Maite Goñi: Gure mendeari dagokion moduan irakatsi ezean, ikasleei etorkizuna lapurtzen ari gatzaizkie

2015-01-01

Euskarako eskoletan Realeko jokalariak elkarrizketatzeko WhatsAppeatzen aritzen dira Maite Goñiren ikasleak. Adibide bat besterik ez da. Hezkuntza bizi ditugun garaietara egokitu behar dela sinetsirik, eredu memoristikoen aurrean bestelako helburu pedagogiko-didaktikoak lortzeko, elkarrekintza sustatzeko, kolaborazioa bermatzeko, motibazioa igotzeko, nork bere erritmora ikasteko... etekina ateratzen die teknologia berriei Ordiziako Jakintza ikastolako eta Mondragon Unibertsitateko irakasleak.  Denbora darama horretan. Eta urteak aurrera joan ahala, IKTak hezkuntza-estrategietatik kanpo gelditzen ari direla ikusteak kezkatzen du irakaslea. 

 
 

Duela hamar bat urte teknologia berriekiko hezkuntzan zeuden errezeloak gainditu direla esan liteke? Ezezkotik “nola” horretara pasa gara?

Nik uste nuen baietz. Urte asko daramatzat formazioan, hasieran “ez, ez, ez” entzuten nuen, eta gero garai bat ­egon zen “bale”, argi zegoela beharrezkoa zela eta irakasleak “nola” horretara pasa ziren. Baina azken denbora hauetan ezkortxeago nago: ematen du teknologia berrien uholdea pasa dela eta orain beste gauza batzuetara jarri behar dugula, denok formaturik eta informaturik, eta gure klaseetan IKTak erabat txertaturik baleude bezala eta gure jardunean teknologia berriak aprobetxatuko bagenitu bezala; eta hori ez da horrela, oso urruti gaude hortik. IKTek daukaten ahalmen guztia ateratzetik ­oso urrun gaude, baina uste dut estrategiatik kanpo gelditu direla.

Zer ari da galtzen IKTak erabiltzen ez dituen irakaslea?

Teknologia berriak erabiltzea ala ez, ez da irakasleon hautua soilik, XXI. mendeko ikasleak behar ditu konpetentzia digital batzuk garatzea, horretarako guk geuk, hasi txikienekin lan egiten dutenetatik eta etapa guztietara, bakoitza bere berezitasunekin, jakin behar dugu teknologiak nondik nora doazen. IKTen onurak ezagutu  egin behar ditugu helburu didaktiko-pedagogikoak lortu nahi baditugu.Dena den, konpetentzia digitala ez da ikasleek eta irakasleek bakarrik geureganatu behar dugun konpetentzia, profesional mailako konpetentziak direla esango nuke, zeharkakoa.
Richard Gerverrek esaten duen moduan, ­irakaslea da gizarteko profesional garrantzitsuenetako bat: guk hezten ditugunak izango dira herrialdea eta mundua mugituko dutenak, gauzak aurrera aterako dituztenak edo atzera eramango dituztenak. Profesional garrantzitsuak baldin bagara, profesional bezala jokatu behar dugu, hau da, beti egon behar dugu prest hobetzeko, aldaketa berrien aurrean malgutasunez jokatzeko...

Teknologia berriek zertan aldatu dute irakaslearen eta ikaslearen rola?

Teknologia berriek irakaslearen rola birplanteatzea eskatzen dute, baina baita ikasleena ere. Informazio guztia denon eskura dago gaur egun, klik batera, orduan beste gaitasun batzuk eduki behar dituzte ikasleek. Ikasleei ikasle-ezkoizle rola jokatzeko aukera ematen diete IKTek, besteekin lanean kolaborazioan materialak sortzen dituena ­izateko aukera, eta irakasleari, berriz, bide hori gidatuko duena izateko aukera ematen dio, ez soilik transmisio-lana egingo duena; niretzat hori da irakaslearen rola birplanteatzea. Irakaslea, ez da, dagoeneko, informazio-iturri bakarra, hamaika iturri dituzte eskura ikasleek, erakutsi behar dieguna da oso kritiko izaten informazio horrekin.
Helburu pedagogikoak iristen lagundu diezagukete teknologiek, baina horretarako hezi egin behar dira. Badago sinesmen faltsu bat, gure seme-alabak edo ikasleak digitalki alfabetatuak daudela dioena, natibo digitalak direla, eta ez da horrela, erakutsi egin behar zaie. Oso iaioak dira tresna erabiltzean, baina ez daude alfabetizatuta, ez dituzte konpetentzia digitalak.

