ZER EGIN DEZAKEGU IRAKASLEOK IKASLEEN MOTIBAZIOAN ERAGITEKO?
G auza asko egin ditzakegu ikasleak motibatzeko, baina, nire ustez, egin dezakegun lehendabiziko gauza haurrei eta gazteei entzutea da. Eta, entzutea diogunean, komunikazio-kanal askotatik entzuteaz ari gara; hau da, ikasleek ahoz esaten dutenari ez ezik, esaten ez dutenari ere arreta jartzeaz, edota keinuen, tonuaren, ahoskeraren… bidez adierazten dutenari ere erreparatzeaz.
Gainera, epaiketak ekiditea dakar horrek guztiak. Guk, gure egunerokoan, gauza asko ditugu egiteko gure irakasle-lanean, eta haur askori jarri behar izaten diogu arreta. Horren ondorioz, haurrak sailkatu egiten ditugu askotan, epaiketa horren bidez. Hortaz, entzute-prozesu horren barruan, oso garrantzitsua da, nire ustez, haur batek duen jarreraren eta haren izaeraren artean desberdintzea. Esan nahi dut haur bat ez dela mugitua, edo ez dela alferra… Haur bat gehiago mugituko da egun batzuetan, edota hainbat gairekiko interes falta izan dezake; baina, akaso, izugarri interesatuko zaizkio beste zenbait gai. Eta, entzutea esaten dugunean, haurraren interesgune horietan arreta jartzeaz ere ari gara: epaiketa saihestuz, ikasle horrek zertan daukan interesa aztertzeaz. Kontuan izan behar dugu pertsona guztiok jarrera desberdina daukagula gai guztien aurrean.Egoki entzunda eta epaiketa saihestuz, motibazioaren inguruko oinarriz-ko koadroa hartuko dugu oinarritzat. Pertsona guztiok desberdinak garela eta une bakoitzean desberdin gaudela jabetuta, lau multzo hauetako batean kokatuko da gutako bakoitza gai edo egoera baten aurrean, bai eta haur edo nerabe bakoitza ere: “Nahi du, baina ez daki”, “nahi du eta badaki”, “ez du nahi eta ez daki”, eta “ez du nahi, nahiz eta badakien”. Funtzionatzeko lau modu horietan arreta jarrita eta haur bat une zehatz batean funtziona-tzeko zer modurekin ari den kontziente izanik, hainbat estrategia erabil ditzakegu, haur horren motibazioan eragiteko. Adibidez, haur batek egoera baten aurrean edo une jakin batean “ez dut nahi” jarrera baldin badauka, oso tresna baliagarria izan daiteke haur horri ardurak ematea, eta berak ere ahal duela sentiaraztea; haur hori ahalduntzea, alegia. Ikusarazi behar diogu baliagarria dela berak egin dezakeena edo ekar dezakeena ere. Aldiz, haurra “ez dakit” jarrerarekin badago, garrantzitsua da haur horri erakustea eta tresnak ematea. Gerta liteke haur horren adin bereko beste kide gehienek gai zehatz horren inguruan jakitea; baina, ez dakien haur bakarra badago, irakatsi egin behar diogu, horretarako baliabideak eskainiz. Era berean, garrantzi handikoa da dagoeneko egiten duen hori indartzea ere. Izan ere, berak indargune duen hori beste arlo batzuetara transferitu ahal izango du. Esate baterako, gerta liteke haur batek matematikan arretarik ez jartzea, baina playmobilak edo legoa asko gustatzea. Bada, kasu horretan, legoa erabil dezakegu zenbakiak lantzeko edota matematikako beste edozein arlo jorratzeko. Izan daitezke geldirik egotea kosta-tzen zaien haurrak ere; bada, mugitzeko grina hori beste zenbait eremutan motibazioa lantzeko erabil genezake. Betiere, aipatu ditugun funtzionatzeko lau modu horiek kontuan izanik eta haurra motibatzeko estrategiak landuz. Prozesu horretan guztian zehar, oso garrantzitsua da, nire ustez, helburuak ikasleekin eurekin adostea. Eta zeregin horretan erabiltzeko oso tresna baliagarriak dira galdera irekiak. Guk haurrei galdera itxiak egiten badizkiegu, “bai” edo “ez” izango dira