CARLES PARELLADA: Pertsona guztiek dute beren bizi-sistemetan leku bat izateko eskubidea, familian edo taldean leku bat izatekoa: ikasleek, ikasgelan; gurasoek, eskolan...
Irakaslea da Carles Parellada, jakin-nahi handiko irakaslea, eta aurrean jarri zaion aukera bakar bati ere ihes egiten utzi ez diona. Hainbat ezaguera esparrutan aditua eta aritua da; hala nola, pedagogiaren esparruan, psikomotrizitatearenean, familia-terapian eta konstelazioetan, eta gaur egun, pedagogia sistemikoan. Hain zuzen ere, Bert Hellingerren enfoke sistemikoaren transmisioan erreferente nagusienetako bat da. Psikoanalisiak, familia-terapia sistemikoak, neurozientziak eta inteligentzia transgenerazionalak egiten dituzten ekarpenetatik abiatuta ondu du bere jardun pedagogikoa, harremanekin lotutako alderdiak nahiz alderdi emozional eta kognitiboak, kontzienteak zein inkontzienteak, abordatzeko.
Nola iritsi zinen pedagogia sistemikora? Nola aurkitu zenuen?
Ez dakit zuei gertatu zaizuen inoiz, baina, batzuetan, oso gauza garrantzitsuak gertatzen zaizkizu bizitzan aldi berean, eta ez dakizu zer gertatu den lehenago, eta zer geroago. Uste dut aurkikuntza handia, hezkuntza-sistemarako ekarpen berria adierazten zuela ziur jakin nuen unea, Pedagogia Sistemikoko Nazioarteko I. Biltzarrean bizi izan nuela, 2004an, CUDECen (Emilio Cárdenas Doktorea Unibertsitate Zentroa, Mexikoko eskola- eta unibertsitate-erakunde bat). Bartzelonako Institut Gestalt-eko zuzendari Joan Garrigari lagunduz joan nintzen hara, Angélica Olvera ezagutzera eta erakunde horretan prestakuntza-bide bat hasteko Bartzelonara etor zedin iradokitzera.Horraino iristeko bidea familia-konstelazioen barnean egindako prestakuntza baten bidez urratu nuen, erakunde horretan bertan; Bertold Ulsamer-ekin egon nintzen familia-terapia sistemikoan egin nuen prestakuntzan, eta haren bidez ezagutu nituen konstelazioak. Mugimendu horiek pentsarazi zidaten egongo zela moduren bat Bert Hellinger-en begirada horretatik datozen proposamen batzuk eskolara zabaltzeko; baita Marianne Franke-ren Eres uno de nosotros liburuak (Alma Lepik argitaletxea), eta, une hartan, Humberto Maturanak, Fritjof Caprak eta beste hainbat zientzialarik ere horixe adierazten zidaten.Pedagogia sistemikoa zer den nola esplikatuko zenioke berorretaz ezer ez dakienari?
Hitzak berak adierazten duenez, tradizio pedagogikoaren barnean ezagutzen ditugun dimentsioen arteko konbinazio berezi bat da. Espainian, ibilbide luzea du tradizio horrek, irudipena baitaukat errepublika-garaitik legatu bikaina jaso dugula oinordetzan. Gero, elikatu eta hazi egin da hamarkadaz hamarkada, mundu osoko pedagogo handien ekarpenekin eta gure lurraldeko maisu-maistra bikainen ekarpenekin, bai eta 1920ko hamarkada amaierako ikuspegi sistemikoaren dimentsioarekin ere, Bertanlafy eta beste hainbaten ekarpenekin. Hor daude, gero, mende horren erdialdera, familia-terapia sistemikoaren ekarpenak ere, familia-konstelazioen ekarpenekin eta Bert Hellingerren maitasun-ordenekin eguneratu direnak.Abordatze sistemiko horrek haren oinarrizko printzipio batzuk zabaldu ditu, besteak beste, ezaugarri honen bidez: sistema batean, hots, harremanen sare batean, alderdi guztiak konektatuta daude elkarrekin, nahiz eta alderdi horietako batzuk ezin diren ikusi edo oso urrunekoak diruditen. Beraz, sarearen atal batean gertatzen denak eragina du multzo osoan, eta horrek familien dinamiketan eta ikastaldeetan pentsarazten digu, bai eta eskolaren eta familien arteko harremanetan ere, bien arteko interakzioaren bidez harremanetan jartzen diren bi azpisistema baitira, seme-alabekiko eta ikasleekiko harremana oinarri hartuta. Berariaz artikulu bat zuzendu beharko genioke kontu horri, ondo