IKASKIDE proiektua Elkarrekin gehiago eta hobeto ikasten delako
Ikaskidetza eta konpetentzien garapena dira Ikaskide Proiektuko bi zutabeak. Batetik, elkarrekin eta kooperazioan ikastea du oinarri. Bestetik, berriz, ikasleak bost
konpetentzia nagusitan trebatzea: elkarrekin ikastea, elkarrekin bizitzen eta lan egiten ikastea, ikasten ikastea, komunikatzen ikastea eta ekintzailetasuna.
Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak 2009-2010 ikasturtean jarri zuen martxan proiektua, hezkuntza-kooperatibetan balio kooperatiboak bultzatzeko. Orain arte egitasmoan parte hartu duten ikastetxe guztiak kooperatibak badira ere, Huheziko aholkulariek proiektua zabaldu nahi dute, berrikuntza prozesu batean sartuta dagoen edozein ikastetxerentzat egokia izan daitekeela uste baitute.
Formazio kooperatiboa sustatzeko premia akuilu
Ikasle guztien ikaste-prozesua hobetzeko helburua duen berrikuntza proiektua da Ikaskide. Curriculuma eraldatu eta etengabeko hobekuntza bidean hezi nahi du eskola. Ikaskidetza ardatz hartuta, eskola Ikaste Komunitate Profesional Eraginkor bihurtzen du proiektu honek. Irakasleen formazioan eta praktikan eragiteaz gain, eskolako kulturan, organizazioan, komunikazioan eta kudeaketan eragin nahi du.
ERKIDE Hezkuntza Kooperatiben Federazioak bere ikastetxeetan ikaskidetza bultzatzearen garrantzia azpimarratu zuen 2007ko Dekretuei egindako ekarpenetan, formazio kooperatiboa sustatzeko beharra identifikatu baitzuen. Hezkuntza kooperatibetan kooperazioa bultzatzeko proposamena paperean egin beharrean, zergatik ez praktikan jarri? Erronka horri erantzun nahian, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak Erkide-rekin egindako hitzarmen baten bidez, 2009-2010 ikasturtean Ikaskide Proiektua martxan jarri zen, abiapuntu gisa zeharkako bi konpetentziaren garapena hartuta: “ikasten ikastea” eta “elkarrekin ikastea”.Harrezkero 17 ikastetxetan ezarri dira Ikaskide Taldeak. Gaur egun, 12 ikastetxek hartzen dute parte proiektuan: Assa Ikastola (Lapuebla de Labarca), Orereta Ikastola, Inmakulada Ikastetxea (Tolosa), Salbatore Mitxelena Ikastola (Zarautz), Bihotz Gaztea (Santurtzi), Elgoibarko Ikastola, Ibaizabal Ikastola (Durango), Lea Artibai Ikastetxea (Markina), Ikasberri Ikastola (Azpeitia), Laudio Ikastola, Itxaropena Ikastola (Trapagaran) eta Asti Leku Ikastola (Portugalete). Eskolaren arabera egokitzen da proiektua: batzuek maila jakin batean abiatzea erabaki dute; beste batzuek, berriz, ziklo osoan ezartzea. Orain arte proiektuan sartu diren ikastetxe guztiak kooperatibak badira ere, Huhezi fakultateko adituek proiektua zabaldu nahi dute, berrikuntza prozesu batean sarturik dagoen edozein ikastetxerentzat egokia izan daitekeela uste baitute.Ikaskide proiektuak, izenak berak irudikatzen duen moduan, ikaskidetza du oinarri, hau