ONDARROAKO HEZKIDETZA EGITASMOA
Harreman berdinzale eta osasuntsuetan oinarritutako herria xede
Ondarroako Emakumeen
Udal Berdintasun Kontseiluaren urtetako lanaren ondoren, hezkidetza egitasmoa martxan da. Ikas komunitate osoari zuzendutako proiektua da: eskoletan zuzenean ikasleekin prebentzio lana egiteaz gain, irakasle zein gurasoak kontzientziatzen eta formatzen ere saiatzen dira, baita jantokiko eremuan nahiz aisialdikoan esku hartzen ere. Besteak beste, helburua da emakume gazteen jabekuntza pertsonalean zein kolektiboan laguntzea eta gizon gazteekin gaur egungo maskulinitate-ereduaren gainean hausnarketa egitea. Hala, eraldaketa sozialaren bidean gazteak agente aktibo bihurtzeko, aniztasuna balioan jartzeko, eta botere-harremanik gabeko erlazio osasuntsuak eraikitzeko.
2003an du sorburua Ondarroako Hezkidetza Egitasmoak. Orduan hasi ziren bidea urratzen Emakumeen Udal Berdintasun Kontseiluaren iniziatibaz, eta urteek aurrera egin ahala, proiektua gero eta integralago bihurtzen joan da. Xede nagusi batekin ekin zioten lanari hastapenetik: herriko ikastetxe guztietan hezkidetzaren filosofia txertatzea, eta bide batez, balioen eraldaketan eragitea.
Herri hezkidetzaile bat eraikitzeko estrategikoa iruditu zitzaion Emakumeen Kontseiluari prebentzioan lan egitea, eta zeregin horri ekin zioten. Hala kontatzen du Rosa Baltar Cabo Ondarroako Udaleko Berdintasun teknikariak: “Prebentzioaz hitz egitean, segituan haur eta gazteak etortzen zaizkizu burura. Eta horiekin lan egiteko zer hoberik ikastetxeetara jotzea baino?”. Izan ere, Emakumeen Kontseiluak argi zuen nahitaezkoa dela hezkuntzaren eremutik prebentzio lanean ere eragitea emakume eta gizonen artean eman daitezkeen ezberdintasunak eta desorekak saihesteko, eta hezkidetzan oinarritutako balioak zabaltzeko eta sendotzeko. “Aurreiritzi sexisten transmisiorako dauden tresnetan eragitea lortu nahi dugu, baloreetan oinarritutako hezkuntza sustatuz. Eta herriko ikastetxeak leku estrategiko eta pribilegiatuak dira prebentzio lana egiteko, garapen integrala bultzatzeko, eta genero estereotipoen mugak nahiz jokabide sexistak gainditzeko”, argitzen du Baltarrek. Hasiera batean, Udaleko Berdintasun Sailetik eta Emakumeen Kontseilutik bultzatuta antolatzen zituzten hainbat egitasmotan —adibidez, matxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunarekin loturiko jardueretan edota Berdintausn Sailetik antolatzen ziren beste hainbat egitasmo zein proiektutan— ikastetxeen parte hartzea sustatzen hasi ziren. Alegia, ekimen puntualetan hartzen zuten parte herriko haur eta gazteek. Baina, Udala ohartu zen horrekin ez zela nahikoa eta bere ardura ere bazela hezkidetza sustatzeko lan pedagogikoa egitea. Hala, proiektua sendotzeko eta zabaltzeko konpromisoa hartu zuen eta 2009an Hezkidetza Batzordea jarri zen martxan. Bertan parte hartzen dute ikastetxe bakoitzeko ordezkari batek, Emakumeen Kontseiluko kide batek, Udaleko arduradun politikoek zein teknikoek —Berdintasun eta Hezkun-tza arloetakoek—, eta hezitzaile-taldeak. “Hezkidetza batzordeak gune egonkorra eskaintzen digu proiektuaren gainean hausnarketa kolektiboa egiteko, jarraipena egiteko, eta hobekuntzak txertatzeko, zein gai berriak identifikatzeko”, azaltzen du Berdintasun teknikariak.Komunitate osoari zuzenduriko proiektu integral bat martxan jartzea izan zen batzorde horrek hartu zuen lehen erabakia. Izan ere, arduradunen esanetan, hezkidetza zeharkakotasunez landu beharreko gaia da, balioen transmisioa eremu guztietatik egiten delako: lantzen diren gai eta edukien bidez, hizkera eta jarreren bidez, harremanak eraikitzeko moduen edota lanak banatu eta antolatzeko eren bidez.... “Beraz, ezinbestekoa da formazio jarrai eta iraunkorra jaso-tzea”. Horrexegatik, pixkanaka ibilbide formatibo bat sortuz joan dira, ez soilik ikasleentzat, baita irakasle zein gurasoentzat ere, eta jantokiko nahiz eskolaz kanpoko hezitzaileentzat. Azken helburua izanik emakumeekin jabekuntza pertsonala zein kolektiboa lantzea, eta gizonezkoekin maskulinitate-ereduaren gaineko hausnarketa egitea. Nagore Larrazabal Sanchez