azaltzeko; baina, laburbiltzeko, esan dezakegu harremanekin lotutako alderdiak nahiz alderdi emozional eta kognitiboak, kontzienteak edo inkontzienteak, kontuan hartzen dituen abordatze pedagogikoa dela, ikaskuntzen hobekuntza bideratzeko, bai ezagueren mailan, bai besteekiko harremanetan, bai norberak bere buruarekin dituen harremanetan. Abordatze horretan, garrantzi handia ematen zaio testuinguruari, ez baita alferrik planteamendu fenomenologikoa; eta, aldi berean, sakon doitzen eta zorrozten ditu haur eta gazteekin lotutako alderdiak nahiz helduei dagozkienak. Une oro, zer leku eta zer funtzio betetzen dugun bilatzeko ahalegina egiten da, eta zerbitzu eta eraginkortasun handia emango dizkio esleitutako zereginari.Pedagogia sistemikoak zer azpimarratzen duen definitzeko, zazpi hitz hauek erabili ohi dira: taldearen balioa; esanahia, eta sistemen dinamika; testuinguruarekiko dugun interesa (nondik gatoz, zein da gure historia); kokapena, lehen aipatu dugun ordena hura, askotan jabetzen garelako desordenatuta gaudela, eta badakigulako horrek desoreka dakargula pertsona arteko harremanetan eta jarduera profesionalean; irakaskuntzako eta ikaskuntzako prozesuak, azken urteetan izugarrizko bilakaera izan baitute; lidergoa, baina ez autoritarioa, banatzailea eta sarekoa baizik; eta, azkenik, gaitasunak, besteak beste eta garrantzi handiko beste batzuen artean, konfiantza, besteen patuaren baiespena, besteak aitortzea legezko izaera duten aldetik, Maturanak dioen legez, eta alaitasuna eta esker ona.Esku hartzeko zer eremu izan ditzake?Askoz argiagoa eta zehatzagoa izan naiteke hor, ondo bereizitako eta behar beste garatutako hiru eremu daudelako: familiekiko harremana; hezkuntza-taldeetako lana (edo edozein talde profesionaletakoa); eta haur eta gazteekiko esku-hartzea, horien bilakaerako etapei erreparatuta eta hezkuntzaren esparruko ekarpen berrienak aplikatuz, hala nola hainbat adimenetan oinarritutako ekarpenak.Zer printzipiotan oinarritzen da pedagogia sistemikoa? Zein dira pedagogia horren oinarri filosofikoak?
Erreferenteak asko dira, eta askotarikoak, lehen ere adierazi dudanez. Hala ere, sistemiko izenari dagokionez, zehatzenak eta berrienak azpimarratuko ditut. Maitasun-ordenak dira: kide izatea, hierarkia, eta ematearen eta jasotzearen arteko oreka, bai eta belaunaldietan zeharreko dimentsio desberdinak ere, batez ere belaunaldiez gaindiko informazioaren ekarpena, eta dimen-tsio horietatik eratortzen den zerbait: belaunaldietan zeharreko adimena, eta fenomenologia. Albora utzi gabe Hellingerrek hezkuntzaren esparruan egindako ekarpen ezezagunenak, hots, laguntza-ordenak.Harreman-sistemetan erabiltzen diren bizi-esparruekin lotuta gaude, eta lotura horiek informazio zehatz batzuekin lantzen dira.Zer da kide izatea? Eta zer gerta daiteke desorekaren bat badago lege horrekin lotuta?
Kide izateak gauza bat ateratzen du mahaira: pertsona guztiek dute beren bizi-sistemetan leku bat izateko eskubidea, familian edo taldean leku bat izatekoa; ikasleek, ikasgelan; gurasoek, eskolan… Batzuetan, errazagoa da aurkako kontzeptutik abiatuta azaltzea: sistema batean norbait kanporatua denean, desordena bat sortzen da sisteman, eta hori konpentsatu egingo da gerora, etorkizuneko belaunaldi bateko kideren baten parte-hartzearen bidez, edota kanporatua izan zen horrekin identifikatuko den taldeko norbaiten bidez. Kanporatzeen edo kide ez izatearen ondorio txarrek oso prezio altua dute ordain gisa sistemetan.Eta zer esan nahi du hierarkiak? Zentzu gutxiesgarria du erabilera batzuetan. Autoritarismoarekin nahasi ohi da. Zer zentzutan duintzen du kontzeptu hori pedagogia sistemikoak? Zer esparrutan ikusi edo landu daiteke hierarkia?