da, elkarrekin eta kooperazioan ikastea. Eskolaren eta irakasleen errealitatetik abiatuta diseinatzen den prozesua da eta konpetentzietan hezten ditu ikasleak. Eskolako egituraren eta funtzionamenduaren oinarria Praktika Komunitatea da: ardura, arazo multzo bat edo gai batekiko pasioa partekatzen duten pertsonek osatzen dute Praktika Komunitatea eta beraien arteko jarraikako interakzioari esker beraien esperientzia eta jakintza areagotzen da, proiektuaren berri emateko Huheziko kideek eginiko txostenaren arabera. “Helburu komun bat izanik, elkarren arteko konpromiso indartsua, parte-hartze arduratsua eta hizkuntza bateratu batekin, esanahi berrien adostasunetara iristen dira etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuz”.Baina nola eraikitzen da Ikaskide Proiektua eskoletariko bakoitzean? Mariam Bilbatua eta Ana Usabiaga Huheziko kideek eta Ikaskide Proiektuaren arduradunek azaldu bezala, lehenik proiektuaren atzean dagoen filosofia ulertu behar da. Abiapuntua da ikasle guztiek hobeto eta gehiago ikastea, hau da, pertsonek garapen osasungarria izateko duten eskubidea bermatzea: “Horretarako sistematikoki konpetentzia konkretu batzuk landu behar ditugu, eta horrek garamatza ulertzera ikasleak, ikas dezan, modu konkretu batean sentitu behar dela, bestela ez baitu ikasiko. Memorizatu dezake edo produkzio bat aurrera eraman dezake, baina ikasi ez du egingo. Maiz, gure susmoa da beharrarengatik ikasten dugula, baina hori ez da horrela. Ez dugu beharrarengatik ikasten. Ondo gaudenean soilik ikasten dugu, eta irakasleek hori ikusi eta bizi egin behar dute gero ikasleei eman ahal izateko. Marko aldaketa bat dago egiten dugunaren atzean”, argitzen du Usabiagak. Hasieran arreta gelan jarri zuten, baina segituan konturatu ziren horrekin ez zela nahikoa, eta esperientzia iraunkorra izan zedin irakasleria formatzeko moduak ere aldatu beharrean zeudela. Izan ere, kidetzan aritzen diren ikasleak lortzeko, kidetzan jarduten duten irakasleak behar dira. Eta esperientzia denboran iraunkorra izan dadin, eskola horrek hainbat egitura eta egiteko-era zehatz beharko ditu: “Iraunkorra izateko, gure ustez, partekatuak izan behar dute proiektuari dagozkion printzipioak, baita ikastetxearen egiturari berari eta filosofia osoari dagozkionak ere”. Eta horrixe deitzen diote Ikaste Komunitate Profesional Eraginkorra: ikasleen ikastea hobetze aldera, etengabe ekiten duen eskola autonomoari, hain zuzen. Ikaskide Proiektuan sarturik dauden irakasleek badituzte hainbat bereizgarri. Horietako bat da irakasleen artean kidetzan aritzen direla eta horrek esan nahi du gelan egiten duten horretaz elkarrekin hausnartzen dutela: “Hori egin ahal izateko hizkuntza bera eduki behar dute irakasleek, eskola printzipioak argi izan behar dituzte, kidetza harreman bat izan behar dute”.
