0-3. Hezitzaileen formazioa. Marina Mori

2015-01-01

“Familien presentziaren bitartez, gizarte-zibilaren parte-hartzea indartu behar dugu hezkuntza-zerbitzuetan”

 
 

Parte-hartzeari buruzkoa izan zen 0-3 urteko zikloko hezitzaileen formazioko abenduko saioa. Familiek ­eta komunitateak nola hartzen dute parte eskoletan? Eta eskolak nahiz ­umeek gizartean? Reggio Emiliako haur-eskoletako esperientzia azalduz erantzun zien Marina Morik ­galdera horiei. Erretiroa hartu berria bada ere, 40 urte inguru pasa ditu ­hezkuntzaren munduan lanean; ­hezitzaile gisa lehenik eta hezitzaileen formatzaile bezala ondoren. Uneotan Reggio-Children erakundean ­aritzen da, prestakuntza-saioak ematen mun­duko toki guztietan.

Parte-hartzea oinarrizko puntua da Reggio Emiliako filosofiaren barnean. Historikoki hala izan da, eta ­uneotan ere halaxe da. Denborarekin, ordea, kontzeptuak eta horien gaineko ikuspegiak aldatuz joaten dira, eta horrexegatik, Morik saioaren hasieratik argi utzi zuen parte-hartzeaz nahiz gestio sozialaz mintzatuko zela, baina pentsamendua egune­ratuz.
Reggio Emiliako filosofiaz hitz egitean, funtsezko hiru puntu aipatu behar dira, Moriren esanetan: batetik, haurtzaroaren gaineko ikuspegia, haurra gaitasunak dituen izaki bezala hautematen baitute, eta beraz, gaitasun horiek garatzeko testuinguruak aukerak eskaini behar dizkiola uste baitute; bi­garrenik, zeregin horretan tailerrek hartzen duten garrantzia; eta azkenik, parte-hartzea, soziala nahiz familiena.
Azken puntuan fokua jarriz, Morik dio ez dela familien parte-hartzeaz soilik hitz egin behar, baizik eta parte-hartzea modu globalagoan ulertu ­behar dela: “Gurasoen, irakasleen, haurren, gizarte-eragileen… parte-hartzeaz hitz egin behar da. Kontuan izan behar dugu haurrek eskolan irakasleak zein gurasoak parte hartzen ­ikusten badituzte, eurak ere potentzialki parte-hartzaileak izango direla”. Reggio Emiliako haur-eskoletan parte-hartzea modu bikoitzean ulertzen dute, hau da, partaidetza kontzeptuak bi alderdi dituela esan daiteke: batetik, parte-hartzea hezkuntza-proiektuaren parte da; eta bestetik, parte-hartzea bera proiektu gisa hartzen dute. Loris Malaguzziren esaldi bat gogora ekarriz, Morik gaineratu zuen pertsonek duten eskubiderik garrantzitsuena hezkuntzan parte hartzeko duten eskubidea dela. Eta zer eskatzen du ikuspegi horrek? Lege zuzenak, lanbidearen definizio zehatza ­eta zerbitzuen eraikuntza egokia. Eta hori Reggioren historian gizarte mugimenduen fruitu izan da hasieratik.

