dut asko arriskatuko, gehienbat bere hitz idatziak tolestuko ditut, haren ideiak nolabait iraganetik gaurkora ekartzen ahalegindurik.
Duela berrogei urte ikastoletan erlijioa edo dotrina eman behar zen edo ez, garrantzizkoa zen. Gizartearen sekularizazioa hasia zen erpinetik: seminarioak eta komentuak husten hasiak ziren, baina herri xehean, erlijioak pisu handia zuen. Ez zitzaion iruditzen ikastolan dotrina eman behar zenik. Eta erlijioa heziketa ordenazalearen iturri bezala kontsideratzen zuenez, baztertu beharrekotzat zuen bezala, fedea ez, azken hau izan zitekeen eraldatzaile ­eta iraultzaile. Erlijioak psikologia ordenazaleak sortzen ditu:
“Erlijio ideiaren barnean, bikote hauek aurkitzen ditugu: goikoa-behekoa, gorputza-anima, materia-espiritua, mundu hau-beste mundua, ­oraingoa-betikoa, sakratua-profanoa (...) Beraz, bada ordena bat, bada mailaketa bat, ordena hori, Jainkoak berak ezarria da. (...) Goikoak goian behar du. Behekoak behean. Jainkoak landatu duen arbola sakratu honi ukitzen diona, madarikatua geldituko da (...) Beraz, gizartean ere, goikoak eta behekoak, izan beharko dira. Gizarte bat estrukturatzerakoan, ideia nagusia ez da denen berdintasuna izanen, ezberdintasuna baizik. Diruaren ala agintearen indarrez goi mailan bizi direnak, maila horretan ez dira bidegabekeriaz izango, ordenaren lojika sakratuz baizik. ­Eta behe maila zapalduan direnak, ez dira maila horretan injustiziagatik izango, halabehar sakratuaren aginduz baizik. Kexatzeak ez du sentidurik. Gauzak eta gertakariak diren bezala onartu behar dira. Justizia behar da, maitasuna behar da, baina behekoa behekoz konformatuz, goikoari goian bakean utziz. Gehienik ere, goikoari on izateko eta urrikalmenduz jokatzeko kontseiluak ­emanaz”.
Francoren erregimenaren eta Eliza katolikoaren arteko ezkontza estuak aspaldiko kontua dirudi; baina, orduan, zergatik ikusten dugu Nafarroako agintari nagusia ekitaldi erlijioso guztietan eliz buruzagiekin bat-bat ­eginda, eta zergatik doa Maiatzaren Lehenean EAEko lehendakaria Arabako Estibalizko santutegira, hango Ama Birijinaren egunaren karietara, eta ez langileen elkarretaratzetara? Erlijioa eta politika uztarturik statu quoa zurkaizten, duela berrogei urte eta orain.
Ikastoletan duela berrogei urte beste gai polemiko bat politikarena zen: politika eman behar da ikastolan? 1968ko maiatzean lehertu zen kultura matxinadatik zetorren haria, bereziki, Parisen, Frantzian. Grenobleko gotzain Matadrin jaunak zioen Frantziako apezpikuen batzar batean ezen politika zela bizitza sail guztietako existentzia orobiltzen eta egituratzen zuen lokarria:
“Pokitika ez dela eskolaren zeregina, esan ohi zaigu. Horrekin sinestarazi nahi digute, eskolan politikarik ez dela ematen, eskola politika guztien gainetik dagoen mundu garbi eta neutral bat dela.Hemen datzan gezurra salatu behar dugu. Horretarako, analisis kritiko bat egiteko gauza izan behar dute irakasleek. Orduan ikusiko lukete, eskola-tokiak, eskolan ematen diren gaiak, eskolan erabiltzen diren metodoak, den dena ideia politiko batzuen azpian eta esanera dagoela. ­Irakasleek inplikazio politiko hau ­ikusten ez badute, sistemaren morroin zintzo bezala jokatuko dute, besterik pentsatu arren.Bestalde, nahiko itsu ­ere izango dira, ematen duten eskola moldeak haurrarengan eta gaztearengan duen inpakto politikoaz jabetzen ez badira.”
