UNAI MUÑOA, BERTSOLARIA

2015-06-01

Emozioen garrantziaz jabetzen

 Ume bat ez da alferra, bihurria, hiperaktiboa, arreta-falta duena... Hots!

Duela gutxi, arreta falta eta hiperaktibitate-nahasmendu (AFHN) ospetsuaren arrazoi genetikoak frogatu omen zituen Leon Eisenberg psikiatra estatubatuarrak oinarri zientifikorik gabeko baieztapena zela aitortu zuen hil baino zazpi hilabete lehenago, eta, sendatzeko, pastillak agindu baino areago, arrazoi psikosozialetan arakatu behar zela esan zuen.
Ikasleak mugituegiak, arduragabeak, alferrak, isilak, lotsatiak, hezigaitzak… direla uste dugu, eta arazotzat hartzen ditugu, informazio-iturri badira ere. Eskatzen eta adierazten ez dakizkiten mezuak helarazteko hizkuntza bat dira, bizi-errealitate desberdinen sintomak, eta ez bakoitzaren kode genetikoan idatzita datozen ezaugarriak, ez hori bakarrik behintzat. Ikasleak jakintza eta gaitasun molde berdinetara errenditu nahi ditu hezkuntzak, bakoitzaren ezaugarri
eta desirei entzungor eginez. Ez ditu kontuan hartzen egoera pertsonalak eta emozionalak, nahiz eta oinarrizko baldintza diren ikaslearen motibaziorako eta garapen-aukeretarako.
Zirraren garrantziaz jabetzen hasi gara, baina ez dakigu nola ekin. Ez dakigu nola eman lekua gelan negarrari, barreari, haserreari, lehiari, autoestimuaren lanketari, beldurrei… Ez dakigu nola lagundu harremanetan, ez eta haien arteko gatazkak kudeatzen eta bideratzen ere. Badakit irakasle on asko dagoela eta zenbaitentzat ez dela berria idazten ari naizena. Baina, azken hamarkadetan gizartea nola aldatu den ikusiko bagenu, eta gure ikasleek dituzten izuak, premiak, autoestimu-arazoak, harremanetarako zailtasunak… aintzat hartuko bagenitu, edukietan baino areago, norberaren garapenean jarriko genuke arreta agian, eta edukiak helburu izan ordez tresna bihurtuko.
Seguru nago: bere buruan sinesten duenak, bere beldurrak kudeatzeko eta gainditzeko gai denak, autoritatearekin harremanetan jartzen ikasten duenak, sozializatzeko dituen traba eta gaitasunak ezagutzen dituenak, bere mugak eta ahalmenak ezagutzen dituenak… berez du ikasteko eta garatzeko borondatea, berez motibatuko da metodologia egoki baten aurrean, eta bere lekua topatuko du ikastetxeko sisteman. Agian, gure txikiei entzuten ikasi behar genuke irakasleok eta, bereziki, gurasoek.