3TXULO TELEBISTA SAIO BERRIA

2016-04-01

Iragana, oraina eta geroa

 Otsailaren amaieran estreinatu zuen ETB3 kateak 3txulo, haur eta gaztetxoentzako fikzio-saio berria. Baleuko etxeak ekotzita, egunean hiru aldiz ematen dute saioa. Hala, goizetan, eguerdietan eta iluntzeetan entretenitzeko edukiak eskaintzen dituzte 2ttor, Xbel eta 4ra pertsonaiek, Gorritxo iratxoak eta Laino eta Sasi galtzerdiek.

 
 

Haurrei kalitatezko edukiak eskaintzea, entretenitzeko eta ongi pasatzeko aukera ematea, eta, bide batez, ikasteko edukiak helaraztea. Hiru helburu nagusi horiekin estreinatu du ETB3 kateak 3txulo saioa. Telesail baten modukoa da, fikziozkoa, eta etxe bateko gertakizunak jasotzen ditu.

Abenduan amaitu zen ETBko Sorgintxulo saioa, eta neska-mutil askorengana iristea lortu zutenez, saio berria egin dute orain, ikusle kopurua handitzeko eta publiko zabalagora iristeko xedez. Hala, aktore berriak sartu, pertsonaia gehiago sortu, formatua berritu, eduki gehiago txertatu eta 3txulo itxuratu dute. Hiru pertsonaia dira bertan protagonista: 4ra (Amancay Gaztañaga), 2ttor (Iker Galartza) eta Xbel (Zuriñe Hidalgo). Etorkizunetik dator 4ra, iraganetik 2ttor, eta oraina irudikatzen du Xbelek. Horien lagun, Sasi eta Laino galtzerdiak ere sortu dituzte eta Sorgintxulo saioan ezagun egin zen Gorritxo animazioz egindako iratxoa ere bisitan joaten zaie maiz. Pertsonaia horien abenturak eta elkarbizitza kontatzen du Baleuko ekoiztetxearen programak, eta denboraren zurrunbiloan sartuta, historian atzera eta aurrera bidaiatzeko gonbita egiten die haur eta gaztetxoei.
Etxe dibertigarri eta entretenigarri bat da 3txulo, Xbel gaztearen etxea. Hantxe bizi da Xbel, lasai ederrean. Ia egunero, baina, bisita bereziak izaten ditu, eta etxeko egongelan biltzen dira pertsonaia guztiak. Denboraren makina sortu du 2ttorrek, eta, ate magiko horri esker, denboran zehar bidaiatzeko gaitasuna dute pertsonaiek. Hala, historiako pasarteei buruz hitz egiteko eta pertsonaia famadunak ezagutzeko aukera ematen du saioak, Ane Rotaetxe zuzendariaren esanetan. Bizikleta noiz eta nork asmatu zuen gogora ekarri dute, adibidez, edo noiz zapaldu zuten lehenengoz ilargia, edo nor zen Picasso.

‘Mikrotxuloak’

Telesail forma duten tarteez gain, 3txulo saioak atal berezituak ere baditu: mikrotxuloak. Tarte horietan sukaldaritza, eskulanak, esperimentuak, zientzia, historia eta antzeko gaiak lantzen dituzte, saioaren asmoa haurrak entretenitzea ez ezik, haurrak gauzak ikastea ere bai baita. Gainera, Sorgintxulo-n bezala, Euskal Herriko neska-mutikoek saio berrian ere parte hartzeko aukera dute. Hala, marraz-kiak bidaltzen dituzte eta urtebete-tzeetan ingurukoak zoriontzen. Eduki guztiak ETBko webgunean jartzen dituzte, ETB3 kateak duen atalean.
Egunero, hiru tarte emititzen dituzte: goizetan, eguerdietan eta arratsalde-iluntze partean; 8:20an, 13:15ean eta 19:35ean zehazki. Goizeko eta eguerdiko saioak hamabi minutu ingurukoak dira; arratsaldekoek gehiago irauten dute: ordu-erdi inguru. Eguneko beste bi saioetako fikzioak errepikatzen dituzte iluntzean, eta berriren bat txertatzen dute.
4ra, 2ttor eta Xbel dira protagonista nagusiak, baina saioaren amaieran beti agerten dira Sasi eta Laino galtzerdiak ere. Sofa azpian ezkutatuta egoten dira bi galtzerdiok, baina, amaiera aldera, ezkutalekua utzi eta denen aurrera agertzen dira, saioan ikusi eta ikasitakoak labur-labur kontatzera, inori zalantzarik geratu bazaio ere, gauzak argitzera. Gorritxo ere oso maiz inguratzen da, gauza berriak ikasteko irrikaz izaten baita gehienean iratxoa. Sorgintxulo saioan Zuri eta Tor aztiarekin trikimailu, errezeta eta bitxikeria mordoxka bat ikasi zituen, baina jakin gosez jarraitzen du oraindik. 3txulo etxeko egongelan saltsa badagoela jakin du, Xbelen etxera agertzen da tarteka-marteka, gauza berriak ikasteko amorratzen. Sei pertsonaien artean, haurrak “entretenitzeko eta dibertitzeko” saioa osatu dute. “Haurren egunerokotasuneko gaien, gauzen eta kezken inguruan egiten dute berba, baina beti umorez”, saioaren zuzendariak zehaztu bezala; denboraren lorratzetan, nondik gatozen, nor garen eta nora goazen jakitea garrantzitsua baita.