GORPUTZ HEZKUNTZAKO V. TOPAKETEN KRONIKA. Jarduera fisikoa, hezkuntzaren motorra

2016-11-01

2016ko ekainaren 29an, Gorputz Hezkuntzako V. Topaketa egin zen Iurretan. Urtetik urtera arrakasta handiagoa duen topaketa horretan, arloko 140 irakasletik gora elkartu ziren.

 
 

Berritzegune Nagusiko Gorputz Hezkuntzako (GH) Aholkulariak, Joseba Cantalejok, eman zion hasiera eta bukaera topaketari. Webgune berriaren aurkezpena egin zuen (www.gorputzheziketa.hezkuntza.net), eta sarrera egin zion eguneko hitzaldi nagusiari. Luis Larrañaga Piztik Bartzelonako Laia Mestres Pastor aurkeztu zuen. Gorputz Heziketan lizentziaduna da Mestres, eta zenbait master eginak ditu hezkuntza emozionalean, psikologia-neurozientzian eta herritartasun eta balioetan. Unibertsitatean laguntzen du, neurozientziaren ikuspegitik, eta Irene Pellicerrekin elkarlanean ari da, ariketa fisikoa egiteak dituen onurak aztertzen eta bultzatzen.

Laia Mestres Pastor

Duela bi urteko topaketetan, gurekin izan genuen, beste aditu batekin batera, Irene Pellicerrekin. “Escuelas que se mueven” proiektuan murgilduta dago Mestres, eta mezu hauxe zabaldu zuen bere hitzaldian: Neurozientzia + Gorputz Heziketa = Etorkizuneko Eskolak. Jarduera fisikoa hezkuntzaren motorra izan daitekeela esan zuen argi eta garbi. Honela ulertzen du hezkuntza Bartzelonako irakasleak: “Hezkuntzaren ardatza ikaslea erabakiak hartzeko heztea da, ahalik eta arrakasta handiena lor dezan”.
Neurozientziari heldu zion, jarduera fisikoak duen garrantzia azaltzeko. “Garunak egiten ez duena edota erabiltzen ez duena kendu edo ezabatu egiten du. Cotman Ratey Sourak dio garunaren zati bat mugimenduari lotuta dagoela, eta, gizakiak ariketa fisikorik egin ezean, zati hori ‘moztua edo kimatua’ izango dela, edo izan daitekeela”. Horren ondorioz, ariketa fisikorik egiten ez duen per-tsona bati arazo kognitiboak askatzea gehiago kostatuko zaiola azaldu zuen Mestresek.
Gorputz Hezkuntzak bere helburuak ditu, eta garrantzitsua da bere horretan. Baina, horretaz gain, curriculumeko beste arloetarako tresna garrantzitsu bihurtu dela gaineratu zuen Mestresek. Ariketa fisikoa egin ondoren, ikasteko jarrera hobea izaten dela ziurtatu zuen.

ZER EGITEN DU GORPUTZ-HEZKUNTZAK GARUNAREN MESEDETAN?

ZER EGITEN DU GARUNAK GORPUTZ-HEZKUNTZAREN MESEDETAN?

“Lekualdatu eta mugitu beharrak ekarri du garunaren sorrera”. Horren adibide gisa, aszidia ur-animalia aipatu zuen irakasleak: bizitzeko eta itsasteko leku bila ibiltzen da animalia hori. Leku hori aurkitu duenean eta han ezartzen denean, jan egiten du bere garuna. Gizakiaren historia mugimenduarekin, jarduera fisikoarekin, erabat lotuta dagoela adierazi zuen adituak. “Gurera etorriz, gizarte sedentarioa gizarte gaixoagoa dela baiezta genezake, sedentarismoak gaixotasun gehiago ekartzen baititu”.

