Rosa Sensat elkartea Mende erdia hezkuntza iraultzen

2015-06-01

Espainiako diktadurak behartuta, klandestinitatean hasi zen lanean Kataluniako Rosa Sensat elkartea, 1965ean, helburu argi batekin: hezkuntza-sistema berritzea, edo are gehiago, iraultzea. Hain zuzen, irakasleen formazioa izan zen beraien lehen zeregina, “irakasle-eskola faxistetan ikasitakoa ahazteko.”

Ordutik “berrikuntza pedagogikoa” eragiteko jarraitu dute lanean, eta, horretarako, formazioa izan da gerora ere beraien ardatzetako bat; horren adibide dira urtero antolatzen dituzten Udako Topaketa mamitsuak. Horrez gain, hainbat aldizkari pedagogiko argitaratzen dute, Kataluniatik hasi eta Hego Amerikaraino. Mila

bazkide eta 500 boluntario baino gehiago ditu elkarteak egun. 50. urteurrenaren harira, Rosa Sensat elkarteak Bartzelonan duen egoitza bisitatu du Hik Hasik.

 
 

Berrikuntza pedagogikoa xede

 “Berrikuntza pedagogikoa”, bi hitz horiexek izan dira Kataluniako Rosa Sensat elkartearen lehendakariak, Irene Balaguerrek, gehien erabili dituenak HIK HASIrekin egon den tartean. Bi hitz, hamaika bizipen eta ekimen gorpuzten dituztenak Balaguerrek ahoskatzean. Izan ere, klandestinitate garaietatik hartzen du parte Rosa Sensat elkartean. Garai hartan hezkuntza-sistema frankista iraultzea zuten helburu, eta ordutik hona bizi izandako aro eta berritze-prozesu guztietan berrikuntza pedagogikoa sustatzea izan da elkartearen izateko arrazoia. 50 urte egin dituzte aurten zeregin horretan, eta pedagogia gaietan erreferentziazko elkarte bilakatu da.

Sorreran, 1965a hartan, escoles cooperatives delakoak ugaltzen ari ziren Katalunian; gurasoek eta irakasleek osatutako kooperatiba gisa antolatzen ziren, Euskal Herrian ikastolek hasitako bidearen pareko, eta beste hezkuntza-eredu bat sustatu nahi zuten, besteak beste katalana hezkuntza-sisteman integratuz. “Berrikuntza gosea zuten guraso eta irakasle haiek, Espainiako Errepublikaren garaiko eskola hartzen zuten erreferentzia gisa, eta deseroso sentitzen ziren eskola frankistan”, Balaguerren esanetan. Baina, irakasle berritzaileenek ere hezkuntza-eredu tradizionalak errepikatzen zituzten ezinbestean eta inkontzienteki, irakasle-eskola faxistetan ikasiak baitziren, eta, hori ikusirik, “irakasleak trebatzeko grina piztu zitzaien”. Une eta testuinguru hartan sortu zuten Rosa Sensat elkartea 7 irakasle ekintzailek: irakasle-eskola berritzailea izango zen, eta XX. mendeko lehen hamarkadetako irakasle eta hezitzaile ospetsuaren omenez hartu zuten Rosa Sensat izena.
