Ez da paradisurik

2016-11-01

KONTUA EZ DA ESKOLARI IKASLEEN

ARTEAN ELKARBIZITZA ESKATZEA, BAINA BAI, BEDEREN AHALIK ETA
KOEXISTENTZIA ATSEGINENA BERMATZEA. HELBURU EGINGARRIAK IPINTZEAK
ARNASA EMATEN DU, IGERI EGITEKO.

 
 

Kontua ez da eskolari gehiago eskatzea. Kontua ez da eskolari paradisua izan dadin eskatzea. Paradisua, non ez den gatazkarik izango, non denak adiskide izango garen, ikasle eta irakasle, bertako eta kanpotik etorritako. Eskola izan daiteke —eta da—, atrakzio-parke bat bezain dibertigarri; baina eskola izan daiteke —eta da— gudaleku. Bizitza bera bezalaxe. Eta bizitza gatazkatsua da. Bada igerian egin behar da paradisurik ez delako. Eta igerian egiteko jakin egin behar da, eta jakin nora egin behar den igeri.

Immigrazioari buruzko iritzi nagusia txarra den gizarte batean, gurean, ezin zaio eskolari ikasleen arteko elkarbizitzaren bermerik eskatu. Xabier Aierdi immigrazio-gaietan aditua den soziologoak azaldu dio hik hasi-ri immigrazio-prozesuaren hasieran gaudela, epe luzera begiratu behar dela, eta elkarbizitza hel-buru gorena bada ere koexistentzia dela lehen helburua. Eta ez da gutxi. “Bitartean bizi gara, hobeto edo txarrago”. Denborak egingo du berea. Kontua ez da, beraz, eskolari ikasleen artean elkarbizitza eskatzea, baina bai, bederen ahalik eta koexistentzia atseginena bermatzea. Helburu egingarriak ipintzeak, arnasa ematen du, igeri egiteko.

Eta igeri nora, jakin behar da. Korrontearen kontra egingo baitu igeri eskolak. Korronteak, klixeak, estereotipoak, zurrumurruak immigrazioaren kontrakoak baitira. Eta jakiteko norantza egin igeri, sentsibilizazioa beharrezkoa da, korronteak bestela arrisku-eremuetara eraman gaitzake, immigrazioaren kontrako ideietatik immigranteen kontrako jarreretara. Eta oraingoz, oro har, ez da halakorik nagusi, soziologoak argitu duenez, gizarte hau uste okerrekin zuzen ari baita jokatzen. Paradoxikoa. Zorionekoa.

Sentsibilizazioa eta tresnak, programak, baliabideak behar ditu eskolak immigrazioa kudeatzeko, denik eta mugimendu konplexuenetako bat baita.

Herrialde hartzaileak kontrolatzen duen fluxua, noiz, zein, zenbat, nora, nolakoa. Herrialde hartzaileak, beraz, ardura duen fenomenoa da immigrazioa. Baina hala, fenomeno gisa gustatzen ez zaiona. Paradoxikoa. Haatik, fenomenoa pertsonetara ekarririk, hobesten ei du gure gizarteak immigrantea, soziologoak argitu digunez. Eta pertsonak daude gelan, asko eta asko kurtsoaren erdian etorriak, asko eta asko eskolako hizkuntza ezagutzen ez dutenak, asko eta asko etxean baliabide ekonomiko gutxi dutenak, asko eta asko fluxuan beste norabait joango direnak. Konplexua da migrazioa, zaila, eta ezin zaio eskatu eskolari dena lehenbailehen konpontzeko. Ezin zaio irakasleari paradisurik eskatu. Gogoa eskatzen dio soziologoak.

Orain, eskolak badu ardura –hezkuntza sistemak eta baita irakasle bakoitzak ere–. Ardura ahalik eta erantzun egokiena eman behar zaielako gelan dauden ikasle guztiei, eta orobat etorkinei. Ardura itzela, bada. Optimismoak ez gaitzala gehiegi lasaitu. Bertan goxo ito ez gaitezen.