50 urte hezkuntzan parte hartzen

Reggio Emiliaren historia orain dela 50 urte hasi zen, Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean. Hiriak berreraikitzen hasi zirenean, emakume feministen borrokari esker, eskolen eraikuntzari lehentasuna ematen hasi ziren: “Emakume haiek batetik haurren eskubideak eta bestetik emakumeen emantzipaziorako eskubidea kontziliatu nahi izan zituzten”. Eta bi ezaugarri nagusi oinarri hartuta hasi ziren eskolak sortzen: pluraltasuna batetik eta laikotasuna bestetik.
Hala, 60etan lehen udal eskolak jaio ziren. Orduan ere administrazioarekin borroka gogorrak izan zituztela gogoratzen du Morik, udalean ­oso emakume gutxi baitzeuden garai hartan. Hala, haurren eskolaratzeko zerbitzuak administrazioan lan ­egiten zuten emakumeen eta partidu politikoetara atxikita zeuden emakume feministen arteko elkarlan estutik sortu ziren. Gerora, heziketaren gaineko eztabaidan gizonek ere parte hartzea lortu zuten, eta ondorioz, tradizionalki arazo femeninoa izan zena —haurren haziera eta heziketa— kontu politiko, hiritar guztien auzi bilakatu zen, eta komunitate lokalak bertako kide gazteenen hezkuntzaren gaineko ardura hartu zuen. “0-6 urtera bideratutako hezkuntza-zerbitzuen sareak zerikusia du emakumearen emantzipazioaren ideiarekin, emakumeak lanera joatea baimentzen baitu. Baina beste alde batetik, ulertzen du haur-eskolen egitekoa haurrek hiritar edo subjektu politiko bezala dituzten eskubideak garatzea dela”. Bide horretan guztian, beste batzuen artean, Malagu-
zzik oso paper garrantzitsua jokatu zuela dio Morik, pentsamendu soziala eta pentsamendu pedagogikoa uztartzea, eta hezkuntza eta politika ezin direla banatu eta beti lotuta egon behar dutela ulertaraztea lortu baitzuen.
Hezkuntzaren gaineko adostasun politikoa ezinbestekoa da Re-ggio Emiliako esperientziak funtziona dezan. Izan ere, proiektuan inplikatuta dauden agente guztien eskubideak bermatu behar dira: haurrenak, familienak eta langileenak. Eta kontziliazio hori sindikatuak, politikoak eta familiak ados jartzea lortzen bada soilik da posible. “Hori ez da erraza gaurko Reggio Emilian, eta kosta egiten da hezkuntza-proiektu hori aurrera eramatea. Are gehiago krisialdi ekonomikoak eztanda egin zuenez geroztik”. Azken urteetan premisa ­oso garrantzitsu batek indarra hartu duela dio Morik: “Askotan beharra eskubidearekin nahasten dugu. Guztiok jasaten ari garen krisi honekin —ez da soilik krisi ekonomikoa, baizik eta kulturala ere bada— eskubideen alorrean atzera egin dugu. ­Egunetik egunera gehiago hitz egiten dugu beharrez, eskubideei dagokienez ordea, badirudi gure itxaropenak jaitsi ditugula, ekonomikoki pobretuz, kulturalki ere pobretu ­egin garelako. Eta kalitate galtze horrek eraman gaitu gutxiagorekin konformatzera. Batzuetan, badirudi umeek behar gutxi dituztela, eta murrizketak arlo horretan ari gara
egiten. Reggio Emilian ikusten da hori, baina kulturalki baita mundu osoan ere. Haurren heziketaz ari garenean ezin da negoziatu. Oso garrantzitsua da hasieratik tinko mantentzea eta argi edukitzea hezkuntzarako eskubidea dela gizarte batean dagoen eskubiderik garrantzitsuenetarikoa”.