Irakurleari segur aski, niri etortzen zaidan bezala, LOMCE etorriko zaio burura, besteak beste. Bestalde, horrek zer esan nahi du, irakasleak egungo talde politikoei buruz dituen filia eta fobia politikoak azaldu behar dituela ikas­gelan?:
“Honek ez du esan nahi heziketa, eskola eta irakaskintza mailan behintzat, “alderdi politiko” baten serbitzuko jarri behar denik, irakasle bakoitzak “bere politika” egin behar duenik. Aitzitik, heziketa eta irakaskintza politizatzeaz zera esan nahi dugu: egungo eta hemengo munduaz, gizarteaz eta gizonaz [artean “gizaki” eta “jendaki” ez ziren erabiltzen] ikuspegi real eta global bat ematea, bizitza konkretoa bere azken erroetan analizatzea. Eta ­ikasleagan postura kritiko eta libre bat sortaraztea. Gure arteko eztabaidak beste plano batean mugitzen dira gehienetan. Eskola pribatuak ala publikoak, ­Elizarenak ala Estaduarenak, eta abar. Horrela, alternatiba faltsoak presentatzen ditugu, azaleko alternatibak”.
Horrek ez du azalpenik behar, bera mintzo da aski klarki. Ildo interesgarri horri jarraiki, gehiago zehazten du arrazoiketa irakaskintzaren eta heziketaren kontzeptuak  bereiziz:
“Irakaskintza edo instrukzioa jakitean dago zentratua: matematikak, fisika, historia, midikuntza, eta abar... Iadanik landua, bildua eta liburuetan almazenatua dagoen jakiteetan zentratua. Utilitate bat duten ezagutzetan, jende ugariari multzoan administra dakioken jakiteetan zentratua. Aitzitik, heziketa pertsonagandik ­abia­tzen da. Gogoan du, pertsona bakoitza diferentea dela. Pertsona bakoitzak dituen ahalmenak, ahalmen fisiko, moral, sozial, artistiko eta kreatzaileak desarroilatzen lagunduz, bakoitzari NOR izaten, bere buruz jokatzen laguntzen dio. Hau da, pertsona izaten (...) Egunero zenbait orduz, urtero zenbait hilabetez, haurren mundua eskolatua gelditzen da, helduen mundutik aparte, helduen ekintzetatik eta problemetatik urruti. Hementxe hasten da eskolaren deformazioa, naturaren kontrako bekatua. Gizarteko ­errealitate bizienak, funtsik gabeko bilakatzen dira eskolaratzean.(...) Frantziako 1789.ko iraultza, esaterako, pentsatu eta, prozeso historiko baten barnean baloratu egin beharrean, ­ikasi egiten da. Gero ikaste honek, nota bat ateratzeko balio du. Eta nota honek, diploma irabazteko. Non gelditu da iraultza haren arrakasta, historian izan zuen influentzia?(...) 1917-koa, ikasi ere ez. Ez pentsatu eta ez ikasi. Kasualitatez? (...) Irakaskintzaren zeregina hau da: haurrak gizarte bizitik ­atera eta, urrezko kaiola disziplinatu batzutan domestikatu ondoren, selekzio ‘egoki’ bat egin eta, selekzio horretan ‘predestinatuak’ izan direnei eskailera eskaini, goragoko beste kaiola ederrago batzutara igo daitezen. Honela, irakaskintza sistema ez da inoiz neutrala. (...) Gizartea bi sailetan banatzen du: alde batetik, eskolatuen irakaskintza, bizitzaren kontakturik gabe; bestetik, laneratuen bizitza eta langintza, egiazko heziketa baterako eskuarterik eta astirik gabe”. 
Ikusten duzue nola planteamendu horiek bidea ematen duten eztabaidarako. Erradikalegi agertzen dela, muturreraino jotzen duela batzuetan? Dudarik ez. Baina benetan zentzu kritikoa pizteko aproposa delako ere bai. Zenbat fraseologia ilun ikasten dute gure gazteek, buruz, batere ulertu gabe?, paragrafo trinkoak, abstraktu bilakaturiko esaldiak buruz ikasten igaro denbora mordoa, azterketa egin, eta nota ateratzea beste helbururik gabe? Hernanin bizi naiz, hemen ikasten dute nire seme-alabek. Zer dakite herrian dauden elkarteez?, errumaniarren txabolaguneaz eta haiek gure gizartean txertatzeko dagoen planaz; zer dakite Orona-­Ideoz, edo larri dabiltzan enpresez? ­Curriculumean sartzen ez denez, eta curriculuma betetzeak nahiko lan ematen duenez... kontua ez da, jakina, irakasleei errua egoztea, denok kontzientzia kritikoa hartzea baizik. Eta horretarako bidea damaigute Eusebio Osaren hausnarketek.
