IRAUN HAUR ESKOLA

2016-04-01

Gurasoekin zubiak eraiki, begirada haurrengan jartzeko

 Familiekin komunikazioa lantzeko eta harreman osasungarriak sortzeko zailtasunak zituztela eta, duela bi urte formazio-saio bat hasi zuten Irungo Iraun Haur Eskolako hezitzaileek. Harrezkero beraien ikuspegia erabat aldatu dela diote, baita haur-eskolako errealitatea ere, azken bi ikasturteetan harremanak estutu baitira, besteak beste gelak eta ordutegiak irekitzearekin bat.

 
 

Bi ikasturte aski izan dituzte Irungo Iraun Haur Eskolan ibilbide luzea egiteko, abiapuntua eta helmuga oso urrun dituen bide horietako bat. Haur-eskolaren zimenduak berritzen ari dira, egindako pauso bakoitzeko helmuga berriak jarriz, bidea eginez oraindik. Zimenduak berritzeko, ordea, ez dira eskolako hormak eta habeak aldatzen hasi; hezitzaileen barruko zimenduak dira eraldatu direnak, beraien begirada eta jarrera, hain zuzen.

100 ordu eskaintzen dizkiote urtean formaziori Iraun Haur Eskolan, eta, besteak beste, Haur Eskolen Par-tzuergoak antolatzen duen Barrutik programan hartzen dute parte. Hungariako Pikler-Lockzy esperientzien inguruko ikastaro bat bukatu berritan, Partzuergokoek zer behar zituzten galdetu zieten parte-hartzaileei, hau da, EAEko haur-eskola sareari. Beste hainbat haur-eskolarekin batera, familiekin harremanak lantzeko eta komunikatzeko garaian zailtasunak zituztela aitortu zuten Irungo Iraun Haur Eskolako hezitzaileek: nola esan arauak? Nola betearazi gurasoei arau horiek? Nola adierazi hain positiboak ez ziren gauzak, besteak beste, familiek umea gaixorik ekar-tzen zutenean haur-eskolara? Ordutik, Iraungo hezitzaile-talde guztiak gaiaren inguruko formazioa jaso du, zentroan bertan, eta gai bera lantzen ari diren gainerako haur eskolekin harremanetan daude; hala, lantaldeetan azaleratutako kezkak eta iritziak partekatzen dituzte, adibidez.
Formazio horren ondorioz, azken bi ikasturteetan hamaika neurri hartu dute beraien lan egiteko moduan eta haur eskolako funtzionamenduan. Besteak beste, lehentasuna eman diote “begirada haurrarengan” jartzeari, Iraungo psikomotrizista eta formazioaren koordinatzaile Ana Gaztelumendi Lekuonak azaldu bezala: “Hezitzaileok eta familiok errespetuzko eta konfiantzazko harremana eraikitzen badugu gure artean, begirada joango zaigu haurrarengana, eta bere beharrak, nahiak eta interesak aseko ditugu. Halako girorik ez badago, berriz, familien eta hezitzaileen arteko konfrontazioa egongo da erdigunean”.
Horregatik, azken helburua da “hezitzaileon eta familion arteko komunikazioa hobetzea, gu beraien aurrean eroso sentitzea, eta, era berean, familiek haur-eskolaren parte direla sentitzea, hemen badute ekarpenak egiteko aukera”, Iraungo hezitzaile eta haur-eskola horretako formazioaren arduradun Idoia Karrera Etxebesteren esanetan.

