Mikel LEGORBURU: Gizarte Zientziak

2015-07-01

Gizarte Zientzien inguruko lantegia emango du Mikel Legorburuk Hik Hasiren Udako Topaketetan. Hainbat jarduera eta orientabide praktiko eskainiko ditu, edozein gai lantzen den bitartean, ikasgelan jakin-mina sortzeko, eta ikasleei ordubeteko klasea motz egiteko: “Ikasleek beren aldetik jarri behako dute, baina irakasleok ere asko dugu egiteko”.

 
 

Gizarte Zientziak ikasleekin lantzeko, zein orientabide emango zenituzke?

- Jakinduria - jakin-mina - jarrera hiru­kotea  izan behar du kontuan ira­kasleak (ez dira nahita aukera­tutako hiru “J”; halaxe suertatu da eta kito):
- Jakinduria. Irakatsi/landu behar diren gaiez oinarrizkoa perfektu jakin behar du irakasleak; ga­rrantzitsua dena ongi kontrolatua; eta inguruabarrak, zehaztasunak, pasadizo eta xelebrekeriak aipa­tzeko gai izan behar du. Dena iturrietan oinarritzeko gai. Eta baita informazio eta iritzi gehiagorekin osatzeko bideak bilatzen erakus­teko erraztasuna ere.
Lana lortzeko aukera ematen du jakinduriak, baina irakasteko ez da nahikoa.
- Jakin-mina. Aurrekoa baino garran­tzitsuagoa da: jakin-minak dakar jakinduria, eta ez hainbeste alderan­tziz. Irakasleak berez behar du jakin-mina, edo bestela... landu dezala! Eta bi: ikasleei transmititu behar die jakin-min hori. Oro har, ez dago jakintsua izatea bilatu beha­rrik. Jakin-minak berez erakarriko du aditu izaera. Lana gustura egite­ko parada ematen duen bitartean, ikaslea eroso sentituko da, eta “klase orduak” ez zaizkio hain luze egingo, ezta etxerako izaten dituen lanak ere.
- Jarrera.  Hauxe bai bada aurrekoak baino oinarrizkoagoa!
“Irakatsi behar badut, hezi behar badut, ikasleekin gogorra izan behar badut, haserre ikusi behar banaute ­ere, beraien gustuko ez banaiz ere... hau nire eginbeharra da!” Irakasle batek baino gehiagok pentsatzen du ­hori. Masokista puntua ere badute  horrelako pertsonek. Ez al da hobe ­egunero alai, konplizitatez, elkar irakatsiz eta ikasiz jardutea? Albora dezagun nagusikeria, baina “kolegismoan” erori gabe. Ez da erraza izango orekarekin asmatzea... Pista batzuk? Egiazale eta zientifiko izan gaitezen, bai ikaslearekin bai gaiarekin. Zalantza ugari ditugula? Bada, argitu ez dugun zalantza bere horretan mantendu, ikerketa gehiagoren zain. Zerbait ez badakigu, inola ere ez “neuk nahi dudan” erantzuna ezarri. Gizarte Zientzietan datu zehatzak alda ezinak dira, baina interpretazioak ugari daude, eta batzuek gure gusturako ez-­aproposak diruditen arren, beste ­asko egokiak ere izan litezke. Ikasleengan konfiantza izan, joan-etorrikoa baita konfiantza! Zoragarria da ­ikasleak zugan konfiantza daukala sentitzea, beldurra eta ezaxolakeria gaindituta.
Egunen batean materialik ekarri ez badugu ere, irakasleok gai izan ­behar dugu bote-lasterrean  eskola ­emateko, jakinduria eta jakin-mina transmititzeko nahikoa izango dugulako buru-bihotzean dakarguna. Badakigu lotsa pixkana gaindi litekeela... ba, baita reprisea sakatu eta bote-lasterrean aritzea ere.
Eta osatzeko (momentuz...), “surfegokitzea”. Honelaxe deituko nioke, bai. Aspaldi neraman jarrera ­zehatz bati hitza egokitu nahian, eta ­ezin aurkitu. Azkenean neronek asmatu behar! Bizitzako hainbat egoerari aplikatuko nieke  kontzeptu hori. Olatuak hartu eta ibilbide luze zein polita lortuz gozatzeko itsasoan sartu beharra daukagu, gelan. Olatu-ikasle taldea suabe badator zuzenean aurre egin liteke, baina indartsu badatoz... ez dago ero moduan aurrera egin beharrik: burua eta sena erabiliko dugu eta ederki zipriztinduz bada ere, inguruabarrek eskaintzen dizkiguten tarteak baliatuz, zeharka eta behin eta berriz birbideratuz ibilbidea, hasiera unera iritsiko gara.  Orduantxe hasiko da martxa, geu olatuekin batera. Beraiek eramango gaituzte, ikasle taldeak, baina geuk badakigu hondartzako zein alderantz nahi dugun jo. Batzuetan pixka bat aurreratzen utziko diegu olatuei, baina gehienetan geu ­izango gara berez dakarten indar guzti horren egokitzaile. Ez dugu behartuko norabidea hondartzaranzko marra zuzena izatea (liburu eta curriculumak bide motz eta azkarrena dela badiote ere): erori, irauli, ohola galdu, erretiratzeko asmoa... (itotzeraino ez.. baina... bai ordea disgustu ­ederra jaso!) izango ditugu. Baina ­errealitatea bestelakoa izango da, ziur: ezker-eskuinerako biratzeak eta nahitaezko gorabeherak behin eta berriro tokatuko zaizkigu. Surfeatzen-nabigatzen ibiliko gara, etengabe egokitzen. Ez olatuen aurka, beraiekin baizik. Ibilbide politak beteko ditugu: publikoak, guraso, lagun eta lankideek balorazio ona emango digute, baina garrantzitsuena ibili garen bitartean gozatu duguna izango da. Uneren batean ustekabeko olatu aldrebesen batek ur gazia irentsaraziko zigun... baina, oro har, irakasle-ikasleen arteko ikasturte segida “surfegokituz” joan bada... gogoangarria izango zaigu.
Eskalatuz ere izan liteke... Parale­lismo ugari eskaintzen dizkigu bizitzak.
Nola lor daiteke ikasleengan jakin-mina sortzea? Eta ikaslearen hainbat gaitasun umore onez lantzea?
Magiarik ez dago. Magia... egunero egiten da. Galdera zailak beste zenbait errazez inguratuz. Gakoetako bat: parte-hartzea. Ez ditugu isilik eutsi behar, erantzun errazak ematea ahalbidetuko diegu: erantzun dezatela, asma dezatela, eta gero, beti edo gehienetan, baloratu egin behar ditugu. Pozik sentituko dira, eta hurrengo galdera erantzuteko prest izango ditugu. Elkar lehian ere has litezke... sintoni baikorrean. Bestetik, irakaste-ikaste prozesuak ez du zergatik aurpegi, tonu edota keinu seriorik behar. Klasea bera alai hasiko dugu. Serio-serio esan behar dugun horixe bera pozik esanda. Gehiegikeriarik gabe: hitz-jokoak, esaera zaharrak, gertakari eta xelebrekeriak... erabiliz. Beti ere harira itzuliz.

