ETORKIZUNA ERAIKITZEN: Lanbide Heziketa eraldaketaren gurpilean

2016-10-01

Teknologien bultzadaz, abiada handian aldatu da lan-mundua azken urteotan. Aldaketa orok sortzen duen ziurgabetasun eta konplexutasun sentsazio hori indartu besterik ez du egin krisi ekonomikoak. Testuinguru horretan lan egiteko prestatu behar ditu Lanbide Heziketak ikasleak. Beraz, formazio tekniko konplexuaz gain, ziurgabetasun eta aldaketa bizkor horiek kudeatzeko gai diren ikasleak formatzea du orain erronka. Korapilo horretan, eraberritzea, errotik aldatzea beste biderik ez du aurkitu.

 
 

Teknologia berrien bultzadak nabarmen aldatu du gure bizimodua azken hamarkadotan. Teknologia horiek, gainera, etengabeko eboluzioan daude, eta abiada bizkorrean sortzen dira lanabes nahiz gailu berriak eta desagertzen ordu arte ezinbestekoak ziruditenak. Ziurgabetasuna da nagusi. Jendarteko beste alorretan bezala, eraldaketa horrek eragina izan du lan-munduan ere, gure inguruko enpresa-sarean. Eta, lan-mundu horretarako sarbide zuzen izatea bokazio duen Lanbide Heziketak, aldaketen gurpil bizkor horretara egokitzea du erronka, teknologien berrikuntzaren trenera jauzi egitea, eta ziurgabetasunean igeri egiten asmatzea. Eraldaketa-prozesu hori gidatzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketarako sailburuorde Jorge Arevalo, eta prozesu hori bere zentroan txertatzeko borrokan, berriz, Alberto Arranz, Irunen egoitza duen Bidasoa Lanbide Heziketako eskolako zuzendaria.

Munduan gauzak asko eta azkar ari dira aldatzen, Arevaloren ustez, eta “aldaketa horrek eraldaketara behartzen gaitu. Lehengo gauza berak egiten jarraitzen badugu, lehengo modu berdinean, ez dugu etorkizunik oinarrian diferentea den testuinguru berri batean”. Inguru berri horretan, ziurgabetasuna da ezaugarri nagusia, bere esanetan. Izan ere, enpresek gero eta merkatu zabalagoan lehiatu behar dute, eta horrek etengabe produktuak berritzera edo eguneratzera behartzen ditu, eta, horrenbestez, teknologia berrietan “babesa bilatzera. Teknologia, horiek, ordea, ziurgabetasuna areagotu egiten dute hein batean, beraien garapena oso azkarra delako. Jada ezin dugu Lanbide Heziketako ziklo batean pertsona bat formatu makina jakin bat erabiltzeko, ez baitakigu epe laburrean makina hori erabilgarria izango den; ikaslea prestatu behar dugu prozesu oso bat kudeatzeko, zeinetan ez dakigun zein makina mota erabili beharko duen ere; trebatu behar dugu ekintzailetasuna bezalako balioetan”.

Bat dator ideia horrekin Arranz ere: “Ez dakigu zer datorren. Agian ari gara ikasleak formatzen ikasketak amaitzean existituko ez den lanpostu baterako. Beraz, indarra jarri behar dugu egokitzeko gaitasuna duten pertsonak sortzeko, ziurgabetasun hori kudeatzen jakingo dutenak, adaptatzen dakiten pertsonak”.

Beraz, Lanbide Heziketako ikasleen prestaketa, formazio horren filosofia errotik eraldatzeko beharra dute. Eta, eraldaketa horren oinarrian, pertsonak daude: “Gai baldin bagara pertsona horien prestaketa eraldatzeko, gai izango gara bizi ditugun aldaketei erantzuna emateko”, dio Arevalok.

Gauzak horrela, azken urteetan sailburuordetzatik Lanbide Heziketako zikloetako formazio-maila hobetzea izan dute helburu. “Pertsonen prestaketa aldatu behar dugu kualifikazio hobea izan dezaten, humanitate mailan balio handiagoak izan ditzaten eta prest egon daitezen izatez deserosoa den ziurgabetasunean bizitzeko”, dio Arevalok. Ikasleen artean solidaritatea eta konpromisoa bezalako balioak indartzeko eta jarrera ekintzailea sustatzeko beharra ikusten du: “Egiteko eta esperimentatzeko gogoa duen jendea formatu nahi dugu; erratuko dena, normala baita, baina berriro altxa eta aurrera egingo duena”. Bere ustez, etengabeko aldaketan dagoen lan ingurune batean, ezinbestean enpresa baten baitan lanpostu bat baino gehiagotan aritzeko edo sektore bateko jarduera batean baino gehiagotan gai den jendean prestatu behar da. Horrekin batera, ordea, enpresek espezializazioa ere eskatzen diote langileari, “batik bat industria arloan, zeinetan industria 4.0-aren iraultza bizitzen ari diren eta teknologia oso konplexu eta aldakorrekin egin behar duten lan”. Horregatik, Lanbide Heziketan titulazio berriak behar dituztelakoan dago, eta, horiek sortzeko bidean, oinarrizkoa izango da inguruko enpresen ekarpena: “Sarri enpresei neurrira egindako erantzunak ematen dizkiegu. Zerbait berria ekoitzi behar badute eta ez badute horretarako prestaturiko profesionalik, adibidez, gugana jotzen dute eta zer behar duten azaltzen digute. Guk informazio horretatik konpetentziak zehazten ditugu eta formazio bat sortzen dugu”.