Ondarroako Hezkidetza Egitasmoko hezitzaileak dioen moduan, apurka ari dira sarea handitzen, ahalik eta agente gehien hezkidetzaren bidean kokatuta egon daitezen: “Gure nahia da herri guztia hezkidetzailea bihurtzea, komunitate osoa izatea agente aktiboa aldaketa honetan. Herriko eremu guztietara iristea nahi dugu proiektu hau. Balioen aldaketa espazio guztietan egin behar da”. Era berean, ikasleekin zuzenean eskolan lantzen dutena espazio publikora ere eraman nahi dute. Iñigo Ranero Gonzalez proiektuko beste hezitzaileak gaineratzen duenez, eskolatik ere jendartean eragin dezaten: “Uste dugu eskolak eragile sozial gisa jardun behar duela, eta garrantzi-tsua dela haur zein gazteek presentzia edukitzea herrian, eta herritarrek ere presentzia izatea eskolan. Zentzu horretan, proiektu honek bat egiten du herri hezitzailearen ideiarekin. Horregatik uste dugu eskola, udalak, eta herriko bestelako eragileek norabide berean jardun behar dutela”.
Hainbat eremutan eragiten
Eskola da proiektuaren jardungune nagusia. Larrazabal eta Ranero hezi-tzaileek LH5ean hasi eta institutura arte hainbat gai jorratzen dituzte zuzenean ikasleekin; hala nola, bizikidetza, harreman afektibo-sexualak, elkarrerantzukizuna eta bizikidetza, indarkeria sexista, lanbide-orientazio ez-sexista, autodefentsa feminista eta maskulinitate-ereduak. Lanbide Heziketan ere —Haur Hezkuntzako zein Erizaintzako zikloetan—, egiten dituzte tailerrak ikasleekin, besteak beste, hezkidetzaren oinarrizko kon-tzeptua, curriculum ezkutuaren garrantzia edota zaintza lanak erdigunean jartzearen inportantzia jorratzeko.Ikasleekin LH5ean hasten badira ere lanketa egiten, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arteko irakasle guztiek jasotzen dute hezkidetzaren gaineko formazioa, uste baitute premiaz-koa dela adin guztietako ikasleekin irakasleek begirada berdinzalea izatea. Hala, irakasle-talde edo ikastetxe bakoitzaren beharrizanetara moldatutako laguntza teknikoa eskaintzen diete. Gainera, ikasleekin egindako tailerren ondoren deboluzio batzarrak ere egiten dituzte, eta formaziorako nahiz hainbat gai jorratzeko unitate didaktikoak ere eskaintzen dizkiete Udaletik. Horrez gain, Beldur Barik programa ikastetxean bultzatzeko baliabideak ematen dizkiete.Familietan ere fokua jarria du Ondarroako Hezkidetza Egitasmoak. Gurasoentzako hitzaldi formatuetan antolatzen dituzte jardunaldiak jolasaren, sare sozialen, harremanen… inguruan hitz egiteko. Nahiz eta, urtero agertzen diren kezken arabera, saioak moldatu egiten dituzten. Jantokiko eta eskolaz kanpoko hezitzaileei, berriz, prestakuntza ematen diete, urtean behin, hezkidetza kontzeptua bera azaltzeko eta praktika profesionalean erreproduzitzen diren joeren inguruan gogoeta egiteko; hala nola, hizkuntzaren erabilera, komunikatzeko modua, jarrerak, etab.Urteek aurrera egin ahala, zuzenean irakasle, ikasle eta gurasoekin lan egiteaz gain, herrian berdintasuna jorratzeko egin diren bestelako proiek-tu batzuk ere hezkidetza egitasmora ekarriz doaz. Horietako bat da “Emakumeen Aztarna eta Mugimendu Feministen Aztarna herrian” izeneko programa. Ondarroako emakumeen historia jasotzen duen ikerketa batean oinarriturik, herrian barna ibilbide bat sortu dute eta LH6ko ikasleekin urtero egiten dute ibilbide hori, Ondarroan historian zehar izandako emakumeen nahiz gaur egungo andreen bizimodua ezagutzeko eta balioan jartzeko. Horrekin batera, Hezkidetza Batzordetik ekimen komunitarioak ere antolatzen dituzte herri osoari bideratuta. Hala martxoaren 8an —Emakumearen Nazioarteko Egunean—, maiatzaren 18an —Homofobiaren aurkako egunean—, eta azaroaren 25ean —Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean— hainbat lanketa mota egiten dituzte ikas komunitatearekin. Proposamen didaktiko bat egiten dute edozein adinetako ikasleekin landu ahal izateko, bakoitzak bere mailan jorra dezan. Eta eskolan egindako lanketa hori sozializatzeko ekimen komunitarioak proposatzen dituzte, herriko beste elkarteekin kolaborazioan. Horretan guztian paper oso garrantzitsua jokatzen du Ondarroako Etxelilak —emakumeen etxeak—.
