IKASLE EUSKALDUN ELEANIZTUNAK SORTZEN

2016-03-01

Euskara gutxi duenari, euskara gehiago

 Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ekimenez ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamena argitaratu zenetik zortzi urte igaro badira ere, 2008an zituen erronken antzekoak ditu gaur egun ere euskal hezkuntzak, hizkuntzen gaiari dagokionez. Horien gainean hausnartzeko, solasaldia egin zen urtarrilean, Martin Ugalde Foroak antolatuta, ‘Ikasle euskaldun eleaniztunak. Nola?’ izenburupean. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gidatuta, hainbat lagunek parte hartu zuten mahai-inguruan: proposamenaren koordinatzaile eta Hik Hasiko kide Arantxa Urbek, Ikastolen Elkarteko ordezkari Abel Ariznabarretak eta Aitor Ikastolako zuzendari nahiz Sortzen elkarteko kide Julen Etxeberriak.

 
 

Hamaika urte egin behar da atzera, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamenaren jatorria ulertzeko. Hizkuntza-ereduen gaineko kezkak aparteko garrantzia hartu zuen 2005. urtean. Izan ere, Paul Bilbaok mahai-inguruaren hasieran azaldu zuenez, hainbat datuk agerian utzi zuten ordura arte hainbaten ahotan zebilena: ikasleen hizkuntza-gaitasunak ez zirela behar bezain onak. Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) plazaratu zituen datuen arabera, B2 maila D ereduko ikasleen % 57k zuen DBHko laugarren mailan; B ereduko ikasleen %27k; eta A ereduko bakar batek ere ez (B2 maila hizkuntza-arloko gaitasuna neurtzeko Europan erabiltzen den estandarra da, eta maila ertain-altuari dagokio, bai idatzian eta bai ahozkoan). Testuinguru hartan jarri zuen Kon-tseiluak ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamena mahai gainean. Harrezkero, hainbat ahalegin egin da hizkuntza-ereduen gaian aurrera egiteko, baina proposamena sortu zeneko egunerokotasunak antzekoa izaten jarraitzen du.

Eskolari aitortu egin behar zaio azken hamarraldietan ikasleak euskalduntzen egin duen lana, proposamenaren koordinatzaile Arantxa Urberen esanetan. Hala ere, iruditzen zaio, urrunago iritsi nahi bada eta legeak agintzen duena erdietsi nahi bada —alegia, nahitaezko eskola-garaia amaitzen dutenean neska-mutilek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat edo bi ondo jakin di-tzaten nahi bada—, eskolak orain arte egin duena baino zerbait gehixeago egin beharko duela: “Proposamena jorratzen ibili ginen lagunen iritziz, hezkuntza-sistema gai da gaur egun ematen dituen emaitzak baino hobeak emateko, baliabide guztiak haren esku jarriz gero; baina, guztiarekin ere, mugatua da haren eragina”.
Horrexegatik, eskolak motorra izan behar duen arren, aisialdiarekin ere koordinazio estuan lan egin behar dela uste du. Izan ere, eskolako ateetatik kanpo, mundu oso bat dago. Eta, Urberen irudiko, eskolan ikasitakoa ikasleentzat funtzionala izatea lortu ezean, zaila izango da haurrek eta gazteek euskara beren bizitzako pasadizoekin, gertaerekin nahiz interesekin lotzea eta, horren ondorioz, motibazioan eta erabileran eragitea. “Hizkuntzak balioko du, komunikazio-egoera guztietarako erabilgarri gertatzen den neurrian. Komunikazio-egoera horiek hezkuntza arautura eta eskola-mundura mugatzen badira, jai dugu segur aski, hizkuntzarekiko atxikimenduari eta erabilerari dagokienez”

Irteerako profila zehazteko premia

Etorkizunari begira jarrita eta hemendik aurrera nola eragin daitekeen galdetuta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean legeak aipatzen duen ikasleen hizkuntzen eskakizun-maila zehazteko premia nabarmendu zuten mahai-inguruko hiru partaideek, lehentasunen artean. “Zer da ahoz zein idatziz modu egoki eta eraginkorrean komunikatzeko gai izatea?”. Galdera horixe planteatu zuen Egiako Aitor Ikastolako zuzendari eta Sortzen elkarteko kide Julen Etxeberriak. Izan ere, zehaztapen hori egitea urgentzi-azkoa da, haren esanetan, baldin eta ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko bidean aurrera egingo bada.
Horrekin batera, eskolaren eta herriaren arteko lotura egiteko dagoen beharra ere mahaira atera zen solasaldian. Etxeberriak adierazi zuenez, orain ere egiten da uztarketa hori, baina militantziaz. Ongi aurreikusitako eta planifikatutako zerbait izan behar luke, ordea. Ildo berean mintzatu zen Ikastolen Elkarteko kide Abel Ariznabarreta ere. Haren irudiko, eleaniztasun-planteamenduak egitean, euskararen lekua ziurtatu behar litzateke eskola barruan zein kanpoan, kolokan jar baitaiteke, bestela, euskararen garapena, bereziki ingelesa eta prestigio sozial altuko horrelako hizkuntzak alboan izanda.
Zentzu berean, eskolaren eremutik harago, gizarte osoaren helburu kolektiboa izan behar luke euskararen biziberritzeak, Ariznabarretaren hitzetan. Alegia, helburu nazional gisa planteatu behar litzateke, bestela, “partxeak jartzen” jarraitzeko arriskua bailegoke. Planteamendu horri hezkuntza-sistema propio bat eraiki-
tzeko erronka gehitu zion Ikastolen Elkarteko kideak, eta hezkuntza-sistema bere osotasunean hartuko duen hezkuntza-lege baten beharra aldarrikatu zuen. “Badakigu hori ez dela panazea izango, ez duela dena konponduko. Lege organikoaren arriskua ere hor edukiko dugu; baina, nolanahi ere, hezkuntzaren eremuan iparra definitu nahi badugu, beharrezkoa izango da”.

Euskal kultura biziberritzea, erronka

“Eztabaida genezake zer den euskalduntzea, eskolak zenbateraino euskaradun egin dituen ikasleak, eta zenbateraino euskaldundu dituen”. Urberen hitzak dira, baina ados agertu ziren Ariznabarreta eta Etxeberria ere, hezkuntza-sistematik hasita euskal kultura biziberritzeko dagoen beharra azaltzeko orduan. Izan ere, Ariznabarretak azaldu zuenez, euskal hezkun-
tzak bi eginkizun uztartu behar lituzke: “Euskara helduleku duen euskal kulturaren transmisioa eta biziberritzea ziurtatu beharko du lehenik, eta, horrekin batera, baita egungo gizarteak eskatzen dituen kultura-ezagutza unibertsalak ere”.
Edonola ere, ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko gakoa euskara gutxi duenari euskara gehiago ematea dela argudiatu zuten partaideek. Urbek zehaztu zuenez, ezinbestekoa da 0-3 zikloan murgiltze- eta mantentze-ereduak ezartzea, eta hor inbertitzea indarra, dirua eta bitartekoak. “Pentsatzen dut denbora ez genukeela pasatzen utzi behar berriro, jakin gabe egiten ari garena eragingarria den eta euskararen berreskuratze- eta normalizazio-prozesuan aurrerapausoak ematen ari garen edo ez. Zeren, heziketako guneetatik ateratzen diren belaunaldiak euskaldunak izan ala ez dago jokoan”.