Zeintzuk dira aipatu dituzun oinarrizko konpetentzia digitalak?

Dagoen infoxikazioaren aurrean, alde guztietatik iristen zaigun informazio uholde horren aurrean, garrantzitsua da irakasleok ondo formatuta egotea, teknologiei etekina atera ahal izateko. Oinarrizko konpetentzia digitalen artean marko europarrak bost atal markatzen ditu: informazioari, komunikazioari, edukien sorkuntzari, segurtasunari eta arazoen ebazpenari loturikoak.
Informazioa bilatzeari dagokionez, bilaketa esanguratsua eta azkarra egiteko gai izan  behar dugu, eskura dugun informazioarekin kritiko izaten jakin behar dugu, iragazten, ondo erauzten, gordetzen eta etiketatzen jakin behar dute, berriro errekuperatu nahi izanez gero, sailkatzen.
Komunikazio-konpententziari dagokionez, gaur egungo aro digitalean komunikatzea zeinen garrantzitsua den ohartu behar dugu. Ikasleek ere komunikatzea beharko dute geroari begira, taldean lan egiteko. Teknologia berriek ematen dute aukera txikitatik komunikazio gaitasun hori lantzeko, bai idatziz, bai ahoz eta baita baliabide multimediak erabiliz ere. Gaur egun ­edonork eduki dezake pod cast bat, ­edo bideoblog bat, eta horrek hezkuntzan, ikaragarrizko ahalmena dauka informazioa eta edukiak partekatzeko ­eta ikasketan sakontzeko. Adibidez: ­EGArako prestatzen ariko bagina, edo ingelesezko edozein titulazio ateratzeko, ahozkoa grabatu dezake ikasleak, entzun, ikusi akatsak, guztien artean iritzi kritikoa sustatu, aholkuak eman, iritzi konstruktiboa landu genezake taldean teknologien bidez, eta hobetu. Komunikazio gaitasuna lantzeko oso inportantea da teknologia berrien bidezko elkarrekintza. Beste ikastetxeekin harremanetan ipintzeko aukera ere ematen digute teknologia berriek, ­idazlanak elkarlanean osatuz, esate baterako.
Edukiak sortzen jakin behar dugu, konpetentzia hori ere izan behar dugu. Benjamin Bloomek esaten du sortzen duzunean ikasten duzula benetan, edo irakasle plantak egiten dituzunean, antzerkiak, simulazioak egiten dituzunean barneratzen duzula benetan ikasitakoa. Teknologia berriek edukiak sortzeko eta goi mailako pentsamendurako gaitasun horiek lantzeko aukera ikaragarriak ematen dituzte; ­ikasleek bideoak sor ditzakete, blogetan sorkuntzak egin ditzakete, nahasketak egin, creative commons lizentziak dituzten edukiak hartuz egokitu, eraldatu, itzuli...   Gure ikasleek sortzeko eta gainera sortzen duten guztia besteen eskura jartzeko parada eskaintzen diete teknologiek. Baina horretarako, jakin egin behar da zer lizentzia duten lanek, ea besteen lanak nola erabil ditzakegun eta segurtasunaz ere jakin beharko genuke irakasleok. Hori da beste konpetentzia digital bat, segurtasunarena. Sarean segurtasunez nola ibili transmititzeko irakasleok konpetentzia horren jabe izan behar genuke, gailuen segurtasuna ezagutu, bai sakelakoa, ordenagailua... spam-ak, birusak, atakeak saihesteko. Gailuak babesteaz gain, datu pertsonalak eta identitate digitala ere babestu beharko genituzke.
Arazoen ebazpena da bosgarren konpetentzia. Oinarrizko arazo teknikoak konpontzen jakin beharko genuke batetik, eta bestetik, geure hutsuneak identifikatzen ikasi beharko genuke.

Teknologiak irakaskuntzaren zerbitzura erabiltzea proposatzen duzu; nola lagun dezakete teknologiek helburu pedagogikoak lortzen?