Aldaketarik handiena, irakasleen jarreretan
Ikaskide Proiektuak berrikuntza dakar konpetentzietan oinarritutako hezkuntza-marko batera eramaten duelako eskola, eta horrek, aldi berean, ikasleetan zentratutako eredu bati egiten diolako erreferentzia. Bilbatuak eta Usabiagak adierazitako eran, kontua ez da konpetentziak ezagutzea edota identifikatzea, baizik eta irakaslearen jarduna bera aldatzea, baita irakaslearekin erlazionaturiko egitura akademikoak aldatzea ere: “Gauza ez da egitura edo sekuentzia bat zein teknika bilduma bat ezagutzea; ez da formazio isolatu bat ere, baizik eta norbere jardunarekin eta ikaslea bizitzeko moduarekin erlazionatuta dagoen ikaste-prozesu bat da”. Horrexegatik, Ikaskidek ez du ikastetxean txertatuko den beste proiektu bat gehiago izan nahi; xedea da irakasleen galbahetik pasea izatea, hausnarketa bat eragitea eta eguneroko jardunera eraldaketa ekarriko duen proiektu iraunkorra izatea. Hala, lau urteko prozesua diseinatzen dute Huheziko adituek ikastetxeekin elkarlanean. Jomuga da, laugarren urterako zentroa autonomoki bere beharrak asetzeko gai izatea. Proiektua diseinatzeko, baina, eskola bakoitzaren errealitatera egokitzen dira eta irakasleek dagoeneko egiten duten horretatik abiatzen dira. Huheziko aholkulariekin egiten dituzten saioetan, ikasleek geletan biziko duten ikaste esperientzia berberak bizitzen dituzte irakasleek: “Guk esaten badugu ikasleek kidetzan ikasten dutela, testuinguru erreal batean, elkarrekin eginez, emozionatuta daudenean, elkar beharrezkoak direnean, erabakiak hartzen dituztenean… ezaugarri horiek guztiak irakasleek ere gure saioetan bizi egin behar dituzte. Gelara eramango duten hura lehenik gurekin bizitzeko aukera daukate eta egiten duten horretatik doaz eraikitzen aldatu nahi duten hura”.Ikaskide Proiektuan parte hartu duen irakasle batek baino gehiagok esan du, prozesu horren bidez ikasleak beste modu batera ikusten hasi direla; lehen ikasle mota batzuk soilik ikusten zituztela, eta orain ikasle guztiengan arreta jartzen hasi direla: “Esan dezakegu hori ez dela berrikuntza, oso oinarrizko kontua dela, baina askotan berrikuntza proiektuetan barneraturik dauden irakasleak igual zentratzen dira gelaren antolaketan, metodologian… baina ez dute aldatzen ikasleak ikusteko modua. Ikaskide Proiektua ikaskidetza prozesuetan eta konpetentzien garapenean oinarritzen bada ere, nire ustez, perspektiba historikotik begiratuta, aldaketarik inportanteena irakasleen jarreretan ikusten dut, bai elkarren arteko lanari dagokionez, bai gela ikusten moduari begira”, dio Bilbatuak. Usabiagak gaineratzen duenez, berrikuntza etorriko da eskola batean modu autonomoan egunerokoari aurre egiteko erronkari heltzen diotenean. Horretarako, irakasleen artean hizkuntza bateratua eduki behar dutela eta begirada, printzipio eta helmuga bateratuak izan behar dituztela eransten du. “Nahiz eta konpetentziak dekretuz aspalditik sartu ziren, praktikaren aldaketa ez da horren nabarmena izan. Horregatik, guk badakigu Ikaskide Proiektuarekin ere ez dela gauetik goizera aldatuko gelan egiten dutena. Ez direla bat-batean hasiko gauza oso bereziak egiten, baizik eta hasiko direla triste dagoen haur horri edota iritsi ezinean dabilen ikasle horri erantzun bat eman nahian. Eta hortik dator berrikuntza. Eskola modura nahi baldin badugu gure ikasle denek ikastea, nola lor dezakegu hori gaur egungo errealitatean? Ikaskide Proiektua kalitatezko hezkuntzari erantzuteko bidea dela iruditzen zaigu”.
Testuinguru erreal, konplexu eta funtzionalak
Ikaskide Taldeen bidez konpetentziak garatzea da proiektuaren xedeetako bat. Konpetentziak garatzeko, era berean, ezinbestekoa da ikasleek esperientziak bizitzea eta horretarako testuinguru egokiak behar dituzte. Usabiagak esplikatutako eran, ikaste-testuinguruak erreala, konplexua eta funtzionala izan behar du. Ikastetxe bakoitzaren egoeraren eta etaparen arabera, testuinguru horiek proiektuen, tailerren edota arazoen ebazpeneko ariketen bidez egitura daitezke. Baina proiektua, edo tailerra edo arazoen ebazpena aitzakia izango da ikaskidetza prozesu bat martxan jartzeko: “Izan daiteke matematika tailer bat, non arazoen ebazpena modu kooperatiboan egiten duten, edota izan daiteke literatur tailer bat nobelak taldean sortzeko, edota farmazia baten irekiera prestatzea nahiz enpresa bat sortzea. Formatu oso desberdinak daude, baina normalki egiturak oso konplexuak izan ohi dira”, zehazten du Bilbatuak.
