LOMCEri ez, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki
Badaude obeditu ezin diren legeak, maltzurrak direlako, eta lege horiek desobeditu egin behar dira; LOMCEk lerro gorria zeharkatu du
LOMCEren aurrean intsumiso deklaratzea erabaki dute Kataluniako 300 familia baino gehiagok. Belen Tascón-ek, Xarxa de Escoles Insubmises-eko (Eskola Intsumituen Sarea) kideak, azaldu du zergatik eta zertarako egin diren intsumiso, Hezkuntza Plataformen Topaguneak gonbidatuta Durangon emaniko hitzaldian. Tascónen hitzetan, “badaude obeditu ezin diren legeak, maltzurrak direlako, eta lege horiek desobeditu egin behar dira. LOMCErekin, zehazki, lerro gorria zeharkatu dute eta ‘honaino iritsi gara’ esan dugu gurasook, ez gaude prest lege horri men egiteko”. Hain zuzen ere maiatz honetan izan dute lehen pultsu garrantzitsua administrazioarekin: Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleek diagnostiko-probak egin behar zituzten egunetan, gurasoek ez dituzte euren seme-alabak eskolara eraman, azterketari planto eginez.
Baina, LOMCEk ez ezik, 2010etik hona hezkuntzan izandako murrizketek ere bultzatu zituzten gurasoak Xarxa-n antolatzera. Izan ere, 2010-2014 artean, hezkuntzara bideraturiko aurrekontua “ia laurdenean” jaitsi zen Katalunian. Eta aurrekontuarekin batera, ikastetxe bakoitzaren baliabideak: irakasle gutxiago dituzte ikasgai berberak emateko, psikopedagogoak hilean pare bat arratsaldez etortzen dira orain, haur hezkuntzako teknikariak desagertu egin dira... Eta, panorama horren erdian, 2013an Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle batek LOMCE zer zen azaltzeko hitzaldia eman zien Tascóni eta beste hainbat gurasori Bartzelonako Grazia auzoko beraien ikastetxe publikoan: “Legea serio zihola eta gure seme-alaben heziketan ondorio oso maltzurrak izan zitzakeela ikusi genuen, zer eta jasaten ari ginen murrizketa guztien erdian. LOMCE Ibex 35, OPD eta Apezpiku-kontseiluaren neurrira eginda dagoela ohartu ginen”.Hori ikusirik, Grazia auzoko gainerako eskolekin harremanetan jarri eta hainbat ikastetxetan itxialdia egiteko antolatu ziren. “Familiak oso errotuta gaude auzoan eta mugimendu handia dago. Itxialdian, gainera, gure artean giro oso ona sortu zen, eta sarea osatzen hasi ginen gurasoen eta ikastetxeen artean. 15M mugimenduaren harira hezkuntza gaien inguruan sortu ziren Batzar horiekin ere jarri ginen harremanetan, baita AMPA edo Ikasleen Gurasoen Elkartearekin ere. Horiek aholkularitza juridikoa eskaini ziguten eta erresistentzia aktiboaren eskuliburu bat eman ziguten. Baina guk pauso bat harago joan nahi genuen: intsumiso deklaratu ginen.” Horrela, 2014ko maiatzean aurkeztu zuten Xarxa de Escoles Insubmises-eko (Eskola Intsumituen Sarea). Ekintzak ikusgarriak eta eraginkorrak izateko sareak indartsua eta jendetsua izan behar zuela ikusirik, lehen zeregina Xarxa-ra indarrak batu zitzaketen ikastetxeekin eta gurasoekin hitz egitea izan da. Baliabiderik ez zutenez, ahoz ahokoa eta sare-sozialak izan dira beraien mezua zabaltzeko bide nagusiak.Informazio nahasia ikastetxeetan