Irakasle-eskola hartan, Espainiako Errepublikaren garaian maisu-maistra izandakoen laguntza jaso zuten; eskola berritzearekin benetan konprometitutako jendea zen hori, Balaguerren esanetan. Horrela, goizez escoles cooperatives delakoetan irakasle zirenak, arratsaldeetan ikasle bilakatzen ziren Rosa Sensat irakasle-eskolan; Errepublikan irakasle izandako haien ikasle, hain zuzen ere. Hasiera-hasieratik, “berrikuntza pedagogikoa eta gure hizkuntza berreskuratzea eskutik joan ziren, bata gabe bestea ez zela posible uste baikenuen, eta gaur egun ere Rosa Sensat elkarteak ezin ditu bata eta bestea bereizita ulertu”.
Irakasle-eskola hartan, lehen ikasgaia honakoa izan ohi zen: “Ordu arte ikasitako guztia ez-ikastea, ahaztea”. Horretarako, askotariko gaiak lantzen zituzten, bai hizkuntzarekin zerikusia zutenak bai bestelakoak. Artearekin loturiko ikasgaiek bazuten tokia Rosa Sensat irakasle-eskolan: dantza, musika, adierazpen plastikoak... lantzen zituzten. Bestalde, eskola tradizionalean testuliburuen erabilera sustatzen zen garai hartan, eta, horri aurre egiteko, Rosa Sensat-en eskola liburutegia eta ikasgelako liburutegia zituzten. Baliabide horiekin, “ikasleek ikasgai bakoitzaren ikuspegi holistikoa eskuratzea” nahi zuten: liburutegietan eskura zituzten korronte desberdinetako autoreak irakurtzera bultzatzen zituen ikasleak, gai bakoitzaren inguruko ikuspegi anitzak arakatzera, eta ez testuliburuko ikuspegi bakarra; modu horretan, ikasle bakoitza ikuspegi propioa osatzeko gai izatea lortu nahi zuten.
Izan ere, “manipulazio handia” zegoen Francoren Erregimenaren aldetik, batik bat gizarte-zientzietan. Horrela, historia irakasgaian, esaterako, beste ikuspegi bat ematen saiatzen ziren Rosa Sensat irakasle-eskolan. Helburua zen “espiritu kritikoa garatzea”; informatzen, eta informazioa kontrastatzen ikastea, ideia propioak sortzeko gai izan zitezen. Natur zientzietan, aldiz, berrikuntzetara adi egoten saiatzen ziren Rosa Sensat-en; lehen bihotz transplantea eskolan aztertu zuten, esaterako.
Hurrengo urtean, 1966an, irakasleen formazioarekin arduratuta, Rosa Sensat elkartea Udako Topaketak antolatzen hasi zen, gaurdaino iraun dutenak.

