ANABEL ARRAIZA: Antzezlea

2015-04-01

Ikastolak batzen gaitu

 Mila eta gutxi biztanle dituen herritik mila eta asko pertsona biltzen zituen eta dituen ikastolarako bidaia ­egiten nuen egunero nire amarekin batera. 37km Lakuntzatik San Fermin Ikastolara. Hasieran biak bakarrik zaharrena naizelako baina geroago ­Egoitz eta Josu nebak eta baita Olatz ahizpa ere.  Ama irakasle izan da bertan jubilatu den arte, haur hezkuntzako Sokorro “andereñoa”. Nire herriko lagunek herriko eskolan edo Etxarriko Ikastolan ikasten zuten bitartean gu Zizur Txikira joaten ginen egunero-egunero hutsik egin gabe.

16 urte eman nituen ikastolan eta oso oroitzapen onak ditut, ezin ezer txarrik esan. Famili handi batekin parekatu dezaket ikastola.Gelakideak nituen bertan lan egiten zuten beste batzuen seme-alabak ere: Beñat, Ainara, Maite, Unai, Irune, Aitziber, … ­eta bereziki Aitor.
Ikastolan bazkaltzen genuen bertan ikasten, irakasten, lan egiten genuen guztiek. Denek egoki eta osasuntsu jan genezan senar-emazte bikote batek zuen ardura orduan: Pako eta Asun. Aitor, nire laguna, hauen semea da. Ikastolan bizi ziren beraiek Biktor eta Asier beste bi semeekin batera. Ikastolan bizi, bai. Beraien etxea BUPeko gelak zeuden eraikinaren goiko pisuan zegoen. Goizean goiz hasten ziren lanean mila eta askoren jana prestatzeko eta berandu bukatzen zuten eguna. Astez han bizi ziren eta asteburutan Iturrama auzoko beraien etxera joaten ziren.
 Nik ere ikastolan lo egiteko aukera izaten nuen urtero. Edozeinek ez du pagotxa hori! Aitorren urtebetetze egunean (gogoan dut, apirilaren 14ean), amak etxera egiten zuen buelta ­eta ni bertan geratzen nintzen. Ikastolan ez zegoen inor! Ikastolako eremu guztia guretzat! Hura zen festa! Futbol zelaia, frontoia, saskibaloiko kanasta guztiak libre, atzealdeko belardiak, patioak… Dena guretzat! Ondoren beraien “ikastolako etxean” bañua hartu, afaldu, telebista pixka bat ikusi eta ohera! Niretzat abentura ederra ­izaten zen hura. Edozeinek konta ­ezin dezakeena!
Gure BUPeko garaian, arratsaldeko 3retan bukatzen ziren klaseak eta ­ikasleak etxera joaten ziren bazkaltzera, baina amak arratsaldean ere lana zuenez, ni bertan geratzen nintzen Aitorrekin batera bazkaltzen.
Urteak pasa dira Ikastola bukatu nuenetik. Aitorrek bere bidea egin zuen eta nik neurea. Pasa den udan nire bi alabak kanpaldi batera joan ­ziren Izabara eta han egin zituzten lagunen artean Iraia eta Irati ahizpak zeuden.  Zer den bizia….! Iraia eta Irati Aitorren alabak dira.
Ikastolak batu gintuen, eta hogei urte pasa badira ere, alabek batu gaituzten honetan ikastolak batzen jarraitzen gaitu.