Zertan gauzatzen da eraldaketa?

Bidasoan duela 10-12 urte hasi ziren eraldatzeko lanean, Espainiako Hezkuntza Ministerioak berrikuntzarako sortutako deialdietan beraien proiektuak aurkeztuz. Orain, Eusko Jaurlaritzak sorturiko Tknika zentroarekin ari dira elkarlanean eraldaketa-prozesu hori beraien zentroan errotzeko. Hain zuzen ere, berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua dira Tknikaren ardatzak, eta EAEko Lanbide Heziketa egunera-tzeko eta “abangoardian kokatzeko” egiten dute lan.

Tknikaren eskutik berrikuntza gaietan formazioa jasotzen dute Lanbide Heziketako zentroetako irakasle eta zuzendariek. Besteak beste, lehiaren zaintza delakoan trebatzen dituzte, sarean dagoen informazioa behatu dezaten eta egunean egon daitezen beraien alorretan gertatzen ari diren aurrerapen teknologikoetan, produktu berrietan…  “Hori lagungarria izan daiteke irakasle hori egunean egoteko eta bere ikasgelan teknologiarik berrienak irakasteko, baina balio dezake, baita ere, proiektu berritzaile baterako ideiak hartzeko”, dio Arranzek.

Izan ere, Tknikak gidaturiko Berrikuntzarako errutinak programaren baitan, berrikuntzarako foro bat dute Bidasoako zentroan. Astean behin elkartzen dira irakasle guztiak, berrikuntzaren arloan aurrera nola egin dezaketen hausnar-tzeko. “Eskatzen diegu buruan dituzten ideiak planteatzeko, baita zentzugabeak diruditenak ere, eta bilera batzuetan horretantxe aritzen gara, ideiak jasotzen. Hurrengo bilera batean ideia horiei galbahea pasa eta aukeraketa egiten dugu. Horietako batzuk berrikuntzarako proiektu bilakatzen dira eta zentroan martxan jartzen ditugu, eta beste batzuk bidean gelditzen dira, zailak edo garestiak direlako”. Dena dela, halakoetan batzuetan enpresa jakin batekin edo Lanbide Heziketako beste zentro batekin jartzen dira harremanetan, bakarka egiteko zaila edo garestia zen proiektu hori elkarlanean egiteko. Gaur egun martxan dituzte berrikuntzarako proiektu asko elkarlanean oinarritzen dira, hain zuen.

Zentroen arteko foroa ere sortzen du Tknikak. Bidasoako zuzendari Arranz, esaterako, astero izaten da Tknikaren egoitzan, eta beste zentro batzuetako zuzendariekin elkar-tzen da bertan. Foro horretan, batik bat zentroetan berrikun-tzarako dinamikak txertatzeko prozesuan dituzten erronka nahiz zailtasunak partekatzen dituzte, baina baita aurkitu dituzten konponbideak ere. “Lehen erdi ezkutuan ibiltzen ginen, batek egiten zuena besteari kontatu nahi ezean. Orain beste gardentasun bat dago, informazioaren beste truke bat”. Eta, horrek, elkarlanari ere ateak ireki dizkio.

Zentro desberdinek euren artean ez ezik, zentro bateko departamentu desberdinak ere elkarlanean aritzen dira proiektu jakinetan. Horrekin asko aldatu da irakasleen lana ere. “Orain ezin du mugatu bere eskolak ematera, eta kitto. Beste departamentu bateko ikasleak etorriko zaizkio bere ‘ordu librean’, esaterako, gai zehatz batean aholkulari-tza eskatzera, edo beste departamentu bateko proiektuan laguntzea egokituko zaio...” Eta, batik bat, eskola-orduetan darabilen metodologia goitik behera aldatu behar izan dute irakasleek, eraldaketa-prozesu honetan denak egokitu behar baitu garai berriek eskatzen dutenera. Izan ere, berrikuntza proiektuak sortu ez ezik, berrikuntza Lanbide Heziketako zentroetan bertan aplikatzea ere bada erronka. Batetik, zentro horien funtzionamenduan, antolaketan, kudeaketa-ereduetan; eta, bestetik, irakaskuntza-prozesuan erabilitako metodologietan. Arevaloren esanetan, “erronketan oinarrituriko metodologia aktiboaren aldeko apustua egin dugu, eta hori aplikatzen da Lanbide Heziketako zentro gehienetan”. Hau da, ikasleek erronka zehatzei erantzunez ikasten dituzte edukiak, eta irakasleari prozesu horretan bidelagun izatea dagokio.

