FRANCESCO TONUCCI

2017-06-01

Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta datorren ikasturtean emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, adituen eta arituen eskutik. Francesco Tonucciren

inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan seigarrena.

 
 

Esan daiteke Francesco Tonuccik egin duen urrats bakoitza haurraren errealitatera gero eta gehiago hurbiltzeko eta haien ikuspegiari balioa emateko izan dela: haurrek eskolan izaten dituzten bizipenak ikertu ditu, bai eta haurren eta helduen munduen artean sortzen diren harreman motak ere; hiri- eta herri-antolamenduan haurrek duten zereginaren azterketa inoiz alboratu gabe.

Esparru horietan guztietan haurrek bizi duten bakardade-egoeraz ohartuta, muga geografikoak gainditu ditu Tonuccik, eta haurren beharrak zein diren zabaltzen aritu da munduan zehar, haurrek esaten dutenari kasu egiten badiogu, soluzio handiak aurkituko ditugula azpimarratuz.
Funtsean, mundua haurren ikuspegitik aztertzera eta eraikitzera gonbidatzen gaitu, haurrentzat ona bada, gainerakoentzat ere ona izango delako.

Hainbat ohar biografiko

Francesco Tonucci (1941, Fano, Italia) irakaslea, psikopedagogoa eta ikertzailea da; egungo jendarte-antolamenduan haurrak duen −eta izan beharko lukeen− zereginari buruzko hausnarketa egiten duten liburu eta bineta askoren autorea ere bada.
1958an, irakasle-ikasketak amaitu zituen, eta 1963an, Psikopedagogian graduatu zen, Milango Unibertsitate Katolikoan. Gero, Lehen Hezkuntzako irakasle-lanetan aritu zen. 1966an, Ikerketaren Kontseilu Nazionaleko Institutu Psikologikoko ikertzaile bilakatu zen, eta 1982an, institutu horretako Psikopedagogiako Departamentuko buru izendatu zuten.
Tonucciri estuki lotuta garatu da aspalditik “Frato”,  60ko hamarkada amaieran (1968) sortu ondoren haren ordez hitz egingo zuen pertsonaia satirikoa.
Ikerketa-eremutik jasotako ondorioak publiko zabal bati iristeak zuen garrantziaz ohartuta, eta txikitako pasioaz baliatuz (margolaritza), haurrei ahotsa ematen dieten irudi grafikoak eta binetak egiten hasi zen. Horien bitartez, helduek haurrekin dituzten portaera desegokiak eta eskubide-urraketak salatzen hasi zen. Ikastetxeetara sartzea lortu zuten binetek, umorezko ironiak eta satirak eskoletan ia sarbiderik ez bazuten ere, eta irakasleak eta hezitzaileak prestatzeko tresna bilakatu dira harrezkero.   
Urte batzuen buruan, 1991ko maia-tzean, Haurren Hiria proiektua hasi zen garatzen bere jaioterrian: hiri bat ulertzeko proiektu iraultzaile bat zen.
Proiektu hori ez zen mugatzen hezkuntzaren edota heziketaren eremuetara edo haurrei laguntza ematera. Zalantzan jarri zituen hiri edo herri bat kudeatzeko orduan ohikoak ziren egiturak, eta egiteko modu berri baterantz lan egitea planteatu zuen Tonuccik, non haurrak hiriaren edo herriaren antolamendurako eta ebaluaziorako erreferentziazko subjektu zentralak izango ziren. Beraz, esan daiteke motibazio politiko bat izan zuela egitasmoak hastapenetatik. Arrakasta itzela izan zuen proiektuak, eta, ordutik, munduko hainbat eta hainbat tokitara hedatu da.
1997an, Italiako Telebistako Adingabeen Batzordeko lehendakari izendatu zuten (haurren babeserako lan egiten duen taldea). Napolesko Zientzia Hiriko haurrentzako lantegietan, kolaboratzaile gisa ere jardun du, eta Erromako Haurren Museoko kolaboratzaile zientifikoa izan da.
2016an, Honoris Causa doktore izendatu zuten, Limako Unibertsitate Katolikoko Hezkuntza Zientzien Fakultatean eta Lleidako Unibertsitatean.
Besteak beste, liburu hauek argitaratu ditu: Bambini si nasce, 1987 (Niño se nace), Con gli occhi del bambino, 1981 (Con ojos de niño), Bambini si diventa, 1989 (Como ser niño), La città dei bambini, 1991 (Haurren Hiria), La soledad del niño, 1994, La ricerca come alternativa all`insegnamento, 1972 (La escuela como investigació), Se i bambini dicono: adesso basta!,  2002 (Cuando los niños dicen: ¡basta!), FRATO. 40 años con ojos de niño, 2007.

