206: Ez, dena ez dago Interneten

2016-03-01

JASOTZEN DUGUN INFORMAZIO ETA EDUKI GUZTIAREN ARTEAN BEREIZTEN, SAILKATZEN, BALIO DIGUNA HAUTATZEN, HORREN INGURUAN PENTSATZEN ETA KRITIKOKI ANALIZATZEN NORK

ERAKUSTEN DU?

 
 

D ena Interneten dagoela esaten zaigu. Ikasleek beharrezko informazioa han eskura dezaketela. Internet bilakatu da edukien, informazioaren eta jakintzaren erresuma, irakaslearen eta eskolaren rola zalantzan jartzeraino.

Eta, egia da. Orain dela gutxira arte informazio eskasia izan du gizakiak. Eskolan jasotzen zituen bizitzarako beharrezko edukiak. Gaur egun, berriz, Internet tarteko, informazio izugarri dugu, gehiegitxo akaso, eta gainezka egiten digu alde guztietatik.

Baina informazio eta eduki horren guztiaren artean bereizten, sailkatzen, balio diguna hautatzen, horren inguruan pentsatzen eta kritikoki analizatzen nork erakusten du? Horretarako ere erabilgarria ote da Internet? Eta, uneotan horrenbeste famatzen diren haur eta gazte ekintzaileak, sormendunak eta solidarioak sortzeko ere balio ote du?

Haur batek lokatzetan edota hondarretan jolasean esperimentatzen duena bizi ote dezake Interneten ere? Eta gelakideekin mahaiaren bueltan eztabaidatzen barneratzen duena errepika ote dezake sarean?

Aldizkari honetan azpimarratutako balioetara jauzi eginez, berdinzale izaten edota euskararen normalizazioaren gaineko kontzientzia eskuratzen laguntzen ote du Internetek? Eta, gaur egun hezkuntzari atxikitzen zaizkion erronkei erantzuten? Alegia, ikas ote daiteke Interneten harreman osasuntsuak izaten, gutxiagorekin hobeto bizitzen, edota aukera eta eskubideen berdintasuna gizaki guztioi dagokigula defendatzen?

Internetek heziketa-bideen eta eskolako jardunaren funtsa birplanteatzeko premia ekarri du. Baina dena ez dago Interneten, eta dena ezin da Interneten ikasi. Aldamenekoa errespetatzen, enpatiaz jokatzen, auzoaz arduratzen, gizarteko arazoetan inplikatzen, proaktiboki jarduten... nola ikasiko dute haurrek?

Internetek ere lagundu ahalko du horretan guztian, baina ardura nagusia ezingo da haren gain utzi. Horretarako dago, ordea, eskola. Eta horretarako daude familia zein herria.