AMARA BERRI eskola

2015-06-01

Unean uneko erronkei erantzuteko prestatzen dituzte haurrak; orainaldirako, eta ez etorkizunerako

 
 

35 urte baino gehiagoko ibilbidea badu ere, berritzaile eta eredugarri izaten jarraitzen du Amara Berri sistemak. 1979an Loli Anaut buru zuen irakasle-taldeak sortutako hezkuntza-egitasmoa eraldatzailea da. Uneotan Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 19 ikastetxetan dago martxan. Adin-nahasketa, bizitza erreala oinarri duten testuinguruak, haurren interesen araberako ekintzak eta maila ezberdinetan lan egiteko aukera ematen duten jarduerak dira, besteak beste, Ama Berri hezkuntza-ereduaren arrakastaren gakoak.

 

 Lehen begiratuan eskola arrunt bat dirudi Amara Berri zentroak, Donostiako Ferrerias kalean, Anoetako estadioaren ondoan dagoenak. 1.270 ­ikasleko ikastetxe publiko bat da, ohiko ikasgelak ditu, ondo egituratutako ordutegia… Barrura sartzean, ordea, berehala deitzen du arreta lan egiteko moduak: adin diferenteetako haurrak elkarrekin daude; umeak euren kasa ari dira lanean —bakarka ­edo taldean—, bakoitza berea egiten eta ez guztiak gauza berbera; ikasgelak hainbat testuingurutan daude banatuta; haurrek bakoitzak bere ­erritmoari jarraituz dihardute beroietan lanean; eta irakaslea bat gehiago da taldean, erreferentziazko laguntzailea.

Ikasleen arteko desberdintasuna eta aniztasuna oinarri hartuta, ikasleek ikertzea, saiakuntzak egitea eta berritzea dute xede. Baina horretan ere ez da gainontzeko eskoletatik desberdintzen. Izan ere, Amara Berriko oinarrizko filosofia ikastetxe gehienen antzekoa da. Ferreriaseko zentroko ikasketaburu Maribi Gorosmendik eta Amara Berri metodologiarekin lan egiten duten ikastetxeen sareko koordinatzaile Elena Gerrerok azaltzen duten moduan, euren gidalerroak “ez dira beste mundukoak”, baizik eta eskola aktiboa definitzen duten berberak dira, “eta edonork esango luke printzipio horien alde dagoela”. Haien esanetan, Amara Berri beste ereduetatik desberdintzen duena teoria hori praktikara eramateko modua da: “Alderdi metodologikoetan egiten dugu azpimarra, ­eta ez gara hitz hutsetan geratzen”. Haur bakoitzak bere bidea egiteari ­ematen diote garrantzia, indibidualizazio prozesuan arreta handia jartzen dute, eta horrek eguneroko praktikan eragina du: adin nahasketa, jarduera irekiak, maila diferenteetan lan egiteko aukera, testuinguru sozialak sortzea, haurrei askatasuna ematea… “Praktika horiek ez dira kasualitatea, baizik eta filosofia oso baten isla”.
Amara Berri ez da proiektuka lan egiten duen sistema bat. Hori baino gehiago da: haurren eguneroko bizitzarekin zerikusi zuzena duten testuinguru egonkorrak dituzte, eta haurrek testuinguru bakoitzetik behin eta berriz igarotzeko aukera dute, testuinguru horretatik atera dezaketen jakintza guztia ateratzeko. Amara Berri sistemaz edo ereduaz hitz egiten dute arduradunek. 70eko hamarraldi amaieran Loli Anautek gidatutako irakasle talde batek martxan jarri zuen hezkuntza-egitasmoa da. Erabat berritzailea garai hartarako. Donostiako Amara Berri auzoan erein zuen hazia eta uneotan Gipuzkoa, Bizkaia eta ­Arabako 19 ikastetxek osatzen dute Amara Berri ereduarekin lanean diharduten ikastetxeen sarea. Bertan Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zentroak dituzte.
Amara Berri sisteman diharduten zentro guztiek modu berberean ulertzen dute euren lan pedagogikoa: ­ikaslea da hezkuntza komunitatearen jardunaren zentroa eta haur bakoitzaren garapen harmoniko eta glabala helburua. Ikasleen egoera emozionala eta soziala oso kontuan izan dute, bai baitakite klabeak direla beren garapen prozesurako. Eta zentzu horretan, eskola haurrak bizi diren ingurune gisa ulertzen dute, “bizi diren heinean ikasten baitute haurrek”.
Ikasleen beharrei, interesei eta ­ikasketa moduei erantzutea da Amara Berriko metodologiaren printzipio nagusia. Ez dituzte haurrak etorkizunerako prestatzen, baizik eta orainaldian dituzten erronkei aurre egiten lagunduko dieten estrategiak eskaintzen dizkiete. Eta horrek guztiak metodologian eta eguneroko praktikan du isla. Hain zuzen ere, horretxek desberdintzen du Amara Berri egitasmoa eskola-eredu tradizionaletatik.