Lehen eraberritzeak eta klandestinitatearen itzala

Hasiera urte haiek “gogorrak bezain zoragarriak” izan ziren Balaguerrentzat. Klandestinitatearen itzala luzea zen eta pisuetan elkartzen ziren, ezkutuan, eta ahoz aho zabaltzen zuten beren egitekoa eta mezua; hamarkada bat baino gehiago iraun zuen egoerak. Bereziki gogoan dituzte 1969ko Udako Topaketak: “Urte gogorra izan zen. Salbuespen-egoera izendatu zuen Erregimenak, alegia, besteak beste debekatuta zegoen bilerak egitea, baita kalean 3 pertsona baino gehiago elkarrekin
ibiltzea ere. Eta guk 1.500 pertsona genituen izena emanda Udako Topaketetan. Orduan elizaren laguntza izan genuen, zehazki jesuitena. Haiek utzitako egoitzetan egin genituen topaketak; poliziaren presioa izan zuten baina babestu egin gintuzten, eta modu horretan egin ahal izan genituen Udako Topaketak.”
Goizean goiz hasten ziren lanean, eta arratsaldeetan eztabaida politikoak antolatzen zituzten: “Klandestinitateko politikariek eta sindikalistek komunikabideetan agertzen ez ziren istorioak kontatzen zizkiguten”. Izan ere, “pedagogia politika da” ideia barneratu zuten, eta, ildo horretatik Rosa Sensat-en konpromiso politikoa “handia, hizki larritan” dela gogorarazten du Irene Balaguerrek. Horren puntu gorena 1965ean, Eskola publiko berri baten alde manifestua argitaratu zutenean iritsi zen; “hor adierazi genuen ezinezkoa zela hezkuntza-politikarik garatzea testuinguru demokratiko bat izan ezean”.
Argitaratu zuten lehen aldizkari pedagogikoa ere erdi ezkutuan atera behar izan zuten, edo hitz-jolasak erabilita behintzat. Perspetiva escolar  izeneko aldizkaria argitaratzekoak zirela jakinarazi zioten Gobernuari; bi hitz horiek berdin-berdin idazten dira bai gazteleraz bai katalanez. Erregimenak baimena eman zien argitaratzen hasteko, gaztelerazko aldizkaria zelakoan; horiexek ziren, ordea, gaztelerazkotzat har zitezkeen hitz bakarrak aldizkari hartan.
Balaguerrek gogoan du urte haietan “herria aldatuko zuen zerbait egitearen sentsazioa” zutela. Baina, Katalunian ez ezik, berrikuntza pedagogikoa beste eremuetara zabaltzeko ere egin zuten lan: “Beste herrialde edo estatuko eremuetan ere mugimenduak sortzeko lan egin genuen. Ez genuen Rosa Sensat-en bildu nahi Estatuko aldaketa pedagogikoaren gidaritza; tokian tokiko aldaketa mugimenduak sortzen lagundu nahi genuen”. Balaguerrek gogoan duenez, klandestinitatean igarotako hamarkada luze hartan Marta Mata izan zen Rosa Sensat elkartearen ideia nagusien zutabea. “Berak zuen ikuspegi pedagogikoa, bere ideia izan zen praktika nahiz teoria lantzearena, baita mugimendua zabaltzearena ere guk protagonismorik hartu gabe, besteak protagonista izatea bultzatuz”.
Garai hartan Euskal Herriko hezkuntza-mugimenduekin ere etengabeko harremana izan zuten, eta “aberasgarria” izan zen elkar-trukea. Balaguerrek bereziki gogoan du Euskal Herrian sortutako “Adarra” berrikuntza pedagogikorako mugimendua. “Lehen aldiz aniztasunaren gaia landu zuten, 1981ean. Ordu arte guk ez genuen gaia planteatzen, eta Adarra-ren eraginez, urte hartako Udako Topaketetako gai nagusia izan zen”.
50 urte hauetan sarritan berrikusi behar izan du Rosa Sensat elkarteak bere izaera eta egitekoa, eta lehen aukera 1970ean etorri zitzaion. Izan ere, urte hartan Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa berriz hasi zen lanean, eta Rosa Sensat-eko irakasle askok han topatu zuten lana: “Berrikusi behar izan genuen gure funtzioa, baita formazioarekin modu jarraian segitzea ere”. Erabaki zuten hezkuntza iraultzeko lanean jarraitzea. “Lan egiten genuen hezkuntzaren berrikuntzaren bidez gure herriko errealitatea aldatzeko”, dio Balaguerrek, “inoiz ez ginen geldirik gelditu”.

Eta, demokrazian zer?