Teknologia berriei buruz hitz egiteko, hasteko eta behin, beldurra kendu behar dugu, ez gara teknologiari buruz hizketan ari, baizik eta teknologiak nola egingo dien mesede helburu didaktiko-pedagogiko batzuei.
Oraindik ere, teknologia berriei buruz hitz egiten dugunean, pertsona bat bere mugikorrarekin isolaturik irudikatzen dugu, baina ondo erabilita mesede handia egin dezakete. Isolatzearen kontra doa justu web 2. 0-k eta sareak eskaintzen dituzten aukera horiek.  ­Adibidez, mugikorrarekin egin litezkeen gauzak izugarriak dira, hasi bideoa grabatu, audioa grabatu, konpartitu, sarean besteren eskura jarri, irteera batera joaten zarenean loreak identifikatu, geolokalizatu non dauden, liburu digitalen edukia bistaratu, sare sozialetan partekatu, apunteak hartu, zereginen zerrendak sortu, ordutegiak eta ­egutegiak kudeatu...
Taldean lan egingo duen jendea eskatzen dute enpresek, gaitasun pertsonalak dituztenak, komunikatzeko gaitasuna daukatenak, enpatia daukatenak, erresistentzia daukaten pertsonak... bada profil horretarako ere prestatu egin behar dira ikasleak, eta horrez gain, ezagutzen ez ditugun lan batzuetarako prestatu behar ditugu, orain ­existitzen ez diren lanak egingo baitituzte gure ikasleek. Beraz, behar dutena ez da eduki zehatz batzuk ezagutzea, baizik etengabe ikasten jarraituko duten ikasleak, profesionalak, pertsonalak hezi behar ditugu. Guk hazi hori ­erein behar dugu eskoletan, jakin-min hori piztu behar dugu, eta teknologiek aukera berriak eskaintzen dizkigute prestakuntza horretan. Edukia, informazioa, jakintza, eskura dugu; erakutsi behar diegu hori guztia nola kudeatu behar duten.
Denok ados baldin bagaude teknologia garrantzitsua dela, eta gure ikasleek konpetentzia digitalak eduki behar dituztela ikusten badugu, aukera ezberdinak dauzkagu aurrean: bata da teknologia erabiltzea orain arte beste modu batera egiten genituen gauzak ­egiteko, baina, bestetik, teknologiak hedatu egin ditzake aukera horiek, eta beste urrats batzuk egiten lagundu. SAMR (Substitution, Augmentation, Modification, Redefinition) ereduak, ­adibidez, zer mailatan gauden identifikatzen laguntzen digu.  Substitution da lehenengo maila: ikasleei testu bat ­idazteko eska diezaiekegu, teknologiak erabiliz Google docs bat erabiliz, hori ordezkapen bat litzateke; baina teknologiak pauso bat gehiago emateko (Augmentation) ere erabil ditzakegu: ariketa horretan, Google docs-ek ­iruzkinak egiteko aukerak dauzka, ­ikasleak idatzi, irakasleak iruzkinak ­egin, ikasleak erantsi, ados baldin badago ebazteko botoiari eman diezaioke... Ataza edo erronka paperekoaren berdina litzateke. Hurrengo pausoa, Modification, ataza desberdin bat litzateke, testua bakarka idatzi beharren denon artean idaztea, adibidez. Eta behin hasita, ikastetxeko paretetatik atera eta mundu mailako beste edozein ikastetxerekin ipuin bat kolaborazioan egin dezakegu (Redefenition) eta gero hori gure blogetan txertatu dezakegu, eta ­Twitter bidez zabal dezakegu. Helburu didaktikoa idazten hobetzea da, eta teknologiek eskaintzen dizkiguten aukerekin guk erabakitzen dugu ataza hori noraino berdiseinatzen dugun.
“Denok ados baldin bagaude”, esan duzu. IKTekin irakasle bat engaiatzea ez da aski, talde osoa inplikatzea garrantzitsua da, ezta?
Ezinbeste-ezinbestekoa da estrategia konpartitua eta adostua izatea. Irakasle bakar batek egin behar badu, honek ez dauka etorkizunik. Asko utzi ­izan da urte hauetan IKT arduradunen esku, eta “badator hau lan gehiago ­ematera” ulertu dute beste irakasle askok. Gaur egun kutsaduraz ari dira zabaltzen IKTak eskoletan, batzuek ikusten dituzte emaitza on samarrak edo beste modu batera funtziona litekeela edo ikasleak motibatuxeago daudela, edo ikusten dute, besterik ezean, gaur egun eta etorkizunean jakin beharreko zerbait dela eta garrantzia ematen hasten dira. Baina ez da beti horrela izan, formazio-planetan, nire ustez, hutsuneak egon dira.
Teknologia berria ikastetxeetan sartzean ere etxea teilatutik hasi dugu, hornitu dira gelak ordenagailuz, egin da saiakera serio bat irakasleen formazioan tresnen bitartez, baina marko ­orokorrago bat buruan eduki gabe. Ez da tresna kontua, baizik eta tresna horiek pedagogikoki zertarako nahi ditugun ulertzea falta izan da, adibideak behar dira, ideiak... Begiak zabaltze hori falta zen, web 2.0 tresna hauek guztiek hezkuntzan zer aukera eman ditzaketen ikusten hasteko.