Adinak nahasian

Baina zein dira metodologia berritzaile horren gakoak? Horietako bat adin nahasketa da. Zikloka funtzionatzen dute Amara Berrin. Hala, LH1 eta LH2ko ikasleek elkarrekin lan egiten dute, baita LH3 eta LH4koek nahiz LH5 eta Lh6koek ere. Hasiera-hasieratik Amara Berri sistemaren barruan aplikatu duten ezaugarrietako bat ­izan da adin nahasketarena eta hainbat arrazoi ematen dituzte praktika hori defendatzeko. Haurrek zikloko gazteenak direnean zaharragoen ­erreferentzia dute; zaharrenak direnean, berriz, gazteagoei lagun diezaiekete. Gorosmendi eta Gerreroren ustez, bi egoera horiek aproposak dira haurrek euren ikasketa-prozesua gara dezaten: “Nagusiagoengandik ­ikasteak ez gaitu harritzen; bai, ordea, gazteagoekin ikasteko modua edukitzeak. Baina kontuan izan behar dugu dakigun hori beste bati azaltzeko gai garenean gertatzen dela benetako ikaskuntza. Zerbait hitzez jartzen dugunean eta horren kontzientzia hartzen duguenean, asko ikasten dugu. Eta gela berean gazteagoekin egoteak horretarako aukera ematen digu”.
Horrez gain, adin nahasketa tarteko, ikasleek rol diferenteak esperimentatzeko aukera dute: ikasturte batez gazteenak izango dira, berriak, laguntza eskatzen eta eskertzen jakin beharko dutenak; hurrengo ikasturtea, aldiz, helduenak izango dira, dakitenak, besteei lagunduko dietenak… Emozioen alderdiari dagokionez ere, oso garrantzitsua iruditzen zaio Gerrerori adin nahasketa, pertsona bakoitzak rol desberdinak esperimentatzeko parada ematen baitu: “Badira pertsona batzuk, ikasturte guztietan talde berberarekin joango balira, beti patroi berberari erantzungo lioketenak, rolak finkatu egiten baitira. Hortaz, nagusiak izatea tokatzen zaienean, zailtasunak izan ditzaketen haurrek, aukera dute ume gazteagoei laguntzeko. Ondorioz, euren burua beste egoera batean ikusten dute eta beste modu batean jokatzeko gai direla konturatzen dira”.