Hierarkiaz hitz egiten dugunean, argi gorriak pizten dira, oro har kostatu egiten zaigulako, nolabait ere, hainbat alderdiren arabera taldeetan mailakatze bat dagoela edo aldeak daudela onartzea, lehena iristen denaren arabera, lekuaren eta zereginaren arabera, edo esleitzen zaigun arduraren arabera. Inola ere ez da autoritarismoa, egitate hori onartzea baizik; bai eta horrek sortzen dituen aldeak onartzea ere, ez baitira garrantzi-tsuak. Alde horiek erabakiak har-tzerakoan, dinamikak eratzerakoan eta, erabakiak hartzen dituenak oker jokatzeko eta besteek begi onez ez ikusteko arriskua hartzen duenean, horren prezioaren onarpena eta bakoitzak duen parte-hartze aktiboren maila adierazten dute. Horrelaxe jarraituko dugu zentzu horretan kultura berri bat garatzen ez dugun bitartean.Jar dezagun irakasle talde bat adibidetzat. Zuzendariak, zuzendaritza-taldeak, lehentasuna du, erabakiak hartzerakoan duen mailagatik, beren funtzioen arduragatik, eta abar; baina ez da hiru urteko haurren ikasgelan ari den laguntzako pertsona baino garrantzitsuagoa, biak direlako beharrezkoak. Ikastetxean zerbait gerta-tzen bada, ordea, ez zaio inspek-torerik edo agintaritzarik joango laguntzako pertsona horri azalpenak eskatzera. Bide luzea dugu egiteko komunitatearen zerbitzura egin beharreko norabide berri horretan.Zer gerta daiteke hierarkia hori errespetatzen ez bada? Zergatik da garrantzitsua?
Hierarkia horren barneko errespetu faltaren eraginak berehala nabarmentzen dira, norberari dagokion tokitik irteteak haserrea, nahasmendua eta aurrez aurreak eragiten baititu; kolektiboak zatitzen ditu, eta onak eta txarrak bereizten. Hori guztia komunitatearen ongizatearen aurka doa, eta beroren eraginkortasuna murrizten du.Irakasle taldeetan maiz erabili izan da honako esaldi hau, begirada honetatik ezin eutsi zaiona jada: “dena denon artean egiten dugu”. Erakundeak, baita ikastetxeak ere, gero eta konplexuagoak dira, eta, hierarkia hori onartuta, esku-hartze estrategiko bat eskatzen dute, argitasuna, aginpide maitekorra eta guztion ongizaterako zerbitzua oinarri hartuta.Argituko al diguzu autoritarismoaren eta autoritatearen arteko aldea?
Harremanak kudeatzeko funtsezko elementuetako bat da autoritatea, bai maila pertsonalean, gurasoen eta seme-alaben artean, eta bai maila profesionalean, zuzendariaren, koordinatzailearen eta zuzentzen duen erakundean lanean ari diren pertsonen artean. Autoritate hori lotuta dago zuzenean betetzen duzun lekuarekin, duzun esperientziarekin eta, bereziki, beste aldeak (edo beste aldeek) leku, esperientzia eta egiten jakite horri egiten dion aitorpenarekin.Ziur asko, autoritatearen eta autoritarismoaren arteko aldeetako bat aztertzeko, agintea nondik garatzen den ikusi beharko da. Demagun badela norbait aitaren autoritatea onartzeko zailtasunak dituena; pertsona horri autoritaterik nahi ez izatea gerta dakioke, edota nola gauzatu ez jakitea, aitarekin duen historia ez errepikatzeko; edota, agian, ikuspuntu okerretik erabiliko du, hain zuzen ere bere bizitzan ez datorrelako modu natural batean. Autoritario bihurtzen gara, gure bizitzaren iturburu den iturri horretatik deskonektatzen garenean eta bestea aitortzen ez duen irizpide edo lege bat inposatu nahi dugunean, bestea norberaren defizitak oreka-tzeko erabiltzean datzan irizpide edo lege bat inposatu nahi dugunean.Bada beste lege sistemiko bat ere, hirugarrena: hartzearen eta ematearen arteko oreka. Zer esan nahi du horrek zehazki? Adibiderik jar dezakezu? Zer gerta daiteke orekarik ez badago hartzearen eta ematearen artean?Sistemetan harremanak egokiak izan daitezen, ezinbestekoa da halako