Demokrazia iritsi eta klandestinitatea uztearekin batera, beste behin beren
egitekoa eta izaera berrikusi zituen elkarteak: hausnarketa eta ikerketara jo behar zuten, edo berrikuntza pedagogikoa sustatzen jarraitu? Elkartea osatzen zuten irakasleen batzarrean erabaki zuten berrikuntza pedagogikoaren bidetik jarraitzea. Bide horretatik, “ziklikoki berplanteatzen” dute beraien jarduna, eta irakasleen beharretara adi egoten saiatzen dira, horiei erantzuteko.
Rosa Sensat-en jarduna hazi eta hedatu baino ez da egin 50 urtetan. Gainera, gaur egun maila eta diziplina guztietako mila irakasle-bazkide ditu Rosa Sensat-ek, eta 500 irakasle boluntario moduan aritzen dira lanean elkartearentzat: “Hor dago gure indarra: irakasle horiek prest daude beste irakasle batzuekin elkartzeko, eztabaidatzeko, debatitzeko eta elkarrekin aurrera egiteko”, dio Balaguerrek.
Izan ere, parte-hartzailea da Rosa Sensat elkartearen izaera eta egitura. Bazkide guztiek osatzen duten Batzar Orokorrak hartzen ditu erabaki garrantzitsuenak. Urtean behin elkartzen da organo hori eta zuzendaritza-batzordeak egindako proposamenetatik abiatuta egiten du lan; 16 kidek osatzen dute zuzendaritza-batzordea eta gehienak bazkideek aukeratutako ordezkariak dira. Ondoren, exekuzio-komisioari dagokio Batzar Orokorraren aginduak indarrean jartzea; hain zuzen, Irene Balaguer da exekuzio-komisioko kideetako bat, Maria Vinuesa eta Francina Martírekin batera.  
Baina, izaera parte-hartzailea nonbait nabaritzen bada, kontseiluetan da. Izan ere, bi dira Rosa Sensat-en jardun-eremuak gaur egun, argitalpenak eta formazioa, eta alor horietako egunerokoa, oinarria, kontseiluek zehazten eta gauzatzen dute; kontseilu horietako bakoitza Rosa Sensat-eko bazkideek nahiz elkartearekin kolaboratzen duten adituek osatzen dute. Ondoren koordinazio pedagogikorako batzarra arduratzen da kontseiluen lana bateratzeaz eta sinergiak baliatzeaz.
Formazioari dagokionez, sorrerako irakasle-eskola haren filosofia gogoan, hezkuntza-etapen eta diziplinen araberako lantaldeetan aztertzen eta trukatzen dituzte arlo bakoitzean berrikuntza pedagogikoa eragin dezaketen gaiak. Maria Vinuesak azaltzen duenez, “irakasleen beharretara adi egoten saiatzen gara; argi daukagu gure azpiegitura beraien zerbitzura jarri behar dugula. Orain gutxi, adibidez, larunbat batean Rosa Sensat-eko Matematiketako lantaldeak antolaturiko mintegi batean egon nintzen. 150 irakasle zeuden han bilduta, larunbat goiz batean. Izan ere, ikusi dugu bai Lehen Hezkuntzan bai Bigarren Hezkuntzan matematiketan arazoak ditugula: irakasleek gabeziak dituzte eta formazioa behar dute. Bada, lantalde honetan hausnarketa
egin dute, matematiketako irakasleen jarduna nola indartu aztertzeko. Horren harira antolatu zuten mintegi hori, batik bat eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko”.
18 lantalde daude guztira Rosa Sensat elkartean formazioaren alorrean; batez beste lantalde bakoitzean 15 lagunek hartzen dute parte, Herrialde Katalan guztietatik etorritakoek. Lantalde horietako batzuk Rosa Sensat bera baino zaharragoak dira; adibidez, haur eta gazte literaturaren lantaldea. Oro har, balorazio oso positiboa egiten dute lantaldeen jardunaz, baina Bigarren Hezkuntzan, gaikako lantaldeek ondo funtzionatzen badute ere, matematikakoak kasu, zailtasunak dituzte Bigarren Hezkuntzaren ikuspegia landuko duen taldea garatzeko. “Zer gertatzen da institutuetan? Horretaz hitz egiteko talde bat osatu nahi genuke, baina zailtasunak ditugu.” Formazioaren eremuan, era berean, Udako Topaketak dira Rosa Sensat elkartearen ­ekarpen nagusienetariko bat.
Elkartearen jardunaren beste zutabe nagusietako bat argitalpenak dira.
Egun 6 aldizkari argitaratzen dituzte: Infància Llatinoamericana, Infància
Europea, Infància Català, Temes d’Infància, Infància Castellà eta Perspectiva Escolar. Hain zuzen ere Infància Català aldizkaritik bidaia pedagogikoak antolatu izan dituzte, 30 baino gehiago Europan eta munduan barna, formaziorako modu garrantzitsua
iruditzen baitzaie. Baina, krisi ekonomikoaren eraginez, bertan behera utzi dute ekimena. Horren ordez, hainbat asteburutan bidaiak egiten dituzte Kataluniako bertako ikastetxeak bisitatzeko.
Eta, jardun honetan guztian, zer eragin dute legeek eta hezkuntza-erreformek? Oztopo ote dira Rosa Sensat-en jardunerako? “Legea inportantea da, bai, baina Frankismoan erakutsi genuen legea ez dela dena. Lege frankistek ez bagintuzten baldintzatu, nola geldituko gaituzte bada orain demokraziako legeek?”, dio Balaguerrek.
Izan ere, ez baita erraza 50 urtean metatutako indarra eta berrikuntza-gogoa gelditzea.

 

Eta, etorkizunak zer?