Departamentuak eta txokoak

Testuinguru sozial, egonkor eta osagarrien bidez programatzen eta antolatzen dute eguneroko jarduna Amara Berrin. Testuinguru horiek bizitza errealarekin lotura izan ohi dute, ikasleen ­iteresekoak izaten dira, bakoitzari bere erritmoan joatea ahalbidetzen diote eta elkarrekintza soziala sustatzen dute. Hainbat testuinguru daude departamentu bakoitzean. Baina zeri deitzen diete departamentua? Gai espezializatu baten inguruan antolatzen den gelari. Ziklo bakoitzean lauzpabost departamentu dituzte: zientzia ardatz duena, matematika ardatz duena, hizkuntza ardatz duena, ingelesekoa edota komunikabideena.
Departamentu horietako bakoitza lau txokotan antolatzen dute: txoko bakoitzak testuinguru ezberdin bat osatzen du. “Departamentuaren egitura, ­oro har, guztietan berbera da: lau txokotan banatzen dugu. Batetik, iruditzen zaigulako txoko batean elkartzen den pertsona kopuruak interakzio handia izan dezakeela; bestetik, berriz, txokoetako bik pisu handiagoa izaten dute irakaslearentzat eta esku-hartze handiagoa eskatzen diote, baina beste bietan ikasleak modu autonomoagoan jarduten dira”. Txoko edo testuinguru bakoitzean hainbat jarduera izaten dituzte egingarri eta jarduera bakoitzak bere lan-metodo zehatza izan ohi du. Gainera, testuinguru eta jarduera horiek berberak izaten dira ziklo osoan zehar, eta beraz, ikasleek eginkizun bera behin baino gehiagotan egiteko aukera izaten dute: “Ikaskuntza-prozesuan zehar haurra aldatuz doa, eduki gehiagoren jabe eginez eta hainbat gaitasun bereganatuz. Beraz, bizitzan zehar, behin baino gehiagotan txoko berberetik pasatzeko aukera izateak testuinguru horretatik atera dezakeen zuku guztia ateratzeko parada eskaintzen dio umeari”.
Departamentu bat diseinatzen dutenean bi alderdi izaten dituzte kontuan: batetik, legeak zer jartzen duten eta dekretuak zer dion, hau da, haurrek zer ikasi behar duten; eta bestetik, ­umeen interesak zein diren. “Adibidez, Lehen Zikloan legeak esaten badu, matematikaren arloan neurriak ikasi behar direla, guk gure buruari zera galdegiten diogu: adin horretako haurrei zer gustatzen zaie egitea? Salerosketan ibiltzea, etxetxotan jolastea… Hortaz, matematika ardatz duen “Auzoa” izeneko departamentuaren barruan, ponpoiak eta telarrak egiteko jarduera erreal bat proposatzen diegu: horretarako zenbat hari beharko duten kalkulatu behar dute, gero erosi, ondoren josi… Gainera, modu horretan, zeharka, neurriak ez ezik, beste gai batzuk ere lantzen dituzte haurrek: hizkuntza, plastika, talde-lana… Izan ere, guk ez dugu uste arlo bat bere horretan, beste gainontzeko errealitatetik bereizita, landu daitekeenik”.
Aipatutako bi alderdi horiez gain, beste ezaugarri bati ere arreta handia jartzen diote departamentua diseinatzerako garaian: txoko edo testuinguru denetako jarduera guztiek ikasleei maila ezberdinetan lan egiteko aukera ematea. “Indibidualizazio kontzeptua guretzat funtsezkoa da, eta bakoitzak bere erritmoaren eta bere interesen ­arabera lan egiteko aukera izan behar du. Esaterako, testuliburu arrunt batek ez luke horretarako aukerarik emango, baizik eta ikasle guztiak aldi berean ariketa berbera egitera bideratuko lituzke”.
Gorosmendik azaldutako eran, ­Amara Berrin guztia dago koherentzia erreal baten arabera organizatuta. Hezkuntza-eredua antolatzerakoan behin eta berriz galdetzen diote euren buruari gauza bera: Nola ikasten dugu guk bizitzan? “Galdera horri erantzuten saiatzen gara. Izan ere, bizitza errealean, testuinguruak motibagarriak direnean ikasten dute pertsonek, eta egiten duten horri zentzua aurkitzen diotenean”. Konpententziekin lotzen du ideia hori: “Konpetente izatea ez da informazioa edukitzea; konpetente izatea da daukazun informazio hori egoera errealetan aplikatzeko gai izatea edo eguneroko egoera errealei aurre egiteko erabiltzea”.
Departamentu bakoitzeko arduraduna irakasle bat izaten da, eta ikasleak dira departamentu batetik bestera joaten direnak. Irakasle hori, aldi berean, ­ikasle-talde baten tutorea ere bada. Hala ere, ziklo bakoitzeko tutoreak astean behin elkartu egiten dira haur bakoitzaren jarraipena egiteko. Haurrek heldu desberdinekin egiten dute lan eta hori ere oso aberasgarria iruditzen zaie ­Amara Berrin. “Gerta liteke haurrak tokatu zaion heldu horrekin ez konektatzea, edota alderantziz. Aldiz, erreferentziazko heldu bat baino gehiago izanik, ikasleek zein irakasleek aukera dute hartu-eman egokiak egiteko”.

