ZER-NOLAKO MASKULINITATE-EREDUA ERREPRODUZITZEN DU ESKOLAK?

2017-03-01
 
 

Horrelako galdera batek problema handiak planteatzen ditu, ez baitu aintzat hartzen dagoen aniztasuna. Eta, gainera, hasieratik hasteko, argi utzi beharko genuke lehenengo eredua, beti, etxetik jasotzen duguna dela eta horrek ezartzen dituen oinarrien gainean, gero eskolak, gizarteak, hedabideek eta sareak eragin bat dutela, baina oinarria etxekoa da.  

Ezberdina izango da auzo bateko eskola txiki bateko LHko gela batean zer eredu eskain litekeen, edo hiri handi bateko unibertsitateko fakultate zehatz bateko eredua. Eskola hori txertatuta dagoen inguruneak eta komunitateak eragina du, eskola ez baita independientea, gizartearen eta bere ingurunearen isla bat da. Orduan, zer maskulinitate-eredu erreproduzituko du? Hegemonikoa; bere ingurunean ohikoa den eredu hori. Baina, egia da, aniztasun guztian, eragile bakoitzak bere ñabardura gehitzen diola, ondorioz, ez da berdina izango irakasle batek edo beste batek igortzen duen eredua.
Hasteko, adin txikieneko haurren eredua eredu absentea da, hor ez baitago irakasle maskulinorik, eta horrek eragina dauka: “Gauza hauek ez dira batzuentzat; gauza hauetaz ardura-tzen direnak emakumezkoak dira. Ni emakumezkoa naiz? Ez? Izan nahi dut? Zer gauza egin behar ditut haiek bezala izateko, zer gauza egin behar ditut ezberdina izateko eta, ondorioz, gizona izateko?”. Hori absentziaren bidez ikasten da, bai etxean eta baita eskolan ere. Unibertsitatean, aldiz,
% 80tik gora irakasle gizonezkoak dira, horrek adierazten duen prestigioarekin, ardurarekin, pribilegioekin...
Gaur egungo eskola mutilen-tzat pentsatua zegoenaren gainean pentsatua dago, eta hori ere gogoan edukitzea komeni da. Gaur egungo eskola-sistema mistoa da, baina ez zuten sortu mutilen hezkuntza eta nesken hezkuntza bateratzetik eta uztartzetik, mutilena zabaldu zuten denentzako, eta bidean gelditu ziren neskei zuzenduriko curriculumeko arlo asko, etxeko ardurak, zaintzak, emozioak, tratu onak... Eskola mistoa da, baina ez da eskola hezkidetzailea. Eskola berean urte kopuru mordoa pasa ostean, bi multzo nagusitan sail-katuta ateratzen dira ikasleak: neskak eta mutilak. Hezkuntza bera jaso baldin badute, hori nola da posible? Ba ez delako sistema hezkidetzailea, ez zaielako gauza bera eskaintzen ba-
tzuei eta besteei. Hor ikusten ez dugun zerbait ari da gertatzen: transmisio hori ez dago curriculumean —ez baitago curriculum bat neskentzako eta beste bat mutilentzako—, curriculum ezkutuan baizik.
Aipatu dugun erreferente falta da horren adibide bat, eta dituzten erreferenteek ere haurrekiko aurreiritzi batzuk dituzte: neskez gauza batzuk espero dituzte eta mutilengandik beste batzuk. Horrela erreproduzitzen da eredua. Adibidez, patioa denentzako berdina da, baina espazioaren erabilera ezberdina da eta espektatiba desberdinak ditugu; nor espero ditugu korrika batetik bestera baloi baten
atzetik? Ez ditugu haur guztiak espero. Espazio bera da baina erabilera ez; eta guk espero duguna bete egiten da. Irakasle bezala ze espektatiba ditut? Nori eskatzen diogu ikaskideen lanak jasotzea? Nori eskatzen diogu pertsiana jasotzeko? Norengan fiatzen gara gauza batzuetarako eta norengandik espero dugu oker jokatuko duela? Hori transmititu egiten da. Mutilek beti kexa hori dute: bronka guztiak beraientzako dira, edozeren errudun beraiek jotzen ditugu; arrazoiarekin batzuetan, bestetan ez.