elkarrekikotasun bat, norberak ematen duenaren eta hartzeko prest dagoenaren artean. Soilik emateko posizioan bagaude, edo soilik har-tzeko posizioan, egoera desorekatua sortuko da, eta harremana ezegonkortu egingo da. Jar dezagun adibide xume bat: bikote batean, bietako bat oso ona da, eta prest dago besteagatik guztia egiteko eta emateko; baina, une batean, beste horrek izugarrizko zorra duela sentitzen du, eta ezin izango diola itzuli emandako guztia; egoera horrekin gaizki sentitzen da, eta alde egiten du. Gelditzen dena haserretu egiten da, eta ea hori nola den posible galdetzen dio, horrenbeste eman eta gero, horrela abandona-tzea. Berdinen arteko, bikotekideen arteko edota erakunde bateko kideen arteko elkarrekikotasun faltak zorrak sortzen ditu, eta ordaina eskatzen du. Adibidez, norbaitek bere erakundean eskatzen zaiona baino gehiago egiten duenean eta, nolabait ere, besteei beren partea egin dezaten uzten ez dienean, ezinegona sortuko du horrek, konparazioak hasiko direlako; modu inkontziente batean bada ere, ekarpen handiena egiten ari denak trukean onuraren bat jasotzeko eskubidea duela ere senti dezake, eta ordaina eska dezake, hitz xumeagotan esateko.Berdinen artean gertatzen da hori. Desberdinen artean, hala nola gurasoen eta seme-alaben artean, helduek eman egiten dute, eta seme-alabek hartu; horrela, seme-alabak helduak direnean, jaso dutena itzultzen dute beren seme-alaben bidez. Irakasleek eman egiten dute, eta ikasleek jaso; eta gerta daiteke, eta gertatzen da batzuetan, ikasleek irakaslea zain-tzea, eta, orduan, hautsi egiten da oreka hori, eta ondoeza sortzen da sisteman.Hellingerrek badu metafora polit bat gai honi lotuta. Hala dio: norbaitek zerbait ona egiten badu, itzuli zuk zerbait ona eta zertxobait gehiago; norbaitek zerbait txarra egiten badizu, itzuli zuk ere zerbait norabide berean, baina pixka bat gutxituta; horrela, bi kasuetan, harremanak funtzionatzen jarraituko du, eta hazi egingo da.Askotan entzun izan dizugu familiaren eta eskolaren arteko harremanaz hitz egiten. Baina aspaldiko kontua da hori. Zer ekarpen egin diezaioke pedagogia sistemikoak harreman horri? Zertan egin behar dugu aurrera? Familiak eta eskolak eskutik joan behar dute. Nola egiten da hori?
Aspalditik hitz egiten da familiaren eta eskolaren arteko harremanaren garrantziaz, baina, zoritxarrez, hezkuntza-sisteman ez dugu oraindik lortu hori gauzatzeko formula egokirik; irakaskuntzarekin lotutako gaietan familiak parte hartzea arriskutsua izan daitekeen sentipena nagusi da oraindik. Alde horretatik, pedagogia sistemikoak hainbat berrikuntza garrantzitsu txertatu ditu, eta horietako bi azpimarratu nahi nituzke: alde batetik, familiari esleitzen dio seme-alaben heziketan duen lehentasuna; zalantzarik gabe, gurasoak dira heziketa horren lehen eta azken arduradunak, eta, beraz, lehentasunezko toki hori esleitu behar zaie, besteak beste, gurasorik ez balitz seme-alabarik izango ez litzatekeelako, eta haurrik gabe ez genukeelako eskolarik izango. Beraz, eskerrak eman behar dizkiegu amei eta aitei, beren seme-alabak eskolara eramateagatik.Bestalde, behin eta berriz egiaztatu ahal izan dugu gurasoen, irakaslearen, eskolaren eta abarren onespenik gabe neska-mutilek ez dutela arrakastarik lortzen eskolan; besteak beste, ikastetxera joaten direnean gurasoen baimenik ez dutela senti-tzen dutelako, haiek ez dutelako begi onekin ikusten eskola edo eskolaren alderdiren bat. Horregatik, behar-beharrezkoa da eskolaren eta familien arteko komunikaziozko eta konfian-tzazko zubiak ezartzea.Zein dira nahasmendu esanguratsuenak familietan? Eta eskolan? Eta bien arteko harremanean?