Mugimenduak garuna pizten du, eta hainbat substantzia jariatzen dira hor; horien artean dago faktore neurotrofikoa edo BDNF proteina (Brain-Derived Neurotrophic Factor). Hiru eremutan eragiten du proteina horrek: neurogenesian —gongoil basalaren eta hipokanpoaren bolumena handitzen du, eta ikaskuntzan laguntzen du—; kapilarretan —odol jarioa areagotzen da, eta, horren ondorioz, garunak jarduera handiagoa izan dezake—, eta sinapsian —neuronen arteko lotura ahalbidetzen du—.  Horrela, Mestresek garbi utzi nahi izan zuen ariketa fisikoa egiteak positiboki eragiten duela ikaskuntza-prozesuan eta oroimenean.
Gure nerbio-sistema eta garuna plastikoak direla egiaztatu da; irakasleak azaldu zuenez, moldagarriak direla esan nahi du horrek. Baina nola eragin dezakegu burmuinean? “Mugimenduaren bitartez. Garuna etengabe eraldatzen da, eta, beraz, ez dugu garun bera bi aldiz erabiltzen. Garuna aldatu egiten da estimulu bakoitzarekin; neurona-sare berriak sortzen dira, eta zeudenak eraldatu egiten dira. Horiexek dira ikaskun-tzaren eta oroimenaren arduradunak”. Hebb-en legearen bidez azaldu zuen hizlariak bere adierazpena:

Estimulua → neurona mul-tzoak aktibatzen ditu → konexio iraunkorrak sortzen ditu → neuronen sarea sortzen du.

Beraz, “gizaki libre” bilakatzen gara biharko egunean gure garuna nolakoa izango den erabakitzeko, Mestresek azaldu zuenez. “Ni horrelakoa naiz... pentsatzen duenak badu iratzartzeko garaia; garuna plastikoa da, eta denok daukagu hobetu eta ikasteko aukera!”.
Jarduera fisikoak ikaskuntza-prozesuan arazoak ekar ditzaketen beste faktore batzuei aurre egiten ere laguntzen duela azaldu zuen Mestresek, John J. Ratey autoreari erreferentzia eginez. Jarduera fisikoak arreta-gabezia duten haurrei lagun diezaieke, eta arreta-gabezia hori tratatzeko erabiltzen diren produktuak ordezka ditzake, edo, gutxienez, eragin berdintsua lor dezake; horixe azaldu zuen.
Ariketa fisikoak neurotransmisioan ere laguntzen du. “Batetik, prozesu kognitiboak eraldatzen ditu, noradrenalina jariatzen baita, eta adi egoten laguntzen du. Bestetik, ikaskuntzarako beharrezkoa den aurretiko jarrera hobetzen laguntzen du; dopamina (motibazioan eragiten du) eta endorfina (ongizateari mesede egiten dio) jariatzen ditu, eta lagungarria da hori ikaskuntzarako behar diren jarrera kognitibo eta afektiboetarako”. Fredikson-en hitzak ekarri zituen ariketa fisikoak zirraretan duen eragina azaltzeko. “Autore horrek dio jarduera fisikoa egiten denean zirrara positiboak izaten direla eta, horrela, gure antolamendu eta errendimendu kognitiboa hobetzen dela. Eraginkorragoak dira hartzen ditugun erabakiak, modu globalean, sakonago eta malgutasun handiagoarekin pentsa-tzen dugulako”. Eta; Mestresek azaldu zuenez, horrek guztiak baliabide gehiago izatea ahalbidetzen digu. “Ariketa fisikoak eta zirrara positiboek ‘zabaldu’ egiten gaituzte”:

Zirrara positiboak → Antolamendu kognitiboa (irekia, malgua, eraginkorra, sortzailea) → baliabideak ematen dizkigu (porrotari aurre egiteko, beldurra gainditzeko eta erronka berriei ekiteko).

