DIWAN ESKOLAK

2015-04-01

Bretoien Kultura Berreskuratzen

 
 

Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak lankidetza eta truke harremana du Bretainiako Diwan sarearekin eta bertako dinamika ezagutzeko aukera izan dute; bretoieran oinarritutako irakaskuntza-sistema eratzeko lanean ari dira.

 Bretainia (Breizh) Frantziako estatuko ipar-mendebaldean dago eta 3 milioi biztanle ditu. IX. menderako bretoia hitz egiten zen bertan eta nazio subirano baten hizkuntza izan zen XV. mendean. XX. mendeko lehenengo hamarkadan, Frantziako gobernuaren hizkuntza-politikak bretoiaren erabilera debekatzen zuen irakaskuntzan eta komunikabideetan, frankofonoak ez zirenek frantsesa ikas zezaten. Politika horren ondorioz, bretoiera zekitenak miloi bat lagun izatetik 400.000 hiztun izatera igaro ziren, eta desagertzeko arrisku larrian geratu zen hizkuntza. 1970. urtean, Frantziako gobernuak hizkuntza irakastea baimendu zuen eta bertako agintariak hizkuntza sustatzen hasi ziren.

Diwan eskolak Bretainiako ikastetxe federatuen sare bateko kide dira (Fédération "Kevredad Diwan 44 Liger-Atlantel), hirurogeita hamarreko hamarkadan sortutakoa (1978, Nantes), eta bretoi hizkuntza eta kultura berreskuratzea dute funtsezko egitekotzat. Ikastetxe horietan Haur Hezkuntzatik (maternelle) Batxilergoraino (baccalauréat) luzatzen da irakaskuntza. Irakaskuntza-sistema bat sortzea da ikastetxe-sare horren helburua, bretoiera komunikazio-hizkuntza bezala erabiltzea ahalbidetuko duena “maternelle” hezkuntza-etapatik unibertsitateraino. Eskola-sare horretan beren ikasketak amaitzen dituzten ikasleek bretoieraz eta frantsesez jarduteko konpetentzia izatea lortzen dute. Proiektu pedagogikoak bretoieran egindako murgiltze progresiboan oinarritutako irakaskuntza baten alde egiten du, aniztasuna eta eskolaren, familiaren eta tokiko kolektiboen arteko lankidetza oinarritzat hartuta, eta irakaskuntza-sare publikoan integratzea aldarrikatzen du (zerbitzu publikoa). Gainera, beren kultura-nortasuna atxikitzeko borrokan ari diren Europako herriekiko elkartasunaren eta lankidetzaren aldeko apustua egiten du.
Egitura pedagogikoei dagokienez, Conseil Pedagogique bat dute ikastetxeek, hainbat irakaslek eta gurasok osatutakoa. Ikastetxearen proiektuaren ildo nagusiak definitzen dira kontseilu horretan, emaitzak ebaluatzen dira eta bizikidetza-arazoak kudeatzen dira. Egunero ikastetxea kudeatzen duen organoa Comité Directeur izeneko batzordea da eta Directeur Generale kargua duen pertsona arduratzen da eskola-erakunde bakoitza zuzentzeaz. Irakasleak eta lantalde pedagogikoak (Équipe Pedagogique) ikasgelan garatutako irakatsi eta ikasteko prozesuak kudeatzeaz arduratzen dira. Ikasmaterialak lantzeaz arduratzen diren adituen batzorde bat ere bada.
Irakatsi eta ikasteko prozesuei dagokienez, astean 36 eskola-saio ematen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (11-15 urte). 45 minutuko iraupena dute saioek, 5 minutuko atsedenarekin. Asteazkenetan ez dute eskolarik egun osoan. Lanaldia goizeko 9etan hasten da eta arratsaldeko 5:30ean amaitzen da, ordubeteko atsedenaldiarekin bazkaltzeko. Irakasleek zein ikasleek eskolan jaten dute. Eskolak oso intentsiboak dira eta kontzentrazio handiena eskatzen diete irakasleek ikasleei. Curriculum-garapenari dagokionez, adibidez, 12 urteko ikasleek 6 saio eskaintzen dizkiote bretoierari, 5 saio frantsesari eta beste hainbeste ingelesari, matematikari eta hezkuntza fisiko eta kirol-hezkuntzari, 4 saio geografia eta historiari, 3 saio teknologiari, 2 saio arte plastikoei eta astean saio bat tutoretzari. Irakasleek xehetasunez prestatzen dituzte eskola horiek. Behe-mailako Bigarren Hezkuntzan, oso tratu berezia ematen zaie hizkuntzei: bretoiera, frantsesa, ingelesa eta alemana edo espainiera. Ikastetxe horiek lankidetzan aritzen dira eta trukeak egiten dituzte beste zenbait herrialdetako eskolekin, hala nola Alemaniakoekin, Ingalaterrakoekin eta Euskal Herrikoekin (Oiartzun eta Tolosa).
Eskoletan, ariketa praktiko ugari egiten dituzte ikasleek, eta irakasleak, aldiz, protagonismoaren zati handi bat bere gain hartzen du prestakuntza-prozesuetan. Ikasleak bikoteka jarrita daude, denbora hobeto aprobetxatzeko.
Irakasleak ez daude hiru eta lau ikasle elkartzearen alde, uste dutelako elkartze horiekin ikasle batzuek denbora galtzen dutela. Eskolaren 45 minutuetan jartzen den arreta maximoa da. Ikasgelako bizikidetzari dagokionez, irakaslearen eta ikasleen arteko errespetua bikaina da eta nabarmen deigarria da ikasleek duten parte-hartze handia. Irakasleek etengabe sustatzen dute ikasleen jarduera ekitaldi praktikoen bidez: oso ohikoak dira proba eta azterketen zuzenketa, komentarioak eta gogoetak (ikasten ikastea).
Aniztasunari eman beharreko arretari dagokionez, zailtasunak dituzten
ikasleei laguntzen aritzen dira zenbait irakasle, ikasgelaren barruan eta kanpoan. “Conseiller Principal d´Educacion” izeneko figura bat ere bada, gizarte-hezkuntzarekin lotutako eginkizunak dituen profesional bat. Eskola-delegatu diren ikasleen prestakuntza-lanak egiten ditu, beren eginkizunak behar bezala bete ditzaten. Era berean, etengabe dago harremanetan delegatu horiekin, haien familiekin eta irakasleekin bizikidetzaren egoera ebaluatzeko, eskola barruan zein kanpoan. Jolas-orduak eta eskolatik kanpoko jarduerak gainbegiratzeko lanak ere egiten dituzte profesional horiek. Harreman estua dute ikasleekin eta, sarritan, bitartekari-lanak egiten dituzte familia eta irakasleekin bizikidetza-egoera zailak bideratzeko.
Europako hizkuntzen A2 mailari jarraiki Rennesko Akademiak egindako ebaluazioen arabera, Diwan Eskoletako (Diwan Skolaj) ikasleen konpetentzia hazten ari da bretoierari dagokionez. Era berean, PISA ikasgaien ebaluazioen emaitzen arabera, Frantziako batez bestekoaren gainetik daude. Ikastetxe horien arrakasta-faktoreetako bat, zalantzarik gabe, zera da: familiek beren seme-alaben hezkuntza-prozesuan duten inplikazioa eta, bereziki, bretoi herriaren kulturaren eta nortasunaren sustapenean erakusten dutena.