Oinarri filosofikoak

Pentsalari horren ikuspegia egungo jendartearen askotariko esparruetara estrapola daiteke, ikasgelara nahiz ikasgelatik kanpora. Izan ere, une oro gertatzen den eta amaigabea den prozesua da heziketa.

1.- Haurren eskubideak. “Haurrak eskubideak ditu, eta helduak,  eskubide horiekiko betebeharrak”.

Haurren eskubideak babesteko, haurren eskubideei buruzko hitzarmena onartu zuen Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak, 1989ko azaroaren 20an. Hitzarmen horrek eskubidedun subjektu gisa kokatzen du haurra, jendarteari bere ekarpena egiteko eta bere eskubideak defendatzeko gai den pertsona modura, hain zuzen. Partaidetzaren inguruko eskubideetan (12. -17. artikuluak) biltzen da ikuspegi hori bereziki; haurra ez da hartzen babestu beharreko subjektutzat soilik, subjektu sozialtzat ere hartzen da.
Haurrek duten adinagatik eta beraien eskubideak defendatzeko izan ditzaketen zailtasunengatik, haurren eskubideak bazterrean uzteko edo horiek urratzeko arrisku handiagoa dagoela uste du Tonuccik. Hori dela-eta, haurren eskubideei buruzko hitzarmenean oinarrituta, haurrak eskubidedun subjektuak direla gogorarazten digu, eta helduen betebeharra dela eskubide horiek babestea. Beraz, helduek, erakundeek eta agintariek haurrekin lotutako erabakiak hartzen dituztenean, haurrentzat onena denari lehentasuna emanez jokatu behar dute (3. artikuluan zehazten da hori), eta, era berean, pentsatzen dutena esateko espazioak edo guneak izan behar dituzte haurrek, haiei eragiten dieten askotariko gaiei buruz informatuak izateaz gain.

2.- Haurtzaroaren kultura. “Haurra ez da orri zuri bat, hezkuntzaren bitartez eta orrian idatziz jakintza bereganatzen duena. Justu kontrakoa da egia”.

Egun, haurtzaroaren kontzeptua oker erabiltzen dela salatzen du Tonuccik. Haurtzaroa zer den eta haurren beharrak zein diren helduok gure mundu-ikuskera propiotik erabakitzen dugula dio, eta, ondorioz, ahalmen- eta botere-ukapen bat gertatzen dela azpimarratzen du.
Haurrek mundua ikusteko eta gauzei zentzua emateko euren modua dute, eta halaxe frogatu zuten duela mende bat pentsalariek; euren modu etiko, estetiko eta poetikoa dute errealitatea ulertzeko. Gai dira euren bizitzari eta existentziari zentzua ematen dioten hipotesiak, teoriak eta metaforak eraikitzeko. Horregatik dio Tonuccik edozein esku-hartze hezitzaile, ezinbestean, haurra entzutetik abiatu behar dela, gero, haurrari egokitutako tresna eta esperientzia esanguratsuak eskaini ahal izateko.

3.- Jolas librea, haurraren garapenerako giltzarria. “Haurraren betebeharra jolastea da”.

