PLISTI PLASTA: NATURA HEZIKETARAKO ESPAZIO

2016-10-01

Hirugarren ikasturtea hasi berri dute Ozetako (Araba) Plisti Plasta heziketa gunean. Basoan dagoen eskola da Plista Plasta, baina bertako arduradunek “baso-eskolaz” baino nahiago dute naturan dagoen heziketa espazioaz hitz egin. Mendian, aire librean ikasten dute Plisti Plastako haurrek. Bisita egin die Hik Hasi-k, Euskal Herrian martxan den naturako lehen hezigunea ezagutzeko.

 
 

Euria ari, haizea ibili, izotza egin, sargori egon… 3 eta 6 urte arteko 22 neska-mutiko inguruk basoan igarotzen dute goiza Plisti Plastan. Naturak eskaintzen dituen baliabideak soilik erabiltzen dituzte heziketa-bide gisa, eta egunero, basoan ibili ostean, goizean aurkitu bezala uzten dute ingurunea, gizakiarenak izan ohi diren ezelango arrastorik gabe.

Plisti Plastaren atzean dagoen filosofia argia da: “Natura ez da gurea, baizik eta gu gara naturaren parte”, hala azaldu diote Hik Hasi-ri Mireia Baz eta Andrea L. Pariza heziketa gunearen bidelagunek eta arduradunek. Izan ere, egunero basoan biziz, inork kanpotik ezer esan beharrik gabe, ekosistema horretako zikloaren barnean txertatzen dira haurrak. “Ez dute Zuhaitzaren egunik behar natura zaintzen ikasteko, baizik eta badakite basoa euren etxea dela, naturaren parte direla eta hori bizi dute”.
Europa iparraldean ohikoak dira baso-eskolak. Alemanian, adibidez, 1.000tik gora daude. Hangoa da baso-eskolaren esperimentatzaile handienetariko bat ere, Philip Bruchner. Besteak beste, berarekin egin dute baso-eskolaren inguruko formazioa Andreak eta Mireiak.
Bizipena da ikaskuntzaren oinarri Plisti Plastan. Egun batean lokatzetan ibiliko dira, hurrengoan lurra lehorra dagoela konturatuko dira, beste batean hostoak horitzen hasi direla behatuko dute, edota haizeak zuhai-tzak mugitzen dituela, perretxikoak atera direla... masustak jango dituzte, behiak larrean nola dabiltzan ikusiko dute… Azken batean, esperimentaziorako espazio aberatsa da basoa, toki lasaia, isila, gaurko gizarteak ematen dituen estimulu azkarrik gabea… Eta espazio natural horretako parte dira haurrak, horrek guztiak eskaintzen dituen baliabideekin. Hala dio Mireiak: “Naturako elementuek hamaika erabilera izan ditzakete. Haur asko erabilera zehatz bat duten material egituratuekin dago ohituta, baina hemen ez dago horrelakorik. Basoan, egun batean makila bat ezpata izan daiteke, beste batean zenbatzeko balio dezake, hurrengoan erratza bezala erabiltzeko edota etxea eraikitzeko. Naturan sormena izugarri garatzen da”. Eta zera gaineratzen du Andreak: “Gaitasun motorra lan-
tzeko ere aukera paregabea eskain-tzen du basoak. Zuk psikomotrizitateko gelarik onena presta dezakezu, baina inoiz ez du izango naturako espazio baten aberastasunik. Basoak, gainera, taldean nahiz bakarka ibiltzeko aukera ematen die haurrei, nahieran jardutekoa”.
Plisti Plastan ez dute basoak ematen dituen baliabideez bestelako ezer erabiltzen. 2015-2016 ikasturtean, behin soilik eraman zuten Montesso-riren material bat, haurrek igelaren arrautzak ikusi eta haien gaineko interesa erakutsi zutelako. Hain zuzen ere, igelaren zikloa nolakoa den azaltzen duen materiala erabili zuten, baina kasu bakarra huraxe izan zen. Gainera, hezitzaileek argi diote: “Umeari aukeratzeko ematen badiozu, naturako elementu bat aukeratuko du beste edozeren aurrean. Gainera, zenbat eta material gutxiago eskaini, sormena gehiago landuko du. Izan ere, nahi duen hori egiten saiatuko da, baina basoko baliabideekin”.

