ONGI ETORRI IKASTOLARA PROIEKTUA.

2016-12-01

Eskolan, kultura desberdinekin lanean

 
 

DDonostiako bost ikastetxetan, “Ongi etorri ikastolara” egitasmoa jarri dute abian ikasturte honetan. Proeiktu hau, Donostiako udaletxeko Kultura Aniztasun Bulegoko “eskola komunitateko kultura arteko elkarbizitzarako” programaren barruan txertatuta dago. Eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere jasotzen du. Xedea, eskola-komunitatetik abiatuta  beste herrialde batzuetatik datozen familien inklusioan laguntzea da. Hala, hainbat jarduera ari dira garatzen Egiako Aitor ikastolan eta Mª Reina eskolan, Intxaurrondo Hegoa ikastolan eta Intxaurrondo ikastolan, eta Gros auzoko Zuhaizti ikastetxean; besteak beste, kultura arteko ikuspegia lantzeko, gurasoak, ikasleak nahiz irakasleak sentsibilizatzeko kanpaina; harrera-protokoloa diseinatzea; eskoletan kultura arteko ikerketa aurrera eramatea; kanpotik datozen familiei laguntzeko eta haiekin elkarlanean aritzeko programa; edota eskola-komunitatearen nahiz auzotarren inplikazioa lantzeko jarduerak. 2016-2017 ikasturtea bukatu ondoren, bost ikastetxeetako esperientziak bateratuko dituzte, eta jardunbide egokien liburu bat osatuko dute. Eskolan kultura-artekotasuna landuko duen foro bat antolatzeko asmoa ere badute, beste eskola batzuk ere anima daitezen ildo berean lan egitera.

Beste herrialde batzuetatik Donostiara iristen diren gehienak seme-alabak dituzten familiak dira. Familia horientzat, eskola izan ohi da harrera-leku nagusia kasu gehienetan. Kanpotik etorritako familia askok D ereduan matrikulatzen dituzte haurrak, aukera horrek euren seme-alaben etorkizunean —lan-arloari nahiz bizitza sozialari dagokionez— eduki dezakeen garrantziaz jabetuta.Hala ere, euren haurrentzat D eredua aukeratzen duten familietako helduek ez dute beren seme-alabek adinako aukerarik izaten euskal kulturan eta hizkuntzan barneratzeko. Izan ere, oraindik ez dago beste herrialde batzuetatik datozen ikasleen eta haien familien inklusioa batera lantzen duen programarik. Ingurune pribilegiatua da eskola, aniztasuna lantzeko. Batetik, ikasleak zein gurasoak parez pare erlaziona daitezkeelako. Bestetik, hiru belaunaldiren artean lanketa egiteko aukera ematen duelako. Eta, azkenik, auzoan zein hirian sorrarazten duen sarearengatik. Horregatik da horren garrantzitsua eskolan era horretako prozesuak abian jartzea, era berean, eremu horretatik kanpo ere eragin dezaten. Beraz, “Ongi etorri ikastolara” egitasmoaren xedea beste herrialde batzuetatik datozen familien inklusioan laguntzea da, betiere, berdintasunezko bizikidetza oinarri hartuta. Era berean, euskara eta euskal kultura ere babestu nahi dira proiektu honen bidez. Horretarako gakoa hauxe da: kanpotik datozen familia horiei ikusaraztea euskara eta euskal kultura eurentzat hobeto bizitzeko aukera bat direla, eta ez gainditu beharreko beste oztopo bat. Horretarako, bai kultura hartzaileak eta bai gurera datorren kulturak sendo egon behar dute, batak bestearengandik ikasteko, norberak berea galdu gabe. Eta, esan bezala, hori guztia lantzeko eremu pribilegiatua da eskola.

 

Zer da kultura arteko hezkuntza?

