TRIBUAREN BERBAK. Eskolan, soziolinguistika langai

2016-12-01

‘Tribuaren berbak’ telebistako saioa ikastetxeetan erabiltzeko egokitu du Kike Amonarriz soziolinguista buru duen taldeak. Helburua da ikasleek errealitate soziolinguistikoa ezagutzea eta gogoeta egitea. ETBn 60 kapitulu eman zituzten, eta horiek hamar sekuentzia didaktikotan bildu dituzte orain, eskoletan lantzeko. Materiala DBHrako dago pentsatua, baina azaldu dute bestelako mailetan ere erabil daitekeela —Batxilergoan eta Unibertsitatean, adibidez­.

 
 

Aspalditxo ohartu ziren Tribuaren berbak-en sortzaileak saioa eskoletan erabiltzen ari zirela; alegia, hainbat irakaslek telebistako programak jartzen zizkietela ikasleei. EITBren eta Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioaren babesarekin, ikus-entzunezko material hori material didaktiko bihurtu dute orain. Konpetentzietan oinarritutako materiala da, talde-lana eta erronka komunikatiboak ardatz dituena. Aholkularitza didaktikoa Josune Zabala soziolinguistak eman du eta Iñaki Zapirainek koordinatu du proiektua. Material birtuala da Tribuaren berbak-ena, eta Interneten eskuragai dago, ondoko helbidean: www.eimakatalogoa.eus/20962/tribuarenberbak.

Nola erabili material hau?

Ikasleek beren errealitate soziolinguistikoaren gaineko gogoeta egiteko eta praktikan murgiltzeko aukera ematen du Tribuaren berbak material didaktikoak. Baina horrez gain, eleaniztasunaren ikuspegitik euskararen aldeko jarrera aktiboa sustatzeko ere bide bat eskaintzen du. Eduki soziolinguistikoak lantzeko tresna sekuentzia didaktikoa denez, helburu komunikatiboak proposatzen dira azken bururako, eta hori guztia gauzatzeko egitura kooperatiboak baliatzen dira. Hala, webgunean zehazten denez, ikasleak taldean ikasiko du bera inguratzen duen errealitate soziolinguistikoa interpretatzen, bere ikuspegia osatzen, eta euskararen eta eleaniztasunaren aldeko jarreretara nor bere moduan iristen; baita hori guztia komunika-tzen ere.
Hala, hiru ardatz nagusiren bueltan lan egingo da material honen bitartez: 1. Eduki soziolinguistikoak: soziolinguistika arloko ezagutza eta praktikak; 2. Helburu komunikatiboak: gaitasun komunikatiboak (ahozkoak eta idatziak); 3. Talde kooperatiboak: talde-lanean aritzeko trebetasunak. “Sekuentzia didaktiko guztietan proposatzen dira bi bide: alde batetik, eduki soziolinguistiko jakin bat lantzea (hizkuntzaren erabilera oro har, erregistroen arteko ezberdintasunak, aisialdian euskararen erabilera…), eta, bestetik, lanketaren emaitza gisa xede komunikatibo bat gauzatzea (jendaurreko aurkezpena, hiztegi eleanitza, gaiari buruzko debatea…). Bide horietan aurrera egiteko talde kooperatiboetako teknika hainbat balia ditzaten proposatzen zaie ikasleei”. Hiru ardatzak langai direnez, ebaluazio-gai ere izango dira. Lan-koaderno guztietan ezarri dira hiru ardatzei lotutako ebaluazio-irizpideak prozesuaren garapena zer-nolakoa izan den neurtzeko banaka, talde txiki edo handian.
Orotara hamar sekuentzia didaktiko garatu dira, oinarri gisa Tribuaren berbak programatik ateratako bideo-atalak hartuta. Bideo horiek programaren zati aukeratuak dira, baina hala nahi dutenek saioa osorik ikusteko aukera ere badute.
Materialetarako aukeratutako helburuak eta gaiak, ikasleekin eurekin lotura dutenak dira. Ikasleek beti izango dute daturen bat edo iritziren bat emateko aukera. Material bakoitzaren lanketa erraztuko duten adibide, eduki eta ariketekin ere hornituko da. Sortzaileen esanetan, material honek gaiarekiko interesa eta pasioa piztu nahi du ikasleengan, telebista ikusleen artean piztu eta sortu nahi izan duen —eta duen— bezala.
Programako bideo-atalez gain, bestelako material osagarriak ere erabiliko dira gaiaren gaineko hipotesiak eraikitzeko, informazioa bildu eta antolatzeko, datuak deskribatu eta interpretatzeko, iritziak erkatzeko, ezagutza berria eraiki ahal izateko, etab.

Nola dago antolatuta?

Webguneko hiru gunetan aurki daiteke material hau erabiltzeko beharrezko guztia: sekuentziak, lan-koadernoak eta irakaslearentzako gida didaktikoak.
Sekuentziak atalean klik eginda, material hau osatzen duten 10 sekuentzia didaktikoak aurkitzen dira. Landu nahi dena aukeratu eta jardueretara joanda, lanean hasteko moduan izango da erabiltzailea.
Bestalde, sekuentzia bakoitzaren osagarri gisa, ikasleentzako lan-koadernoak daude lan-koadernoak atalean. Landu nahi den sekuentziari dagokiona deskargatu behar da. Ikasleek Google Drive aplikazioa erabiltzen badute, dokumentuaren kopia bat egin dezakete eta beren profilean gorde, saretik lan egiteko.
Azkenik, gida didaktikoak atalean, irakasleentzako gidak daude. Sekuentzia bakoitzak bere gida dauka eta horiek ere saretik deskargatzeko moduan daude. Gida horietan jarduerak gauzatzeko azalpenak aurki daitezke, baita irakaslearentzako informazio osagarria ere.