ARTEA LEHEN HEZKUNTZAN

2016-07-01

Garrantzitsuena umeak artelanarekin erlazio pertsonal bat garatzea da

 'Artearekiko hurbilpena eta erabilera Lehen Hezkuntzan' izeneko ikastaroa emango du Iratxe Larrea artista plastikoak eta EHUko Irakasleen Eskolako irakasleak Hik Hasiren Udako Topaketetan. Arte lengoaia norbere ezagutza, konfiantza eta autoestimua garatzeko tresna ezin egokiagoa izan daitekeela dio: "Bakoitzak bere burua edota interesak plastikoki adierazi ahal izatea guztiz osasuntsua da autoestimua, nortasuna eta autoezagutza garatzeko. Alegia, geure burua egiten ari garen artelan horretan islatua ikusten dugu, horrekin identifikatzen gara eta horrek plazera eragiten digu".

 
 

Artearen lengoaian trebatzeak zer ematen die irakasleei?

Umeekin artearen bitartez edozein irakasgai landu dezakete, hala nola, matematika, natura, gizartea, etab. Tresna ezin hobea da modu entretenigarri eta personal batean, umeei interesatzen zaizkien gaiak lantzeko eta aldi berean beraien interesa pizteko. Horretaz gain, bere burua adierazteko eta ezagutzeko lengoaia aparta da.
Haurrekin nola landu daiteke artea?
Modu askotan. Egiterako momentuan garrantzitsuena esperimentazioa da, bakoitzak materialen eta hauen konbinazioetan hausnarketak egiteko eta horren ondorioz hurbilpen ludiko bat sustatzeko. Honetan ez dago mugarik, edozein material erabil daiteke, adina kontuan hartuta, noski. Sortutako eredu ezberdinak aztertu di-
tzakegu, atera diren koloreak, formak, ehundurak, konposizioak, irudiak, etab. ikusiz. Gauza edo interes bera era ezberdinetan adierazi dezakegula konprobatuko dute ikasleek segun eta bakoitzaren izaera eta egiteko modua. Horrek erakusten digu egiteko modu bakarrik ez dagoela, alegia, ondo-rik ez dagoela. Ondoren, teknika erakutsi daiteke lengoaia honetan sakontzeko eta trebeagoak izateko.

Eta artearen lanketak zer-nolako ekarpena egiten dio haurraren sormenari, irudimenari eta adierazpenari?

Arte lengoaia gure sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko bide bat da. Bide horretan, lengoaia horren elementuak nola erabili erabaki behar dugu. Erabakitze-prozesu hau kontzienteki edo intuizioz egiten da, baina lan hau behin eta berriro egiten bada, nahi duguna adierazteko irtenbideak aurkitzera behartzen gaitu. Hala, bai sormena bai irudimena garatzen dira, beraz, haur hori bere bizitzako edozein eremutan momentu batean irtenbideak bilatzeko gai izango da, praktika hau izan badu. Irtenbideak bilatzeko erlazio-arazoei aplikatzeko edo zerbait apurtzen bazaio hori nola konpondu asma-tzeko balioko dio. Nahiz eta sormena eta irudimena arte lengoaiari lotuta garatu, malgutasun hori haurrak barneratzen du eta gero bere bizitzan konturatu gabe aplikatuko du.
Beste aldetik, bakoitzak bere burua edo interesak plastikoki adierazi ahal izatea guztiz osansuntsua da autoestimua, nortasuna eta autoezagupena garatzeko. Alegia, geure burua egiten ari garen artelan horretan islatuta ikusten dugu, horrekin identifikatzen gara eta horrek plazera eragiten digu.
 
Artearen lanketa horretarako zer tresna izan ditzakete irakasleek?
Esan bezala, artea lantzeko edozer erabili daiteke. Oinarrizko materialak eduki ditzakegu ikasgelan, hau da, margoak, pintzelak, buztina, papera... Haurrarentzat oso erakargarria izaten da elementu errealekin edota eguneroko bizitzarekin erlazioa duten materialekin aritzea: pintzak, apurtuta dauden mugikorrak, hostoak, area, ura, jogurt ontzi bereziak…

Arteak norbere ezagutza garatzeko eta komunikazio tresna bezala erabiltzeko ere balio duela diozu. Zehaztu dezakezu?

Haurrak nahiz helduak plastikoki lan bat egin nahi duenean horren inguruan honakoa pentsatu behar du: zer adierazi nahi dugun, zein den gure iritzia gai horren inguruan (gai konkretu bat landu nahi izatekotan), nola adierazi, zein kolore, forma, ehundura eta irudi erabili nahi ditugun horretarako, tamaina handia edo txikia erabilita eroso sentitzen garen, etab. Hau etengabeko ikerketa pertsonala da.
Beste aldetik, segun eta nola erabili ditugun elementuak, geure nortasunaz informazio asko ari gatzaizkio ematen bai besteari bai geure buruari; nolakoak garen, zer pentsatzen dugun, zer den guretzat garrantzitsuena…  hori guztia azaleratzen dugu. Geure bizipenak, geure sentsibilitatea kanpora ateratzen ari gara. Pertsona askorentzat lengoaia artistikoa hizkuntz lengoaia baino askoz balioagarriagoa da nahi dutena komunikatzeko. Hori gerta daiteke adin horretan analisi bat egiteko gai ez garelako edota gure izaera lengoaia artistiko baten bidez hobeto adierazten delako, pentsatzeko gure bide naturala jorratuz.

Museoetako artelanak nola ikusi eta landu daitezke ikasleekin?

Museoetan ikusten ditugun artelanak eta museoa bera, esperientzia bat izan behar da guretzat. Ikusten ari garena gurekin erlazionatu eta bizi behar dugu. Berdin dio koadro, eskultura edo instalazio bat izan. Koadro bat eredu moduan hartzen badugu, adibidez, abstraktua edo figuratiboa izan edo ez, ikusten dugunaren eta sentiarazten digunaren inguruan min-tza gaitezke eta gero klasean horren inguruan lan bat proposatu. Garrantzitsuena umearen interesa piztea da, berarekin, bere bizitzarekin edota bere gustuekin lotuz ematen den elkarrizketan.  Gauza ez da artelan horren datu guztiak jakitea baizik eta erlazio pertsonala sortzea ikusten ari garenarekin. Artelan horretaz informazioa baldin badaukagu, informazio hori bizipena sustatzeko erabili dezakegu, momentu jakin batean aproposa iruditzen bazaigu. Artelan horren berezitasunak edo teknika azaldu daiteke umeen interesa hortik badoa eta balioagarria izango bazaie nahi duten lana egiteko. Horrela, lengoaia plastikoa landuko dugu, baina beti bakoitzaren interesari lotuta agertuko da.
Zein baliabide dituzte irakasleek horretarako?
Artelanei buruzko informazio asko Interneten bidez edo museoetan bertan eskuratu dezakegu. Baina ikasleek aldez aurretik artelana ikusi eta aztertu beharko lukete; zergatik gustatzen zaien ala ez euren buruari galdetuz, zerk deitzen dien arreta, zergatik, zer aldatuko luketeen gustukoagoa izateko, zer sentitzen duten horren aurrean, zer gogorarazten dien, zerekin lotzen duten beren eguneroko bizitzan, zer-nolako musika jarriko lioketen artelan horri, zein hitz aukeratuko luketeen deskribatzeko, guztia ala parte bat bakarrik gustatzen zaien, etab. Hau da, honelako azterketa pertsonal bat eginez ez dute arazorik izango artelanaren inguruan elkarrizketa sustatzeko, dibertigarria eta entretenigarria izango da, gainera.