Hala dio Eusko Jaurlaritzaren Harrera Planak: “Ikastetxeek, gizartearen ispilu direnez, hainbat jatorri eta kulturatako ikasleak jasotzen dituzte. Beraz, nahitaezkoa da hezkuntzan kultura arteko ikuspuntua lantzea, eta errespetuzko, tolerantziazko eta elkartasunezko balioak sustatzea. Kultura arteko ikuspegiak, gainera, kultura guztietara (norberarenera ere bai, jakina) hurbilketa kritiko bat egiteko nahia pizten duen hezkuntza-eredu bat sustatu behar du; beste kultura eta bizimodu batzuk ezagutzeko eta haiekin harremanetan jartzeko gogoa piztu behar du, inork ez dezan pentsa berea besteenaren gainetik dagoenik. Kultura arteko hezkuntzak kontaktuan dauden talde guztiak biltzen ditu, ez kanpotik datozenak soilik. Elkar hobeto ezagutzea eta hobeto ulertzea izango dira kultura arteko hezkuntzaren oinarriak. Horren bidez, elkarbizitzarako arauak praktikan jarriko dituen erreferentzia-ingurunea sortzea lortuko dugu; desberdintasunak errespetatuko dituen ingurune bat, hain zuzen”.

 

Euskaratik, harremanak hobetuz

Hala dio Eusko Jaurlaritzaren Harrera Proiektu hau eskolan kultura-aniztasuna lantzeko eta kanpotik datozen familiak euskal kulturan barneratzeko pentsatua dago (bai Haur Hezkun-tzan, bai eta Lehen Hezkuntzan ere), kultura arteko eredu pedagogikotik abiatua, eta eskola-komunitate osoaren inplikazioaren bidez: zuzendaritza, irakasleak, lantalde teknikoa, gurasoak, aitona-amonak, ikasleak eta auzoko sare sozial eta eragileak. “Ongi etorri ikastolara” proiektuak laguntza eman nahi die hainbat jatorritako familiei, bai ikastolan matrikulatzen direnei eta bai beste herrialde batzuetatik edo estatuko beste autonomia-erkidego batzuetatik datozenei. Horretarako, funtsezkoa da ikasturte bakoitzean beste herrialde batzuetatik eskolara iristen diren familia berrien parte-hartzeari buruzko gogoeta egitea, eta auzoan harremanak hobetzera eramango dituen harrera-plana abian jartzea. Aldi berean, euskararekiko eta euskal kulturarekiko interesa piztu nahi dira.Horretarako, bai irakasleek eta bai ikasleek hainbat kultura ezagutu beharko dituzte, eta haien gaineko errespetua landu beharko dute. Lan pedagogikoaren bitartez, balioa emango zaie ikastolako kultura guztiei, eta desberdinen arteko errespetua jorratuko da, desberdintasunak onartuz eta desberdintasun horiei balioa emanaz.“Ongi etorri ikastolara” proiektuaren barneko jarduera garrantzi-tsuenetariko bat familia euskaldunen parte-hartzea da. Familia horiek laguntza emango diete beste herrialde batzuetatik edo estatuko beste lurralde batzuetatik eskolara etorritako familiekin harremanetan jarriko dira, Familia Laguntza programaren bidez.

 

Harremanak sustatuz, parte-hartzea helburu

Hiru puntutan laburbiltzen dira “Ongi etorri ikastolara” egitasmoaren helburuak:

 

1. Ikastolan izena eman duten eta jatorria beste lurralde edo autonomia-erkidego batzuetan duten familiei laguntza ematea.

Eskolako, auzoko eta hiriko baliabideei buruzko informazioa ematea. Auzoko eta eskolako parte-hartzea sustatzea.Familia euskaldunekin egingo den harremanaren bidez, bai eskolako eta bai auzoko harreman-sareak zabaltzea.

 

2. Kultura arteko eredu pedagogiko baten bitartez, ikastolan kulturen ezagutza lantzea eta balioa ematea.

Kultura-aniztasunaren eta kultura arteko egitasmo pedagogikoarekin lan egitearen inguruko sen-tsibilizazio-lana aurrera eramatea hezkuntza-komunitatean.Norabide askotako lanaren bidez, geletan parte hartzea. Irakasleen, ikasleen eta familien artean, kultura-aniztasunarekin zerikusia duten gaien inguruan gogoeta egiteko baliagarri izango diren bideak sortuz.