Ariketa fisikoa

Ezagunak dira ariketa fisikoa egiteak dakartzan onura asko: zirrarak kudeatzen laguntzen du, eta arretari eusten, distrakzioei kasu ez egiten, nork bere burua kontrolatzen, etab. “Daten, Cheng eta Peressutti autoreek jarduera fisikoa praktikatzeak bihotz-aldakortasuna handitzea dakarrela diote, eta pertsonaren ongizateari mesede egiten diola horrek, batik bat, bestelako estrategiekin osatuz gero (erlaxazio-ariketak, arnasketa-ariketak, meditazioa, giza harreman arrakastatsuak eta maitekorrak lantzea…)”. Exekuzio-funtzio horien guztien arduraduna kopeta aurreko kortexa dela azaldu zuen adituak. “Ariketa fisikoa egiten duen gizakiak neurobabesleen abantailak izango ditu. Eta, unean uneko ongizateaz gain, mesede egingo dio epe luzera”. Adibidez, 15-19 urte bitartean jarduera fisikoa era sistematikoan eta etenik gabe egin duen pertsona batek pentsamendu logiko-matematiko eta hizkuntza-ulermen hobea izango ditu, ariketarik egin izan ez balu baino. Gainera, gaitasun mental hobea izango du 50 urte geroago, zahartzaro-prozesurako.
Gure gorputza, berez, jarduera fisiko ugari egiteko diseinatua dagoela azaldu zuen Mestresek, eta horregatik lortzen ditugula hainbeste hobekuntza. Horrez gain, oroimen- eta ikaskuntza-prozesuetan duen eraginaz eta onuraz jabetzen bagara, GH arloak hezkuntza-sisteman duen pertzepzio orokorra aldatuko dugu. Mestresek hezkuntza-sistemaren barruan ditugun lau egiteko nagusiak nabarmendu zituen: “Batetik, GH arloko ordu gehiago sartu behar dira eskoletan. Bigarrenik, GH arloa estrategikoki esanguratsuak diren tokietan kokatu behar da, ordutegien barnean. Hirugarrenik, ezagutza horiek aditzera eman behar zaizkio hezkuntza-komunitate osoari. Eta, azkenik, ekintza fisikoetarako kultura globala sortu behar dugu”.

Zer egiten du eta zer egin dezake garunak GH-ren mesedetan?

Garunaren funtzionamendua Gorputz Hezkuntzako eskoletan txertatzea proposatu zuen Laia Mestres Pastorrek. Horretarako, bost eremu hauek hartu beharko genituzke kontuan:

“Errefortzu positiboak irakatsi egiten du”.

Edozein gaitasun motorrek aurrera egiten du, egindako mugimenduek ondorio positiboak dituztenean; egin nahi dena lortzen denean, alegia. Nahi genuen helburua lortzean, dopamina neurotransmisorea jariatzen da, mugimenduarekin zerikusia duen gure garuneko zonaldean. Dopaminaren bitartez indartutako neurona horiek —mugimendua egitea ahalbidetu dutenak, eta ez beste batzuk— berriro hautatuak izateko aukera handiagoa izango dute mugimendu bera egitea eskatzen denean, eta exekuzioa arrakastatsua izatea eragingo dute.  

Imitazioz ikastea.

Mestresek ispilu-neuronen garrantzia aipatu zuen imitazioaren bitartez egiten diren ikaskuntzez hitz egiterakoan. Neurona horiek guztiz enpatikoak dira: besteek egiten dutena imitatzen dute. Horixe da ikasteko prozesurik ohikoena. “Beraz, ikusteko aukerak eskaini behar dizkiegu ikasleei. Eta, nola ez, ikustera, behatzera eta imitatzera bultzatu behar ditugu ikasleak”. Esperimentu txiki batekin erakutsi zuen Mestresek imitazioaren bitartez egiten den ikaskuntza oso eraginkorra dela: Topaketan bildutako erdiei idatziz azaldu zizkien egin beharreko mugimenduak, oso modu teknikoan; beste taldeak, berriz, hizlaria bera imitatuz egin behar zituzten mugimendu horiek berak. Eta, noski, azkarrago eta eraginkortasun handiagoz egin zituzten imitazio-prozeduraren bitartez aritu zirenek. Argi utzi zuen horrela imitazioaren bitartez egiten den ikaskuntza oro oso eraginkorra dela.  “Pertsonok jokabideak, balioak, sentimenduak eta iritziak (sinesmenak) agertzen ditugu. Eredu gara gure ikasleen-tzat, eta egiten duguna eta adierazten duguna transmititzen diegu”.
Zer eman dezakegun edota zer transmititzen dugun jakiteko, Seligman-en testa aurkeztu zuen ondoren. Test hori norberak osa dezake, bere buruaz duen ikuspegitik abiatuta, edota beste batek ere egin dezake, norberari buruz duen ikuspegia ain-tzat hartuta. Test horretan, indargune unibertsalak aipatzen dira, sei mul-tzotan banatuta. Indargune bakoitzari kalifikazio bat eman behar zaio, eta, bukatu ostean, kalifikazio altuena duten lau hitzak hartu behar dira. Lau hitz horiek islatzen dute bakoitzak besteengan iradokitzen duena.
Gure inguruan harreman gehien norekin dugun aintzat hartu, eta gertuen ditugun bost pertsona horien batez bestekoa garela azaldu zuen hizlariak.

