ESKOLAREN BIZITZAN

2016-03-01

Neure aldian ezagutu eta bizi izan dudan eskolaz mintzagura naiz, bizitzaren eskola delakoaren atal bati begia eman eta eskolaren bizitza gai harturik.

Estatu moderno edo garaikidea eratu zenetik irakaskuntzari guz-
tizko arreta eskaini izan zaio, beharrik, gizarte eta ekonomia eredua finkatzeko eta kontrol ideologikorako tresna larrietako bat izan baita. Hala Estatuak nola Elizak euren eskolaren larderia eta beste tasunak zurkaiztu izan dituzte besoz-beso mendetako trosta gotorrean.
Aurrerago, irakaskuntzaren demokratizatze orokor bat jendarte zibilaren ekimenez zertu zelakoan nago. Hogeigarren mendean gertatu zen aldaketa politikoa eta kulturala ikusten dut neuk horren atzean, eta irakaskuntzari gagozkiola, berriz, Ikastolaren itzal dirdaitsua.
Bistan da eskolak, indarrean dagoen estatusaren gotorleku izateko ez ezik, eraldaketarako motor izateko gaitasuna ere baduela. Horregatik sortzen du horrenbesteko ardura edozein herri proiektu egituratzeko orduan ere.
Baina natorren hitz handi orokorretatik bizitakoen apalera. Eskolarekin izan ditudan hartu emanak honela labur daitezke: ikasle bizitza, herriko Institutuan egindako ikasturte bat kenduta, ikastetxe erlijiosoetan eman dut, dozena bat urte pasa Ikastolako guraso izana naiz, eta 33 urtez dihardut beharrean itunpeko Azpeitiko Iraurgi Ikastetxean. Horra nire eskolak.
Beraz ordutan, egunetan, urteetan soilik neurtuta ere eskolak tarte gaitza hartu du nire bizitzan, eta hori sentimenduak, gogoetak eta asmoak aipatu gabe. Baina memoriako biltegi, fabrika, hondartza edo zabortegietan nahi gabe bezala harrotzen dira han hemen eskolan erne sentimendu, gogoeta, asmo eta harreman saldoak. Ehundik gora lankide, ehunka guraso, milaka ikasle … Eskola bada unibertso txiki bat, bizi garen jendartearen gardenki sotila. Norbanakoaren identitatea bakuna da, bai, baina besteenarekin batera taxutzen da.
Eta eskola egunero ari da langin-tza horretan, ardura zuzena du nor izateko bidean hautu kontzienteak egiteko pertsona orekatu samarrak trebatzen. Maiz zurrunegia da eskola, geu garelako zurrun. Beste batzuetan ez, geu bestelatsu gabil-tzan seinale.
Berriki jaso nion aipua Angela Davisi, ”Naturaltzat jotzen dugun hori, ideologikoki sendoen eraikita dagoena izaten da”. Gauzak alda-tzeko daude, eskola eta geu bezala. Horretan irakasle gabiltzanon lanak asko dezake, geure txikian gure gaitasun profesionala eta kontzientzia  zibikoa lagun, alde batera edo bestera eragin baitezakegu lan moduekin, jarrerekin, hitzekin...
Eskolak urteotan guztiotan bizibide duina eskaintzeaz gainera, harremanetarako, ikasteko, sormenerako eta gogoetarako espazioak jarri dizkit eskura oparo.  
Etxetik eskolara bidean 105
eskailera maila igotzen ditut egunero, 105 maila jaisteko etxera
honanzkoan. Gora eta behera. Horrela doa osatzen nire eskolaren bizitzan nire bizitza eskolan. Asko dago egiteko, asko pentsatzeko, asko dago asmatzeko herri izan nahi dugun munduan.
Eta eskola hor da, bizitzaren muinean.