Gizartean nagusi den maskulinitate-ereduak intelektuari garrantzi handia ematen dio. Badirudi gorputza burua garraiatzeko bakarrik dugula, eta gainontzean hezkuntzan enbarazu egiten du gorputzak. Nahiko genuke disko gogorrarekin egin lan zuzenean; baina gorputz bat dago, mugimendua behar duena, aspertu egiten dena, mina, ezinegona daukana, gaixotasunak... baina hezkuntzak ez du hori guztia kontuan hartzen.
Horrez gain, norgehiagoka edo lehia sustatzen du eredu honek: notak. Lehenengo edo gainetik gelditzeko premia dago, nabarmentzeko premia. Eta errepikatzaileak daude, eta kanpora gelditzen direnak, eta hurrengo fasera pasatzen ez direnak, eta bidean gelditzen doan jendea. Sarien eta zigorren sistemak hori sustatzen du.
Maskulinitate-eredu hau, gainera, indibidualista da, insolidarioa da. Lehia horretan, bat bakarrik izan liteke ira-
bazlea; ez dago lekurik birentzat. Laguntasuna apurtu egiten da, ezin gara pareko izan, bat geldituko da gainetik eta bestea azpitik. Ondorioz, berehala ikasten dugu dominazio-jokoan ari-tzea, menderakuntza sisteman oinarri-tzen baita eredu hau; ez dago kooperazioarentzat lekurik. Ikasi behar dugu beste mutilak menderatzen eta neskak menderatzen, eta adin txikiagokoak menderatzen, eta jangelako langileak menderatzen... Egunero ikusten dute haurrek jangelako langileek zer balio gutxi duten gure gizartean, eta mutil izateagatik bakarrik horien gainean geldituko direla ikasten dute.
Honek ondorio gehiago ditu: nik ikusten badut, mutil izate hutsagatik pribilegio batzuk jasoko ditudala, zertarako ahalegindu behar dut? Zertarako izan behar naiz ikasle saiatua, arretatsua? Maskulinitate-eredu honek sustatzen du mutilek letra txarra izatea; estutxe gabe edo liburu gabe edo koaderno gabea joatea klasera; zabarkeria sustatzen du, trakeskeria... Gainera, mutil batek gauza horiei arreta jartzen badie, nesken antzeko bihur-tzen da, eta neskak azpian egoteko estamenduari dagozkio, orduan mutil hori nesken antzekoa baldin bada, antzeko trataera espero dezake beste mutilengandik. Hori guztia eskola-porrotarekin lotua dago: eskola-porrota maskulinitate-eredu honen ondorio bat da; mutilek ez daukate pizgarririk ikasle saiatuak izateko. Dauzkatenak galtzen doaz, beraien kideak direnek esaten baitiete, “onena izateko gaizki zoaz; onena izateko menderatzailea izan behar zara, eta zabarra; izan behar zara oldarkorra, izan behar zara bortitza; ez adimentsua, arretatsua, zaintzailea, solidarioa”. Prestigioa ematen zaio besteak zapaltzeko prest dagoenari, hori da taldea gidatzen duena, beldurra ematen baitu. Horri aurre egiteak esan nahi du bortiz-keriari aurre egitea, eta ez dakigu bortizkeriari nola egin aurre. Etxean, gizarte honetan, nazioarte-mailan... bortizkeria da gatazkak konpontzeko bide eraginkor bakarra.