Baina adostasunaz gain, baldintzak eta bitartekoak beharrezko dira. Eskolak prestatuak al daude teknologia berriei etekin guztia atera ahal izateko?

Azpiegiturak ere ikastetxe askotan ez dira onenak izan, ordenagailuak ­eduki ditugu urte batzuetan, baina ezin izan ditugu ondo erabili. Hor oraindik ere bide luzea dago egiteko. Tresna sartu zen, borondate handia egon da, eta inbertsio handia egin da, baina nola daude gure ikastetxeak?  Alderdi horretatik, nik uste dut berriro planteatu behar direla gauzak.
Dena den, etekin guztia zein den ­inork ez daki, hasteko. Baina argi dago oso urruti gaudela. Adibide argi bat sakelako telefonoak dira. Mugikor batekin grabazioak egin ditzakezu, argazkiak, komunikatu besteekin... Lehen ­irratia, bideo kamera, aparailu asko behar genituen hori bera egiteko. Mugikorrak hezkuntzan sartu behar direla ­esaten dugunean ez gara ari esaten denbora guztian eta edozein modutara sartu behar direnik edozer gauza egiteko, ez, pentsatuta, ondo pentsatuta sartu behar dira, beste edozein unitate didaktiko diseinatzen denean bezala, ondo pentsatuta eta planifikatuta:  “Zer material, zer bitarteko erabiliko ditut helburu hauek lortzeko? Bada kasu honetan sakelako bat erabiliko dut, edo telebista behar dut, edo papera eta ezabagoma...”. Ikasleek Realeko jokalariren batekin elkarrizketa bat prestatu behar badute, WhatsAppa erabiliko dute, edo Twitter-a, eta eurek badakite ariketa hori bukatzen denean gorde behar dituztela, mugikorra ez baitute erabili behar momentu horretan WhatsAppeatzeko.
Batzuk oso murgilduta zaudete mundu honetan, eta egunero erabiltzen dituzue IKTak eskolan, beste batzuek, aldiz, ez dute ez Twitter konturik, ez bestelako txokorik sarean... Nola laburtu liteke irakasle batzuen eta besteen arteko eten hori?
Lehenengo puntua pentsamendua aldatzea da. Bi orduko formazio-­ikastaro batek ez dizkizu begiak irekiko, konbentzimendutik hasi behar da. Bide horretan pauso on bat sareak eraikitzea da, adibidez, Twitter-en edo beste sare profesional edo sozial batean,  pertsona interesgarriak jarraitzea, eta galbahe lan on bat egingo dizuten iragazkien bidez zer egosten den ikustea, horrek ahalbidetuko luke jakin-mina piztea; pauso hori eginez gero, zailena ­eginda dago.
Guk gure mendeari dagokion moduan irakatsi ezean, ikasleei etorkizuna lapurtzen ari gatzaizkie. Horretarako azpiegitura on bat behar da, wifiak garatuta, eta batez ere  irakasleok konpententzia digitalen garrantzia ulertu behar dugu;  ez da irakasleon hautua. Beste edozein enpresatako profesionalek egiten duten bezala, makina berri bat etortzen denean, formazioa behar da, etengabeko formazioa. Egia da irakaskuntzan etengabea dela, eta teknologia berriena ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula, hau martxan jartzeko konfiantza behar da, eta ideiak aldatzea; irakasleak ohituak egon gara gu jaun eta jabe izatera gelan, orojakileak,  eta honek guztiak kolokan jartzen du figura hori. Aldaketa handia da.