Edukiak irakastetik, proiektuetan bidelagun izatera

Ikasleak jasotzen duen edukia, ezagutza, eguneratu bada ere, ez da hainbeste aldatu, batik bat arlo teknikoetan. Baina bai eduki hori transmititzeko modua. Irakaslea azalpenak ematen arbelean, bere mahaiak babesturik ikasleegandik; ikasgela bateko irudi klasiko hori apurtzeko lanean ari dira Tknikaren laguntzarekin. “Hautsi egin behar da irudi hori: irakasleak txapa ematen eta ikaslea apunteak hartzen”, dio Arranzek. Horretan laguntzeko, ikasgela-eredu berriak ari dira irudikatzen, eta Tknikan jada sortu dituzte prototipo batzuk: gela gardenak, kristalezko hormekin, edozein lekutan ideiak idazteko eta besteei aurkezteko aukera ematen dutenak; malguak, zeinetan ikasleen mahaiak etengabe aldatzen diren lekuz, taldean lan egitea erraztuz; teknologia berrietara sarbidea dutenak, zorutik jaisten diren zutabeekin, zeinek sarera konexioa egiteko gailu elektronikoei sarbidea ematen dieten; eta zeinetan ez dagoen gorderik irakaslearentzat leku jakin bat, hau uneoro interakzioan ariko baita proiektuetan lanean ari diren ikasleekin. Tknikako prototipo horiek ere lekua hartzen ari dira Bidasoan; gela bat osorik eredu horren arabera sortu dute, eta beste hainbat egokitu, hormak bota eta beirateez ordezkatuz, eta hausnartzeko txokoak sortu...

Proiektuetan elkarlanean irudikatzen dira ikasleak espazio horietan, eta hori izan da metodologia kontuetan Bidasoan emandako jauzirik handienetarikoa. “Lehengo materia berdinak ematen ditugu, baina aplikatuta, proiektu batean gorpuztuta. Irakasleen egitekoa da zalantzak argituz laguntzea, gidatzea, eta ikasleek proiektuan zehar dituzten beharren arabera, eduki batean edo bestean sakontzen du”, Arrainzek dio. Eta, proiektu horiek zenbat eta errealago izan, hobe. Horregatik, sarri inguruko enpresen zerbitzura aritzen dira, horiek martxan dituzten proiektuetan parte hartuz: enpresak zentrora jotzen dute behar duten aplikazio eta zerbitzu jakin baten bila, eta ikasleak horretan jartzen dira lanean. “Ikasleentzat ez da gauza bera irakasleak planteatutako fikziozko arazo batean lan egitea, edo enpresa batentzat aritzea. Beste modu batean inplikatzen dira, hobeto ulertzen dute epeen urgentzia, kalitatearen edo balio erantsiaren beharra… eta lan munduko benetako dinamika eta beharrak ezagutzeko balio die. Gure helburua ez da teknologia edo garapen zentroekin lehiatzea, baina bai horietako baten zerbitzuak eskuratzeko aukerarik ez duen eskualdeko enpresa txiki edo ertain bati laguntzea”.

Proiektu horien bidez, gainera, Lanbide Heziketarekin harreman estua duen eskualdeko enpresa-sarera berrikuntza eramatea ere lortzen dute, soluzio eta egiteko modu berriak planteatzen baitizkiete, eta enpresa horietan teknologia berriak txertatzen hasteko bide bat izaten da. Enpresa horietan berrikuntzaren hazia ereiteko, alegia.

Gehiago ikasi, gusturago ikasi

Metodologia berri honek, gainera, bai irakasleen bai ikasleen motibazioan eragina du. “Irakasleek esaten didate, ‘lehen txapa botatzen nuen eta askotan ez nekien ulertu al zuten, gustatu al zitzaien ikasitakoa… orain beraiekin elkarlanean ari naiz eta ikusten dut nik azaldutakoa aplikatzeko gai direla eta interesez ari direla lanean’. Hori oso aberasgarria da irakasleentzat, eta berrikuntzarekin jarraitzeko eta aldaketa hauetan sinesteko sentsibilizatzen ditu”.