Eredu hegemonikoaren beste ezaugarri bat da neskekiko bereiztea, eta neskak azpiratzea. Horrek dakar, bereizketa egin nahi ez duten mutilekiko ere tratu txarra, eta homofobia, bereziki nerabezaroan. DBHn eta Batxilergoan mutilekin maskulinitatea lantzean ikusten dugu elementu nagusia homofobia dela. Homofobia desaktibatzeko ahalegin txiki bat egin gabe beste ezer ezin da egin, homofobia martxan dagoen bitartean ez baitira elkarrekin fiatzen: mutilak elkarren aurkari dira eta elkarren mehatxu. Ez dago margenik, ez dago aukerarik aniztasunerako, elkar ukitzeko, elkarri gauza politak esateko... homofobiak mutilen arteko tratu onak debekatzen ditu, beste mutil bat ondo tratatzeak agian esan nahi du mutilak dituzula gustuko, eta kasu horretan, eredu honen arabera, zigorra merezi duzu, arbuioa, bullyinga eta taldekoa ez izatea. Homofobia deskatibatu gabe ez da posible aurrera egitea.
Nola desaktiba daiteke homofobia?
Batetik, ez gara gehiegi kezkatu behar aurre-nerabezaroan eta DBH 2-3n sekulako gorroto esplizitoa agertzen badute marikoekiko, adin horretan gertatzen ari diren aldaketa fisiologiko eta psikologikoen eraginez, segurtasun falta handia senti-tzen baitute, eta ereduetan bilatzen dute egonkortasuna, muturrera joz, bai neskek eta bai mutilek. Adin horretan mutilak urdinak ez, urdin ilunak dira; eta neskak arrosa ez, fuksia arrosa. Horrek segurantzia ematen diete, “nik ez dakit zein naizen, baina badakit egon behar den lekuan nagoela”. Gero, adinarekin ikusten joaten dira zer gustatzen zaien, zerk ematen dien nortasuna, kirol bat, musika hau, janzkera hau... eta hortik eraiki dezakete  mundu propioago bat, segurtasuna ematen diena. Baina adin batean ez dugu esan behar, “nerabe hauek non daude!?” Nerabe horiek daude gurea bezalako gizarte batean egotea tokatzen zaien lekuan. Perspektiba zabaldu egin behar dugu: nerabeak ez dira inor baino homofoboagoak, gizarte hau da homofoboa, eta nerabeak hor babesten dira.
Bestetik, saiatzen gara kontaktu fisikoa bilatzen mutilen artean. Ez da erraza izaten, baina oraindik gustatzen zaie gerrara jolastea, edo borrokak... eta batzuetan posible da kontaktu fisikoa bilatzea. Homofobia desaktibatzeko leku egin behar diegu emozioei, afektuek leku bat izan behar dute. Hitz egiten eta entzuten hasi behar dugu. Homofobiak dakarren beste gauza bat elkarri ez entzutea baita; txanda sistema bat behar dugu, besteek esateko dutena entzutea garatzeko, eta hor ikas dezakegu hemen denok gaudela berdin, denok gaudela besteek gutaz esango dutenaren beldur eta adi. Orduan hortik jo dezakegu: “Igual denontzako hobe izango da ez badugu elkar zigortzen, elkar axola dugula adierazteko ondo dago esatea, ‘asko pozten naiz gaur zu ikusteaz berriro’, edo ‘zu zara nire lagunik onena’, eta ez horren ordez kopeteko bat ematea, edo zangotraba egitea, edo irain batekin adieraztea, ‘nirekin zaude’, ‘gustuko zaitut’, ‘inportantea zara niretzat’. Mutilentzat hori ez dago aukeren artean.
Eredu hegemonikoaren beste ezaugarri bat da heterosexuala izan behar dela. Orduan, zenbat eta lan gehiago egin sexu desiren aniztasunean eta kolore guztietako esperientziak daudela azaltzen, eta guztiak direla onargarriak adierazten... indarra kenduko dio ‘marikoia’ etiketari, eta ate berriak zabalduko ditu.
