202: Autonomiaren arloan ere, hitzetatik ekintzetara

2015-11-01

HAURRAK ZENBAIT MOMENTUTAN AUTONOMOKI JOKA DEZAKEELA JABETZEN EZ BAGARA, DUEN AUTONOMIA APURRA ZAPALDU EGINGO DIOGU.

 
 

Balio preziatua da autonomia. Edozein ikastetxetako hezkuntza-proiektutan itzal handiko hitza. Autonomia bogan dago, eta edozein familiak, eskolak, herrik nahi ditu haur eta gazte autonomoak. Pedagogiaren arloan hitzetik hortzera darabilgun hitza da. Baina, Xabier Tapia psikologo klinikoak aldizkari honetako gai nagusian gogoratzen digun moduan, erabiltzearen poderioz, ez ote gara ariko autonomia hitza gasta-tzen, husten eta topiko huts bihurtzen?

Eskolari eskatzen zaio haur autonomoak hezteko, iniziatiba propioa dutenak, beren barne-gogoaren arabera jokatuko dutenak, askatasunez erabakiak hartuko dituztenak, arduraz jardungo dutenak… Eta bitartean, helduok autonomoak al gara? Iniziatibaz jarduten al dugu? Gure barne-gogoaren arabera joka-tzen al dugu? Askatasunez hartzen al ditugu erabakiak?
Autonomo izatea ez da hain erraza. Ez da egun batetik bestera pare bat teknika aplikatuta lortzen den zerbait; baizik eta prozesu luzea da, neketsua eta inoiz amaituko ez dena.
Merezi du, ordea, autonomia jomugan jar-tzeak, helmuga hori izateak. Ez soilik haurren heziketan, baita irakasleon eguneroko jardunean nahiz ikastetxeen eta hezkuntza komunitateen funtzionamenduan ere. Autonomo izateak norbere printzipioen arabera jokatzea esan nahi baitu, norbere kontzientziatik jardutea. Hain zuzen ere, horixe du xedeetariko bat Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilari berriak: “Autonomia handiagoa emanaz, alde batetik, eskoletako hautaketa demokratizatu nahi dugu, eta bestetik, gure xedea da hezkuntza komunitate osoa murgiltzea planifikazioan eta erabakietan”.
Sarri baina, teorian esaten dugunetik praktikan egiten dugunera arrakala egon ohi da, eta kezka dugu ez ote den beste horrenbeste gertatzen autonomiaren kontuarekin ere. Haur eta gazte autonomoak nahi ditugu, baina gero ez al ditugu meneko izatera bultzatzen? Irakasle iniziatibadunak eskatzen ditugu, baina, errealitatean, ez al diegu goitik arau eta muga gehiegi jartzen? Hezkuntza komunitate kontzientziadunak eta printzipiodunak aldarrikatzen ditugu, baina, egiatan, ba al dute hala jokatzeko inolako eskumenik?
Ezer ez da ezerezetik sortzen. Jaiotzatik dakartza haurrak autonomia zantzuak, hau da, gizakiak berez dakar autonomiaren ernamuina. Baina Myrtha Chokler psikomotrizistak aldizkari honetako gai nagusian azaltzen duen eran, haurrak zenbait momentu jakinetan autonomoki joka dezakeela jabetzen ez bagara, duen autonomia apurra zapaldu egingo diogu. Eta ez ote da gauza bera gertatzen helduon munduan ere? Ez ote dugu dena goitik behera egituratzen? Ez ote gara “batak agindu besteak men egin” filosofiapean bizi? Guk ere ez al diogu batak besteari autonomia kentzen?      
Aldizkari honetan ikus daitekeen moduan, badaude bideak teorian esaten dugunetik praktikan egiten dugunera gerturatzeko. Aldarrikatzen dugun hori betetzea dagokigu, beraz. Autonomiaren arloan ere, hitzetatik ekintzetara igaro behar dugu, bai haurren heziketan, baita hezkuntza komunitate osoaren kudeaketan ere.