Ikastetxe eta guraso askoren artean, ordea, “desinformazio handia” aurkitu dute, eta horretan Generalitat-eko Hezkuntza Kontseiluak zerikusi handia izan duela uste dute. “Katalunian dialektika handia egon da 2002an onartu zen Kataluniako Hezkuntza Legearen eta Espainiako Gobernuak indarrean jarri duen LOMCE legearen aurrean. Gure kultura eta hizkuntzaren aurkako eraso gisa aurkeztu du LOMCE Generalitat-ak, eta horretan denok ados gaude. Baina legeak baditu beste ondorio maltzur batzuk ere”. Izan ere, batetik katalanak hezkuntzako komunikazio-hizkuntza edo lingua franca gisa duen pisua galduko luke LOMCErekin, eta “hori oso larria da, katalana elkarbizitzarako tresna oso garrantzitsua baita Katalunian.” Baina, “LOMCEren beste ondorio maltzurrak” ere oso gogoan dituzte; besteak beste, erlijio ikasgaiak hartu duen pisua, gurasoek hezkuntza-komunitatean parte-hartzea ahalbidetzen duten eskola-kontseiluen desagertzea, sormena sustatzen duten hainbat ikasgai kendu izana... Eta, Tascónen iritziz, Generalitat-ak ez die aurre egin LOMCEren gainerako neurri horiei, “eta, gainera esan du ez dela ezer gertatzen, lasai egoteko, ez dela ezer aldatuko”. Tasconen ustez, hori “ez da egia eta, gainera, nahasmena sortu du guraso eta irakasleen artean”.Diagnostiko-probekin hori bera gertatu dela uste du Tascónek. Izan ere, Kataluniako 2002ko Hezkuntza Legeak aurreikusten zituen diagnostiko-probak Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailetan, baina, Tascónen esanetan, “ez dute zerikusirik LOMCEk proposatzen dituen probekin, Generalitatak uste hori bultzatu badu ere”. Izan ere, orain arteko proba ez zen berdina ikastetxe guztientzat, eta, beraz, ikastetxe bakoitza bere proiektu pedagogikoaren neurrira ebaluatu zitekeen; orain, aldiz, proba berdina gainditu beharko dute haur guztiek, eta Tascónentzat horrek ez du zerikusirik orain arte egiten zen diagnostikoarekin. “Gure haurren eskolan proiektuka antolatuta egiten dute lan, eta, haur bakoitzaren garapenaren inguruko ebaluazioak etengabeak izan arren, haurra ez da jabetzen ebaluatua izaten ari denik; orain badaezpada erakutsi egin behar izan diete test bat nola erantzuten den.” Alde horretatik, diagnostiko-probek “hezkuntza-eredu desberdinak neutralizatzea” ekarriko duela uste du. Gainera, “8 urterekin jada ikasle onak eta txarrak bereizten hastea maltzurra” iruditzen zaio Tascóni. Gauzak horrela, Tascónek “postureoa” leporatu zion Generalitatari: “Publikoki esaten dute LOMCEren kontra daudela, baina gero bete-betean jarri dute indarrean. Bazuten aukera Kataluniako Hezkuntza Legea aldatuz LOMCEren ondorioak eta kalteak arintzeko, edo LOMCE bera errekurritzeko, baina ez dute horrelakorik egin. Apustu bat dela uste dugu, gure politikarien ohiko leloa baita ‘Madriletik etorri da’ esan eta ardura gainetik kentzea.”Gainera, Kataluniako Hezkuntza Legearen arabera, proben emaitzak ikastetxe bakoitzarentzat ziren, zer hobetu eta zer indartu aztertzeko, baina orain LOMCErekin, emaitzak publiko egingo dira. Murrizketen testuinguruan ikastetxeak baliabideak lortzeko elkarren artean borrokan ari direnean, Tascónek ez du uste onuragarria denik emaitzak publiko egitea: “Inork ez du argazkian gaizki gelditu nahi, matrikulazioetan eragina izan dezakeelako eta, ondorioz, baita ikastetxe horrek izango dituen baliabideetan ere. Zenbait irakaslek arriskuan ikus ditzakete beraien postuak, eta beldur horretaz baliatzen da administrazioa”.Gurasoen gidaritza
