EDUKIA ETA EDUKIONTZIA

2017-03-01

Eskola publikoan ikasi dugu neba-arrebok. Gure gurasoek hori ere “herria egitea” zela transmititu ziguten, eta beraz gure Ugaoko eskolara joan gara beti, eta hala egin dute baita ere gure seme-alabek. Eskolako andereño eta maisuen oroitzapen oso ona daukat eta badakit neurri batean, euren eraginagatik naizela naizen modukoa. Askotan ez gara konturatzen gure haurtzaroko zenbat ordu egin ditugun eskolan, eta ondorioz, zelako eragina izan duten gugan irakasleek. Eta ondorioz, zelako eragina duten baita gure gizartean ere.

Duela gutxi, ganbaran nenbilela, hamar urte nituela egindako eskulana aurkitu nuen, eta ikusi bezain pronto, burura Mari Carmen andereñoaren irudia etorri zitzaidan, garai hartan nuen andereñoarena. Gogoratzen dut garai hartan ez zegoela herrian gaur ulertzen dugun bezalako eskola bat. Gelak herritik zehar sakabanatuta zeunden. Urte batean eliza ondoko lokalean egon ginen, beste batean Udaletxeko azpiko lokaletan, orain osoko bilkura gela den tokian, edo egun Udaltzaingoa dagoen bulegoetan. Ez geneukan ez ingeles klaseetarako gelarik, ez irakurketa gelarik, ez eskolako jolastoki propiorik… Gure patioa herriko plaza zen. Horrela ibili ginen urtetan, eraikuntza bateratua egin zuten arte.
Eta, bai, garai hartako instalazioak, edo “edukiontziak” ziurrenik ez ziren egokienak izango, baina perspektibaz ikusita esan dezaket ez naizela horretaz akordatzen, baina bai “eduki” nahiko egokia jaso izanaz. Eta uste dut bidezkoa dela hau onartzea, eta baliabide gutxirekin batzuek zelako lanak egin zituzten onartu eta goraipatzea.
Hogeita hamazortzi urte bete dira ordutik, eta txikitan ikusten ez genuena ikusi ahal dut gaur. Irakurketa berri bat egin dezaket, begi berriekin ikusten baitut ordukoa, ganbaran aurkitutako panpina batek piztutako oroitzapenei esker.
Andereño Mari Carmenekin egin genuen trapuzko panpina ikustean, konturatzen naiz ziurrenik garai hartan hezkidetza hitza bera ez zela ez existitzen baina gure andereñoa saiatu zela praktikan jartzen. Izan ere, gogoratzen dut,  gelako guztiok, mutilek zein neskek, ikasi genuela josten, botoiak jartzen, zuloak errepasa-
tzen… Ikasi genuen orratza erabiltzen, denok, denontzako baliagarri izango zela ikasi genuen, lan hura gizon eta emakumeentzat zela, alegia.  Bizitzarako ikasketa praktikoa izango zen hura. Bai mutil zein neskentzat.
Margotzeari ere bere garrantzia ematen zion andereñoak eta emakume margolariek egindako artelanak erakusten zizkigun bitartean, margotzera gonbidatzen gintuen eta pintzelak erabiltzera animatu, gure irudipenarekin nahi genuen lekura heldu ahal ginela barneratzeko. Eta honez gain, irakurtzeari ematen zion garrantzia, eta argi zuen matematikak guztiok ondo menperatzeko gai izan behar ginela. Oraindik gogoan dut nola geratzen zen eguerdian, bazkaltzeko tartean, gurekin gai bat edo bestean sakontzeko, ikasten laguntzeko.  
Gauza asko eta mezu asko transmititu daitezke gure ekintza eta jarrerekin. Garai hartako andereñoak egin bezala, beharrezkoa da gure eguneroko jardunean transmititzen ditugun balioetan erreparatzea, izan ere, denok egin dezakegu zerbait gure inguru hurbilenean gizarte hau hobetzeko, eta zalantzarik gabe, gizarte hau hobetzeko bide ezinbesteko bat berdintasunean aurrera egitea da. Irakasleek, hezkun-tza munduak, horretan erantzukizun handia dute. Horregatik behar dute denon laguntza eta baita aitormena ere.
Nik zorte handia izan nuen, edukiz ondo hornitu ninduten txikitan, behintzat horren sentsazioa dut. Hala ere, pena handia daukat orain beranduegi delako andereño Mari Carmeni hau guztia esateko eta egin zuen lanagatik eskerrak emateko. Artikulu hau idaztea izan da bere lana eta beste hainbat irakasleren lana goraipatzeko modu bat.