2015 apirila: Banakoa eta taldea karta-jokoan

2015-04-01

Banakoa eta taldea beti ari dira karta-jokoan. Horixe gertatzen da ikasgeletan ere: irakaslea ikasle bakoitzari arreta pertsonalizatua ematen eta bakoitzaren berezitasunei lekua egiten saiatzen da, baina modu kolektiboan.

 
 

“Ni”-a eta “Gu”-a uztartzea, banakoa eta kolektibitatea osagarri egitea, ­ikaskuntza pertsonalizatua eta taldekoa bateratzea… Horixe da hezkuntzaren erronketako bat, norbanakoaren ­eta taldearen arteko oreka lortzea. ­Askotan, ordea, ez da erraza izaten ­erdigunea topatzea eta irakasleek ekilibristarenak egin behar izaten dituzte ­ikasleei arreta pertsonalizatua eskaintzeko taldearen baitan.

Aldizkari hau izan daiteke “Ni”-aren eta “Gu”-aren arteko elkar-elikatze ­horren erakusle. Haur bakoitzarengan jartzen du fokua Noemi Beneito psikomotrizista argentinarrak elkarrizketa nagusian. Iniziatiba, autonomia eta ­askatasuna dira haren ustez pertsonaren garapenerako hiru gakoak. Hezitzaileak haur bakoitza begiratzen, ­entzuten eta haren nahiak zein premiak identifikatzen jakin behar duela dio, eta haur bakoitza bestearengandik diferentea denez, ez duela balio guztientzat errezeta berbera erabiltzeak.
Gaian jorratutako Ikaskide Proiektuak, bestalde, taldearen balioan jartzen du indarra. Tesi nagusiak dioen bezala, elkarrekin gehiago eta hobeto ­ikasten baita. Elkarmendekotasun positiboaz hitz egiten du egitasmoak; ­horrek esan nahi du, bere helburuak lortzeko besteen beharra daukala ikasleak. Proiektua martxan duten Lea Artibai ikastetxeko irakasleen arabera, ­Ikaskide Proiektuak ikasleen eta irakasleen artean kolaborazioaren kultura zabaltzeko balio izan die. Ikasleek ­ulertu dute lehiaren bidez pertsona bakarrak irabazten duela, eta kooperazioaren bidez, aldiz, pertsona guztiek.
Batzuetan “Ni”-an jartzen dugu ­arreta osoa, “Gu”-a desagertzeraino. Beste batzuetan kontrakoa egiten dugu eta “Gu”-ak gain hartzen dio “Ni”-ari. Badirudi aldizkari honetan ere bi muturretara jo dugula. Baina, Beneitok arreta gizabanako bakoitzarengan jartzen duen arren, eta Ikaskide Proiektuak ­komunitatean, bataren eta bestearen ­filosofia nahiz diskurtsoa ez dira antagonikoak, elkarren osagarri baizik. ­Izan ere, banakoa eta taldea beti ari dira karta-jokoan. Hartu-eman horretan dago “Ni”-aren eta gizartearen arteko ­loturaren muina. Eta horixe gertatzen da ikasgeletan ere: irakaslea ikasle bakoitzari arreta pertsonalizatua ematen eta bakoitzaren berezitasunei lekua
egiten saiatzen da, baina modu kolektiboan. ­Izan ere, taldeak baditu balio propioak eta gelako espazio kolektibo soziala ­izango da, ziurrenik, dibertsitateari ­erantzuteko tokirik aproposena. Norbanakoaren eta komunitatearen arteko oreka bilatzea da gakoa.