Jarduerak zertarako?

Amara Berriko profesionalentzat funtsezkoa da haurren ikaskuntza esanguratsua izatea eta egiten duten horrek “zertarako” bat izatea. Hau da, egiten dituzten jarduerek zentzua edukitzea eta ikasleek egiten dituzten lanei irteera ematea. Horretarako komunikabideen departamentua daukate. Haurrek eurek telebista, irratia, prentsa eta webgunea dinamizatzen dituzte, eta etengabeko jarioan egoten dira. “Hedabideena eskolan egiten ditugun lan guztiei irteera ematen dien lzerbitzu bat da. Adibidez, nik ipuin bat sortzen badut, gero ipuin hori irrati bidez eskola guztiko entzuleei helarazteko aukera izango dut”, azaltzen du Gerrerok. Gela bakoitzeko bi ikasle komunikabideen sailera joaten dira eta bi egun oso han igarotzen dituzte dagokien lanean: zer kontatu, nola egituratu, zein grabazio egin, baliabide teknikoak nola erabili… Hori guztia erabakitzen eta egiten dute, beti ere, departamentu horretako irakasle arduradunaren laguntzaz. Ikasturtean zehar ikasle bakoitza behin eta berriz ­igarotzen da departamentu horretatik, guztira 12 bat egun bertan eginez.

Sarearen garrantzia

Amara Berri hezkuntza-ereduaren baitan lan egiten duten 19 ikastetxeek harreman estua dute elkarrekin. Batak bestea elikatzeko konpromsioa hartua dute eta talde-lanerako etengabeko joera eta gogoa. Hilean behin zuzendaritzako partaide guztiak elkartzen dira, esperientziak eta materialak trukatzen dituzte, bisitak antolatzen dituzte, sareko kideen arteko topaketak egiten dituzte… Gerrerok eta Gorosmendik azpimarratzen duten bezala, Amara Berri arrakastan haztan joan bada, denen arteko elkarlanari esker izan da: “Proiektu komun bat dugulako egin dugu aurrera, batak eta besteak egiten duenarekin elkar-elikatu garelako eta elkarrekin hobetuz bidea egin dugulako”.
Arduradunen esanetan, Amara Berri bizirik mantentzen duen beste ezaugarri bat da sistema irekia izatea, eta ez metodo hertsia: “Alde batetik sareko kiden arteko elkarreraginaren ondorioz, eboluzionatuz goaz; baina bestetik, kanpotik ere interesatzen zaizkigun ­elementuak hartzen ditugu, eta horren eraginez ere, birmoldatuz doa Amara Berri sorburuan zen sistema hura”. Horretarako, etengabeko formazioa dute ardatz, baina formazioa euren praktikatik abiatuta egiten dute, ez unean-­uneko “moda” pedagogikoen arabera: “Moden baitan ezin gara egon; horrek ez luke koherentziarik. Guk egiten duguna praktika baldin bada, praktika hori hobetzeko modu bakarra praktikatik abiatzea da”.