Egia da gurasoek lehentasuna dutela seme-alaben heziketan, eta, beraz, toki hori esleitu behar diegula eta eskolak gardentasuna erakutsi behar duela han garatzen diren zereginei dagokienez, seguru senti daitezen eta konfiantza ager dezaten. Baina, bestalde, gurasoek argi izan behar dute ikastetxean sartzen direnean aginpide pedagogikoa profesionalei dagokiela, eta, alde horretatik, ezin dute esku hartu hezitzaileek ikaskuntzarako estrategia egokienekin lotuta hartzen dituzten erabakietan.Bi alde horien arteko harremanean, konfiantza faltak sortzen du zailtasun handiena; hein batean, eskolaren funtzionamenduaz edo beren seme-alaben irakasleaz gurasoek dituzten itxaropenak izan daitezke horren errudunak. Gurasoen esperientzian oinarritzen dira itxaropen horiek, edo haien nahia edo desira dira, beren seme-alabei arreta onena eman ahal izateko, zenbaitetan itxaropenari seme-alabari baino gehiago begira-tzen zaion arren. Gai konplexua da, eta etengabe elkarrizketan aritzea beharrezkoa da, gaizki-ulerturik gerta ez dadin eta alde bakoitza gustura senti dadin berari dagokion tokian.Nola eragiten du familia-testuinguruak ikaslearen ikaskuntza-prozesuan? Adibideren bat eman dezakezu?
Esparru horretan, ebidentzia garrantzitsuak ikusi ditugu. Ikastea gizakiak berezkoa duen zerbait da; haurrek ez dute ikasten kanpoko agindu batek ez dakitena irakasten dielako, baizik eta ezaguera garatzeko giza gaitasun propioak, barnekoak, garatzeko aukera ematen duten testuinguru kulturaletan murgilduta daudelako. Beraz, ikaskuntzaren protagonismoa gizabanakoaren baitan dago, baina muga bat du: konfiantza, segurtasuna eta laguntasuna sentitu behar ditu prozesu horrek sortzen dituen ziurgabetasunen aurrean. Hortxe dago familia- eta hezkun-tza-testuinguruen konplexutasuna ikaskuntzak gerta daitezen. Helduok bizitzan ondo kokatuta ez bagaude, kasu honetan, bereziki gurasoak ondo kokatuta ez badaude, ezin izango diegu haien seme-alabei lagundu ikaskuntzak garatzera eramango dituzten prozesu naturaletan, gurasoen kontuez arduratu beharko baitute seme-alabek. Modu errazean esatearren, haurrek traza biologiko bati jarraitzen diote, eta traza horrek eskaintzen dizkie ikaskuntzarako oinarrizko gaitasunak; baina familia-testuinguruak eta horren ezaugarriek traza horretatik atera ditzakete haurrak, eta, lagundu beharrean, nahastu egin ditzakete.Adibide asko ditugu; esate baterako, gurasoetako baten eskola-biografia: ikasketak nerabezaroan utzi behar izan zituen, bizitzak beste bide batetik eraman zuelako, eta gero ikusten dugu haren seme edo alaba batek ikasgai askotan huts egiten duela, seme edo alaba horren biho-tzak, inkontzienteki, aitari edo amari gertatutakoaren arrastoari jarraitzen diolako, hari dion maitasunagatik edo leialtasunagatik. Ohiko beste adibide bat krisi-egoeran dagoen bikotearena da: haien semeak edo alabak sentitzen du erantzukizunen bat izan dezakeela egoera horretan, eta zerbait egin nahi du, baina jasanezina egiten zaion dinamika batean sartzen da, eta nahi gabeko albo eraginak sortuko dira; beste adibide bat gurasoak zaindu nahi dituen neska-mutilarena izan daiteke, aita edo ama bizitzari aurre egiteko ahul sentitzen duelako…Pedagogia sistemikoan, esaldi hau erabiltzen duzue: “Bakoitzak dagokion tokitik hezi behar du”. Zer iradokitzen dizu?