Ebaluazioaren garrantzia
Era askotara egiten dute ebaluazio-prozesua Ikaskide Proiektuaren barnean, ikastetxearen eta etaparen arabera. Baina Huheziko aholkulariek bultzatzen duten ereduan, oro har, bi ezaugarri izaten dituzte kontuan: batetik, norbanako moduan ikastea, hau da, ikasleak euren prozesuak autoerregulatzea; eta bestetik, ikaskideen laguntzaz ikastea. Horrexegatik, prozesuetan etengabe elkarren artean ebaluatzeko tresnak sortzen dituzte. Ez dira soilik edukien ebaluazioarekin loturiko tresnak, konpetentzien eta elkarlanaren ebaluazioarekin erlazionaturiko erremintak ere bai. Adibide baten bidez azaltzen du Bilbatuak: “Momenturen batean taldekideen artean egin dezakete hausnarketa, eta hor ikusi ea taldekide bakoitzak zer aportatzen dion taldeari eta zer hobetu beharko lukeen bere ekarpena eraginkorragoa izateko. Horrelakoak etengabe egiten dituzte, eta guk horrela ulertzen dugu ebaluazioa, hausnarketa moduan, hutsuneak eta indarguneak identifikatzeko tresna gisara”. Ikastetxe eta irakasle bakoitzak erabakitzen du zer eta nola ebaluatu, baina Ikaskide Proiektuarekin gauza bat aldatzen da: ikasleak ere hasieratik daki zein irizpideren arabera izango den ebaluatua: “Ikasleek hastapenetik dakite zer ebaluatuko zaien eta nola kalifikatuko diren. Hori irakasleen kasuan ere oso interesgarria da, hasieratik pentsatu behar baitute zer, zergatik eta nola ebaluatu. Sarri, diskurtsoan hitzak txertatzen ditugu edota hainbat egite-era aldatu, baina ebaluazioa iristen denean betiko moduan kalifikatzen dugu. Aldiz, ebaluazio-irizpideak hasieratik ikasleekin partekatzeko obligazioa baldin badaukagu, hausnarketa, zentzu eta koherentzia handiagoz planteatuko dugu ebaluazioa, horrek hasieratik garrantzitsua zer den hausnartzera eramango baikaitu. Gauza da, ikasleek argi dutela irakasleak zer kalifikatzen duen , eta, gainera, erremintak dituztela eurak non dauden eta nola hobetu dezaketen jakiteko. Horri deitzen diogu autoerregulazioa. Beraz, kasu horretan, irakaslea ez da epaitzaile, baizik eta laguntzaile”.
