0-3. Hezitzaileen formazioa

2015-06-01

Proposamen bat eramaten dugu tailerrera, eta hortik aurrera gertatuko dena haurraren esku gelditzen da

 
 

Hik Hasiren formazio-zikloko saioetako bat Elizondon egin dute maiatzean, eta, bertan, Iruñeko Egunsenti haur-eskolan tailerretan egiten duten lana azaldu du Ana Arajok, Egunsentiko hezitzaileak. Bere esanetan, tailerrak ez dira espazio isolatuak haur-eskolaren baitan, “proiektu pedagogiko orokorrago baten baitan” ulertu behar diren espazioak baizik; hain zuzen ere, Loris Malaguzzi pedagogo italiarraren filosofiak alor honetan egindako ekarpena nabarmendu zuen. Tailerretara “proposamenak” eraman behar dira, Araujoren eanetan, ez ariketa zehatzak. Bestalde, tailerreko lana eraginkorra izateko eta hobetzeko, dokumentazio-lana nola egiten duten azaldu zuen.

 “Bizitza osoa” darama hezitzaile lanetan Ana Arujok, 33 urte inguru, eta ia hasieratik Loris Malaguzzi pedagogo italiarraren filosofiaren harira garatutako proiektu pedagogiko baten baitan egin du lan; izan ere, bera lanean hasi eta gutxira Malaguzzi Iruñean

izan zen, eta harrezkero hainbat bisita egin ditu Araujok berak Italiara. Malaguzziren ikasgaiei jarraituz, tailerrak dituzte sortuak Iruñeko Egunsenti haur-eskolan, eta horien funtzionamendua azaldu du Araujok Hik Hasiren formazio-zikloaren baitan Elizondon egin duten saioan.

Proposamenetik sormenera

Zeregin zehatzak baino, “proposamenak” eramaten ditu Araujok Egunsentin duten tailerrera; bikote pedagogikoka lan egiten dutenez, aukera dute haurrak banatu eta talde txikietan aritzeko tailerretan. Araujok aurrez prestatu duen material jakin bat eman edo jolas bat proposatzen die haurrei, eta hortik aurrera “haurrek nola interpretatzen duten eta zer aterako den... haurren esku dago. Askotan ez da ateratzen zuk aurreikusten duzuna, baina ulertu eta, batez ere, onartu egin behar duzu”. Izan ere, gainerakoan “fitxak egiten jarraitzea bezala litzateke, guk gidatua eta helburu jakin batzuen baitan; bakarrik fitxak erabili beharrean, material atseginagoak erabilita”. Beraz, aukera anitzak ematen dituzten proposamenak egitea gomendatzen du Araujok, “ez gauza jakin bat egiteko, gauza diferenteak egin ahal izateko proposamenak baizik”.
Modu horretan, joku sinbolikoa, sormena eta haurraren autonomia lantzen dituzte, eta, bide horretan, tailerretan erabiliko dituzten materialen aukeraketak garrantzia handia du Araujorentzat. “Eskola zertarako da? Besteak beste, autonomia lortzeko
eta harremanak errazteko. Eta hori da inportanteena, harremanak eta gorputza ezagutzea. Eta materialek horretan lagundu behar dute”, bere esanetan. Gauzak horrela, harea, egurra edo buztina bezalako material organikoak erabiltzen dituzte, hainbat formatan. Dena dela, bestelako materialek ere badute tokirik. Esaterako,
patioan pneumatiko handiak daude, eta haurrek mila erabilera ematen diete, baita Araujoren ikasgelan dauden burnizko kate txikiek ere.
Organikoak edo ez, haurrei emandako material eta objektu horiek ez dute funtzio edo zeregin jakin bat, haurrak berak eman behar dio erabilera bat objektu edo material horri, nahieran: “Ez dakizu zeinen ongi jolasten duten, eta zer gauza politak eta desberdinak egiten dituzten”.
Bestalde, goputza ezagutzeko bidetik, tailerra ez dago pentsatua “eserita egoteko”. Izan ere, Araujoren arabera, ezin da gorputza egiten ari diren ekintzatik aparte utzi: haurrek ez dute margotzen eskuarekin; margotzean, gorputz guztia erabiltzen dute. “Ezin dugu pentsatu egongo direla eserita, geldirik, eta eskua mugituz margotuko dutela. Txikitan, zerbait ezagutzeko gorputzetik pasa behar da”.