Ikastolan ez ezik alfabetatze-ikastaroetan ere aritu zen. Paulo Freire zuen horretan maisu hartua. Hona heziketa askatasuna ez baizik askatasungintza dela nola arrazoitzen duen, Freireren ­ideiak gurera ekarriz:
 “Askatasunaren ideia baino askatasungintzarena gehiago erabiltzen du Freirek. Askatasuna edo libertatea konzeptu estatikoa da. Askatasungintzak, berriz, ekintza, bideko burruka adierazten du. Askatasungintza edo liberazioa, esperientzia mailan, eta ez teoria mailan. Gaurko pedagogi mugimendu gehienak askatasunari lehen maila eskaintzen diote, teorian behintzat. Baina Freireren baitan badu orijinalitate bat askatasun honek (...) ­Ideia hau izan behar dugu beti begien aurrean: zapaldua askatzeko burrukatik kanpo ez dela askatasunik mundu honetan. Askatasuna, askatasungintza dela, eta honek, bere konkretutasunean, burrukaren forma duela. Askatasuna ez da lorategian aurkitzen den altxorra”.
Azken hamabi urteak unibertsitatean eman zituen, ez filosofia ematen, berak nahi izango zukeen bezala, euskararen dialektologia eta gisakoekin enplegatu zen; eta, elementuen ordenaz egin zuen tesia. Ikastolan erlijioak zer leku izan behar zuen –edo ez zuen– argudiatu zuenak, eta heziketaren eta politikaren arteko sartu-irtenez aritu zenak ezin zuen unibertsitatearen irakaskuntza-eredua kritikatik kanpo utzi.
Konbentzimendu teorikoaren eta jokabide praktikoaren arteko eskizofrenia salatzen zuen, hots, azken buruan, bere kontraesanak jartzen zituen agerian:
“Unibertsitatera sartu nahi lukeen gazte batek berak burutu ditzakeen ­ikasketei buruzko aholkua eskatzen badizu, lan-merkaturik onena duen karrera egitera joan dadila esaten diozu, horretarako ahalbide minimorik baldin badu behintzat. Langabeziatik ihes ­egin nahi duen gazte bati, bere ­amets ­osoa lanpostu bat aurkitzea den bati, zer esango diozu besterik? Nola ausartu Unibertsitatera, edozein Fakultatetara, batez ere kultura sakon bat lantzera, pentsamendua sakontzera, ahalmen kritikoa zorroztera, fintasun, zehaztasun, zorroztasun intelektualaz jaztera joan behar dela esaten? Orduan, Unibertsitatearekiko zure kontzeptu bikaina alde batera utzi eta, giroak dioena, ­ikasleak eskatzen duena, irakasleek eskaintzen dutena, Unibertsitateak proposatzen duena eta ­Erreformak bideratzen duena kontuan harturik, zeu ere pragmatismo horretara makurtzen zara eta, korronteak zaramatzan aldera egiten duzu. Ez du ematen gauzak, gaur ­egun, beste maila batean proposa daitezkeenik, utopian erori gabe, atzerakoitzat joa ­izan gabe”.
Duela hogei urte indarrean zen eredua halakoxea baitzen eta egungoa ­ere, funtsean, berdina:
“Dudarik ez dago gaur egun mendebaldeko gizartean Unibertsitatearen bideak markatzen dituzten ministrari, zuzendari eta kontseilari jaun-andreek gizarte eredu jakin bat dutela begien bistan, alegia, gaurko gizarte industrializatua eta teknokrata, merkatuaren legepekoa. (.) Enpresaren bat-bateko beharrei begira egiten dira gauzak. (.) Gauza da, gizarte kapitalistan martxan dagoen makinariak behar dituen pieza egokiak sortzea. Bulegoen, lantegien, ikasgelen, laborategien, ministeritzen, parlamentuen eta burokraziaren ibili normala garantizatuko duen giza-emakume multzo egokia prestatzea. Horretarako, karrera laburrak egitea aski ­omen da (.) Eta gai jakin batean ongi jantziriko superespezialistak ematen baditu Unibertsitateak, bere zeregina ongi betea luke, nahiz eta gero espezialista hori kultur arloan analfabeto hutsa izan eta itxuraz irakurtzeak eta idazteak lanak eman. Hitz batez, merkatal egiturei, finantza egiturei, ekonomi eta politika egiturei ongi egokituko zaien unibertsitaria lortzea da helburu”.