Pixkanaka, proiektua sendotzen

2014ko azaroan hasi zuten Plisti Plastako proiektua bost umerekin eta bi bidelagunekin. Ordurako hamar bat urte zeramatzaten Plisti Plastako arduradunek errespetuzko heziketaren inguruan ikertzen. Geroago, Madrilgo Saltamontes proiektua
—naturan heztea helburu duen egitasmoa— ezagutu zuten, Kiribilore Permakultura elkarteko partaide ere baziren, eta, Ozetako Udalak lokal bat utzi zienez, Plisti Plasta proiek-tua martxan jartzea erabaki zuten, heziketarako ohiko eskolaz bestelako esperientziak bizitzeko. Geroztik, basoan heztearen inguruan formatu dira, batez ere, eginez ikasi dute, eta pixkanaka hazten eta ontzen joan da proiektua.
Haurraren erritmoaren eta nahien errespetuan oinarritzen badira ere, antolaketa zehatza dute Plista Plastan eta baita hainbat errutina ere egunero errepikatzen dituztenak. Goizeko 10etan Ozetako frontoi alboko zuhaiztiko enborretan elkar-tzen dira familiak eta hezitzaileak. Familiako kideek alde egin ondoren agurra egiten dute: nor falta den, zer egiteko gogoa duten, egun horretan nora joatea gustatuko litzaiekeen, zer moduz sentitzen diren… eta horren guztiaren inguruan mintzatu ostean, abesti bat kantatzen dute eta basora abiatzen dira. Baso txikira edo baso handira joan ohi dira, umeen nahiaren eta eguraldiaren arabera. Baso handian badituzte beste erreferentzi-azko leku batzuk ere: putzua, erreka, hamaiketakoaren lekua, eskalatzeko leku handia eta leku txikia, ganadua egon ohi den belazea… Eta beste horrenbeste baso txikian. Gainera, toki horiek guztiak, haurrek eurek pixkanaka aurkitutakoak dira, izenak ere haiek emandakoak.
Basora abiatzen direnean zenbait tokitan geldialdiak egiten dituzte, haur guztiek erritmo ezberdinak dituztelako, eta taldean dabiltzanez, eta bi hezitzaileek haur guztiak zaindu behar dituztenez, inor bistatik galdu ez dezaten: “Askotan guk ezer esan gabe itxaroten diete atzetik datozenei; beste batzuetan berriz, korrikan joateko gogoa izaten dute handienek eta guk gogorarazten diegu txikienei itxaron behar diegula inor ez galtzeko. Hala ikasten dute, guztiok erritmo desberdinak ditugula, baina talde bat osatzen dugunez denok batera mugitu behar dugula”, dio Andreak.
10:00etatik 13:30era arte ibiltzen dira basoan. Arropa eta oinetako bereziak dituzte, bustiari eta hotzari aurre egiteko prestatuak. Eta arropak ere eramaten dituzte, inor busti bada aldatzeko. Eguraldia oso txarra bada, frontoia eta aldameneko gela ere erabiltzen dituzte, baina Andreak eta Mireiak adierazitako moduan, 2015-2016 ikasturtean bospasei aldiz soilik geratu ziren basora irten gabe.
Beraz, basora joaten direnean, lehendabizi euren kasa jolasean ibiltzen dira haurrak: zuhaitzetara igo, orbelarekin jolastu, putzuan sartu, zapaburuak harrapatu, amaketan aritu, etxetxoak egin, malda gora eta behera zilipurdika ibili, harrapaketan jardun… Hasiera horretan hezitzaileak bigarren planoan geratzen dira. Gero, hamaiketakoa egiten dute, lurrean manta bat zabaldu eta denak gainean eserita. Bakoitzak bere motxilan ekartzen du etxetik janaria. Amaitu ahala jolasera joaten dira eta guztiek bukatzean hezitzaileek proposatutako jarduera bat egiten dute: “Tarte horretan gure parte-hartzea beste era batekoa izaten da. Alegia, hamaiketako aurretik jolasean libre ibiltzen direnean gu bigarren plano batean geratzen gara, nahiz eta gataz-karen bat baldin badago gerturatzen garen gure presentziak segurtasuna eman diezaien, baina gainontzean ez dugu esku-hartzerik egiten. Aldiz, hamaiketako osteko jolasean gu aktiboago gaude, guk ere parte har-tzen dugulako. Helburua da haurrak berriro ere gurekin emozionalki konektatzea, hala, gero beren jolasean jardutea errazago egin dakien”.
Beraz, hezitzaileekin batera eginiko jolasaren ostean, eurek aukeratzen duten beste leku batera joan eta beren kasa jarduten dute jolasean, eta horren ondoren, atzera ere frontoi ondoko enborretara abiatzen dira. Baina bideko gune zehatz batean goizeko jarduna ixteko —egunaren arabera toki batean edo bestean— ipuin bat kontatzen diete, beti ahoz, inolako euskarririk erabili gabe. 13:30erako frontoira itzultzen dira, katiuskak eta arropa berezia kendu eta gurasoekin elkartzen dira. Hala nahi duten familientzat zaintza zerbitzua ere badute 9:00etatik 10:00etara eta 13:30etik 14:30era.

