NORBERE LANAREN BEHAKETA

2016-03-01

Nola aztertu nork bere lana eta besteena, modu eraikitzailean?

 Irakaskuntza-alorrean izan dudan lan-esperientzia praktikaldira mugatuta egon bada ere, ikasle askoren gaitasunak eta ahalmenak baztertuta ikusi ditut. Zenbat indar, gogo, zirrara, gogoeta, hausnarketa, berezitasun… ukatzen zaizkien ikasleei malgutasunik gabeko hezkuntza-sisteman! Bide egokia bakarra da, eta zehaztuta dago. Horretara moldatzen ez denak (izan bide malkartsuagoak edo lasaiagoak direlako edota asfaltoz edo galtzada erromanikoz egindakoak direlako) beste ibilbide bat aukeratu beharko du, erremediorik gabe.

 
 

Tolosako Hirukide Ikastetxean, ikasleak hezteaz gain, irakasleen prestakuntzaren eta taldeka elkarlanean aritzearen garrantziaz jabetu gara azken urteotan.

Prestakuntza-ibilbide horren muinean, lan sendoa egin du Hizkuntza Normalizazioko Taldeak. Lau urtetik behin egiten dira diagnosia eta hurrengo lau urterako proiektua; bai eta urtero proiektu hori gauzatzeko plangintza eta memoria ere. Lan horretan, beti sortzen dira gogoetak eta kezkak. Horien artetik, bi aipatuko nituzke: batetik, jaso dugun teoria gure praktikan zenbateraino islatzen ote den; eta, bestetik, hizkuntzen irakaskuntzako ikuspegi sozio-diskurtsiboa nola barneratu benetan gure egunerokoan.
Zuzendaritzak, Hizkuntza Normalizazioko Taldearekin hitz egindakoak eta jasotako kezkak kontuan hartuta, talde hori Hizkuntzen Hausnarketa Talde bihurtu zuen, eta hizkuntzen inguruko hausnarketa-prozesua bideratu zuen.
Horrela, duela hiru urte, erabaki zuen partaideen egunerokoa bideoz grabatzeko esperientzia abian jartzea. Eskolan, ez zen ohikoa bideoak prestakuntza-lanerako erabiltzea. Bideo-grabaketak egiten zirenean ere, irakaslea ez zen guztiz jokoan sartzen, eta, askotan, ez zen agertzen kameraren enkoadraketan. Baina, proiektu edo egitasmo horrekin hasi ginenean, irakaslearen jarduna grabatu genuen. Aldaketa nabarmena izan zen: hobekuntza norberarengandik hastea ahalbidetzen duen prestakuntza-eredu interaktiboa abiarazi genuen, eta zabaldu egin da eredu hori, gaur egun arte.
Urratsez urrats, prozesuko kiribiletik kiribilera, zaildutako sei irakasle eta unibertsitatean Hezkuntza Graduan diharduten hiru ikasle elkarrekin hasi ginen lanean. Hizkuntzen Hausnarketa Taldeko partaideok bideoak grabatu ditugu; gero, bakoitzak miatu ditu, eta, azkenik, konfiantzaz-ko beste pertsona batekin kontrastea esaten duguna egin du. Material hori, hots, sortutako hausnarketak, guztion begi-bistan jartzen saiatu gara. Zeregin horretan, Mondragon Unibertsitateko Arantza Ozaetarekin eta Eneritz Garrorekin nahiz Genevako Unibertsitateko Itziar Plazaolarekin elkarlanean aritu gara.