Konpetentzietan trebatuz
Ikaskidetzan, hau da, besteekin elkarlanean ikasiz hainbat konpetentzia garatzea lortzen dute ikasleek, Ikaskide Proiektua definitzen duen txostenaren arabera:
1) Elkarrekin ikastea: elkarlanerako konpetentzia sustatzen da Ikaskide Taldearen bitartez. Elkarrekin ikasteak bizikidetzari begira duen garrantzia azpimarratzen du konpetentzia honek. Izan ere, ikaste prozesuen inguruan garatzen dira eskolako esperientzia gehienak eta esperientzia horiek hainbat gauzatarako aukera ematen dute: elkar ulertzeko, laguntzeko eta gatazkak ebazteko bideak esperimentatzeko eta modu sistematikoan lantzeko.2) Elkarrekin bizitzen eta lan egiten ikastea: ikaskidetzaren kulturak eta balioek konpetentzia hau garatzen laguntzen dute hainbat alderdi jorratuz: pertsonarteko harremanak, parte-hartze demokratikoa, elkarlana eta talde-lana, gizarte bizikidetzarako arauak, aniztasuna, arazoen ebazpena…3) Ikasten ikastea: ikaskidetzaren bidez konpetentzia honen garapena ere lantzen da, izan ere, ikasten ikastearekin erlazionaturiko hainbat alor lantzen dira: ulermenean oinarritutako pentsamendua, pentsamendu sortzailea, pentsamendu kritikoa, erabakiak hartzea, arazoen ebazpena, baliabide kognitiboen erabilera…4) Komunikatzen ikastea: konpetentzia honetan trebatzea ere ahalbidetzen dute Ikaskide Taldeek, izan ere, elkarrekin ikasiz, entzuten, galdetzen, argudiatzen eta eztabaidatzen ikasten dute ikasleek.5) Ekintzailetasuna: konpetentzia honekin ere badu lotura; besteak beste, informazioa hartzen eta gordetzen, ideia berriak eta konponbideak lantzen, ideiak gauzatzen eta inpaktuaren ebaluazioa egiten ikasten delako.
Elkarrekin ikastearen onurak
Ikaskide Proiektua ikaskidetzan oinarritzen da eta Ikaskide Taldeek badituzte hainbat ezaugarri:
1) Zeregina denona da: ikaskide guztiek helburu berbera izan behar dute Ikaskide Taldeetan. Kide guztien partaidetzaren bidez azken ekoizpena lortzea da taldekide denek izan beharko luketen helburua.2) Negoziazioa eta komunikazio irekia: elkarlanean aritzean, elkarreraginean dauden elementuak eduki behar dira kontuan: norbanakoa-taldea; ikaste-irakaste testuingurua, ikaslea-taldea-irakaslea. Elementu horien arteko negoziazioa eta komunikazioa ezinbestekoak dira, batetik, xedeak modu berean irudikatzeko; eta, bestetik, prozesuan sor daitezkeen gatazkak modu positiboan kudeatu ahal izateko.3) Kooperazio trebetasunetan entrenamendua: Ikaskide Taldeak bide arrakastatsutik joateko, ezinbestekoa da kooperazio edo gizarte trebetasunetan entrenatzea. Taldean aritzeak ez dakar, automatikoki, elkarlanean aritzen ikastea. Talde lanean ari gaitezke eta benetako elkarlanarekin zerikusirik ez daukaten trebetasunak garatu: besteen lanaz aprobetxatu, lanetik inhibitu… Horregatik garrantzitsua da kooperazio egoeretan trebatzea eta esperientziak izatea.4) Elkarmendekotasun positiboa: ikasleak, bere helburuak lortu ahal izateko, besteen beharra dauka. Behar honetaz zereginen egituraketaren bidez ohartuko da: bakoitzak zereginaren atal baten ardura izango du, baina elkarmendekotasuna benetakoa izan dadin, eta ez bakarkako lanen batuketa soila, beharrezkoa izango da talde gisa harago joatea, ikasle bakoitzak eta guztiek egin dituzten lanen arteko erlazioak identifikatzea, eta bakarkako lanen batuketa gaindituko duen zerbait berria ekoiztea.5) Taldearen eta banakakoen erantzukizuna: Ikaskide Taldeak ondo funtzionatzen badu, banakakoaren erantzukizuna ez da taldean diluitzen, baizik eta indartu egiten da. Izan ere, bakoitzak bere zeregina izango du, zeregin horren erantzulea izango da, eta, bere erantzukizunpean dagoena bete ezean, talde osoaren lana jarriko du kolokan, ez bakarrik bere zeregina.6) Autonomia eta autoerregulazioa: taldeak autonomia izango du, bai zereginaren norabidea hautatzerakoan, bai gatazkak bideratzean, baita auto- eta ko-ebaluazio prozesuetan ere.
