Gela gorria: Matisse eta uda
Ez zait erraza gertatzen proiektu bat hastea, nahiz eta era horretan lan egiten denbora dezente eraman. Proiektuak artista konkretu batekin edo artista batek egindako lan batekin lotura zuzena duenean, zailtasunak korapilatu egiten dira.
Noiz hasi? Zeri eman garrantzi handiagoa? Nola lotu eskolen erritmoari? Nola lortu umeen arreta eta gogoa? Nola antolatu? Nola egin benetako hurbilketa bat, Haur Hezkuntzaren mamia galdu barik? Zer baliabide erabili, eta nola antolatu?...
Horrelakoxe galderak sortzen dira nire buruan, baina, poliki-poliki, ideiak bata besteari lotzen hasten dira, eta, egunak aurrera doazen neurrian, beren lekua hartuko dute, lehenengo nire buruan eta, beranduago, paperean.Proiektua bera aurrera doan neurrian, lepoan eskegita sentitzen dut, lepoko berezi bat balitz bezala: umeen aurrean artistari buruz hitz egiten dudanean, haien begiraden distirak itsasten zaizkio nire lepokoari, eta prest dago dena: baliabideak, ideiak, gogoa, indarrak, maitasuna... Has gaitezen!Eta, orain, hobeto pentsatuta, non kokatu behar dut Maitesseren Gela gorria, edota hasieran egindako Jazz saileko lanak?Matisseren Gela gorria lanean oinarritutako proiektu hau lau urteko gelan egin da lehen hilabetean. Baina noiz hasi zen? Non daude ideiaren sustraiak? Bi urteko gelan, Artearen Eguneko saioetan, agian?Gai hori lantzeko, pinturaren arteari leku txiki eta goxo bat ematen diogu asteko egun batean, ikasgelako programazioan. Une horretan, goxo-goxo gaileta edo fruta zati bat eskuartean dugularik, hainbat artistaren liburuetan agertzen diren irudiei begiratzen diegu, eta, poliki-poliki, aztertzen hasten gara.Askotan, harridurarekin batera, barreak ere sortzen dira, eta umeen arteko elkarrizketak ere bai:- Zer da hori?- A! Zein polita!- Hara! Zenbat kolore!- Ba, zenbat kolore? Itsusia da! Ez, ez da itsusia…Horrelaxe pasatzen dira pinturaren artearekin harremanetan hasten diren lehen une horiek. Denboraren poderioz, ohitura bihurtzen da horrelako gertaerak ikustea. Guztiz barneratuta daude ikasgelaren erritmoan, eta, gelako umeen izenekin batera, artista batzuen izenak ikasten hasten dira: Monet, Picasso, Andy Warhol...Hiru urteko gelan hasten garenetik, Artearen Egunaren zain egoten dira gogo biziz, eta, lasaitasunez, bi urtekoen gelan ikusitakoei eta beste berri batzuei begiratzen eta behatzen hasten gara.Horietako egun batean, biribilean geundelarik, Henry Matisseri buruzko liburu bat ikusten hasi ginen.Ikaragarriak iruditu zitzaizkien Henry Matissek egindako lan batzuk. Koloreekin eta formekin liluratuta zeuden.
Lehen urratsa
Hantxe hasi zen, orain dela hilabete asko.
Bigarren urratsa
Nire oporretan kokatzen da. Urtero, udan, abuztu aldean, posta-txartel bana bidaltzen diet beti umeei, Haur Hezkuntzan gela batetik bestera pasatuko direla kontuan hartuta. Ezinbestekoa iruditzen zait nik umeekiko ditudan harremanei eta haiek ikastolarekiko dituztenei eustea.Azken oporretan, Londresko Tate Modern museoan nengoelarik, hantxe ikusi nituen, nire aurrean, Matisseren Jazz bildumako irudiak, eta orduan sortu zen nire buruan bigarren urrats horretarako ideia: hiru urteko gelatik lau urteko gelara pasatzean, umeei Matisseren koadro bat agertzen zen posta-txartel bana bidaltzea.Une horretan, umeentzat posta-txartelak aukeratzen ari nintzen bitartean, Matissek leku bat hartu zuen nire buruan, eta eroso jesarri zen, iraila iritsi zen arte.