Teknologia berriek irakasteko-ikasteko modu berriak ekarri dituzte. IKTek nola hobetu dezakete ikasleen ikasketa prozesurako motibazioa?

Nik uste dut teknologiek motibazioa igotzen lagundu dezaketela. Klaseak egokitu egin behar dira gaur egungo ikasleen beharretara, jakintza ez da estankoa, orain dakit euskara eta gero historia... gero, historiako azterketa bat egiten ari dira, eta ortografiari, adibidez, ez diote inongo garrantzirik ematen, hori ari gara irakasten. Teknologiak ez dira helburu, zeharkako tresna baizik.
Literaturako eskoletan, adibidez, literaturaz gain konpetentzia digitalak barneratu ditzakegu: Sarean autore bati buruz dagoen informazio guztia artatzen dute, hori tresna jakin batean gordetzen dute, ondoren modu kolaboratiboan aurkezpen bat egiten dute, diapositibez lagunduta ahozkotasuna lantzeko aurkezpena egiten dute, liburua irakurtzen dute, booktrailerra egiten dute, besteei gogoa pizteko liburua irakurtzeko. Eta hori dena osatuta dagoenean webgunea autoreari oparitzen diote, eta bitarte horretan, Twitter bidez, gauzak autorearekin partekatzen joaten dira. Literaturaz aparte konpetentzia digitala garatzen ari dira, informazio nola garatu, kritikok izaten ikasi, interesgarria den informazioa erauzten dute txosten bat egiteko modu kolaboratiboan. Bizitza erreala ez da estankoa, eta jakintza ere ezin dugu modu estankoan transmititu. Geografian, matematiketan, historian, gorputza ezagutzeko... irudika ­ezin ditugun aukerak zabaltzen dizkigute teknologiek.
Beste hizkuntzetan adibidez bada  KHAN Academy proiektua oso interesgarria da, milaka eta milaka bideo  azalpenekin. Edozein irakaslek alta eman dezake plataforma horretan eta norbere gela sortu. Plataformak berak ematen dizu aukera, begibista batean, etxerako lan gisa bideo bat edo jarduera batzuk egiteko  eskatu baduzu, arin-arin, zer egin duen nork ikusteko.
Euskararen kasuan, euskal komunitateak egin duena dago eskuragai, norbanakoek, irakasleek, administrazioek, komunitate txikiek egiten duten... hemen oso komunitate txikia gara baina oso ekimentsua. Horri esker daude Twitter eta Facebook euskaraturik ­eta Wikipedia dago dagoen tokian kokatua. Horri etekina atera behar zaio hezkuntzan.

Eredu memoristiko baten aldean, ‘‘gamification-ereduak (jokuen ezaugarriak baliatzea), adibidez lagundu lezake ikasleak motibatzen?

Beste alorretan dauden tresna interesgarriak baliagarri direnean hezkuntzan erabili egin behar direla uste dut, horixe da adibidez, gamification: jokuen ezaugarriak hezkuntzan erabiltzea. Jendea motibatu egiten da, erronkak bete behar dira, mailaz igo, bukatzean besteei jakinarazten zaie, saria jasotzen... Tresna horrek ikaslea motiba dezake sekuentzia didaktiko batean aurrera egin dezan.
Gure ikasleak oso ohituak daude inputak medio desberdinetatik jasotzera bisualki, batez ere aisialdian. Kontraesan bat da tresna horiek guztiak edukita eskolan paper bat edo testu bat bakarrik ematea, non ezin duzun klikatu. Bizitzan bestelako input batzuez inguratuak daude eta eskolan papera ematen diegu.

Hodeian lan egitea litzateke, IKTekin lotzen dugun irudi indibidualista horren aurkako beste eredu bat, ezta?