 Mende erdiak ez dio nekerik ekarri Rosa Sensat elkarteari, eta etorkizunari lanerako gogoz begiratzen diote oraindik. Hain zuzen, 50. urteurrenaren harira, “mundura begirako manifestua” egin nahi dute: “Mundura begira, bai, baina ez mundu mailako erabakietan eragiteko esperantzaz, baizik eta mundu guztian daudelako ondo lan egiten eta pentsatzen duten irakasleak. Mundu guztian daude argi-guneak, itxaropena pizten duten errealitate txikiak, eta horietako bakoitzak jakin behar du ez dagoela bakarrik; jakin behar du, errealitate minoritario bateko kide izanagatik ere, elkarren berri badugu eta batuta bagaude, egunen batean mundua aldatuko dugula. Noiz? Auskalo! Dagoeneko ikasi dugu hainbat prozesu norbanakoaren bizitza baino luzeagoak direla, baina inportanteena da norbanako horietako bakoitza konprometitzea prozesu horren uneren batean”, Balaguerren esanetan. Egindako hausnarketan, 3 ardatzen inguruan irudikatu dute hurrengo urteetako jarduna.

1.Ekologia: Hezkuntza, edo irakasleek, ez dute aukerarik bere horretan ekologia baldintzatzen duten makro-erabakietan eragiteko, baina jendartea osatzen duten pertsonetan kontzientzia ekologikoa susta dezakete, “gure ingurune fisikoaren eta kulturalaren artean harmonia” egon dadin. Inguruneaz hitz egitean, hizkuntzetaz eta ekologia-kulturalaz ere mintzo da Rosa Sensat elkartea.

2.Desberdinkeria edo desparekotasun soziala: Aberastasuna banatzerakoan, gero eta desoreka handiagoa dago. “Hori ere ez du eskolak aldatuko”, baina hezkuntza-komunitateak lan egin behar du kontzientziak pizteko eta eskola publikoa sustatzeko, horrek bermatuko baitu hezkuntza-eskubidea.
3.Kulturak: Azken ardatz honetan, mundu mailako erabakiguneen eta errealitateen testuinguruan eskolak zer funtzio betetzen duen hausnartu dute. Izan ere, makro-testuinguruaren ezaugarri nagusia aniztasuna da; eta, aniztasun horren baitan, aipaturiko desberdinkeriak daude. Rosa Sensat elkarteak sustatzen du komunitate bakoitzak bere testuinguru propiora egokitzen den eskola eraikitzea. Horregatik, uste dute egitura- eta antolamendu-eredu desberdinak sortuko direla, eta horiei guztiei
oinarri komun sendoa emateko lan egin behar dela. “Eskolak anitza, askotarikoa, berritzailea, umeekin konprometitua eta parte-hartzailea izan behar du. Izan ere, guretzat eskola eta komunitatea gauza bera dira, eskola ezin da bere testuingurutik kanpo ulertu”. Horrenbestez, uste dute gertuko administrazioak eragin zuzena izan behar lukeela bere komunitateko eskola horretan, gaur egungo gure egitura administratiboek halakorik ahalbidetzen ez badute ere.

 

Berrikuntzari ekinez ospatuko dute urteurrena

 “50 urte bete dituzula eta zeure zilborrera begira jartzea... Agian zuretzat inportantea da 50 urte egitea, baina jendeari antzeko zaio 50 edo 30 egin dituzun. Beraz, ospakizunean baino gehiago pentsatu genuen nolako ekarpena egin behar genion gizarteari urteurrenaren harira”. Modu horretan laburbildu du Francina Martík, Rosa Sensat-en exekuzio-batzordeko kideak, elkartearen mende erdia ospatzeko antolatu duten egitarauaren filosofia.