Kirola eta teknologiak dira eredu hegemoniko honen beste bi ezaugarri; horiek dagozkio mutil izateari, eta ez bestelako ikasketa batzuk eta bestelako aktibitate batzuk. Mutilek emozionalki daukaten hutsunea eta horrek sortzen dien ezinegona edo kirolera edo teknologiara bideratzen dute. Akbititate fisikoaren bidez adrenalina askatu eta horrek sortzen duen halako baretasun-egoera horren bidez edo teknologiarekiko mendekotasunaren bidez alienatzen dira. Guk, mutilok, ez daukagu sarbiderik gure afektibitatera, hori da eredu honen ondorio zuzena. Afektibitatea bizitzerik izango bagenu, bestelakoak izango ginateke.
Eredu honek daukan ondorio nabarmenena da sexismoa erreproduzitzen dugula.
Neskak gelan isilaraziak eta gutxietsiak egoten dira eta horrela beraien gaitasunak eta ekarpenak galdu egiten ditugu, ez dira entzuten. Gelaren baliabide erdia zaborretara doa inork jaso gabe. Baina mutilen gaitasunak eta ekarpenak ere galdu egiten ditugu, arreta okerreko arrazoiengatik bakarrik jasotzen baitute, disruptiboki. Denbora, arreta eta espazio gehiago hartzen dute; irakasleek lehenengo mutilen izenak ikasten dituzte, haiek geldiarazi behar “baitituzte, entzun ezak!”, “Isildu adi...” neskak beraien lekuan daude, isilik... eta galdera bat egin eta zuzen erantzuten dute. Askotan neskak gauza homogeneo bilakatzen dira, ez bada, bere ereduarekin bat ez datorren ezaugarriren bat duelako.
Eskola-porrota dakar eredu honek, baina baita gizarte-porrota ere. Maskulinitate-eredu honek ez digu uzten bestelako gizarte-eredu bat garatzen. Denok gaude beldurrez, mutil haserretuen beldur: mutilak beste mutilen beldur; neskak mutilen beldur; eta helduak ere nerabe haserretuen beldur gara. Taldeak ematen dien babesarekin edozer gauza egin dezakete mutil nerabe horiek.
Eredu honek nesken autoestimua okertu egiten du; beraiek ikusten dute mundu honetan zenbat ahalegindu behar duten beraiek leku batera iristeko, eta, besteak, ahalegindu gabe bertan daude dagoeneko. Nesken ahotsa entzunarazteko bost aldiz esanda ere ez da gertatzen. Neskek hori txikitatik bizi dute. Zenbat iraun dezake autoestimu on batekin mundu honetan, non egunero hamaika aldiz esaten zaizun zu, neska izate hutsagatik, gutxiago zarela, gutxiagorako balio duzula, ez zarela hain azkarra, gauza batzuk ez dituzula inoiz lortuko...?
Mutilekin homofobia lantzen dugun bezala, neskekin autoestimua, norbere burua baloratzea eta nesken arteko elkartasuna lantzen ditugu. Talde bezala aurre egiten ez badiote neskek, mutilek beti irabaziko dute. Emakumeak batu arte, mundu hau sexista izango da. Hamaika modu asmatu dira emakumeak banatzeko eta elkarren aurka jartzeko. Hori erreproduzitzen dugun bitartean, sexismoak jarraituko du. Emakumeen arteko ahizpatasuna garatu behar da, eta horretarako autoestimua zaintzea funtsezko lana izango da. Nire autoestimua igotzen da talde bateko kide sentitzen naizenean, denok elkarrekin gaudela sentitzen dudanean eta batzen gaituen helburu bat dugula. Taldeak laguntzen die neska nerabe askori egoerari buelta ematen.