Zerbait hautsi zen unea

Horretaz guztiaz jabetzeko, ordea, ibilbidea egin behar izan dute, abiapuntuan hezitzaileen pertzepzioa ez baitzen horrelakoa. Familien zenbait jokabide epaitu egiten zituztela aitor-tzen dute; hala nola, familiek umeak haur-eskolara gaixorik eramaten zituztenean. Horrek guztiak mesfidantza eragiten zuen harremanetan, eta, ondorioz, familiak haur-eskolatik urrun zeuden. Baina, Barrutik-ekin egindako formazioko saioetan “zerbaitek krak egin zuen, hautsi egin zen” hezitzaileen baitan.
Batetik, beraien buruak bideoz grabatzeari ekin zioten, familiekin zuten hartu-emana nolakoa zen aztertzeko. Hortik abiatuta, praktika kontzienteak definitu zituzten, “zer egiten dugun kontzienteki eta zer egin behar genukeen”, dio Karrerak. Gainera, psikopedagogiaren inguruko hainbat artikulu irakurri zuten, oinarri teorikoa ere hartzeko.
Bestetik, Joxe Amiama psikopedagogoarekin egindako saioak mugarria izan ziren begirada berria eraikitzeko bidean. Hezitzaileen kezka nagusia zen nola helarazi gurasoei beraien arauak, beraien iritziak, beraien ekarpenak... eta Amiamak familien egoera, iritzi eta arauak ere aintzat hartzen lagundu zien. “Konturatu ginen konponbidea ez zihoala geure arauak betearaztetik, baizik eta familiak diren bezala onartzetik”, dio Gaztelumendik. Karreraren esanetan, “kontzientzia hartu genuen nik daukadan iritzia, edo gauzak egiteko modua, pertsonala dela. Eta askotan jotzen genuela epaitzera, ‘ene, nik horrela egingo nuke eta berak ez!’. Hori jada irauli genuenean, ireki genituen ateak, zentzu guztietan: gu ireki egin ginen, eta lasaiago geunden familiak etortzen zirenean ere”.
Ateak noiznahi irekita
Ireki zituzten ateak, bai, baita haur-eskolakoak ere. Izan ere, 2014ko irailetik, haur-eskolako ordutegia malgutzea erabaki zuten. Hasieran, ibilbidearen abiapuntu hartan, familiek 07:30-09:00ak bitartean ekarri behar zituzten haurrak: 09:00etan haur-eskolako ateak itxi egiten ziren. Orain ez dago ordu-mugarik familientzako, ezta haur-eskolan geldi-tzerakoan ere. Hori izan da Iraungo haur-eskolan egindako iraultza nagusienetariko bat: gurasoak edozein ordutan etortzen dira gelaraino, eta nahi dutenean joan: “Batzuek ez dute behar hori, eta berehala joaten dira. Baina familia batzuek behar dute tarte batez goxo-goxo egotea umearekin: zapatak eranzten lagundu, fruta zatiren bat eman jateko... Eta, haurra, lasai ikusten dutenean, orduan joaten dira”, dio Karrerak.
Horrekin lotuta, gogoan dute aita bat eguerdi arte gelan gelditu zen lehen aldia. Normalean oso lasai gelditu ohi zen haur batek, egun txarra nonbait, eta negarrez zegoen aita alde egiteko une horretan; hezitzaileek, hori ikusirik, nahi zuen arte gelditzera gonbidatu zuten: “Goiza gurekin pasa zuen. Txoko batean egon zen, eta, beharra sentitzen zuenean, haurra berarengana hurbiltzen zen. Bazkaltzeko ordua iristean, haurrak berak esan zion agur aitari, eta lasaiago joan zen”, konta-tzen du Gaztelumendik. Karrerak “beste sentsibilitate” bat garatu dutela aitortzen du, eta noiz edo noiz deitu izan dio telefonoz haurra negarrez utzi dion gurasoari, umea lasaitu dela jakinarazteko, eta gurasoa ere lasaitzeko.

