Euskara, eskolako hizkuntza soilik?

2015-01-01

Sarri euskara soilik eskolako hizkuntza ote den galdetzen diot nire buruari. Egia esan txikitatik etengabe izan dudan kezka edo duda izan da, agian gure etxean zoritxarrez gurasoek ez ­zekitelako euskaraz eta gure lehen kontaktua euskararekin eskolan izan nuelako. Kaleak ere horretan laguntzen zigun arren, Otxandio zorionez euskaraz bizi delako eta gainera dialekto zinez berezia eta ederra duelako, oro har kalean ere gaztelerara igarotzeko joera izaten genuen.

Dena den, gogoan dut ere maiz ­eskolara behartuta joaten ginela eta horrek batzuetan erresistentziak eta kontrako jarrerak izatera eramaten gintuela. Testuinguru honetan, azpimarratzekoa da euskara bera modu natural batean erabiltzeko ez zegoela joko-araurik egokiena. Izan ere, gure buruari zera esaten genion: “Buf eskolara derrigorrez etorri behar eta gainera bertan euskaraz egitera behartzen gaituzte”. Berez, umekeri bat dirudiena, zoritxarrez sakoneko arazo batean bilakatzen ari da belaunaldiz belaunaldi. Hots, euskara eskolako hizkuntza bihurtu dela ­eta derrigortasunarekin lotzen ari dela. Ondorioz, euskararekiko konnotazio negatiboa agerikoa da, kontra egiten zaio jarrera erreboltari bati erantzunez (oso ohikoa gazteen artean).Egoera hau ikusirik, hezkuntza esparruan badago zer egin, badago zer pentsatu eta hausnartu, badago bide ­eta tresna berriak asmatzeko beharra. Halere, ezin dezakegu hezitzaileengan ardura guztia utzi, herritarron partetik arduragabekeria handia izango bailitzateke. Denon ardura da euskara eskolatik atera eta gizarte esparru ezberdinetan normalkuntzaren bidean jartzea: etxean, lagunekin, tabernetan, ­kirol guneetan … Zentzu honetan, euskara eskolatik at lantzeko aukera handiak daudela ­ohartu behar gara. Izan ere, aurretik aipatutako esparruetan bai gu eta bai ­umeek ez dugu “derrigorrez” parte hartzen eta hau errealitatea izanik, askoz ­errazagoa izango da euskararen erabilera modu naturalagoan garatzea. Zergatik? Gure aisialdi uneak direlako eta hortaz gozamenarekin lotzen ditugulako une horiek, hau da, nahia eta gogoarekin. Ondorioz, aldez aurreko jarrera baikorragoak ditugu eta jakina denez gogoa dagoenean, edozer erronka lorgarriagoa bihurtzen da.Beraz, eskolak “derrigortasunaren bidetik” lortu duena ikusirik (ez da gutxi!), ez gara gainontzeko herritarrok kapaz izango gure gozamen esparruetan euskara normaltasunez erabil­tzeko?