Orain arte esaten aritu garen gauza bera: irakasleok gure tokia hartzen badugu, gurasoek beraiei dagokiena, seme-alabak beraiei dagokiena, ikasleek beraiena, eta edozein gelatako tutoreak bere energia tutoretza lan-tzeko erabiltzen badu eta koordina-tzaileak dagokion lana egiten badu…, eta, horrez gain, gutako bakoitza besteari dagokion eremuan sartzen ez bada, harremanak eta funtzioak modu antolatu eta eraginkorrean sortuko dira. Baina, halakorik gertatzen ez bada, interferentziak gertatzen badira eta batak uste badu besteak baino hobeto egingo lukeela, interferentzia horiek zama handi bihurtzen dira erakundeen funtzionamendu egokirako eta elkarreraginerako.Zer izan beharko luke kontuan irakasleen taldeari zuzenean begira-tzen dion zuzendaritza-taldeak, eskola begirada horretatik zuzentzeko?
Galdera garrantzitsua da hori. Alde batetik, maitasunaren hiru ordenak izan behar ditu kontuan: hezkuntza-elkartea osatzen duten guztiek ondo hartuak direla sentitu behar dute, ondo begiratzen dietela, eta duintasunezko tokia aitortu behar zaie garatzen duten zereginari dagokionez edo betetzen duten tokiari dagokionez; bestalde, oreka iraunkorra bultzatu behar du irakasle bakoitzak komunitateari eskaintzen dionaren eta trukean jasotzen duenaren artean, adibidez, lan-orduen eta zereginen banaketaren artean; hirugarrenik, arreta handiz jokatu behar du, hezkuntza-taldeko kide guztiek eta eskolan parte hartzen duen beste edozein profesionalek zereginak ondo zehaztuta izan ditzaten eta bakoitzak berari dagokiona egin dezan, batzuen eta besteen arteko interferentziarik gertatu gabe.Azken batean, esango nuke hezkuntza-taldeko kide bakoitzak egiten duena aitortu eta balioztatu behar dela, aginpidea samurtasunez erabili behar dela, muga argiak jarriz, baina sentikortasunez jokatuz, eta lanaren banaketan eta konfiantzan oinarritutako lidergo eskuzabala eta autonomoa garatu behar dela, kide bakoitzak, dagokion tokitik, duen onena eman dezan eta guztion zerbi-tzurako egiten duen hargatik baliotsu senti dadin.Aipa ditzakezu pedagogia sistemikoaren jarraibideetan oinarrituta lan egiten duen ikastetxe baten ohiko hiru praktika?
Laburki, hiru alderdi zehatz hauek jasoko nituzke. Batetik, protokolo koherente bat lantzea harrera egiteko, laguntzeko, transferitzeko eta agurtzeko erritualak garatzeko, bai ikasleen, bai irakasleen eta bai familien esparruetan. Bestetik, espazioak eta denborak sortzea ikasgeletan, hezkuntza-etapa bakoitzaren arabera egokitutako jarduera zehatzak egiteko eta ikasleen sustraiei, nortasunari, loturei eta hegan egiteko hegoei buruz hitz egiteko. Eta, azkenik, dinamikak eratzea hezkuntza-taldeekin batera, profesional guztiei kolektibo horretako kide direla sentiaraziko dieten prozesuak laguntzeko, atxiki-tzeko eta eguneratzeko, profesional horiek beren esperientziaren, ezagu-tzen eta talentuen onena eman dezaten eta, aldi berean, beren iritziak eta sentimenduak adierazteko askatasuna senti dezaten, beren lekua, zeregina eta ardura mugak gainditu gabe onartuta.Nola eragin dezake ikastetxe bateko hezkuntza-proiektuak ikuspegi hori garatzeko orduan?
Hezkuntza-proiektuak zehazten ditu ikastetxe bateko hezkuntza- eta pedagogia-garapenaren jarraibideak. Proiektu horretan kontuan hartzen badira egin nahi denaren norabidea, zentzua eta esanahia, Angélica Olvera gure irakasleak beti esan izan digun moduan, berehala ikusiko dira ondorioak eta emaitzak proiektuaren edozein jarduketa-esparrutan, eta, nire ustez, irakasleen, ikasleen eta familien arteko batasunean hautemango dira azkarren ondorio horiek, bai eta ikasgeletan eta taldean lan egiteko eremuetan sortzen den ongizatean eta haurren eskola-arrakastan ere.Zein izan da ikasle batengan ikusi duzun aldaketa nabarmenena ikuspegi horretatik lan egin ondoren?