Egokitu egin beharko dugu gaur ­egungo baliabideetara. Aurkezpen bat prestatzeko, adibidez, orain arte bakoitzak bere ordenagailuan egiten zuen lana, gorde, pendrivean pasa edo besteari korreoz bidali, jaitsi, editatu, aldatu, besteak hartu... gaur egun hodeian lan egin genezake. Googlek jartzen du ofimatika pakete guztia gehi ehunka aplikazio denon eskura, eta horiekin edonondik edozein momentutan egin liteke lan Interneteko konexioa baldin badago; beti ari gara azken bertsioaren gainean lan egiten, elkarrekin kolaboratuz. Gaur egun ez da presentzialki lan egitea beharrezko, bakoitza dagoen tokitik sartzen da dokumentu edo aplikazio batera eta bere ekarpenak egin ditzake. Bitartean elkarrekin txateatu dezakete, aldaketak ikusi, irakasleak iruzkinak gehitu ditzake, ikasleak horien gainean markatu irakurri eta ulertu gisa, historiala ikus dezakezu nork egin duen zer ... hori guztia lehen ezinezkoa zen. Aukera pila bat zabaltzen zaizkizu eta horiek guztiak klaseko webgune batean, blogean, wiki batean edo daukazun tresna daukazula ere argitara dezakezu gurasoek ikus dezaten zertan ­ari garen, horrek dakarren gardentasunarekin...

Flipped clasroom-aren proposamenarekin eskolak iraultzea proposatzen duzu.

Guk orain klasean azalpenak ematen dizkiegu eta gero ikasleek etxerako lanak egiten dituzte. Askotan etxerako lan horiek ezin dituzte bakarrik egin, ­eta gurasoek lagundu behar diete eurek ez dakizkiten materiatan edo partikularrean apuntatu behar dira. Eskola ­iraultzea litzateke flipped clasrooma:  klaseak benetan aprobetxatzea. Azalpenak eta kontzeptuak etxean jaso ditzakete ikasleek, irakasleak berak egin dezake bere flipped clasroom-a, azalpenak bideoan grabatuz, behin bi aldiz, nahi beste alditan ikus dezaten ­ikasleek, bakarrik, gurasoekin... polikiago, azkarrago, azalpen horri lotutako ariketa batzuk ere jar litezke. Horrek oso bide interesgarria irekitzen digu: ­ikasle bakoitzak bere erritmora ikasteko aukera luke. Ez dugu beste modu batera ikusten: adin bereko ikasle guztiak oinarri berdina edukiko balute bezala, eta hori ez da horrela, etengabe ­ikusten dugu zer-nolako ezberdintasunak dauden gure ikasleen artean, eta denak jartzen ditugu, oro har, abiapuntu berean, eta helmuga berera iristeko eskatzen diegu, baina badaude atzetik doazen ikasleak eta badira aurretik doazenak ere. Ikasteko modu berri hauek ikasle guztiei ematen dizkiete aukerak bakoitzak bere erritmora, geldiago edo azkarrago ikas dezaten.
Ikasleak bere erritmoan ikas dezake, eta irakasleak indarra jar dezakee ­ikasleak gehien trabatu diren hori sakontzen eskolan, edo erabili dezake klase hori proiektuak aurrera eramateko...Learning analitics delakoa asko zabaltzen ari da, digitalizaturik dagoen heinean, jakin liteke zeinek zertan egiten duen huts, eta pertsona horri sistemak berak proposa diezazkioke ariketa gehiago, jokoak, edo irakasleak prestatzen duen guztia.
Ez dira hitz hutsalak, adibide hauekin guztiekin argi ikusten da irakaslearen rola aldatu dela: irakaslearen rola gidariarena da. Noski teknologia gabe ere jorra genezake bide hori, baina teknologiek aukera handia ematen dute.

Pentsamendu kritikoa aipatu duzu... nola landu dezakegu eskolan txikitatik pentsamendu kritikoa teknologien bidez?