Negozio baten bideragarritasun plana lantzen
Ikaskide Proiektuan parte hartzen duen zentroetako bat da Lea Artibai
ikastetxea. Hainbat arrazoirengatik erabaki zuten proiektuan parte hartzea. Batetik, gaur egun irakaskuntzaren mundua konpetentzietan oinarritzen delako eta konpetentziak garatzeko oso era aproposa iruditu zitzaidalako. Eta, bestetik, Lea Artibai ikastetxeak enpresekin harreman estua duelako eta gaur egun jakintza espezifikoak ere eskatzen dituzten arren, taldean lana egiteari nahiz oinarrizko konpetentziei berebiziko inportantzia ematen dietelako: hala nola, iniziatiba, autonomia, arazoei aurre egiteko gaitasuna, egoera ezberdinetara egokitzeko ahalmena eta ondo komunikatzea. Elena Iriondo Lea Artibai ikastetxeko Batxilergoko arduradunak adierazi bezala, “talentua” da gaur egun behin eta berriz entzuten den hitza: “Gauza horiek guztiak kontuan izanda, gure irakasteko prozesua aldatu beharra ikusten genuen, betiere, ahaztu barik, selektibitatea hor dagoela eta horretarako ere prestatu behar ditugula gure ikasleak”. Bere esanetan, Ikaskide Proiektuak konpetentziak garatzeko, edukiak lantzeko eta elkarren arteko harremanak eraikitzeko bidea ireki die.Proiektua baliagarria izan da Lea Artibai ikastetxeko irakasle, ikasle zein zentro osoarentzat. Sorburutik, irakasleek bazekiten zer nahi zuten lortu, baina ez zekiten nola, eta Ikaskide Proiektuak eman die horretarako gakoa. Iriondok azaldutako moduan, lan kolaboratzailea egin ahal izateko eman beharreko pauso guztiak erakutsi dizkie, hala nola, taldeen osaketa, ikasleen rolak, ikasleen motibaziorako dinamikak, ebaluazioak... “Ikasle eta irakasleok erabat aldatu behar izan dugu gelan jokatzen dugun rola. Ikasleei Ikaskide Proiektua baliagarria egin zaie ikasitakoa testuinguru errealetan kokatzeko; irakasleoi, berriz, lehiakortasuna alde batera utziz eta kolaborazioa besarkatuz, metodologia tradizionalarekin irakatsi ezin ditugun trebetasunak erakutsi ahal izateko”. Proiektuan parte hartzea erabaki zutenean bi dinamizatzaile izendatu zituzten zentroan. Huheziko aholkulariek dinamizatzaileok formatzen dihardute gero haiek irakasle guztiak forma ditzaten. 2013-2014 ikasturtean jarri zuten abian proiektua. Lehenengo urtean ikaskidetzan oinarritutako metodologia ezagutu ondoren, aurreko ikasturtean ikasgaietan praktikan ipini zuten proiektu txikien bidez. Aurten, berriz, autonomia handiagoarekin, baina dinamizatzaileek eta aholkulariek gidatuta, euren material propioak eta proiektuak sortu dituzte. Batxilergoko 1. mailako ikasleekin, esaterako, ekintzailetasuna bultzatzeko negozio baten bideragarritasun-plana egiteko proiektua egiten dihardute. Bosteko taldeetan banatuta, 22 orduko proiektua garatzeko prozesu oso bat disenatu dute hainbat helbururekin: ikasleek jarrera ekintzailea izan dezaten lortzea; erabakiak hartzen, ardurak norbere gain hartzen edota beste norbaiten esku uzten ikastea; autonomia eta norbere buruarengan konfiantza izatea; enpresak sortzeko eman beharreko urratsei buruzko informazioa helaraztea; zonaldeko ekonomia eta enpresa-ingurunearen berri izatea eta aukerak hautematen jakitea; balioen eta jarreren inguruan kultura aldaketa bultzatzea; eta zeharkako konpetentziak lantzea. Bigarren ebaluazioko azterketak egin ondoren, hiru egunetan zehar