 

3. Beste lurralde edo erkidego ba-tzuetatik ikastolara datozen familien artean euskara eta euskal kultura sustatzea.

Familia Laguntza programa abian jartzea, familia euskaldunen eta beste herrialde batzuetatik datozenen artean. Euskara sustatzea helburu duten kultura arteko jarduerak aurrera eramatea.Hirian nahiz auzoan euskara ikasteko erraztasunak eskainiko dizkieten baliabideetara gerturatzeko, sare sozialen sorrera bultzatzea.

 

Hezkuntza komunitate osoaren inplikazioa

Proiektuaren helburua hezkuntza-komunitate guztiaren parte-hartzean eragitea da; hau da, gurasoak, irakasleak, teknikariak, auzoko eragileak eta gizarte-lana egiten duten elkarteak inplikarazi nahi ditu.Familia Laguntza programaren bidez, zuzenean beste herrialde batzuetatik datozen familiengan eragitea da xedea, eta, aldi berean, Donostiako familia euskaldun boluntarioak ere zeharka mugiaraztea, bai eta horiek kultura-aniztasuna ikusteko duten modua aldatzea ere. Bestalde, irakasleengan, ikasleengan eta hezkuntza-taldean ere eragingo da zuzenean, eskola osatzen duten kulturen sendotze-lana egingo baita geletan; besteak beste, sentsibilizazio-lana, harrera-protokoloa, kultura arteko egutegien osaketa…Finean, eskolako familia guztiekin egingo da lan, ikasturtean zehar garatuko diren jarduera puntualen bidez: kultura arteko topaketak, munduko jaiak, zenbait gai kultura-ikuspuntu desberdinetatik eztabaidatuko dituzten taldeak… Horrek, aldi berean, auzoan izango du eragina. Izan ere, kultura-artekotasuna lantzeko egingo diren jardueretan, presente egongo da auzoa.

 

Informazioa, prestakuntza eta jarduerak

“Ongi etorri ikastolara” egitasmoaren barruan, hainbat jarduera daude zerrendatuta:

 

1. Guraso, irakasle eta talde pedagogikoarekin sentsibilizazio-lana gauzatzea.

Eskolako familiei, irakasleei eta talde pedagogikoari proiektuaren aurkezpena egiten zaie.

 

2. Familiei laguntza ematea.

Eskolara egokitutako harrera-protokolo bat eratzea eta abian jartzea.Guraso guztiei Familia Laguntza programa aurkeztea. Familia euskaldunak nahiz beste herrialde batzuetatik datozenak programa honetan parte hartzera bultza-tzea.Familia Laguntza programa abian jartzea.

 

Familia Laguntza programan parte hartzen duten euskal familien eginkizun nagusia da eskolako nondik norakoen berri ematea etorri berri diren familiei —edota eskolan denbora badaramate ere laguntza behar dutenei—, eta auzoko eta hiriko baliabideak ere jakinaraztea. Era berean, Euskal Herriko kulturaren eta euskararen ezagutzaren bultzatzaile izatea dagokie familia horiei, eta auzoan duten sare soziala hobetzen saiatzea, inklusio-prozesu osoan zubi-lana eginez.

Familia euskaldun boluntarioek lau norabidetan egiten dute lan:

Ikastolan, informazioa ematea eta inklusio-lana egitea: ikastolako funtzionamenduaren berri ematea horretarako premia duten familiei, oharren itzulpena egitea, ikastolatik iristen den informazioa nabarmentzea, bileretan itzulpena egitea, eta ikastolan parte hartzera motibatzea. Auzoari buruzko informazioa ematea, eta inklusio lana egitea: auzoko baliabideak azaltzea beste herrialde batzuetatik etorritako familiei, hala nola, kultura-etxea, haur-txokoa, haurren gunea, bizilagunen elkartea, musika-eskola, kiroldegia, igerilekua...Auzoan harremanak zabaltzen laguntzea: hainbat espaziotan elkartuz, besteak beste plazetan, parkeetan, kultura-etxean...Euskal kulturari buruzko informazioa ematea, eta inklusio-lana egitea: euskal kulturari buruzko informazioa ematea, hitzaldiak, San Telmoko programa...Hizkuntzarekiko atxikimendua sustatuko duten familia euskaldunekiko harremanak bultzatzea, eta euskara ikasteko ikastaroei buruzko informazioa ematea.