Geografia eta Historiako jarduerak oinarritzat hartuta beste hainbat arlo ere landu daitezke (euskara, logika, kultura…)? Zein baliabide erabil ditzake horretarako irakasleek?

“Lantegi edo tailer honek ez du azterketarik!”. Esaldi horrekin klasea lasaitu dugu jadanik. Jarrerak eta egin beharreko lan motzak erakarriko du balorazioa. Gero, ikasle gehien-gehienek, jarduerekin gozatuz, motzak baino gehiago lan luzeago eta mamitsuagoak burutzen dituzte. Jarduera denak dinamikoak dira, eta ­kasu askotan nahiko zailak izango zaizkiela iruditzen bazaie ere, finean ederki ebazten dituzte. Jarduerak izaera zeharo desberdinekoak dira, eta intriga nahiz sorpresa ere izaten dute: “Zer ekarriko ote digu gaurkoan irakasleak?”, diote jarrera baikorraz.
“Geografia eta Historia” berez “non eta noiz” besterik ez da, eta bertan bizitzako DENA sartu-sartzen-sartuko da. Hala, jakinduria, ongizatea ­eta balio egokien bila bagabiltza hizkuntzak, logika, kultura, matematika, eztabaiden txandaketa, musika, turismoa, ikerketa, bakarkako nahiz talde lanen antolaketa, arkeologia, elkarrekiko errespetua, edonolako dokumentu azterketa, toponimia, heraldika, numismatika, burtsa, paleografia, sare bilaketak, txosten aurkezpenak, jendaurreko aurkezpenak, argazkigintza, sukaldaritza, folklorea... dena!
Baliabideak? Ugari eta era anitzekoak dira. Halako kit edo material kaxa/karpeta/albuma bildua daukat. ­Erakutsi eta bertako pieza batzuk aztertzen ditugu, txostentxoak burutuz. Bertan aspaldiko seiluak, estanpak, pegatinak, egutegi orritxoak, loteria txartelak, txanponak, billeteak, kromoak, garraio txartelak, ordainagiriak etab. izango ditugu, eta baita eskuizkribu, mapa zahar edo partiturak ere... Koadernoa... eta tarteka ordenagailua (sareaz) beharko dugu.

Gizarte Zientziak ikasleekin lantzeko egin daitezkeen jardueren adibide praktikoren batzuk jartzerik baduzu?