Sexismoaren erreprodukzioa ematen da indarkeriaz edo indarkeriaren mehatxuz. Bortizkeriarik ez balego, sexismoak galduko luke bere arma potenteena. Sexismoa erreproduzi-tzen da inor ez delako ausartzen hori beste era batera egin daitekeela planteatzera. Ausartzen direnak, batzuk bidean gelditzen dira, zorionez beraien eredua hartzen dugu eta balio digu beste bide batzuk pizteko. Baina aldaketa bat planteatu dutenek beti jasan dute indarkeria. Emakume sufragistek, edo gaur egun feminista izateak zer-nolako eraso pila dakarren... edo harreman bortitz batetik banandu nahi duen emakume batek... ausartek beti jasotzen dute bortizkeria dosi handiagoa.  Horren aurrean, ohitzen gara ohiko dosira, eta eroso gaude hor. Baina beti dago indarkeria.
Baina, berriro gogoratu behar dugu: eskolak eragin mugatua du. Mutiko baten ibilbidean, mutil izango dela dakigun momentutik ezberdin tratatzen hasten gara. Badaude ikerketa batzuk esaten dutenak momentu horretatik ezberdin hitz egiten zaiola fetuari. Mutilei gutxiago hitz egiten zaie eta ozenago hitz egiten zaie, tonua ezberdina da, eta mezuak ere desberdinak dira. Neskei gehiago hitz egiten zaie, eta goxoago, gauza gehiagori buruz, eta era horretan beste lotura bat garatzen da.
Mutikoa jaiotzen da eta handik gutxira ez zaio onartzen negar egitea. Bihotzeko zauriei prozesu naturala egiten utzi beharrean, negar egiten utzi beharrean, ez diogu uzten osa-tzen. Negar egitea da gure zauriak osatzeko daukagun tresna ikaragarri bat, baina mutilei lehenago kentzen diegu tresna hori, honako mezu hau helaraziz: “Zure minak eta zure sentimenduek ez dute garrantzirik; badaude gauza garrantzitsuagoak eta horiek atenditu behar dituzu. Gizarte honetan zure funtzioa garrantzitsuegia da emozioetan denbora galtzen ibiltzeko”. Une horretan gertatzen da neskekiko lehen etena: “Neskek negar egin dezakete, eta nik min berbera hartu dudan arren, ez didate uzten negar egiten”. Hasieran mutilak gaizki hartuko du debekua, baina gero justifikatu egingo du tratu desberdina jasotzea: “Izango da, neskek egiteko duten horrek ez duela garrantzi handirik; ni inportanteagoa naiz”. Era horretan mutilak hasten dira neska gutxiagotzat hartzen, eta gaizki tratatzen. Negarrez uzten, azken batean, zeini inporta zaio nesken negarra. Hor dagoeneko neskak galdu ditugu, lehen denak lagunak ziren, elkarrekin jolasten ziren, sexuak ez zuen inporta; inporta zuen bakarra jolasteko prest egotea zen. Hor galtzen ditugu erdiak; eta geroxeago mutilak ere galduko ditugu, lehiagatik mutilak elkarren arerio bihurtzen gara, eta bakarrarentzako lekua gelditzen da, eta deskonfiantza eragiten du. Era horretan, mutilak bakartzen goaz. Eutsi baldin badiogu beste mutilen batekin gertuko harremanen bati, eta pubertaroa iristean elkarrekin bagaude, era batera edo bestera gizartea arduratuko da harreman hori hausteaz, gizartea beldur baita bi mutilen arteko gertukotasunaz.

Aldaketa posible da?

Eskolatik zerbait aldatu nahi badugu, gure eragin-ahalmena onartu behar dugu, eta gure eragin ahalmena mugatua dago. Ikasgelan galaxia desberdinetatik ailegatutako izakiak ditugu, eta bakoitzari bere galaxiaren berri ematen utzi behar diogu, bestela ikasle hori galduko dugu. Oinarri horretatik zerbait egin daiteke, zeren ikasle horren etxeari leku egiten badiogu ikasgelan, bera prest egongo da erreferente berriei leku egiteko: “Ados, nire etxean gauzak modu batera egiten dira, baina ez da unibertsoan dagoen gauzak egiteko modu bakarra. Hemen horrela egiten dute, han bestela...” eta ikasle horri ateak ireki egiten zaizkio. Hori gako garrantzitsu bat da.