Norbere beldurrak kudeatzen

Horretarako, ordea, hezitzaileek beren beldurrak kudeatzen ikasi behar izan dute. Izan ere, aitortzen dutenez beldurra zioten gurasoak gelan izateari, norbait negarrez hasiz gero edo bi elkar joka hasiz gero pentsatu zezaketenagatik.
Baina, aita hura ikasgelan gelditu zen lehen aldian, esaterako, elkarri galdezka hasi ziren ea nola sentitu ote ziren, eta “konturatu ginen oso ondo sentitu ginela, ez zela ezer gertatzen, gehiago zela gure beldurra”. Karreraren esanetan, “egoera naturaltasunez kudeatzen” ikasi dute ibilbide honetan.
Gainera, ateak irekita egoteak beraien lanari gardentasuna ematen diola uste dute, ate itxiek mesfidantza sortzen dutelakoan.
Komunikazio bide berriak
Ateak irekitzeaz gain, bestelako bideak ere landu dituzte familiekin harremanak estutzeko eta komunikazioa hobetzeko. Hala, koaderno bat erabiltzen dute egunerokoan gurasoekin komunikatzeko. Hor idazten dituzte gurasoek haurraren inguruko gorabeherak, gau txarra izan badu edo antzerakoak; eta berdin egiten dute hezitzaileek ere, gurasoek hartuko duten koaderno horretan idazten baitituzte umeen kontuak: zer moduz jan duten, edo triste sumatu al duten...
Bestalde, familia bakoitzak bere albuma osatzen du, eskolan uzteko. Haurraren ingurunea osatzen duten pertsonak agertzen dira bertan, baita umearen bizitzako une inportanteak ere. Hori umearen eta hezitzailearen arteko komunikazio-tresna inportantea bilakatzen da gelan, eta, gainera, haurrarentzat lagungarri izaten da nolabait gelan bere gertukoen presentzia bermatzea.
Bestalde, haur-eskolaren sarreran hezitzaile eta eskolako langile guztien argazkiak jarri dituzte, aurkezpentxo batez lagunduta. Modu horretan, gurasoei ezagutzera eman nahi diete zeinek osatzen duten haurraren familia eskolan dauden bitartean. Lantaldea familiei aurkezteko modu bat da, harremana eraikitzeko lehen urratsa.

Familien liburutegia

Dena dela, egunerokoan askotan zailtasunak izaten dituzte familiei patxadaz azaltzeko euren lanean kontuan hartzen dituzten oinarri pedagogikoak. Horregatik, familientzako liburutegia sortzea erabaki zuten. Haur-eskolaren sarreran dago, besaulki eroso batek lagunduta. Gurasoek asko erabiltzen dute, haurrak jaso-tzera joandakoan tarte batez itxaron behar dutenean eta. Gainera, oso erabilgarria da egokitzapen-prozesuan zehar ere. “Hasieran 15 minutuz ateratzen dira, gero ordu erdiz... tarte horietan liburutegia erabiltzeko joera hartu dute”.
Haur-eskolan daudenean irakurtzeaz gain, familiek aukera dute nahi dutenean liburuak etxera eramateko, nahi duten arte. Hasieran kezka eta beldur ugari izan arren, “erabaki genuen konfiantza ematea. Liburu bat ez bada agertzen, ez da ezer gertatzen”, Karrerak azaldu moduan.

Konfiantza eta lasaitasuna

Hezitzaileak gustura daude egindako ibilbidearekin, eta bat datoz esatean lasaitasuna irabazi dutela. Nolabait presioa desagertu dela sumatzen dute, eta, Gaztelumendiren esanetan, “emozionatuta” daude: gurasoak gertu sentitzen dituzte. Hain zuzen, hori bera da gurasoek egindako balorazio-gutunetan errepikatzen den hitza ere: lasaitasuna. Hala dio gurasoetako baten idatziak: “Iraun haur eskolak, zaintzaz gain, konfiantza, lasaitasuna eta segurtasuna esan nahi du gure-tzako. Haur-eskolan lasai sartu, irten eta egoteak espazioa gure sentitzen laguntzen digu, eta ez gurasoentzat arrotz. Etxeko daukagu haur-eskola”. Harrotasunez erakusten dute gutuna, egindako ibilbidearen erakusle baita.