PEDAGOGIA SISTEMIKOA OINARRI HARTURIK, ZER IRIZPIDE IZAN DITZAKEGU KONTUAN FAMILIEKIN BILERAK EGIN BEHAR DITUGUNEAN?
Galdera honi erantzun aurretik, garrantzitsua deritzot Pedagogia Sistemikoaren nondik norakoak azaltzeari, oso modu orokorrean bada ere, horrek ahalbidetuko baitu azaltzen ditugun irizpideen zentzua edo arrazoia ulertzea. Pedagogia, ongi dakigun moduan, hezkuntzako gertakariak aztertzen dituen zientzia da (paidos: haurra, gogo: gidatu). Sistemikoa, aldiz, sistemak bere barnean hartzen dituena litzateke. Sistemek baldintza bat dute beren barnean: sistema bateko kideek edo elementuek sistema bereko beste elementu edo kide batzuekin harremanetan egon behar dute. Beraz, helburu baterako antolatzen dira, eta interakzioan daude beraien artean. Pedagogia sistemikoa “ordenatik” abiatzen da, eta “ordena” du helburu.
Pedagogia sistemikoaz aritzean, hiru oinarri azpimarratuko genituzke, modu orokorrean: sistemetan diharduten hurrenkerak edo ordenak, beha-tzailearen jarrera ikusten duenaren aurrean eta testuinguruaren kokapena. Bert Helingerren arabera, sistema guztietan berezkoak diren hurrenkera edo ordena batzuk daude: pertenentzia (nongo kide garen...), hierarkia-aintzinatasuna (zer leku dugun sisteman) eta harremanaren arteko oreka. Nahiz eta teoria hori psikologiatik abiatu den, eskola-sisteman aplikatzen hasi da, eta hortik dator pedagogia sistemikoa. Pedagogia sistemikoak berebiziko garrantzia ematen dio behatzailearen jarrerari (errealitateari behatzerakoan, bai eta dagoena eta ez dagoena aitortzeko unean, begirada konponbidean jartzeari, esaterako). Testuinguruak ere garrantzia du, eta, beraz, haurra ez da elementu bakartu moduan ikusiko, bere familiako kide gisa baizik. Familia da haurra bizitzan kokatzen duen lehen sistema. Familian dugun kokapena funtsezko bihurtzen da beste sistemetan kokatzerakoan. Hor bizitakoaren gainean eraikitzen dugu ezagutza eta mundu-ikuskera. Ordenaren iturri da familia, bai eta lehen sozializazio gunea ere. Familiako kideak dira gure bizitzarako erreferente nagusiak. Bizitzaren une batean, familiak beste sistema batekin harremanetan jartzen du haurra, eskolarekin, alegia. Haurrak familiatik eskolara datoz, eta familiako sinesmen, kultura, balio, ohitura bai eta unean uneko bizipenekin datoz gurera. Haurra eskolaratzearen helburu nagusia haren garapen pertsonal eta profesionala lortzea da familiarentzat. Eskolan, eskola-sistemarekin topo egiten dute, eta horrek haurraren garapena, edukiak eta sozializazioa bermatzea du helburu. Irakaslea ere haren familia-sistemarekin heltzen da (hau da, haren balio, sinesmen eta unean uneko bizipenekin). Beraz, oso inportantea da –irakasleen aldetik behintzat– hiru sistema horien kontzientzia izatea, onarpenetik eta begirunetik nahiz epairik gabe begiratzea, helburutzat elkarlana hartuta. Elkarlanean aritzeko, beharrezkoa da sistema bakoitzak bere markoa, konpetentziak, funtzioak, ardurak, hizkuntz konpetentzia... argi izatea. Garrantzitsua da, era berean, argi izatea zer dagokion sistema bakoitzari eta zer ez, zein den bakoitzaren muga, bai eta eskola-sisteman bakoitzak zer ardura duen, eta, horren ondorioz, noraino hel daitekeen eta noraino ez. Bi sistemek haurren ongizatea dute helburu, eta hori elkarlanaren eta onarpenaren bidez eta begirunez eginez gero, epairik gabe, konfidentzialtasunez eta intimitatea ziurtatuz, haurra edo ikaslea dugu beti indar-tzen. Elkarrizketak dira bi sistema horiek elkartzen dituen gune edo espazio bakanetakoa, eta, beraz, garrantzi handia hartzen dute. Aukera ematen du elkarrekin hitz egin eta elkarlanean