Beste gako garrantzitsu bat hezi-tzaileongan dago. Hezkuntzan gabiltzanok etengabe geure buruak errebisatu behar ditugu, bestela curriculum ezkutua transmititzen ari gara. Ni ari baldin banaiz berdintasunaz hitz egiten, baina ondokoa hitz egiten hasten den aldioro hitza kentzen badiot, dena esaten ari naiz: diskurtsoa badakit baina ez dut lanketa minimoena ere egin, eta ez naiz kontzientea nola jarrai-tzen dudan nire pribilegioei eusten hortz eta atzamarrekin. Lanketa hori etengabe egin behar dugu hezitzaileok; andereño bat baldin banaiz eta espero badut nire mutiko ikasleek ez dutela zarata besterik egingo eta beraiek izango direla gauzak hausten dituztenak... azkenean nire ikasleek, leialtasunez, kunplitu egingo dute nik beraietaz espero dudana. Gure aurreikuspenak bete egiten dituzte ikasleek: guk onena espero badugu, onena ematen digute; espektatiba txarrak baditugu, leialtasunez, bete egingo dituzte.
Lan inportanteena pertsonala da, hezkuntzan dagoen heldu horrek egin behar duena modu jarraikor batean. Horretarako egitura eta zerbi-tzuak behar dira, irakasle-lanetan ari direnek ez dauzkaten baliabide asko behar baitituzte, batez ere baliabide humanoak, denbora, norbere buruari dedikatzeko denbora, eta entzuna izatea. Hezkuntza-prozesuan ardura dutenak zaindu behar ditugu, baina sistema ez da ari horretaz arduratzen, sistema irakasleei gero eta gehiago exijitzen ari zaie, gero eta gehiago estutzen, ratioak igotzen, baliabideak okertzen... eta horrela ez da posible egoera hauek aldatzea.
Nik irakasle bezala, hezitzaile bezala, tartea baldin badaukat barne lanketa bat egiteko, eta hori nire lankideekin partekatzeko, hortik igual sor ditzakegu proiektu pedagogikoak non afektibitatea erdigunean dagoen, eta agian eraiki ahal izango dugu eskola zaintzaren eta beharren arabera eta ez espektatiben arabera. Baina nire urgentzia emaitza akadamikoak bermatzea baldin bada, hor beste ezer ez da kabitzen.
Guk Harremonak programan hiru gakotan ardazten dugu aldaketa: tratu onak, sexuen hezkuntza eta hezkidetza. Tratu onak txertatu behar ditugu eskolan, plazerari leku egin behar diogu, gorputzari leku egin behar diogu; kontaktu fisikoari ere leku egin beharko genioke, gizakiok ukitzeko eginak gaude, eta hori gabe ez gara hazten. Hezkidetza ezinbestean curriculum ezkutu horiek desaktibatzeko eta sexuen hezkuntza beharrezkoa da aniztasunari leku egiteko eta plazerari eta gorputzari atea zabaltzeko. Hiru ardatz horien arabera lan handia dago egiteko, baina ez ikasleekin eta irakasleekin bakarrik, baizik eta komunitate osoarekin, familiekin, herriko eragileekin, elkarteekin, udalekin... emaitzak emango dituen lana.
Eta hau guztia umorez hartu behar dugu. Eta ikasi behar dugu gure lotsak eta erridikuloak kudeatzen. Eredua zalantzan jarri eta pixka bat lotsagarri jarrita denok egin behar genuke barre jokatzen ari garen rol horretaz.