BIZIPOZA AUZOLAN 22 elkarte, 22 ipuin, 22 abesti disko-liburua

2015-04-01

Auzolanetik sorturiko 22 bizipoz-ale

 
 

Behar bereziak dituzten haurren eta horien familien alde lan egiten duten

Gipuzkoako elkarteak babesteko, lanean dihardu Irrien Lagunak Klubaren Gizartekintza Elkarteak azken hiruzpalau urteotan, eta bide horretan urrats berri bat egin berri du orain: 22 elkarteren errealitatea ezagutarazteko liburu-diskoa eman du argitara, ‘Bizipoza Auzolan. 22 elkarte, 22 ipuin, 22 abesti’ izenburupean. Boluntario-sare zabal baten laguntza izan dute abestien hitzak nahiz elkarteei zuzendutako testuak
idazteko; hala nola, bertsolariak, idazleak, irakasleak, eragileak... bildu dira bizipozaren auzolanera, elkartasunetik elkartasuna sortzeko.

 Behar bereziak dituzten haurren eta horien familien bizi-baldintzak hobetzeko lan egiten duten elkarteei egitura eta proiektu egonkorrak emateko asmoz, Gizartekintza Elkartea sortu zuen Irrien Lagunak Klubak 2013an. Ordutik askotariko ekimenak egin dituzte, besteak beste, elkartasun-jaialdiak, ikuskizunak, abestiak... Jarduera guztietan, bi osagai egon dira ezinbestean: bizipoza eta auzolana. Otsail honetan beste pauso bat eman dute elkartasun bide horretan, eta, hainbat eragileren arteko auzolanetik, “Bizipoza Auzolan. 22 elkarte, 22 ipuin, 22 abesti” liburu-diskoa sortu dute.

Auzolanetik sortua, bai, askotariko sortzaileak jardun baitira boluntario moduan liburuko testuak osatzen eta diskoko abestien letrak eta musikak sortzen. Liburuan, esaterako,
Alaia Martin, Igor Elortza, Uxue Alberdi, Jon Maia eta Maialen Lujanbio bertsolariek hartu dute parte, beste batzuen artean; baita Castillo Suarez, Kirmen Uribe eta Miren Agur Meabe idazleek ere, batzuk aipatzearren. Diskoan ere errepikatu dute sortzaile gehienek, hala nola Xabier Etxaniz Rojo idazleak edo Xabier Euskitze bertsolari eta kazetariak.
Gainera, Irrien Lagunak Klubak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Katxiporreta elkartearekin elkarlanean eman du argitara lan hau.

22 istorio eta abesti, 22 elkarterentzat

25 elkartek osatzen dute Irrien Lagunak Klubaren Gizartekintza Elkartea, horiek dira elkartasun eta auzolan sarearen muina. Hain zuzen, sare horretako 22 elkarteri eskainia dago liburuko kapitulu bakoitza, baita diskoko
abesti bakoitza ere; hortik liburu-diskoaren izena.
Gipuzkoako Kirol Egokituaren Elkartearen izenean Amaia Elizondok hartu zuen hitza liburu-diskoaren aurkezpenean, eta, nabarmendu zuenez, Gipuzkoako elkarteen artean ere elkarlana sustatzeko balio izan du Gizartekintza taldearen sorrerak, baita elkarrekiko ezagutza areagotzeko ere. Izan ere, “tristurak eta pozak goxoagoak dira partekatzen direnean”, Elizondoren arabera.
Hain zuzen, elkarte horiek transmititu dioten “bizipoza eta indarra” azpimarratu zituen Amagoia Mujika kazetariak, ipuinetako testuen egileak. Horrekin batera, disko liburuaren eta, oro har, Irrien Lagunak Gizartekintza elkartearen oinarri diren elkarlan eta elkartasun kontzeptuei balioa eman zien: “Pailazoei entzun izan diet asko emanda asko jasotzen dela, eta sentsazio hori izan dut. Ikasi dut bizitza gogorra ere izan daitekeela, eta behar handiak dituzten elkarte txikiak daudela”. Eta, jasotakoa partekatu nahi du berak ere: “Asko ikasi dudanaren sentsazioa dut eta, nik ikasi dudanaren zati txiki-txiki bat ikasten badu irakurleak, gustura geldituko naiz, jendarte koloretsu eta sanoago bat ariko baikara sortzen”.

 Zein elkarte dira protagonistak?

1. ADEMGI Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartea. 
2. AFFESTA Euskadiko Tourette Sindromearen Elkartea.
3. AGIPASE Gipuzkoako Banandutako Gurasoen Elkartea.
4. AMPGYL Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexualen Gurasoen Elkartea.
5. ARNASA Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea.
6. ASPANOGI Gipuzkoako Haur Minbiziadunen Gurasoen Elkartea.
7. AURRERA ATERA
8. BANAIZ BAGARA
9. BEROA Gipuzkoako Harrera Familien Elkartea.
10. BOCALAN BIAK BAT
11. CHERNOBILEN LAGUNAK
12. ETIOPIA UTOPIA
13. EUSKAL GORRAK
14. GEHITU
15. GIZAKIEN LURRA
16. GIPUZKOAKO KIROL EGOKITUEN FEDERAZIOA
17. GOIERRIKO SAHARAREN LAGUNAK
18. GURE NAHIA Gipuzkoako Gaixotasun Arraroak Dituzten Haurren
Aldeko Elkartea.
19. GURE SEÑEAK
20. KALE DOR KAYIKO Ijitoen elkartea.
21. PAUSOKA
22. UME ALAIA