Argiarekin jolasean

Tailer orokorraz aparte, badute beste espazio berezi bat Egunsentin: argi-tailerra. Zapi zuri bat dago tailerraren erdian, eta alde batean proiektore bat. Hezitzaileak proiektorearen bidez kolore eta forma anitzak sortzen ditu gelan, txikien gozamenerako.
“Ikasgai desberdinak lantzeko” erabiltzen dute argi-tailerra, “besteak beste fisika kontutxo batzuk”, baina ­ikasgaia baino, bizipena da Araujorentzat garrantzitsuena: “Haur batzuk  kolorearekin eta formarekin bakarrik gelditzen dira; zapi zuriaren alde batera eta bestera ibiltzen dira, gustura, beste ondoriorik atera gabe, soilik esperimentatzen. Baina badaude oso-oso urruti iristen diren haurrak ere”. Hain zuzen ere, zapian ikusten zituen formak eta koloreak proiektorean pausatutako objektuak sortzen zituela jabetu zen haurretako bat, eta Anak oraindik gogoan du haurraren harridura eta lorpen aurpegia. “Une hori zoragarri izan zen. Zapian ikusten zuen objektu bat, baina proiektorera hurbildu eta objektu bera eskuekin ­uki zezakeela ohartu zen. Begira gelditu zaitzadan esanez bezala, ‘Ana, ulertu dut zer gertatzen den hemen’. Bi urterekin iritsi zen kontzeptu horretaraino”.

Dokumentazio-lana, ondorioak atera eta proposamenak hobetzeko Malaguzzik utzitako ikasgaien bidetik, tailerretan gertaturiko guztia domentatu egiten dute Egunsenti haur-eskolan, batik bat argazki bidez. Eta, ondoren, patxada momentu bat hartu eta argazkiek erakusten dutenari erreparatzen diote: “Dokumentatu dugunaren interpretazio lan bat egiten dugu. Gertatu denari zentzu bat eman behar diozu, bestela airean gelditzen da dena.” Beraz, interpretazioa “funtsezko gaia” da Araujorentzat.

Ariketa horren bidez, beti ere tailerrera eramandako proposamena eta aukeratutako materialak ebaluatzen dituzte, baina “inolaz ere ez haurra bera”. Bestalde, “onartu behar duzu zurea interpretazio subjektiboa dela”, eta, horrenbestez, Araujori oso garrantzitsua iruditzen zaio bikote pedagogikoka egitea lan, bietako bakoitzak egindako interpretazioarekin tailerrean gertatutakoaren argazki osatuagoa egiteko.
Interpretazio-ariketari esker, hobetu beharreko puntuak identifikatzen dituzte, eta hurrengo proposamena osatzerakoan erabiltzen dute informazio hori.

Tailerra, proiektuaren parte

Dena dela, Araujok azpimarratu duenez, ezin da tailer bat bere horretan sortu, oinarrian ez badago ildo beretik doan proiektu pedagogiko sendo bat. Bere hitzetan, “tailerra proiektu baten baitan dago. Ez da aparteko espazio bat, eta lotuta dago umeez, familiez, eskolaz... duzun ikuspegiarekin. Tailerrean ikasten duzuna ez da gela horretan gelditen, ondoren eskolako beste espazioetara ere eramaten duzu ”. Beraz, zertarako tailerra? “Gauzak hobeto ikusteko eta ikasteko”.