Hiru oinarri pedagogiko

Heziketarako bitarteko gisa basoak edota naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzeaz gain, Plisti Plastan badituzte bestelako hainbat oinarri pedagogiko ere. Hiru ildotan barnebiltzen dituzte:

1. Haurraren garapen prozesuaren errespetua: gizakiok izaki biologiko garen heinean, barne-plan batekin jaiotzen garela diote Plisti Plastako arduradunek, eta barne-plan hori garatu ahal izateko inguruan baldin-tza zehatz batzuk eman behar direla. Hori litzateke hain zuzen ere bidelagunaren egitekoa, alegia, segurtasunezko giro emozionala eskaintzea: “Helduaren egoteko modu adeitsuaz eta maitekorraz ari gara, umeari gertutasuna eskaintzeaz. Horrekin batera, umearekin lotura emozionala egitea lortu behar dugu, izan begiradarekin, ahozko hizkuntzaren bidez, jolasaren bidez…”, argitzen du Andreak.

Horrez gain, haurren emozioak onartzea eta emozio horiek adierazteko espazioa ematea ere oso garrantzitsua iruditzen zaie Andreari eta Mireiari: negarra, aharrausia, dardara, barrea… “Komunikazio zintzoa” deitzen diote horri, eta en-tzute aktiboarekin nahiz komunikazio ez bortitzarekin lortzen dute: “Gure egitekoa da haurrei itzultzea eurek esaten dutena, egiten dutena, senti-tzen dutena… epaitu gabe, soilik haiei entzunaz eta haiek behatuz”.
“Diziplina demokratikoaz” ere hitz egiten dute Plisti Plastan. Kontuan hartzen dute zeintzuk izan daitezkeen heziketa espazio horretan dauden arrisku aktiboak eta elkarbizitzarako zer-nolako arauak behar dituzten. Era berean, bidelagunen nahiz haurren premiak zeintzuk diren, eta umeak zaindu ahal izateko zein behar dituzten ere aintzat hartzen dute. Eta horretan guztian oinarrituz arauak eta mugak ezartzen dituzte, baina beti zigorrak eta sariak saihestuz.
Ikuspegi hori bera aplikatzen dute gatazkak daudenean ere: “Eurei uzten diegu gatazkak konpontzen. Erasoren bat egongo dela ikusten badugu, berriz, hurbildu egiten gara muga fisikoa jartzeko eta gure presentziarekin haurra lasaitzen saiatzen gara. Galtzailerik gabeko metodoa da, arazoari eurek aurki diezaien konponbidea”.  Horrekin guztiarekin, helduek ere ikasten dutela diote, prozesu horien parte direlako, eta bizipenak hausnarketarekin eta teoriarekin lotuz aurrera egiteko balio dielako.

2. Jolas askea eta espontaneoa: haurraren garapenerako oinarrizko elementua da jolasa Plisti Plastako proiektuan, uste baitute horixe dela gako nagusia umearen autonomia eta nortasuna garatzeko, bizitakoa barneratzeko eta inguruko mundura egokitzeko: “Tentsioak husten dituzte jolasaren bidez eta, gainera, esperientzia hori gozagarria zaie. Jolasak, bideratua ez den heinean autoestimua sustatzen du, umeen arteko harremanak sendotzen ditu, elkarrekiko errespetua lantzeko balio du eta bakoitzak norbere buruarenganako konfiantza suspertzeko. Hobeto finkatzen da garunean ikasitakoa, benetan eurek erabaki dutelako jolas hori egitea, eta jolasaren diseinuak eta arauak negoziatzean lengoaia nahiz gaitasun sozialak garatzen dituzte. Maria Montessorik zioen moduan, jolasa umeen lana da”.