Adimen emozionalarekiko lotura

Gauzak argitze aldera, atzera egitea komeni zaigu. Ikastetxean, 2005. urtetik aurrera, adimen emozionala garatzeko prozesu luze eta emankorra bizi izan dugu. Urte horietan, garatzen joan gara ikastetxeko proiektuaren beste atal asko ere, eta, horretarako, hainbat lantalde eratu dira. Bada, hemen azaltzen ari garen esperientzia hau horrekin guztiarekin lotzea zen helburu nagusia.   
Garai horretatik aurrera, irakaslea irakaskuntza-lanean sortzen diren zirrarak identifikatzen, ulertzen eta doitzen saiatzen da, gero, ikasleekin landu ahal izateko. Horren ondoren, ikasleek beraiek beren zirrarak identifikatzen eta doitzen ikasten duten heinean, elkarbizitza-giro hobea lortzen da ikasgelan eta eskolan.
Jakin badakigu ikasleek ikasgelan jasotzen duten afektibitatearen kalitateak, lagunarteko loturek edota ikasleen eta irakasleen arteko erlazioek izugarrizko eragina dutela ikasketetan.
Irakaskuntzan, ezagutzek garrantzi handia izan dute, eta nabarmena da pisu hori oraindik ere. Baina, esan bezala, gure ustez, ezinbestekoa da giro emozional aproposa sustatzea, eragin positiboa izango baitu ikaskuntza-prozesuan. Hizkuntzak ikasi eta erabiltzeko garaian ere, alderdi emozionala kontuan hartu beharra daukagu, nahitaez: autoestimua, antsietatea, ikasleekiko eta irakasleekiko enpatia, edota arriskuei aurre egiteko modua.
Hasieran, bideo-grabaketak ikerketarako materialtzat erabiltzea erabaki genuen lau lankide. Grabaketetan, gelako elkarrekintzan parte hartzen zuten guztiak agertzen ziren, irakaslea barne. Erabaki genuen grabatutako guztia gure artean banatzea, eta, gure taldetik at zerbait ateratzekotan, beti denon adostasunez eta baimenarekin egitea. Esperientzia horretako partaide kopurua handitu ahala, horri eutsi genion, baina hasieratik azpimarratzen genuen zirrarak jokoan zeudela.
Arrazoi horiengatik, ez dago juzgurik irakaslearen autoezagutzarekin lotura duten elementuen  gainean. Ikasgelan lan egiteko, oinarrizko faktoreak dira, adibidez, autoritatea, egoeren kontrola, malgutasuna, adeitasuna, ikasleen arreta lortzeko estrategiak, ikasleekiko enpatia, taldeak dinamizatzeko gaitasuna, arazoei aurre egiteko abilezia, antsietatearen kudeaketa, errespetua, ditugun baliabide linguistikoak eta ez-linguistikoak, gure akatsen onarpena eta hobekuntzarako ausardia. Ondo kudeatzen ez baditugu, zailagoa eta gogorragoa izango da ikastea eta irakastea, eta, beraz, komeni da aipatutako faktore horiek ondo zaintzea.
Azken batean, bideo-grabaketa irakasleon profesionaltasuna gara-tzeko tresna bat izan da. Lantalde horretan parte hartzen genuenon artean ez ezik, beste lantaldeetakoekin ere bideo horiek partekatzerakoan, elkarren arteko prestakuntzan aurrera egiten ari ginela sumatzen genuen (norberaren egunerokoa zalantzan jartzeko gaitasuna, kontzientzia hartzea, proiektuarekiko koherentzia, profesionaltasuna…). Egiteko modua ere denok eskertzen genuen, noski (konfiantza, errespetua, norberaren esperientziatik abiatzea, lankideen erritmo desberdinak kontuan hartzea, juzgurik gabe, goxo, bideoa parteka-tzeko unea aukeratuz…).
Klaustroaren herenera heldu garen honetan, ontzat jotzen dugu erabilitako metodologia (talde txikia, intimitatea zaintzea, praktikotasuna, xume aritzea…). Gainera, irakasleon autoezagutza eta ikasteko eta irakasteko prozesuari buruzko kontzientzia indartu ditugu. Egun, esan dezakegu gure eskola ikasten duen erakundea ere badela. Eta, bukatzeko, praktikara daramaguna hezitzaileon artean adostuago egoteaz gain, laneko giro ederragoan egiten dugula baiezta genezake.