eran-tzunak beti. Eta, gainera, guk lortu nahi dugun helburu horri begira egingo dizkiegu galderak. Aldiz, galdera irekiak egiten badizkiegu, ikasleen esku uzten dugu erantzuna, ardura. Agian, denbora gehiago eskatuko du galdera irekiak egiteak, baina hobeak izango dira emaitzak, eta baliagarriagoak, haurraren motibazioan eragiteko. Izan ere, haurrekin helburuak adosteko eta helburu horiek lortzera begira konpromisoak hartzeko balio dute galdera irekiek. Adibidez, haur bat ingelesarekin motibatuta senti dadin nahi badu irakasleak, lehenik, zehazki zer lortu nahi dugun identifikatu beharko dugu, eta, horretarako, adostasun txikiak bilatu beharko ditugu haurrarekin. Hori guztia, alde batetik, mehatxuaren bidez, zigorraren bidez edo sariaren bidez egin dezakegu. Edota, bestetik, barne-indarra landuz egin dezakegu. Eta orain arte planteatu ditugun tresna horiek guztiak barne-indarra sustatzeari begira egin dira. Azken batean, hortik etorriko da arrakasta. Izan ere, haur edo gazte horren barne-indarra pizten badugu, barne-indar hori bere bizitzako beste arlo guztietan erabiltzeko moduan izango da. Amaitzeko, ezinbestekoa da, nire ustez, irakasleok lasaitasuna transmititzea. Hori guztia lasaitasunez egiten badugu eta epaiketak saihesten baditugu, haurrak berarekin gaudela sentituko du. Nire ustez, oso garrantzitsua da, irakasle garen neurrian, gure ikasleen zale amorratuak izatea. Alegia, irabazi edo galdu, gauzak era batera edo bestera egin, gure babesa dutela sentitzea. Gure jarrerak ezin du honelakoa izan: “ondo egiten baduzu bai, eta bestela ez”. Baldintzarik gabeko babesa eduki behar dute gure ikasleek. Ezinbestekoa da hori euren motibazioan eragiteko. Zera erakutsi behar diogu: “Ni naiz zure bidelaguna”. Eta horrek esan nahi du den horretan lagun egingo diogula ikasleari. Hau guztia ikasle batekin banaka edota taldean aplika daiteke. Haur bat, segur aski, ez da beti desmotibatuta egongo, ez eta motibatuta ere. Entzutearen garrantziaz ari garenean, argi esan behar dugu entzute hori banakakoa nahiz taldekoa izan daitekeela. Horretarako, interesgarria da irakasleak antena guztiak aktibatuta izatea, baina talde guztia une oro motibatua edukitzea zaila izango dela jakinda. Adibidez, irakasle bat talde baten aurrean badago eta motibaziorik gabe dauden bi ikasle identifikatu baditu, bi horiei zerbaiten ardura eman diezaieke une horretan. Edota pare bat ikasle despistatuta ikusten baditu egiten ari direna ez zaielako interesatzen, lekua egin diezaioke haiek gustura egiten dutenari. Hori guztia indar-tzeko, ikasleen ekarpenak, galderak, zalantzak… erabil daitezke. Askotan, hauxe esaten dugu: “Irakasleok ezin gara egon haur bakoitzari begira”. Eta, irakaslea talde handi baten aurrean badago, hamahiru ikasle bideratuta baditu eta hiru ez, arreta hiru horiengan jarri beharko du, egiaz. Arazoa sor daiteke, ordea, hiru hilabetean arreta hiru horiengan soilik jarriz gero. Denborarekin, besteak ere desmotibatu egin daitezkeelako. Eta, aurrez aipatu bezala, garrantzitsua da haurrei etiketak ez jartzea. Izan ere, ikasleek etiketa horiek erabiltzen dituzte euren artean ere, eta indartu egiten dituzte, gainera. Haur hau alferra bada, haur hori mugitua bada, eta haur hura bihurria, bizitzako arlo guztietan izango du etiketa horren zama. Azken batean, pertsona bat motibatuta sentitzeko entzun egiten zaiola sentitu behar du; aintzakotzat hartzen dutela sentitu behar du, eta hark egiten duenak balio duela ikusi behar du.