Aipatu bezala, 50. urteurrenaren harira “mundura begirako manifestua” egin nahi dute (ikus aurreko orria) eta hori izango da ekarpen esanguratsuenetarikoa, baina batik bat Udako Topaketetan jarriko dituzte indarrak. Izan ­ere, “aurten topaketa bereziak egin nahi izan ditugu”, dio Martík. Hainbat izango dira berezitasunak; batetik, normalean 15 egun irauten badute, aurten astebetera mugatu dituzte, uztailaren 1etik 8ra, “edukiak kontzentratzeko”. Bigarrenik, “irekiago” egin nahi izan dituzte, “hein batean, nazioartekoago. Urte hauetan Europan, Latinoamerikan... izan ditugun kolaboratzaileak gonbidatu ditugu parte-hartzera.” Horregatik, jardunaldiak katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez izango dira aurten, aldi bereko itzulpenari esker. Hirugarrenik, topaketak bereziak izango dira jarduera asko aire librean egingo dituztelako, Bartzelonako Ciutadella parkean eta inguruetan, “inguruneari irekia dagoen eskolaren ideiari jarraiki.”
Uztailaren 1ean, Mugarik gabe  lelopean, gai orokorrak landuko dituzte; hain zuzen ere, urteurrenaren harira argitaratu duten manifestuan (ikus aurreko orria) planteatu dituzten hiru ardatz orokorrak landuko dira: Ekologia, Desberdinkeriak eta Kulturak. “Pedagogiaren ikuspegi globalago batetik aritu nahi dugu, ikasgeletako egunerokotik burua altxatuta”. Besteak beste, Uruguaiko presidente Jose Mujica da etortzekoa, oraindik erabat baieztatu ez badute ere, ekologiaz aritzera; Adrienne Diop senegaldarra, garapen eta genero gaietan aditua, desberdinkeriaz ariko da; eta Philippe Meirieu pedagogo frantziarra, berriz, kulturetaz. “Hor aurkezten ditugu gure ustez hezkuntzak mundu mailan izan behar dituen oinarriak”, Martíren esanetan.
Uztailaren 2rako eta 3rako, berriz, hausnartzeko mahai-inguruak antolatu dituzte, Utopia posible da lelopean. ­Izan ere, 2015ean “mundura begirako manifestua” argitaratu badu Rosa Sensat elkarteak, duela hamar urte, 2005ean, “Europara begirako manifestua” ­eman zuen argitara. Bertan, hainbat ardatz planteatzen ziren, utopia gisa, eta, hamarkada bat geroago, ikusi nahi dute ea ustezko utopia horietatik zein bete diren, eta zeinek dirauten betetzeke; lorpenak esperientzia errealen bidez aurkeztuko dituzte, “utopia gisa planteatu zena egun errealitatea dela” erakusteko.
Uztailaren 4a, berriz, Haur Hezkuntzari eskainiko diote, 0-6 urteko heziketari hain zuzen. Azken txanpan “Udako Topaketetako programazio tradizionalari” eutsiko diote, uztailaren 6an, 7an eta 8an. Ahal diren ikastaro eta tailer gehienak aire librean egingo dituzte, “ordenagailu eta powerpoint-ik gabe; eskoletako mahaia, aulkia eta arbela ­egitura puskatu nahi genuke”. Trukerako espazioak izenburua eman diete jarduera hauei, “esperientzien eta jakintzen parte-hartzea eta trukea sustatu nahi baititugu”.Guztira 100 ikastaro eta 1.000 tailer baino gehiago egingo dituzte. Egitarau guztia ikusgai dago www.rosasensat.org  helbidean.
Manifestuaz eta Udako Topaketez gain, beste bi ekarpen mamitsu egingo dituzte. Batetik, “XX. mendeko 20 emakume pedagogo” liburua ari dira prestatzen, “izenburua oraindik erabat ziurra ez den arren”. Katalunian pedagogia arloan ekarpena egin duten 20 emakumeren soslaiak jasotzen ditu liburuak. Bestetik,www.moltesgraciesmestres.org (eskerrik asko, irakasle) webgunea sortu dute. Bertan, nahi duen orok esker-mezua idatz diezaioke irakasleren bati. Ekimen horren bidez balioa eman nahi diete maisuei eta maistrei, “irakasle anonimoen lana ikusarazi”. Dagoeneko 500 mezu baino gehiago jaso dituzte, “gehienak oso sentikorrak”.