1.- XX. mende hasierako hiriko posta txartela eskaintzen zaio ikasleari, eta berak argazki hura atera zeneko tokira joan eta gaur egungo argazki “berbera” lortu behar du, ahal dela angelu berarekin. Gero txostentxoa landuko du, ehun bat urteko aldea duten mantentze eta aldaketak konparatuz: eraikinak, trafikoa, jantziak...
2.- Eskuizkribu zaharra eskaini, ­eta transkripzioa landuko dugu, bakarka eta apenas pistarik gabe hasita. Aurreratu ahala, binaka eta irakaslearen laguntza neurtuarekin puzzlea ­osatzen joango gara, dokumentua ­ulertu eta testuinguraketa egiteko ­bidean.
3.- Burtsa ariketa. Ikasleak hiriko langile, enpresari-kapitalista, behartsu... izango dira, eta bi bikote banketxe pare bat. Irakaslea Gobernua da. Saio hasieran hiritar bakoitzari dirua emango zaio, bere eros ahalmenarekin bat neurtuta, enpresariei euren lantegiko akzioak banatuko zaizkie, eta handik aurrera banketxeen bitartez akzioen salerosketak emango ­dira. Ikasleak bere diru-kontuen balantzea egiten joan beharko du, kontuan izanda bankak halako %eko ­komisioa kobratuko diola, eta 12 bat minuturo, egun berria hastearekin batera, Gobernuak arbelean akzio mota bakoitzaren kotizazio berria ­jarriko duela. Errealitatearen antza handia emango zaio jarduerari. ­Amaieran, komunean jartzen da hiru bat saiotan gertatutakoa, eta denok kontziente egiten gara normalean ­aberatsek diru gehiago egiten dutela, behartsuak pobretuz.
4. - Beste saio batean... irakaslea zuzenean kantatzen hasiko da. Flash! Gero, abestitxoaz galdezka... ikertzen hasiko gara, arbeleratu eta “tripak atera”ko zaizkio. Kanta ongi aukeratua bada... zenbaterako ematen duen zortziko batek!
5. - Bidaia. Bikoteka bidaia-agenteak bailiran ariko dira. Pare bat lagunentzako bidaia antolatu beharrean daude, eta irakasleak esango die zenbateko aurrekontua duten (behartsuak, aberatsak... denetik izango dira) eta baita zein inguru orokorretan duten pentsatua bidaiatzea: Euskal Herrian zehar, Espainia/Frantzian, Europan ala munduan zehar. Bidaia-agenteek 10/15 eguneko bidaia antolatu behar diete: plana ustezkoa da, baina datu guztiak errealak (garraio, ostatu, bisitatu beharreko gune eta ­abarren ordutegi eta prezioak...). Aurrekontu zehatza antolatu behar dute. Konpetentziak izugarri lantzen dira hemen ere. Errealitatera jaisten dira, eta hainbat tokitako interesguneak ­ezagutzeaz gain, bikotearen ekonomia maila errespetatu beharko dute. Batzuk bizikleta eta kanpinerako besterik ez dute izango eta beste batzuk, berriz, Paris, Río, Hawaira bidaliko dituzte. Munduko atletismo txapelketarekin ere topa litezke... Tindufen egun parea lagundu dezakete... (matematika, aisia, artea, geografia, kirola, elkartasuna, hizkuntzak... lantzen dira jarduera honekin).
6.- Geure grafia ez den bat erabiliz testutxo bat deszifratu beharko dute ­ikasleek. Adibidez, zirilikoz. Logika, sena, historia, oroimena... Agian pare bat saio aurretik seilu sobietarra landu zen gelan...
7.- Enpatia eztabaidak... Ikasle bakoitza pertsonaia historiko ezaguna ala ezezaguna izango da, eta bere papera jokatu beharko du saio osoan zehar, bestelakoek botatzen diotenaren aurrean defenditzen, erasotzen, ­aliantzak egiten. Moderatzailea irakaslea izango da, halako batean tokia ikasle bati utzi arte. Ikasleek moderatzen ikasiko dute, besteen gidaritzapean jarduten eta irakasleak hark ­utzitako papera hartuz, pertsonaia ala ideologiaren ahul ikusiz gero, laguntza eman diezaioke.
8.- Norbere zuhaitz genealogikoa ikertu, eta txosten batean islatu, era zientifikoan burututa.
9.- Landa-lana ere antolatzen dugu... Nori ez zaio atsegina egiten gelatik kanporako irtenaldia?

Nola burutzen duzu jarduera horien gaineko ebaluazioa?

Landutako jarduera denek edo gehienek komunean jarritako balorazioa dakarte. Ebaluazio eta autoebaluazioa ere lantzen dira. Nabarmentzekoa da ikastaro hasierako eta ­amaiera emaitzak alderatuz zenbat gozatzen dugun.
Azken saioan jarduera guztien zerrenda aztertzen dugu irakasle eta ­ikasleon artean, datorren ikasturteko plangintzarako iritzia kontuan hartzeko. Ikasleak parte-hartzaile sentitzen dira oso, eta hori modu egokian baloratzen dute. Behin lana egin ­behar izanda, saia gaitezen ahalik eta gehien disfrutatzen.