ALLUITZ NATURA

2015-12-01

Egun batez artzain

Artzainaren eguneroko bizitza eta zereginak partekatzeko aukera ematen du Abadiñoko Alluitz Natura landa garapeneko enpresak. Idiazabal gazta  ekoizten duen baserri batean du egoitza eta ikasle taldeentzat zein familientzat aisialdirako jarduerak antolatzen ditu.

 
 

Urkiolako Parke Naturalaren magalean, 2011n ireki zituen ateak Alluitz Naturak. Ikasleei zuzenduriko hainbat tailer ludiko eta hezitzaile eskain-tzen ditu. Ekologiarekin eta landa inguruarekin loturiko ekintzak dira gehienak. Eguna artzainarekin eta bere artaldearekin igarotzeko aukera emateaz gain, artilea lantzeko, gazta nahiz gatzatua egiteko, ardiei ilea mozteko, ortu ekologikoan lanean aritzeko nahiz kandelak eta xaboia egiten ikasteko parada ere eskaintzen die ikasleei Alluitz Naturak. Azpiegiturak autobusez joateko, nahiz eguna bertan igarotzeko prestatuta daude.

Alluitz Naturako kideek azaldu bezala, naturarekin edota animaliekin kontaktuan egoteko aukera paregabea ematen du inguruak: “Umeentzat jardunera ezinhobea eskain dezakegu eguna lagunartean edota familian igarotzeko Urkiolako Parke Naturaleko landa inguruetan.
 Era askotako tailer eta ekintzak antolatzen ditugunez, artzainaren eguneroko lanak ezagutzeaz gain, artisau produktu bat ekoizteko, baserriko beste animaliak ezagutzeko nahiz ortua lantzeko aukera ere badute. Gainera, gure instalazioak nahi beste denbora eman dezake edonork, nork bere kasa egunpasa eginaz”.

Artzain eskola

Urkiolako Parke Naturalean dagoen Abaunza baserrian Patxi Solana artzainak bere eguneroko bizitza eta zereginak partekatzen ditu ikasleekin. Eguna, beraz, abeltegia eta gaztandegia dituen baserrian hasten dute bisitariek, Patxiri ardiak jezten lagunduz. Ondoren, ardiak lasai utzi eta transhumantzia ibilbide labur bat egiten dute inguruko baso-zelaietan barrena, “Harri” txakurra lagun.
Urtaro batetik bestera ardi-lanak aldatu egiten badira ere, hamaika jardueratan parte hartzeko aukera dute haurrek: bildotsei esnea eman, ardiak jezten ikasi edota artilea nolakoa den ezagutu. Artzaintzak beste hainbat gai jorratzeko aukera ere ematen die ikasle-taldei, hala nola, landa ekonomia, ekologia, lehen sektorea, ingurugiroa… Gainera, edukiak ikasleen adinera eta interesetara egokitzen dituzte hainbat hezkuntza programazioren bitartez.

Artilearekin lanean

Artilearekin lotutako tailerretan lehendabizi, hainbat artile motaren arteko ezberdintasunak bereizten eta bakoitzak izan ditzakeen erabileren inguruan ikasten da. Gero, artile mota horiek kardatzen dituzte ikasleek, eta bide batez, ekoizpenean murgiltzearekin batera, artile mota bakoitzaren berezitasunak ezagutzen dituzte.
Ikasleek modu ludikoan lantzen dute artilea, eta feltro teknika erraz bat erabiliz artilezko pultserak egiten dituzte, bakoitzak berea, gero eskumuturrean jarrita etxera eraman ahal izateko.

Gatzatu tailerra

Artzain eskolan aritu osterako ekin-tza osagarri ezin hobea da gatzatu tailerra. Ardiak jetzi ondoren esnea esterilizatu eta gatzatu gozoak ekoizteko aukera dute umeek ardi latxaren esnea baliatuz. Gainera hozten utzi eta egindakoa dastatzeko ere baliatzen dute aukera. Gatzatua hoztu bitartean, potea apain dezakete ikasleek. Bide batez, gatzatuaren osagaien inguruan ikasteko eta sormena lantzeko modua ere badute.

Bestelako ekintzak

Artzaintzarekin eta gaztagintzarekin loturiko tailerrak egiteaz gain, beste hainbat aukera ere eskaintzen ditu Alluitz Naturak: talo tailerra, xaboi tailerra, kandela tailerra, paper saskigintza, plastilina ekologikoa, hareazko eskulturak, ortu bertikalak, baserriko animaliak… Gainera, egun osoko jarduerak ingelesez egiteko abagunea dute haurrek, eta nahigo izanez gero, tailer zehatz bat aukera dezakete ingelesez aritzeko.