Zein oinarri izan behar zituen Osaren gogoko unibertsitate-ereduak?:
“Nolabait lehengora jotzea litzateke eta, zentzu horretan, gure jarrera aski tradiziozalea izango litzateke. XIX. mendera eta XX.aren hasierara ­itzuliko ginateke, gutxi gora-behera. Ordukoa kopiatu ez, baina bai ordukotik abiatuz gaurkora egokitu. Eta ­Unibertsitate horretan, lehentasuna ez luke izango urgentzia teknologikoak, zientzi arlo supermugatuak eta superespezializazioak, jakinduriak, kulturak eta kritikak baizik. Unibertsitate horretan, arrazoi instrumentalak ez luke aginduko, arrazoiketa instrumentalizatu gabeak baizik. Unibertsitate horretan, zientziak zientziaren oinarriak eta presupostuak beldurrik gabe eta luze-zabal aztertuko lituzke, hots, epistemologia, hots, filosofia izango litzateke nagusi, erreflexio filosofikoa eta hortik sortzen den duda edo galderazko jarrera zientifikoa, boterearen indarraren eta dogmatismoaren kontra. Topiko bat errepikatzea eta parafraseatzea baldin bada ere, esango nuke Unibertsitate horrek arrazoiketaren (ez arrazoiaren) boterea landuko lukeela, boterearen arrazoiaren (ez ­arrazoiketaren) kontra.” 
Horrekin ez zuen baztertzen profesionalizazioa eta espezializazioa, ez zuen unibertsitate elitista proposatzen, baina ezta masifikatua ere; unibertsitateak ez zuen lanbide-heziketa duina ordezkatu behar.
Haatik, ez zuen esperantza handirik, korrontearen aurka zebilen sentipena zuen:
“Badirudi gizarteak daraman norabidea eramango duela Unibertsitateak. (.) Agente ekonomiko-administratibo-politikoek nekez onartuko dizute jakinduriaren egoitza izango den Unibertsitatea. Ofizio-irakasle eta titulu-banatzaile izango denaren alde jokatuko dute. Beraz, ez dugu ilusio haundirik egiterik. Galdutako Unibertsitateak galdurik jarraituko du. Aitortu behar dut, beraz, daukagunaz ­egiak kontatu eta salaketak kantatu ditudala; nahi nukeenaz, berriz, ametsak egin besterik ­egin ote dut? Hara zertan diren nire esperantzak! Mendebalde pragmatikoak eta gizarte administratuak aurkitu, bereganatu eta finkatutako Unibertsitatean, galdutakoaren hondakin zenbait, ­ahal denik modurik taxuzkoenean sartzen saiatzeaz [etsi] beharko dugula uste dut”. 
Hori idatzita, hara non irakurtzen dudan Argia aldizkariaren maiatzaren 4ko alean, Pello Zubiriak sinaturiko artikuluan, Halimik Sarkozyri buruz dioena: “Eskuinaren errezeta zaharra darabil: interes ekonomikoez ez hitz egitearren –ondo erabakita, jende gutxi batzuenak defenditzen baititu– hitz ­eta pitz aritu behar du balioez, kulturaz eta jarrerez: ordena, autoritatea, lana, meritua, moralitatea, familia” Nork jarri ditu arriskuan ordena, autoritatea, lana, meritua, moralitatea ­eta familia? 1968ko maiatz hark. Berriro Sarkozy: “Aldarrikatzen zuten dena zela libre, agintea bukatua zela, fini edukazioa, fini errespetua, jadanik ez zegoela ezer handirik, ezer sakraturik, ezer miresgarririk, araurik ez, ezta debekurik ere (...) Lanaren krisia ezer baino lehen krisi morala da, ­eta horretan erantzukizun handia dauka 68ko maiatzak”; 1968ko maiatz hark emandako bultzadan idatzi zuen Osak Pedagogia eta gizartea; eta hura ­egun ehortzia dago, eta inon baino gehiago Frantzian, non ezker izenekoak eskuinaren politika egiten duen, oro har, Mendebaleko Europa guztian bezala. 
Eusebio Osari buruzko liburuari ­amaia ematean honela nioen: “Iraultza asko denbora gutxian bizi behar izan dituen belaunaldi baten lekuko abantailatu, erradikal, kontsekuentea izan zen. Galtzaileekin beti, bere ideiak ere galtzaile, itxura batera, baina arrasto luzea izan dezaketenak lagun, euskaldunon historian barna.”.
Artikulu honetara bildu ditugun ­ideia apur horiek ez al digute sen kritikoa pizten, esnatzen?, arrastoa uzten? Hala balitz, gure artean legoke Eusebio Osa, beti ziztaka ari!