Ikasleekin lanean mailaz maila
Eredu bihurtu da Ondarroako Hezkidetza Egitasmoa, eta inguruko hainbat herritan ere urratsak ematen hasiak dira herri hezkidetzaileak sortzeko bidean. Ikas komunitate osoari zuzendutako proiektua bada ere, ikasleei bideratutako eremuak protagonismo berezia hartzen du. Izan ere, Ondarroako Berdintasun teknikariak adierazten duen moduan, hezkuntza-sistematik biztanleria osoa igarotzen dela kontuan izanik, eremu horretan eragitea oso garrantzitsua da; “urteak pasa ahala herriko gazte multzo handi batek berdintasun balioetan oinarritutako ibilbide formatibo hau egina izango du”. Horrexegatik, herriko ikastetxe guztiekin ari dira lanean: Zaldupe eskolarekin, Zubi-Zahar ikastolarekin, Txomin Agirre ikastetxearekin eta Ondarroa BHI instituarekin (Lanbide Heziketako zikloak barne —Haur Hezkuntzakoa nahiz Erizaintzakoa—).Haur Hezkuntzatik Batxilergora arteko irakasle guztiak formatzen diren arren programaren barruan, zuzenean ikasleekin saioak egiten LH5ean hasten dira. Ikasturte horretan indarkeria matxistaren prebentzioa eta bizikidetza lantzen dituzte, “batak bestea dakarrelako —dio Larrazabalek—; indarkeria sexistaren prebentzioa egiten dugun heinean, aniztasunaren eta bizikide-tzaren alde ari gara egiten”. Borobilean jarrita edota taldeka egiten dute lan hezitzaileek, komunikazioa modu errazean emateko eta parte-hartzea sustatzeko. LH5eko lehen saioa bazterketaren inguruko dinamika esperimental batekin hasten dute, eta horri loturik azaldu ohi dira genero-estereotipoetatik kanpo kokatzen diren pertsonek askotan jasaten dituzten zigor sozialak: “Hor ikusten dugu, adibidez, taldeak nola zigor dezakeen oso femeninoa den mutil bat, oso maskulinoa den neska bat, beste kultura batetik datorren ikaskide bat… Oso gaztetatik ikusten dugu zelan daukaten dikotomiarako joera. Genero-estereotipoetatik kanpo kokatzen diren pertsonak desira sexual konkretu batzuekin lo-tzen dituzte. Edota, adibidez, dantza egitea oso gustuko duten mutil bat segituan zaku jakin batean sartzen dute”. LH6an harreman afektibo-sexualak lantzen dituzte. Norbere gorputzaren ezagutza eta kontzientzia-hartzea jorratzen dute, batez ere, eta horren baitan, gorputz-aniztasunari buruz ere hitz egiten dute. Izan ere, hezitzaileek dioten moduan, norbere gorputzaren kontzientzia hori oso modu desberdinean eraikitzen da familiaren, herriaren, generoaren, egoeraren… arabera. Edozein kasutan, sexualitatea lantzerakoan, ugalketaren zentralizaziotik alden-tzen dira eta askatasuna nahiz plazera oinarri duen sexualitate batera gerturatzen dira; “Normalki etxeetan ez dute gai horiez hitz egiten, gazteek joera handiagoa dute euren artean solasteko eta beste bide ba-tzuetatik euren jakin-mina asetzekoa. Baina gurekin lasaitasunez jarduten dira, batetik, ez garelako irakasleak, eta bestetik, badakitelako eremu seguru batean daudela eta gero gu ez garela joango euren gurasoengana ezer esatera”. DBH1ean elkarrerantzukizuna eta bizikidetza jorratzen dituzte. Saio horietan zaintzaren gaiak garrantzia handia hartzen du. Horrekin batera, harreman-ereduez ere asko hitz egiten dute. Harreman osasun-tsuak eta kooperatiboak bultzatzea dute xede: “Nola erlazionatzen garen gure artean, nork hartzen dituen ardura batzuk eta nork beste batzuk, zergatik, zeren arabera banatzen ditugun ardurak…”. Harremanak eraikitzeko momentuan komunikazioak duen garrantziaz ere mintzatzen dira: nolakoa den komunikatzeko modua, bortitza den, errespetuzkoa, gorputza erabiltzen den edo ez komunikaziorako, hizkuntza sexista, arrazista edo homofobikorik erabil-tzen dugun… Aniztasunaren balioa eta desberdin izateko eskubidea azpimarra-tzen dute DBH1eko ikasleekin, eta