GORPUTZALDIAK

2016-03-01

Gorputzaren bidez gaitasun sozio-afektiboak lantzen

Euskararen Gizarte Arte-hezkuntzako proiektu bat da Gorputzaldiak. Gorputza eta mugimendua ardatz hartuta, dantzaren balio pedagogikoak eskolen zerbitzura jartzea du xede. Zehazki, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzentzen zaie. Gelan gaitasun sozio-afektiboak lantzea helburutzat hartuta, irakasleek prestakuntzan jasotzen dutena ikasleekin aplikatzen dute gero. Dantzaren arloan eskarmentu luze bezain zabala duten bi lagunek, Amaia Navascues eta Ana Remiro dantzari eta dantza-irakasleek, sortu dute proiektua, Gipuzkoako Dantzagunearen babesarekin eta Lasarteko Berritzegunearekin elkarlanean.

 
 

Dantzaren inguruan izan daitezkeen aurreiritzi nahiz estereotipoak albo batera utzita, gorputzarekin zein mugimenduarekin esperimentatzeko aukera eskaintzen die Gorputzaldiak proiektuak irakasleei. Dantzan erabiltzen diren tresnak eskuratzen dituzte, horien bidez ikasleekin gaitasun sozio-afektiboak jorratzeko.

Orain dela hiruzpalau urte hasi zen egosten proiektua, Gipuzkoako Dantzagunearen inguruan. Dan-tza, mundu bakartu batean bezala, gizartetik oso urrun zegoela ohartu zen hainbat eragile, eta, lehentasunen artean, dantza jendartera gerturatzeko sentsibilizazio-lana egitea adostu zuten. Hasteko, hezkuntza-arloan jarri zuten jomuga.
Ia hiru urteko lanaren ostean, Amaia Navascues eta Ana Remiro dantzari eta dantza-irakasleek Gorputzaldiak proiektua ondu dute. Dantzaren eremutik abiatuta, ekarpen bat egin nahi izan diote hezkuntzari; hau da, dan-tzaren balio pedagogikoa hartu dute, hezkuntzaren zerbitzura jartzeko.

Enpatia, konfiantza nahiz asertibitatea

Proiektua osatu eta zenbait saio egin ostean, Lasarteko Berritzegunera iritsi ziren Navascues eta Remiro. Gizartean dantzaren jakintzaren inguruan dagoen hutsunea zuten gogoan bi dantzariek, Berritzegunera jo zutenean. Han, berriz, irakasleen artean nabaritzen zuten bestelako hutsune baten berri eman zieten: norberaren gorputzari entzuteko eta gorputza ikaskuntza-prozesuekin uztartzeko zailtasuna, hain zuzen.
Hezkuntza-curriculumetan gorputzaren eta mugimenduaren lanketak tokia izan arren, praktikan, arlo horri eskoletan ia ez zaiola tokirik egiten konturatu ziren bi adituak. “Irakasle askok ez dute gorputz-praktikarik egin. Batzuek atzera egiten dute dantza aipatze hutsarekin. Izan ere, ondo edo gaizki egitearekin, birtuosismoarekin, akrobaziekin… erlazionatzen dute dantza”. Haien planteamendua, ordea, oso bestelakoa da: ez dago kanon estilistikorik, ezta ongi edo gaizkirik ere; xedea da irakasleek gorputzarekin eta mugimenduarekin esperimenta-tzeko beldurra galtzea eta beste tresna bat eskaintzea, ikasleekin gelako jardunean erabiltzeko. “Irakasle askok gorputzaren bidez ikaskuntza-prozesuak bizi beharra sentitzen du, baina iruditzen zaio horrek beste mundu batean sartzea eskatzen duela eta hori bere gaitasunetatik kanpo dagoela. Kontua da, ordea, denok daukagula gorputza, eta denok esperimentatzen dugula gorputzaren bitartez. Beraz, norberak bere gorputzarekin konfian-tza hartzea da gakoa, eta beste egoera batzuk bizitzera ausartzea”, argitu du Navascuesek.
Hala, 2014-2015 ikasturtean, Gipuzkoako sei eskolatan jarri zuten abian Gorputzaldiak proiektu pilotua. Eta, 2015-2016 ikasturtean, hamahiru eskolarekin ari dira lanean; tartean, aurreko ikasturteko seiak. Haurrekin lantzeko moduko hainbat unitate didaktiko prest dituzte irakasleek, eta, horiek jorratzen hasi aurretik, prestakuntza jasotzen dute, Navascuesen eta Remiroren eskutik. Zuzenean saio praktikoak egiten dituzte irakasleekin, gorputzaren bidezko esperientziak beren azalean bizi ditzaten. Saio horietan ezagututako teknikak, tresnak nahiz estrategiak ikasleekin aplikatzen dituzte gero.
Zeharkako gaitasunak lantzen dituzte proiektuaren bidez, eta, horren baitan, gaitasun sozio-afektiboak zehazki; hala nola enpatia, konfian-tza edota asertibitatea. Hiruhileko bakoitzean, gaitasun horietako batean zentratzen dira. Gai horietako bakoitza, berriz, lau unitate didaktikok osatzen dute, astez aste hilabetean zehar egiteko prestatuta daudenak. Saio bakoitzaren hasieran egiteko moduko beroketa-ariketak, saioaren garapenerako jolasak nahiz itxiera-estrategiak proposatzen dira berorietan: “Nahiko antolatuta dago unitate bakoitza, baina, era berean, proposatzen diren lan-moduak oso irekiak dira. Hau da, bakoitzak bere erara jarduteko aukera du. Gure helburua da ikasle nahiz irakasle bakoitzak bere espresio pertsonala agertzea. Alegia, jarraibide batzuk ematen dira ariketak egiteko, baina inondik inora ere ez da zehazten mugimenduak nolakoa izan behar duen”, azaldu du Remirok.
Ikastetxeek batez ere tutoretza-orduetan lantzen dute Gorputzaldiak proiektua, baina baita musikako nahiz gorputz-heziketako ikasgaietan ere. Edonola ere, Navascuesen eta Remiroren xedea irakasleei hainbat erreminta eskura jartzea da, hainbat egoeratan erabili ahal izateko. Bestalde, ikastetxe bakoitzak ere malgutasun osoa du, proiektua egoki iruditzen zaion moduan aplikatzeko. Batzuek Haur Hezkuntzan nahiz Lehen Hezkuntza osoan jarri dute abian. Beste batzuek, aldiz, maila jakin bateko tutoretza-orduetan soilik. Baina, hori bai: proiektuan parte hartzeko, zentro bakoitzetik gutxienez bi irakaslek Navascuesek eta Remirok ematen dituzten prestakuntza-saioetan parte hartu behar dute. Horrez gain, saio bat egiten den bakoitzean, balorazio-txostena helarazi behar diete presta-tzaileei. Horrek proiektuari etengabeko jarraipena egitea ahalbidetzen du, eta aurrera begira egin beharreko urratsetan hobekuntzak txertatzea.