ikasketa “tradizionala” eten eta garatu dute proiektua. Gero, tutoretzako klasean ikasleek proiektuaren balorazioa egin dute eta amaitzeko beste bi egun erabili dituzte —egun horietako bakoitzean bi ordu—, taldeka lanen aurkezpenak egiteko areto nagusian. Iriondok esplikatu bezala, talde bakoitzak irakasle arduradun bat izan du. Irakaslearen rola taldea gidatzea izan da, eta ondorioz, irakasleak eta ikasleak talde-lan estuan aritu behar izan dute, lan-era horrek bi aldeen arteko inplikazio handia eskatzen baitu: “Guk aspalditik horrelako proiektuak egin izan ditugu, baina aurreko urteetan gidaritza eta tresnak falta zitzaizkigun eta ez genuen lortzen proiektuari osotasun bat ematea. Hori dela eta, ikasleen zein irakasleen proiektuen balorazioak ez ziren nahi genituen bezain onak. Aurten emaitzak hobeak izan dira”.Iriondoren esanetan, ikasleek erantzundako balorazio-inkesta irakurri baino ez da egin behar proiektuaren arrakastaz jabetzeko. Izan ere, Batxilergoko arduradunak azaltzen duenez, ikasleek irakasleak bigarren planoan ikusi dituzte eta ikaste-prozesuaren protagonista eurak direla sentitu dute proiektuaren bidez. “Testuinguru horretan ikasleek aukera izan dute euren talentua erakusteko, baita sormena, parte-hartzea, dinamikotasuna... praktikan jartzeko ere nahiz erabakiak hartzen trebatzeko”. Taldekideen arteko errespetua, taldearekiko konpromisoa eta erantzukizuna landu dituzte; lan kooperatiboan aritzearen ezaugarriak ezagutu dituzte eta horren balioez jabetu dira.Azken urteetan hezkuntza paradigmaren aldaketa gertatu da Lea Artibaiko Batxilergoko arduradunaren iritziz, eta ondorioz, uneotan helburua ez da irakastea, ikasleak ikastea baizik. “Titulua izateak ez gaitu bereizten, baina talentuak bai. Eta talentua entrenatu daiteke. Ikaskidetza metodologiaren bitartez garatu dugun proiektu hau talentua entrenatzeko aukera paregabea da”. Hala ere, horrelako metodologiak curriculumean txertatzeko Batxilergoa pasabide estuegia delakoan daude. Izan ere, ikasleen etorkizuna selektibitatean ateratako kalifikazioen menpe dago, eta, ondorioz, Lea Artibai ikastetxearen helburua da ikasleak ahalik eta ondoen prestatzea aukeratutako ikasketak egin ahal izateko.Hala ere, oro har, Ikaskide Proiektuaren balorazio oso ona egiten dute Lea Artibai ikastetxean. Iriondok adierazitako moduan, harreman pertsonalak eraikitzeko aukera izan dute, taldekideen artean kohesioa landuz eta taldekideekiko konpromisoa eta erantzukizuna hartuz. Ikasleen eta irakasleen artean kolaborazioaren kultura zabaltzeko ere balio izan die, ikasleek ulertu baitute lehiaren bidez pertsona bakarrak irabazten duela, baina kolaborazioaren bidez pertsona guztiek. Adibide bat jarri du Iriondok: “Proiektua egiteko Prezi programa erabili behar izan dute. Gutxi batzuek ezagutzen zuten, eta maila oso baxuan gainera. Interesgarria izan da zelan partekatu duten ezagutza hori talde guztien mesederako. Horrez gain, ikasleen arteko harremanak sendotzeko ere baliagarria izan da”.Oro har, ikastetxean oso pozik daude Ikaskide Proiektua ematen ari den fruituekin eta etorkizunean ere proiektuarekin jarraitzeko asmoa dute. Euren xedea da Batxilergoko 1. mailako iragasgai guztietara zabaltzea proiektua, eta erronka nagusia, Batxilergoko 2. mailan ere aplikatzen hastea.