horrekin loturik, berdintasunaren diskurtsoaren gainean hausnartzen dute, ez dadin mezu hori uniformizatzailea izan, askatzailea baizik. Eta, amaitzeko, familietan ematen diren arduren eta rolen banaketari buruz aritzen dira bizikidetza familian nolakoa den aztertzen dute: “Gure etxean zaintzaren ardura nork du? Eta zer da ardura edukitzea? Baz-karia prestatzea? Edota ardura hori emozionala ere izan daiteke? Gaixo gaudenean nork zaintzen gaitu?... Galdera horiei eta antzekoei eran-tzunez, ohartzen gara zaintza lanak erabat inbisibilizatuta dauzkagula, eta gainera, orokorrean, emakumeek lan horien askoz ere zama handiagoa hartzen dutela euren gain”. DBH2an, LH6an landutako gai bera —alegia, harreman afektibo sexualak— jorratzen dituzte, baina sakontasun handiagoarekin. Larrazabalek eta Ranerok aitortzen duten eran, oraindik generoaren eragina sexualitatea bizitzeko moduetan nabarmena. DBH2an heteroarauaren baitan errotutako mitoei heltzea dute helburu, praktika normatiboetatik haratago joateko: “Ireki diezaiogun irudimenari bidea eta eman diezaiogun gure gorputzari aukera gehiago. Industria kulturalak iraunarazten dituen eredu normatibo eta muga-tzaileetatik haratago joateko gogoeta tarteak sortu nahi ditugu”. Azken batean, sexualitatearen inguruan dagoen eraikuntza kultural uniformea, heteroarauan oinarritzen dena, deseraikitzen saiatzen dira. Eta zabaltzen duten mezua argia da: modu askean eta arduratsuan sexualitatea bizitzea denen egitekoa dela. DBH3an, indarkeria sexistaren prebentzioa lantzen dute. Zer da indarkeria? Noiz gertatzen da? Zein mota daude? Nortzuk praktika-tzen dute?... eta antzeko galderei erantzunez hasten dituzte ikasturte honi dagozkion saioak. “Askotan ez gara ohartzen, baina indarkeriaren kulturan bizi gara, eta noiz edo noiz denok erabili izan dugu indarkeria gauzak lortzeko. Gazteak horretaz jabe daitezen nahi dugu”. Genero rolak eraikitzerako orduan, botere-harremanen eta indarkeria sexistaren elementu ezberdinak identifikatzeaz gain, mutil eta neskekin lanketa bereiztua egiten dute gai honen aurrean dagozkien jarrerak garatzeko.Hala, ikasturte horretako lanketan, hainbat saiotan neskak eta mutilak bereizi egiten dira. Maitasuna eta harreman afektiboak bakoitzak bere aldetik lantzen dituzte, azken batean maitasuna sozializatzeko modua oso diferentea delako nesken eta mutilen artean. “Eta eurak ere eskertu egiten dute. Horrela bestela esatera ausartuko ez liratekeen gauzak esateko aukera dutelako. Gainera, emakumeen kasuan, horrek kolektibotasuna lantzeko aukera ematen digu, baita emakumeon arteko elkartasunaren gainean hausnarketa egitekoa ere”. Gizonen kasuan, berriz, azken helburua da hegemonikoa den maskulinitate-eredua deseraikitzea. DBH4an lanbide-orientazio ez-sexista lantzen dute, hurrengo urteari begira ikasketen inguruko hainbat erabaki hartu behar izaten baitituzte. Gai hori jorratzen hasten direnean, zuzenean, ikasleei burura gauza bakarra datorkie: “Ikasle onak unibertsitatera eta txarrak lanbide heziketara”. Hari horri tiraka abia-tzen dute eztabaida: nor da ikasle ona? Nor txarra? Zergatik etiketa hori? Zergatik erabakitzen dugu bide bat egitea eta ez beste bat? Zer dugu gustuko?Ondoren, ikasketa batzuk edo besteak aukeratzean generoak zer-nolako eragina duen aztertzen dute. Horrez gain, esparru feminizatu eta maskulinizatuez aritzen dira. Dikotomia horretatik abiatuta, jakintzaren eta zientziaren arloan dagoen talkaz ere hitz egiten dute, eremu batzuei —merkatuarekin lotutakoei— askoz ere balio handiagoa ematen zaielako beste batzuei —humanitateekin zerikusia dutenei— baino. “Guk bazterrean dauden zientzia horiek ere erdigunera ekarri nahi ditugu eta balioan jarri”.