204: Olentzerok ekarri ez dizkigunak

2016-01-01

HEZKUNTZA ARLOKO POLITIKAK EZ EZIK, HAZIERA ETA HEZIKETA ARDATZ IZANGO DUTEN POLITIKA OROKORRAK BEHAR DITUGU, ARLO GUZTIEI ERAGINGO

DIETENAK

 
 

Urte berriarekin, zaharrak eta txarrak sutara botatzen ditugu, ilusio berriei irekitzen diegu atea, eta asmo handiei ekiten. Ez dira falta izaten promesak, erronkak eta ametsak.

Amets egiten jarrita eta eskatzen hasita, eska genitzake haur eta nerabe autonomo eta ekin-tzaileak, nortasuna dutenak eta euren kabuz pentsatzen dakitenak, kritikoak eta solidarioak, egoera aldakor eta ziurgabeari sormenarekin erantzungo diotenak.

Eska genitzake irakasle konprometituak, haurraren garapenarekin inplikatuak, euren jarduna ebaluatu eta etengabe hobetzeko prest daudenak, formazioari garrantzia ematen diotenak, eta, beste ezeren gainetik, haurra erdigunean jartzen dutenak.

Eska genezake komunitatera irekirik dagoen eskola, haur bakoitza bere osotasunean hartzen duena eta bere bidea egiten uzten diona, kontrola eta lehiak alde batera utzita pertsonengan sinesten duena, eta gizarte hobe bat eraikitzeko lan egiten duena.

Eska genitzake eskolarekin elkarlanean aritzen diren gurasoak, irakasleengan konfiantza dutenak eta haurren heziketaren zama guztia eskolaren gain uzten ez dutenak.

Eska genezake hezkuntza erdigunean jartzen duen gizartea, haur eta gazteen heziketan parte hartzen duena, pertsonen haziera, heziera eta garapen osasuntsuari garrantzia ematen diona eta haur, gazte zein heldu zoriontsuak lortzeko bitartekoak jartzen dituena.

Eta hori guztia posible izan dadin, eska genezake, gertuko administrazioaren babesa nahiz agintarien konpromisoa, Katty Homar psikomotrizista eta pedagogoak aldizkari honetan dioen moduan, hezkuntza arloko politikak ez ezik, haziera eta heziketa ardatz izango duten politika orokorrak behar ditugulako, arlo guztiei eragingo dietenak eta benetako aldaketa posible egingo dutenak.

Baina eskatzearekin soilik ez da nahiko, amets egitearekin bakarrik ez dira gauzak lortzen. Ondo daki hori Olentzerok bere eskariak eta ametsak ase gabe utzi dizkion haurrak.

Desio dugun hori lortzeko bidea urratzen hasiak gara. Badaude amesten ditugun bezalako haurrak, eskatzen ditugun bezalako irakasleak, gurasoak, eskolak eta komunitateak, tokian tokian, urratsak ematen eta eredu izaten ari diren hezkuntza-esperientziak. Balia dezagun, bada, 2016a bide horretan sakontzeko.

Hik Hasin, beste urte batez ere, ametsak egia bilaka daitezen lanean jarraitzeko prest gaude eta gurekin etorri nahi duen edonorentzat zabalik ditugu besoak.