Beste era bateko bizipenak

Gorputza beste modu batera bizitzeko eta gelan beste era batera egoteko aukera ematen die ikasleei Gorpu-tzaldiak proiektuak. Koordinatzaileek adierazi dutenez, bat-batekotasuna, naturaltasuna, gorputzarekin esperimentatzea, ikaskideak beste modu batean ezagutzeko aukera, ohikoa ez den moduan harremanak izateko abagunea… eta beste hainbat jarrera bizitzeko modua dute ikasleek.
Jolasa du oinarri proiektuak. Esate baterako, balio sozio-afektibo gisa enpatia ari badira lantzen, fisikoki aldamenekoaren larruan jartzen dira ikasleak, Gorputzaldiaren baitan proposatutako dinamikekin. Hau da, pertsona batek posizio bat hartzen du, eta hor gelditzen da. Beste pertsonak, forma horren “espazio negatiboetan” kokatzen du bere gorputza, alegia, hutsuneetan, puzzle bateko piezak izango balira bezala; baina elkar ukitu gabe, hiru dimentsioko espazioan. Orduan, posizio jakin hori hartu duen lehenengo pertsona bere posiziotik mugituko da (ukitu gabe); bigarren pertsonak, berriz, espazio hutsak betetzen jarraituko du hasierako posturan, eta, bitartean, lehenengo pertsonak haren hutsuneak beteko ditu, beste postura bat hartuta. “ Era horretako ariketen bidez, bestearen gorputzaren hizkuntzan barnera-tzen gara. Segur aski, ez da prozesu arrazionala, baina, akaso, konturatuko gara sorbaldak aurrera botata dituela besteak, burua behera… Eta hainbat sentsazio biziaraziko dizkigu agian horrek, eta zenbait ondorio atera ahal izango ditugu horretatik”, azaldu du Navascusek.
Beste adibide bat jartzearren, esate baterako konfiantzaren gaitasuna lantzen ari badira, binaka jarri, eskutik heldu, eta, batak begiak itxita dituela, bestearen laguntzaz ibiltzeko ariketa egingo dute. Edota, asertibitatea lantzeko unitatean, honako hau izan liteke jarduera bat: taldekide guztiak bi lerrotan banatzen dira, bata bestearen aurrean. Pertsona batek beste bat izango du parean, eta elkarri begiratuko diote begietara. Lerro bat mantso-mantso ibiltzen hasiko da, bakoitza bere bikotekidearengana hurbilduz. Geldi dagoen pertsona deseroso sentitzen hasten denean, “nahikoa!” hitza esango dio besteari, eta azken hori gelditu egingo da. Gero, rolak aldatu egingo dituzte, esperientzia bera bi aldeek bizi ahal izateko.
Hainbat jolasen bidez hamaika esperientzia bizi ondoren, esperimentatutakoa hitzez adierazten dute, saio bakoitza amaitzeko. Izan ere, arduradunen esanetan, sekulako garrantzia du bizitakoari hitza jartzeak, horrek esperimentatutakoaren gainean kontzientzia hartzea ahalbidetzen baitu. Hala zehaztu du Remirok: “Saio bakoitzaren amaieran, bakoitzak zer sentitu duen, zer aurkitu duen, zertaz ohartu den, zer-nolako bizipenak izan dituen... esaten du, eta, hala, elkarrekin partekatzen dute esperientzia”.
Navascues eta Remiro gustura daude oraingoz proiektua izaten ari den garapenarekin. Baina bi erronka nagusi dituzte: batetik, proiektua ekonomikoki bideragarria egitea; eta bestetik, gehiegizko dimentsiorik har ez dezan saiatzea. Izan ere, ikastetxe asko ari dira proiektuaren inguruko interesa erakusten. Baina ez dute nahi produktu soil bilaka dadin. Izan ere, bai prestatzaileek eta bai irakasleek berebiziko garrantzia ematen diote ikasleekin ezer praktikan jarri aurretik esperientzia beren azalean bizitzeari, bestela, sarri, proiektuak teoria soilean geratzen baitira; eta irakasleekin aurrez aurreko lan hori egiten jarraitu nahi dute aurrerantzean ere.