aritzeko, betiere, ikaslea abiapuntu harturik eta horren ongizatean eta zoriontasunean eragiteko.Beraz, pentsa genezakeen baino garrantzitsuagoa da elkarrizketa, eta aldez aurretik ongi prestatu beharrekoa. Elkarrizketek hainbat helburu izan ditzakete, eta horrela izan ohi da. Halere, kasu guztietan ikaslea begiratu behar dugu, haren hobe beharrez aritu, eta konponbide posibleak landu haren onerako. Jardun horretan, arduradun guztiak txertatzea garrantzitsua izango da, eta kontuan hartuta egun dagoen familia-aniztasuna, saiatu beharko dugu aita eta ama, bi amak, bi aitak, ama edo aita bakarra edo dena delako arduraduna egon daitezen, eta elkarlanaren parte izan daitezen.Elkarrizketak aurretiazko lanketa bat eskatzen du. Lehenik eta behin, argi izan behar dugu zein den elkarriz-ketaren helburua, eta presente eduki behar dugu hori une oro. Horrez gain, elkarrizketan parte hartuko duten profesionalek argi izan behar dute zein den bakoitzaren funtzioa, eta betetzen duten funtzio horretatik haurrarengan behatzen duten horren ingurukoa komunikatzera mugatu behar dute elkarrizketa horretan. Izan ere, profesionalak beren ardurapekoa ez den eremuren batean sartzeak beren arteko sistema ere ahuldu egin dezake, baita familiako autoritatea makaldu ere.Espazioak ere badu eragina. Hori dela eta, espazio fisikoa zainduko dugu. Eremu lasai eta konfidentziala behar dugu. Datozen guztientzat aulkiak jarriko ditugu. Komeni da helduen aulkiak izatea, helduen arteko elkarrizketa izango baita. Ordutegia, giro atsegina eta sartu-irtenak ekiditea zainduko dugu.Bilkura hasieran, hitza hartu eta aurkezpena egingo dugu, eta, gero, argiki azalduko dugu zein diren bilkuraren arrazoia eta helburua. Ondoren, tarte bat irekiko dugu familian eta eskolan beraiek eta guk haurra nola ikusten dugun azaltzeko. Eta, une horretan, oso garrantzitsua da beraiei entzuteko jarrera izatea, eta aurreiritziak, epaiak eta antzekoak ekiditea. Entzuten dugunak, esatea pentsatzen genuena aldatzera eraman gaitzake, eta, beraz, funtsezkoa da onarpenetik eta begirunetik jardutea eta entzuteko prestutasuna izatea. Denok ahal duguna egiten dugula sinestea izan behar da abiapuntua. Gu ez gara inor beste inor epaitzeko eta zer egin behar duen esateko. Familiak indartuz eta ahaldunduz, haurra edo ikaslea indar-tzen dugu.Beraz, hau litzateke pedagogo sistemikoaren jarrera: lehenik eta behin, hurrenkeretako desordenak identifikatzen saiatuko gara. Inplikazio emozionala ekidin behar dugu. Adibidez, banaketa batean bagaude eta senarrarekin edo emaztearekin egoera gatazkatsua badugu, ezin dugu hori guraso horietan islatu. Begirada hor kokatzeak gure ikaslearekiko begirada lausotu egiten du, bileraren helburutik aldenduz. Horrek haurrarekiko gure begirada ahultzen du, eta gure helburua ikaslearen gurasoak ahalik eta egokien barneratzea izango da beti, haurraren hobe beharrez, haurrak ongizatean hazteko. Gure begirada konponbidean jarri behar dugu, eta ez ika-mikan.Elkarrizketa heldutik heldura egingo dugu, bakoitza bere sistemako autoritatea dela aitortzeko.Elkarrizketa horietan, intimitatea errespetatu eta konfidentzialtasuna zainduko dugula adieraztea eta bete-tzea garrantzitsua da, konfiantzazko eremu bat eraiki bidean. Saiatuko gara sistema indartzen duten elementuak kontuan hartzen, adierazten eta arazoan ez geratzen. Gure begirada konponbidean dago. Beraz, gure informazioa jasotakoaren arabera egokituko dugu, eta denok ulertu dugula ziurtatuko, helburua elkarlana izanik.Bilerari bukaera modu egokian emango diogu, eta, beharrezkoa bada, jarraipenerako data jarriko dugu.