Irakaskuntza tradizionalean, sarri, irakaslearen hitza “amen”  izan da, “zu hor eta ni hemen”. Irakaslearen hitza ­izan da balio duena. Gaur egun  edozein ikaslek edozein momentutan beste iturri batetik zalantzan jar dezake irakasleak esan duen hori. Iturri ezberdinetatik jasotzen den informazioa txikitatik inoiz baino hobeto lantzeko aukera daukagu, horrela landuko genuke pentsamendu kritikoa, argi izan behar baitugu Interneten murgiltzeko kritikotasuna lantzea ezinbestekoa dela, ­eta horregatik irizpide batzuk barneratu behar dira: Erakutsi behar zaie Interneten dagoen guztia ez dela egia, Google-k erakusten dizun lehen emaitza ez dela zertan onena, autorearen izena ­errekonozitua den begiratu behar dutela, iragarkirik badagoen, webgune horren atzean zer nolako interesak dauden... Hori guztia landu egin behar da, Internetek alde onak dituen bezala alde txarrak bai baitauzka eta hori pentsamendu kritikoa lantzea ere bada.
Norberak sorturikoa besteen eskura jartzea, eta besteek sorturikoa norberak erabiltzeko, zer garrantzia du creative commons lizentziak?
Bi aldetatik du garrantzia: bai edukiak sortzen dituenaren aldetik, eta baita besteren edukiak erabiltzen dituenaren aldetik ere. Denok erabiltzen ditugu Interneteko edukiak aurkezpenak egiteko, izan argazkiak, musika, estekak, informazioa, bideoak... Baina oso jende gutxik daki zer den creative commons lizentzia, zer copyright-ak, eta bai irakasleek eta ikasleek jakin behar dute Interneten dagoen guztia ezin dela erabili. Hezkuntza integrala izango bada horren guztiaren berri eman beharko luke eskolak.
Gure komunitatearei begira,  edukiak partekatzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Baina gure aurkezpenetan edo txostenetan edo aldizkarietan ez badugu espreski jartzen creative commons lizentzia dutela, copyright-a dute. Beraz, gauza horiek zaindu egin behar dira, eta horretarako, beste behin, konpetentzia digitala izan behar dugu.

Oinarrizko segurtasunarekin ibili gaitezen sarean, zer zaindu behar dugu?

Gure gailua babesten jakin behar dugu, bai irakasleok eta baita ikasleek ere. Badaude arrisku batzuk, kalean dauden bezalaxe. Kalean zebrabidetik pasa behar dugun bezala, sarean ere zebra bidea erabili behar dugu. Adibidez, antibirus bat eduki behar dugu ­aplikazioak jaistean garbiak diren ala ez ikusteko; jakin behar dugu aplikazioa jaisten dugunean zertarako baimena ematen dugun, gure edukietara, kontaktuetara, argazkietara, sarbidea­­ ­izan eman baitezakegu, gure izenean publika dezakete. Lehenengo mugikorra eskuratzean, lagunduta irten behar dira, kalera lagunduta irteten diren bezalaxe.
Nortasun digitala, sareak guri buruz dakien guztia, zaindu egin behar da,  ­izan guk igo duguna (argazkiak, edukiak...), baina baita besteek guri buruz jar dezaketena ere; zainketa hori egin dezakezu alarma bidez, zure izena ­agertzen den guztian zuri adieraziz; ­edo zure komunitateari esanaz nola nahi duzun ateratzea; edo Google-ri ­esatea nola atera nahi duzun, gutxienez profila baldin badaukazu zuk zeuk erabakitzea nola nahi duzun identifikatzea.... Eta horiek guztiak erakutsi egin behar zaizkie ikasleei.
Ikaslearen portfolioarena ere garrantzitsua iruditzen zait. Ikasle garaian egindako guztiaren erregistro bat egitea oso interesgarria da, zure txokoa ­edukitzea urtez urte egindako guztia gordetzeko... lan bila goazenean gure tituluak, graduak, masterrak... ontzat ­ematen dira baina horiez gain gure ­identitate digitala kontuan hartzen da. Ikasteko modu berriak daude ikas litezke Mooc Massive Online Open Course-ak, munduko unibertsitate onenetakoak doain eskaintzen dituzten ikastaroak, eta agiri horiek guztiak bildu ditzakegu, gure titulazioak bezainbeste edo gehiago balioko baitigute.
Baina hau guztia ez da ez irakasle-eskolan, ez ikastaroetan konpontzen, baizik eta norbanakoaren jakin-mina ­eta jarrera dira gakoak. Etengabe sortzen doaz erreminta eta aukera berriak. Zure formazioa aurrera eramateko gaitasuna izatea, ez dago beste sekreturik.