Ikasleek ere, hobeto erantzuten dute dinamika berri hauen aurrean. “Motibatuago ikusten ditugu. Lehen zerbait egiteko eskatu eta kexa izaten zuten. Orain beraien proiektua sortu behar dute, eta goizean iritsi eta 3D inprimagailura doaz korrika, sortu duten tresna zehatz bat nola gelditu den ikusteko. Gero, proiektua taldean aurkeztean, beraiek autoebaluatzen dira: ikusten dute albokoak hau edo hori erantsi diola gailuari, eta agian beraiena ez dela nahikoa izan, eta motibatu egiten dira gehiago egiteko. Azkenean, eraldaketa hauekin gehiago ikasten dute, eta, gainera, gusturago daude” .

Beraz, Arranzek argi du etorkizunean bide beretik eman behar dituztela urratsak: “Hori da etorkizuneko erronka: adi egon zer ari den mugitzen gure alorretan, eta pertsona malguak formatu. Eta zentroak horren ispilu izan behar dira: guk ere aldaketarako prest egon behar dugu, eta malguak izan abentura berrietan sartzeko”.

Eta, egidanko eraldaketa lan honen guztiaren ondorio, nola irudikatzen du Arevalok Lanbide Heziketaren etorkizuna epe ertainean? “Asko pentsatu dut hortaz, eta baikorra naiz. Egin dugun ibilbidea ikusirik, Europako Batasunetik gure lanari egindako aitortza ikusirik, irudikatzen dut Lanbide Heziketa modernoa izango dugula, orain arte ezagutu dugunetik oso desberdina kontzeptuetan, errealitatera egokitua, eta oinarri sendoa eskainiko duena herrialdearen garapenerako. Iruditzen zait jendartea gustura egongo dela hemengo ereduarekin, eta konfiantza izango duela”.

 

Berrikuntzaren hamaika erpin

Orrialde osoko diagrama handi bat betetzen du Bidasoa Lanbide Heziketa zentroko berrikuntza-proiektuen mapak. Erdian, ikasturte honetan abian izango diren lau proiektuak agertzen dira, eta inguruan oraingoz ideia besterik ez direnak, edo finantzaketa eta aliatu bila dabiltzanak; oraindik proiektu ez direnak, baina, horietako batzuk, izango direnak.

Abian diren proiektuen artean agertzen da Lanbide Heziketako zentroen artean Bidasoa erreferentziazko bilakatu duen dronen aplikazioen proiektua. Geodesia eta kartografian ingeniaria da Daniel Tena, Bidasoako Topografia eta Obra Zibilen departamentuko kidea, eta duela 10-12 urte fotogranometria teknikak aplikatzeari ekin zion bere departamentuko zikloetan; hau da, airez lorturiko irudiak erabil-tzeari lur-eremu zabaletako mapak osatzeko. Denborarekin, “ikusi nuen softwarea eboluzionatzen zihoan heinean gero eta aukera gehiago zeudela, eta kamerak airean altxatzeko gai ziren makinak agertzen hasi zirela eta aire-irudiak lor-

tzen zituztela, ordu arte hegazkin bidez bakarrik lor zitezkeenak”. Hau da, bere alorretan teknologia berrien eremuan agertzen ziren garapenei adi, dronen agerpenaren berri izan zuen Tenak eta, 2010ean zentroan planteatu zuen dron bat erostea; ordu arte ez zegoen halakorik Euskal Herriko Lanbide Heziketa zentro batean. Hortik abiatuta, Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren deialdi batera aurkeztu eta dronek Lanbide Heziketan izan zitzaketen aplikazioak ikertzeari ekin zion. Gaur egun beraien formazio-zikloetan erabiltzen dituzte dronak, kartografian nahiz obra zibilean, eta, Lanbide Heziketarako Sailburuordetzarekin elkarlanean, dronen erabileraren inguruko espezializazio ikastaro bat sortzen ari dira, AESA estatuko aire segurtasunerako agentziaren habilitazioarekin. Tenak formazio sakona jaso du gai hauetan, eta erreferentzia bilakatu da.

Beste berrikuntza proiektu arrakastatsuetako bat biltegi inteligentearena izan da. Usurbilgo Lanbide Heziketa zentroarekin eta Bidemedia enpresarekin elkarlanean garatu dute hori Bidasoako ikasle eta irakasleek. RDIF (radio frequency identification) sistema bat garatu dute, biltegietatik zein erreminta ateratzen diren eta horiek nork atera dituen modu automatikoan identifikatzeko, baita itzuli al diren ere. Bidasoako mekanika tailerrean martxan jarri dute jada, eta erremintekin lanean aritzen diren biltegi handiek, Alemania edo Erresuma Batuko enpresa zenbaitek, teknologia hori eskuratzeko interesa agertu dute.