Hirugarren urratsa
Ikasturte-hasierarekin batera heldu zen.Irailean, gelara heltzen garenean, gurekin batera datoz gure udako oroimenak. Itsasoaren lurrina eta mendiko soinuak arropan itsatsita ekartzen ditugu. Buruan oraindik biraka darabiltzagu egin ditugun gauzak, eta, jakina, ikasgelako elkarrizketak opor-egunetako gertaerez josita daude.Eta, horrela, astelehen batean, Artearen Egunean, hiru urteko gelan ikusitako obra batzuk berrikustean, hantxe agertu zen nire eskuartean umeei begira: Gela gorria. Eta, horren ondotik, nire buruan bueltaka zebilen galdera horrek, ia konturatu gabe, ateratzeko bidea aurkitu zuen.Gustuko duzue hau, ezta? Zer iruditzen zaizue denon artean berriro egiten saiatzen bagara? Baina zer dago hemen? Frutak? Frutaontziak? Gauza horiek jarri beharrean, zer jar ditzakegu? Ba al du inork ideiaren bat? Badakigu ondo umeak parte hartzeko beti prest daudela eta denen artean ideiak barra-barra sortzen dituztela.- Eta gu, andereño? Jarriko al gara gu?- Ados. Orduan, gure gela Gela gorria izango da, aldaketa batzuk eginez, noski.
Laugarren urratsa
Bizi izandako uda eta gure gela gorri berria lotzeko asmoz, udan ateratako argazki bat ekarri zuen ume bakoitzak, eta, hari begira, argazkian agertzen zena marrazten saiatu zen. Arau bakarra bete behar zuten: ezin zuten beren burua marraztu, argazkia aterako genuelako.Eta horretantxe aritu ziren poliki-poliki.Bitartean, biribilaren unean, margolana bera aztertzen genuen: koloreak, formak, agertzen zena eta agertzen ez zena. Koadroan bertan zeuden leihotik ikusten zena eta ikusten ez zena.
Bosgarren urratsaArgazkiekin egindako lan guztiak edukita, margoa bera egiten hasi ziren. Batzuek hondoa gorri-gorriz margotzen zuten bitartean, agertzen ziren formak eta marrazkiak kopiatzen saiatu ziren beste batzuk. Andereñoak ere parte hartu zuen horretan, gure gela zelako eta, gela horretan, jakina, andereñoa ere bazegoelako.Ez da nahikoa figurak barrutik marraztea; margotu ere egin behar dira; irudia nabarmendu eta, gero, kokatu.
Seigarren urratsa
Egindakoa ikusi genuen. Eta soilik margolaneko leihoan agertzen zena falta zitzaigula jabetu ginen. Eztabaida sortu zen:- Zer jarriko dugu hemen? Koadroan bertan agertzen dena, ala beste gauzaren bat?Erantzunak askotarikoak izan ziren:- Jarri txakur bat!- Ez, krokodiloa!- Ez, hobeto gure ikastola! -esan zuen batek.- Bai, baina, nire etxetik natorrenean, ikastola ez da ondo ikusten, zuhaitz altuak daudelako -beste batek.- Bada, dena jarriko dugu, andereño, dena jarriko dugu.Bai batek poztasuna ekarri zuen, eta berriro pentsatzen hastea: zer koloretakoa da gure ikastola kanpotik? Nolakoa da? Eta haren ondoan dauden zuhaitzak?Azkenean, erabakia hartu zen, eta hantxe agertu zen: gure Gela gorritik ikastola ikusten zen, barruan eta kanpoan aldi berean. Zelako magia!Biribilaren unean, koadroari buruz hitz egitean, Matisseren garaietako gauza batzuk ere ikasi genituen: non bizi zen, nolakoak ziren garai hartako bizikletak, zer erabiltzen zuen margotzeko… Horrek guztiak bere isla izan zuen ume bakoitzak egindako liburuxkan.Dena amaituta zegoen, baina, bidalitako posta-txartelak berrikustean, galdera bat sortu zen: nola egin zuen hori Matissek? Hori ez al dago margotuta? Badakizue nola egin zuen? Bada, moztuz eta itsatsiz.Honen ostean, jazz-interpretazioa etorri zen. Umeak kolore askotako formak mozten eta itsasten hasi ziren. Matisseren lanak egin ditugun bitartean, giro koloretsu eta indartsua izan dugu gure gelan. Denek parte hartu nahi izan dute. Denak saiatu dira, denek artista izan nahi dute eta.Gerora, egindako lana ikastolako harrera-aretoan jarri genuen, eta, ondoan, argazkiak atera genituen.Egun horretan etxera nindoala, proiektuak jarritako lepokoa leun eta eder sentitu nuen, lepoko hura ondo lotzeko osagarri berezi bat gehitu zitzaion eta. •