 

3.  Gelako esku-hartzea.

Sentsibilizazio-lana aurrera eramateko bilerak talde teknikoarekin eta irakasleekin.  Kultura-artekotasuna landuko duen ikerketa soziodemografikoa.Munduko festen topaketa. Munduko festen egutegiaren osaketa.Beste herrialde batzuetako familiekin elkarlanean, munduko ipuinen topaketa geletan.

 

4. Euskararen sustapena, beste herrialde batzuetatik etorri diren familien artean.

Familia Laguntza programa abian jartzea. Euskara ikasteko ikastaroen eta jardueren berri ematea, eta euskara ikastera motibatzea.Ikastolako bileretan eta ekitaldietan euskararen erabilera zaintzea.Hirian izaten diren euskarazko jarduerei buruzko informazioa eskura jartzea.Euskarazko ikastaroei eta hizkuntzarekin erlazioa eduki dezaketen baliabideei buruzko informazioa ematea.Euskaraz dagoen materiala ematea (hiztegi txikiak, diptikoak...).Familia euskaldunek motibazio-lana egitea egunerokoan, beste herrialde batzuetatik etorritakoekin, hizkuntza eta euskal kultura ezagutarazteko.Ikastolako eta auzoko ekitaldietan, hala nola bileretan, euskaraz zabaltzen diren oharretan, Parketarrak programan… itzulpen-lanak egitea.  Horrek euskararen erabilera ez oztopatzea ahalbidetuko du, eta euskaraz ez dakiten familia horiek informazioa uler-tzea, eta familia horiek hainbat jardueratan euskara entzutea.

 

Espero diren emaitzak

Hezkuntza-komunitatea kultura-aniztasunaren gainean kontzientziatzea.Auzoko eragile, elkarte eta biztanleria kultura-aniztasunaren alde lan egitearen inguruan kontzientziatzea, bizikidetza susta-tzeko oinarri modura.Geletan kultura-artekotasunarekin zerikusia duten edukiak sartzen hastea.Bai eskolan eta bai auzoan parte-hartzeari eta kulturei balioa emanez, beste herrialde batzuetatik datozen familiak auzoaren barnean hartzea, horrek, era berean, euskal kultura ezagutzeko pausoa ematen lagun diezaien.Auzoan sare bat eratzea euskarazko jarduerak antolatzen dituzten eragileekin, jarduera horietan kultura-artekotasuna aintzat har dadin.Beste herrialde batzuetako familiak euskarara eta euskal kulturara gerturatzea. Kulturaren parte direla sentiaraztea, hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko motibazioa senti dezaten.

 

Orain arteko balorazioa

Bi urte badira “Ongi etorri ikastolara” proiektua Aitor ikastolan abian jarri zenetik. Gainerako lau eskoletan —Intxaurrondo ikastolan, Intxaurrondo Hegoa ikastolan, Zuhaizti eskolan eta Mª Reina eskolan— berriz, 5 hilabete daramatza martxan, eta emaitzak oso onak ari dira izaten.Intxaurrondo ikastolan, “familia laguntza” programaren barruan 16 familia ari dira elkarlanean. Zuhaizti eskolan, programa honetan parte hartuko duten 26 familien aurkezpenak aurrera eramaten ari dira. Intxaurrondo Hegoan, ikastolako harrera jarraibideak osatzeko lenean dihardute eta Mª Reina eskolan, harrera jarraibideak osatzeko eta gurasoen sentsibilizazio lana egiten ari dira.  Aitor ikastolan, “familia laguntza” programaren barruan 34 familia ari dira elkarlanean. Beraien artean kultura arteko zubiak osatzen ari diren familiak dira, 17 familia kanpotik etorritakoak eta beste 17ak euskaldun familiak. Jatorri desberdinetako familien iritziz, bai eskolan eta bai auzoan harremanak zabaldu dituzte, eta eskolan duten parte hartzea haundiagoa da. Beraien jatorrizko kulturei balioa emateak, bai gelatan bai gelatik kanpo aurrera eramaten diren jarduera desberdinen bidez, euskal kulturarekiko eta euskararekiko interesa ere haunditzea ekarri du. Eta ikasturte honetan familia hauetako guraso asko euskara ikasten hasi dira eta auzoko eta ikastolako ekintza desberdinetan parte hartu dute.