Galdera zehatza da, eta erantzun zehatza emango dizut. Lehen Hezkuntzako amaierako ikasle bat, oso haserre zegoen guztiarekin eta guztiekin, eta gatazkak eta egonezin handia sortzen zituen ikaskideekin eta irakasleekin. Ikasle horren aitari bere tokia aitortu genion, ikaslea oso txikia zela alde egin baitzuen aitak, eta, beraz, ez zuen baimenik aitari begi onez begiratzeko. Hori egin ondoren, aldaketa progresibo esanguratsua jasan zuen ikasleak: gatazkak sortzeko orduan berari zegokion ardura askoz ere hobeto onartzen hasi zen, eta emaitza akademikoetan eta harreman pertsonaletan ere hobera egin zuen nabarmenki. Adibide horren antzeko beste asko ditugu, planteamendu sistemikoaren esanahia eta eraginkortasuna agerian uzten dituztenak. Hala ere, jabetzen naiz zenbait kasutan izaten ditugun mugez, ikasleen eta familien testuinguruan elementu konplexu askok esku hartzen baitute.Aurrera begira zein erronka lituzke eskolak?
Gurasoei nahiz hezkuntzako profesionalei ematen dizkiedan hitzaldietan esan ohi dudanean oinarrituko naiz, ideia horietako batzuk harremanen beste testuinguru batzuetara eraman baitaitezke.Nire ikuspegitik, lau helburu nagusi garatu beharko lituzke eskolak. Lehenik, eskolan gertatzen den guztiak, haurrek han egiten duten guztiak bizitzarekin lotuta egon behar du, noranzko horretatik ateratzen den edozer denbora galtzea baita. Bigarrenik, inklusiorako eta elkarbizitzarako gune izan behar du eskolak, bai eta ikasleek beren bizitzaren narrazioa garatzeko aukera izango duten tokia ere, nondik datozen, nor diren eta norantz doazen uler dezaten eta beren burua nahiz besteak errazago uler ditzaten; beraz, komunikatzeko eta aitortzeko gune izan behar du eskolak. Hirugarrenik, ezaguera sustatzeko gune izan behar du, ikasleen garapeneko bilakaera-etapa bakoitzak berezko dituen premietan oinarritutako ezaguera sustatu behar du; bizitzako gauza garrantzi-tsuei zentzua ematen dien horretan oinarritutako ezaguera, orain arteko garai guztietan giza komunitateak garatu dituen erremintetatik eta eduki kulturaletatik abiatuta garatutako ezaguera, etorkizun ezezagunerantz begiratzean zentzu guztietan hazten jarraitzeko aukera bat ikusiko duen ezaguera. Eta hauxe izango litzateke laugarren helburua: eskolak toki pribilegiatua izan behar du, ikasle bakoitzak bizitzara dakarren distira erakusteko aukera emango duen toki pribilegiatua. Ikasle bakoitza leundu beharreko harribitxia dela pentsatu behar dugu, eta eskolak hori lortzen lagunduko duela, norbanako bakoi-tzaren berezko talentuak agerraraziz. Nolabait ere, amets egiteko gunea izan behar du, ametsik gabe, biziak indarra eta zentzua galtzen baititu.Hori guztia amets batean laburtu beharko banu, eskola toki pribilegiatu bat dela esango nuke berriro, harreman pertsonal eta kulturaletarako gune komunitarioa, bakea garatzeko gunea, bakea baita pertsonen eta gizarteen bizitzetan edozein aldaketa esanguratsu gertatzeko oinarria. Hori lortzeko ahalegina egin behar dugu hezkuntza-testuinguruen zati garen guztiok, eta nire ustez eta Garnerrek dioena gogora ekarrita, gainerako adimenak (askotarikoak eta garrantzitsuak) baino harago doan adimena garatzeko ahalegina egin behar dugu, guztion onurarako adimena garatzeko, hain zuzen. Pentsatu nahiko nuke nire ibilbide pertsonal eta profesionalean gero eta koherentzia handiagoz jokatu dudala amets hori lortzeko, eta, dagokidan heinean, lagundu dudala amets kolektibo bihurtzen.