“Irudikatzea entrenatzea da”.

Edozein bizipen dugunean, portaera bat, pentsamendu bat eta zirrara bat sortzen dira. Horren ondorioz, neuronen arteko sare berri bat sortzen da garunean bizipenetatik, edo sortuta dagoen sare bat indartzen da. Mestresek datu bat eman zuen:  egunean 60.000 pentsamendu inguru izaten ditu gizakiak, batzuk errealak eta beste batzuk asmatuak. Asmamenak edo imajinazioak esperientziak sortzen ditu, eta garun-egokitzapenak eragiten ditu, bizipen fisikotik pasatu gabe. Esate baterako, eskaladako lehiaketetan, zailtasun-eskaladako bideak eskalatzen hasi aurretik, eskalatzaileak, artean lurrean daudelarik, pausoak gainditzeko egin beharreko mugimenduak irudikatzen hasten dira. Esperientzia errealak ez izanagatik, sare berriak sortzen dituzte era horretan kortexean.  

Aldaketa, aukerak baliatuz.

“Aldaketak eragin ditzakegu irakasle guztiok, eta, aldaketak gerta daitezen, aukerak eskaini behar dizkiegu ikasleei”. Aldaketa gerta dadin, oso garrantzitsua da kopeta aurreko kortexa aktibatuta izatea, eta ez amigdala, neurozientziaren arloko adituak azaldu zuenez: “Kopeta aurreko kortexaren eskuinaldea orai-narekin lotuta dago, zirrara negatiboekin, beldurrarekin, kontrolarekin, ekintza-gabeziarekin... Eta, aktibatuta badago, zaila da aldaketak egitea. Aldiz, kopeta aurreko kortexaren ezkerraldeak geroarekin, esperan-tzarekin, aukerekin eta ekintzarekin du zerikusia, eta, aktibatua badago, errazago egiten dira aldaketak”.

“Sinestea sortzea da”.

Zerbait gertatu aurretik, gerta daitekeen horren inguruko iragarpen bat egina du garunak. Roger Bannister atleta britaniarraren adibidea jarri zuen Mestresek: “Garai hartan (1954an), milia bat (1,6 km) lau minutuan baino gutxiagoan egiten saiatzeak heriotza ekar zezakeela uste zen; haatik, Bannister gogor entrenatu zen, eta saiakera egin zuen kazetari eta ikusleen aurrean (horiek guztiak ez ziren marka gainditzen zuela ikustera joan, nola hil behar zuen ikustera baizik). Eta erronka lortu zuen, 3 minutu eta 59 segundoko denborarekin, eta sinestea sortzea eta lortzea dela erakutsi zuen. Izan ere, Antonio Rossenthal-ek zioenez, eragina dugu besteak izango diren horretan; hau da, guk besteak nolakoak diren pentsatzen dugunean, iritzi horrek eragina du bestearen izatean”.
Hausnarketa gisa, Gorputz Heziketako irakasleok eskolara zer jarrera eta helbururekin joan beharko genukeen azaldu zuen Mestresek: batetik, inspirazioa edo argitasuna lortzera; bigarrenik, osasunaren eta egoera onaren garrantzia irakastera; hirugarrenik, garunak aldatzera, eta, azkenik, jarduera fisikoa maita dezaten kutsatzera.   