Komunitatearen garrantzia

Hezkuntzari dagokion garrantzia emateko, Moriren aburuz, ezinbestekoa da heziketa komunitate funtzio bezala hautematea, zeinetan ­familiak parte sentituko diren. Izan ­ere, familiek proiektu horretan parte hartzen ez badute, komunitate horretako kide sentitzen ez badira, ­inplikatzeko beharrik ez badute, komunitate hori ez da haziko, eta ondorioz, haurren garapena ez da osoa ­izango. “Horrexegatik diot proiektu pedagogikoaren eta didaktikoaren funtsa parte-hartzea dela eta horrela izan behar duela. Testuinguru horretan, guri, profesionaloi dagokigu ­familiak komunitate horretako kide egitea eta ikusaraztea eurak gabe proiektu pedagogikoak ezin duela aurrera egin”.
Malaguzziren esanak bere eginaz, Morik gogorarazten du pertsona baten ongizatea guztion ongizatearekin erlazionatuta dagoela zuzenean. Zentzu horretan, politikariek zerbitzuen gainean hartzen dituzten ­erabakiek kolektibitate oso baten garapenari eragiten diote eta baita ­komunitate horretako kideen eskubideei ere. “Garrantzitsua da politikariek beharrezko zerbitzuak eskaintzeko eta hiritarren eskubideak bermatzeko ikuspegia izatea. Horregatik funtsezkoa da, familien presentziaren bitartez, gizarte zibilaren parte hartzea indartzea hezkuntza zerbitzuetan”.
Urteen joanaren poderioz, Reggio Emiliako familia-ereduak asko aldatu dira, ez dira orain 50 urte hezkuntza-esperientzia guztia martxan jarri zeneko berberak. Moriren iritziz, oso garrantzitsua da familia forma guztiak kontuan izaten eta barne hartzen saiatzea: “Gurasoak hezkuntza- proiek­tuko kide senti daitezen nola ­jokatu aztertu behar dugu. Une honetan guraso izatea ez da duela 20-30 ­urte guraso izatea bezalakoa. Orain lehen ez bezalako forma familiarrak daude. Beraz, hezkuntza-dinamika berriak bilatu behar ditugu, ideia berriak eta kontzeptu berriak. Esate ­baterako, zer esan nahi du gaur egun talde bateko kide izateak? Lehen guztiok ezagutzen ginen, bagenekin bakoitza nor zen, eta hori zen taldeko ­kide izateko modua. Gaur, aldiz, ‘talde’ kontzeptua aldatu egin da eta horren inguruan ere hausnartu egin ­behar dugu”. Moriren irudiko, orain guraso taldeez edota haur taldeez hitz egiteak ikuspegi berri bat onartzea ­esan nahi du, lehengoa baino askoz ere sistemikoagoa dena, gaur egun taldeak kulturen hibridazio bat esan nahi baitu, ikuspegi, iritzi, balio eta ­errealitatearen inguruko ikuspegi desberdinak dituzten pertsonen multzoa.
Reggio Emiliako hezkuntza-pro­iek­tuan lanean dihardutenek esperientzia hori posible egiten duten ­heziketa-balioak zeintzuk diren kontuan izan behar dutela azpimarratzen du Morik, gainontzean familia bakoitzaren eskaera modu indibidualean erantzuten hasiz gero, gerta baitaiteke nola jokatu ez jakitea, eta bakoitzak bere kasa erabakiak hartzea. “Horrexegatik, garrantzia eman ­behar diegu balio batzuen gainean ­eraikitako politika publikoei. Bestela beti zalantza beraren aurrean egongo gara: ‘Eskari hauei guztiei erantzun behar diegu gurasoek hala nahi dutelako?’ Erantzuna ezekoa da. Inportanteena zirkulo komunikatibo bat eraikitzea da, eta indarra argumentazioan eta ideietan jartzea, 0-6 urte arteko hezkuntza-zerbitzuak zaintza-zerbitzuak soilik ez direla aldarrikatzeko, eta bizitzaren aurreko ikuspegiaren eraikitzaile eta egituratzaile ere badirela defendatzeko”.
Beraz, Reggio Emiliako esperientzian ulertzen dutenez, parte-hartzeak proiektuaren beharra du, eta proiektuaren parte izanaz proiektatzen da. Morik esplikatutako eran, proiektu horren zentroan umeak, irakasleak eta familiak daude, eta eskola hori atsegina, langilea, sortzailea eta bertan bizitzeko modukoa da; dokumentatua dago, komunikatiboa da ­eta ikaskuntzarako, hausnarketarako, elkarrizketarako nahiz metagogoetarako tokia ere bada. Zentzu horretan, Morik nabarmentzen du parte-hartzea ezin dela soilik gurasoen kontua izan, baizik eta hezitzaileen lanean txertatuta egon behar dela, ­eurek ere parte-hartzearen garrantzia barnera dezaten eta proiektuaren parte senti daitezen. “Aukera ugari eskaini beharko genituzke guraso guztiek arrazoiren bat aurki dezaten ­eskolaren barnean egoteko. Funtsezkoa da komunikazio forma berriak kontuan izatea—Internet, mugikorra, tableta…—, horiek ere ikuspegia eta komunikatzeko modua aldatzen baitute. Azken batean, guraso bakoitzak arrazoi bat bilatu behar du eskolaren parte izateko. Gurasoari esan ­behar zaio ezinbestekoa dela eskolan eta hezkuntza-proiektuan. Gurasoak ulertu behar du nik bere beharra dudala, ez alderantziz, berak nirea. Nahiz eta amaieran guztia zirkularitate bilakatzen den, non behar hori bata bestearekikoa den”. Reggio Emilian parte-hartzerako ez dago ordutegi hertsirik, eurentzat inportatea ez baita noiz eta nola parte hartzen den, baizik eta parte-hartzea egotea da garrantzitsuena. Horrexegatik, malgutasunez jokatzen dute, gurasoei —haien ordutegien eta beharren arabera— parte hartzeko ahalik eta aukerarik egokienak eskaintzeko.