Kontuan izan behar da, gainera, jolas horretan ume guztiak batera aritzen direla, alegia, adinak nahasian. “Niretzat hor sekulako aberastasuna dago. Adinak nahastea klabea da”, dio Mireiak. Izan ere, hala, batzuek besteengandik ikasten dute: “Adibidez, txikitxo bat jausi egiten bada, nagusi bat etortzen da eta lagundu egiten dio, gure zain egon gabe. Eta nagusiek ere txikiengandik ikasten dute; adibidez, haiek erritmo ezberdina dutela konturatzen dira eta pazientzia izaten eta itxaroten ikasten dute”.

3. Natura oinarri: naturak kalitatezko espazioak eskaintzen ditu Plisti Plastako arduradunen arabera, leku itxiek inolaz ere imitatu ezin dituztenak; esate baterako, garapen motorra lantzeko, alegia, eskalatzeko, igotzeko, jaisteko, salto egiteko, zintzilika-tzeko, arrastaka ibiltzeko… “Naturan hainbat gaitasun leku itxietan baino hobeto garatu ahal direla uste dugu guk”. Horrekin batera, kontzentra-tzeko gaitasunari ere naturak onura egiten diola diote hezitzaileek, lasaitasuna eta sosegua ematen duelako eta espazio zabala eskaintzen duenez haur bakoitzak bere tokia bilatu dezakeelako. Basoarekin kontaktuan egoteak jakin-minari eta irudimenari ere bidea irekitzen dio. “Egunero aldatzen bada ingurua, egunero aurkitzen dituzu gauza berriak”. Eta horrekin lotuta legoke ziurgabetasunaren kudeaketa ere: “Egunero joaten gara basora, baina ez dakigu putzua nola egongo den, edo izoztu den edo lehorra dagoen, edo zapaburuak dauden…”.

Esperientzia zuzena edukitzeko eta zentzumenen integraziorako ere aukera paregabea ematen du naturak, azken batean, “naturan dena delako koherentea”. Eta horrekin batera, haurrek basoko egurra, harriak, ura, lokatza… ukitzen dituzte eta zuzenean esperimentatzen dute hotza dagoen, beroa, bustia, gogorra, latza… Andreak eta Mireiak dioten moduan, azken batean, “basoa laborategi bat da”. Animaliak, landareak, zuhaitzak, harriak, hostoak, lurra, adarrak… Ura izoztu egiten dela, elurra egiten duela, ikusi duten animalia hori arrabioa dela, udazkenean hostoak erortzen direla, udaberrian kukua kantuan hasten dela, lokatza lehortu egiten dela… hori guztia bizipenetatik ikasten dute, liburuen edo fitxen edo irakaslearen azalpenen beharrik gabe. “Eta naturarekin kontaktuan bizitzeak osasunari ere onura besterik ez dio egiten”.
Eguneroko jardunaren nolabaiteko ebaluazioa egiteko behaketan oinarritzen dira Andrea eta Mireia. Uneoro ari dira behatzen. Gainera, bi hezitzaileek aste batetik bestera funtzioak aldatzen dituzte. Aste batean batak hartzen du goiza dinamiza-tzeko ardura eta beste hezitzailearen egiteko nagusia hari laguntzea izaten da. Eta hurrengo astean funtzioak aldatzen dituzte. Hala, uneoro umeak egiten ari diren horretan arreta jarri eta behatzeko aukera dute. Horrez gain, hilean helburu bat jartzen dute. Adibidez, autonomiaren bidean, eskuak haurrek eurek bakarrik garbitzea.
Gurasoak gustura daude haurrak Plisti Plastan dabiltzalako. Guraso batek esandako moduan: “Eurendako hau egunero txango bat egitea bezalakoa da”. Gurasoekin eguneroko harremana dute Plisti Plastan eta haien bidez ere izaten dute haurrei buruzko informazioa: nola egin duen lo, katarrorik duen, zein beldur dituen... Etxera nola heltzen diren ere esaten diete: ahaldunduta, oso lasai, zuzenean euren jolasean zentratzeko gogoz… Familiek hezitzaileei adierazi dietenez, haurrak pozik ikusten dituzte eta hasi zirenetik izan duten eboluzioa positiboa da. Hezitzaileek eurek ere umeengan ikusi dute aldaketarik: psikomotrizitatean itzela, eta baita naturarekin konektatzeko eta basoa esperimentatzeko moduan ere: “Hasieran akaso lokatza ukitzeak erreparo apur bat ematen zien, orain berriz, lasai asko ibiltzen dia jolasean. Naturaren parte bilakatu dira”.