Hain zuzen ere zuzendaritzak eta irakasleek, batik bat ikastetxe publikoetan, administrazioaren zigorren beldur egon daitezkeenez, Tascónek garrantzitsutzat jo zuen gurasoek hartzea LOMCEren aurkako mugimenduen gidaritza, beti ere ikastetxeekin eta irakasle-klaustroen “konplizitatea” bilatuz. Eta, diagnostiko-probak egiteko ordua iritsi denean izan dute eskema hori gauzatzeko aukera: “Familiak izan behar dugu haurrak eramaten ez ditugunak eskola diagnostiko-probak egingo diren egunetan. Ikastetxeak proba egunak antolatu eta egin egin behar ditu, eta gurasoon erabakia izan behar da haurrak egun horretan eskolara ez eramatea. Modu horretan, eskolari ezin dio eragin, gurasoon ekintza izan baita”. Izan ere, ikastetxeek Generalitataren aldetik “mehatxuak” jaso dituztela dio Tascone-k, “gaztelerazko lerroa irekitzera behartuko dituztela esanez, edo lan askorekin eraikitako proiektu pedagogikoa bertan behera utzi beharko dutela mehatxu eginez”. Gurasoak, aldiz, Generalitataren mehatxuetatik libre daudela uste du Tascónek: “Zer egin diezagukete, bada? Gure haurrei espedientean puntu bat kendu diagnostiko proba ez egiteagatik? Hori egiten badute, aurrez aurre aurkituko gaituzte, LOMCE legeak ez baitu horrelakorik aurreikusten. Baina, dena dela, uste dugu hori dela gerta dakiguken txarrena. Aholkulari juridikoek gomendatu digute “familia arrazoiak” aurkezteko haurra eskolara ez eramateko argudio gisa, eta, kasu horretan, ez omen da beharrezkoa bestelako azalpenik ematea.” Bada, gauzak horrela, diagnostiko-proben aurrean plantoa egin dute maiatzean zehar Xarxa-ko hainbat eskoletan. Tasconen seme-alaben eskolan, esaterako, zuzendaritzak jakinarazi zien maiatzaren 11n, 12an eta 13an egingo zirela LH 3ko diagnostiko-probak, eta, aurrez jakinda, antolatzeko aukera izan dute. Hainbat gurasok lanean opor-egunak hartu zituzten, tartean Tascón berak, eta maiatzaren 11n, esaterako, bere semearen gelako 25 ikasleak hartu eta museora joan ziren Tascón eta beste hainbat guraso. Marrazketa, dantza, eta beste hainbat espresio artistiko landu dituzte haurrek probak egiten egon behar zuten egunetan, gurasoekin. Beste hainbat eskolatan, ordea, zuzendaritzak ez die gurasoei jakinarazi noiz egingo dituzten probak; beste ikastetxe batzuk, berriz, 15 egunetan zehar egingo dituzte probak, egunero zati bat. Kasu horietan, zailago izan dute plantoa egiteko antolatzea. “Edozein gurasok ezin ditu 15 eguneko oporrak hartu haurrekin etxean gelditzeko; kasu horietan, behintzat saiatu dira egun batean edo bestean zerbait antolatzen, eta lortu dute behintzat haurrek proba osorik ez egitea”. Intsumisioa ez da mugatzen diagnostiko probei egindako plantora, dena dela; bestelako proposamen zehatzak ere badituzte. Besteak beste, eskoletako komunikazio-hizkuntza katalana izaten jarraitzea eskatzen dute, eta horren aldeko ekintza ugari egin dute. Horrekin batera, eskatu dute eskola-kontseiluak mantzentzea, horiek baitira hezkuntza-komunitatean gurasoen parte-hartzea bermatzen duten organo bakarrak. Hori gauzatzeko intsumisio-ekintza zehatza proposatu dute: ikastetxeetako zuzendaritzei eskatu diete kontseilu horiek indarrean mantentzeko, eta aintzat hartzeko eta betetzeko bertan erabakitzen dena.Familiek zer?
Mobilizazio orokorrez harago, zer egin dezakete familiek beren aldetik egoera honen aurrean? Xarxa sareko kideek eskaera zehatzak egin dizkiete familie: haurrak ez matrikulatzeko erlijio irakasgaian, ezta gaztelaniazko ereduan ere; eta, bereziki, diagnostiko-probak diren egunetan haurra ez eramateko ikastetxera. Izan ere, “LOMCE da lerro gorria, ez dugu zeharkatuko”.•