Lehen Hezkuntzarako GHko programazioa:

GHko irakasle talde batek Iraleko R-400 programaren bitartez egindako lanaren berri eman zuten Piztik eta Jabi Gorbeak. Euskaraz egindako programazio bateratu baten beharra 2007tik dator, hain zuzen ere. Lan hori hasieran Sohat taldeak hartu zuen bere gain, eta eredu bateratu bat sortu zuen, unitateak berdin samar egiteko; gero, mintegietan eta hainbat pertsonaren artean zabaldu zen, eta 36 unitate diseinatzea lortu zen. Baina, nahiz eta saiatu, ez zegoen egindako lanean ez bateratasunik, ez eta kohesiorik ere; eta, azkenean, programazioa R-400 programaren bitartez  ari dela gauzatzen adierazi zuten.
Heziberri curriculuma oinarri gisa hartu dute programazioa osatzeko; lehendik sortuta zeuden unitate didaktikoak eraberritu dituzte, edota berriak sortu dituzte. Heziberrik, lehen aldiz EAEko hezkuntza-curriculum batean, gaitasun motorra jasotzen du oinarrizko gaitasun gisa. Pedagogikoki, Alfredo Larrazen eta EHUren laguntza izan dute egileek. Larrazek proposaturiko ekintza-arloetan oinarritu dira edukiak sailka-tzeko garaian. Unitate bakoitzak arlo nagusi bat du ardatz:
Bakarkako ekintzak.
Buruz buruzko ekintzak.
Elkarlaneko ekintzak, aurkaritzarik gabekoak.
Elkarlaneko ekintzak, aurkari-tzarekin.
Ziurgabetasun-inguruneko ekin-tzak.
Adierazpen- eta arte-ekintzak.

Unitate didaktiko bakoitzak honako alderdi hauek guztiak hartu ditu kontuan:  ebaluazioa, ekintza motorrak, eskaner emozionala, ikasleen aurre-ezagutzak abiapuntutzat hartu beharra, ikasteko denbora ikasleek markatua… Guztira hemezortzi unitate didaktiko diseinatu dituzte, maila bakoitzerako sei (LHko 4., 5. eta 6. mailak). “Orientazio-lasterketak” unitate didaktikoa azaldu zuten, egindako programazio osoaren erakusgarri gisa. Falta diren hemezortzi unitate didaktikoak datorren ikasturtean bukatzen ahaleginduko dira, Iraleko R400 deialdi berriaren barnean.

Jarduera fisikoa eta kirol egokitua:

Xabier Leizeak jarduera fisikoaren eta kirol egokituaren inguruan hitz egin zuen, Gaituz Sport Fundazioaren izenean. Fundazioak hezkuntzan, udal-kiroletan, osasunaren esparruan, eguneko zentroetan eta egoitzetan, ikerketan, prestakuntzan, sentsibilizazioan eta hedapenean… lan egiten du.
GHn inklusiorako jarraitu beharreko estrategiak aipatu zituen:
Jarduera guztiak denei zuzendu behar zaizkie.
Espazio berean.
Antolamendua eta irakaskuntza berriro pentsatu behar dira.
Aniztasunarekin bizi behar dugu.
Integrazio hitza gainditu behar da.
Inklusioa ikasle guztiei arreta eta erantzuna ematea da.
Eskola da komunitatea sortzeko motorra.
Laguntza-sareak behar dira irakasleentzat.
Ikaskuntzari eman behar zaio lehentasuna, ikasleen desberdintasunen gainetik.

Baina nola egin? Hori da benetako erronka gaur egun. Leizeak hiru etapa bereizi zituen: bata, informazioa; bigarrena, analisia; eta, hirugarrena, egokitzapena.