Haurrak jolasean helduarentzat oso ezohikoa den esperientzia bizi izaten duela dio Tonuccik. Jolasaren bitartez, munduaren konplexutasunari aurre egin diezaioke haurrak bere kabuz; jolasak munduaren aurrean kokatzen du haurra, bere jakin-min etengabearekin, dakien guztiarekin eta egiten dakien guztiarekin, ez dakien guztiarekin eta jakin nahi duen guztiarekin. Jolastea, beraz, esperientziak bizitzea da. Ikerketa hutsa da jolasa.
Baina Tonucci psikopedagogoak dio esfortzu ebolutibo hau bi baldintza gertatzen badira soilik izango dela posible: jolastean asebete-sentsazioa sortzen bada, eta jolaserako ingurune egokia badago. Haurra asebeteko da, plazera ematen badio (dudarik gabe, eragile boteretsua da hori pertsona ororentzat), eta ingurune bat egokia izango da, aurrez aipatutako erronka horiek guztiak bere kabuz edo bere lagunekin bizitzeko aukera eskain-tzen badio haurrari. Hala bada, jolasean bizitakoak ohorez eta satisfazioz kontatuko dizkio helduari (gurasoei, familiakide bati, tutoreari), eta, autonomiak, konfiantzak, onespenak eta ongi sentitzeak sortutako giro horretan, magia gertatuko da: haurra hazi eta hezi egingo da. Jolastea, beraz, ez da edonola ere denbora “ezer egin gabe” pasatzea. Jolastea gauza serioa da, Francesco Tonucciren iritziz.

4.- Haurren autonomia. “Badakit zaila dela, beldurra dagoela. Baina ez dago beste erremediorik”.

Adituak dio haurrek badakitela euren autonomia galtzen ari direla helduen beldurraren erruz; normalean segurtasun ezaren aurka proposa-tzen den irtenbidea defentsa delako (denbora librea antolatzea, jolasa kontrolatzea, asperdura-uneak ekiditea, ustez seguruak diren espazioetan pilatzea, helduen zaintzapean egotea, bakarrik ez ibiltzea).
Arriskua, ikuspegi guztietatik hartuta, garapenaren funtsezko osagaia dela dio Tonuccik, modu horretara bizi baitituzte haurrek –eta ez horren haurrek– esperientzia indartsu, esanguratsu eta garrantzitsuak. Gainera, haurrak arriskua plazeragatik bilatzen duela dio, eta ez oinazea sentitzeagatik.
Haurrei beldurragatik gutxieneko autonomia ukatzeak ondorio dramatikoak ekar ditzake etorkizunean. Desiren pilaketa eragiten du umeak une oro eta egunero kontrolpean edukitzeak. Horrek arauak urratzeko gogoa areagotzen duela dio, eta behar horrek, lehenago edo beranduago, eztanda egin dezakeela. Edota autonomia faltak jolasaren benetako onurez baliatzea ekidin dezakeela nabarmentzen du, “jolastu” aditza ez baita “lagundu” aditzarekin jokatzen, “utzi” aditzarekin baizik. Horregatik guztiagatik, garrantzia handia dute autonomiaren eta mugitzeko askatasunaren aldeko apustuek haren proiektuetan.

5.- Espazio seguruak. “Kalea arriskutsua da, haurrik ez dagoelako bertan”.

Hiri-antolamendua ez da ausazkoa. Hiri-antolamendu batek bizitzeko estilo-, ideologia- eta ekonomia-eredu jakin bat indartzen du. Azken Mundu Gerra eta gero hiriak berreraiki zirenean –batez ere Europan–, hiriek berezkoa zuten ezaugarri bat galdu zuten: elkarretaratzeko eta trukerako gune izatea. Ordura arte elkargunera bideratuta zeuden espazio publikoek (plazak, patioak, espaloiak, kaleak), poliki-poliki, saltokiei eta autoei begirako funtzioak hartu zituzten, herritarrei beraien espazio publikoa kenduz. Hori horrela, aldatu egin da gune seguruen kontzepzioa: Kalea ez da gune segurua jada, eta, are gutxiago, bakarrik doan haur batentzat.
Tonuccik dio, haurrak –arreta behar duten hiritarrak edo pertsona zaurgarriak– kalean ez badaude, ez dela loratzen haiekiko erantzukidetasunik gainerako herritarren aldetik . Alegia, ez dela bizikidetzaren aldeko apusturik edo esku-hartzerik egiteko beharrik ikusten.
Errealitate hori oztopo handi bat da espazio seguruen eraikuntzan; izan ere, herrikideez arduratuko ez den herria herri arriskutsua izango da berez. Tonuccik haurra ezartzen du kaleen segurtasunaren bermetzat, eta horregatik ematen dio horrenbesteko garrantzia haurrek kaleak berreskuratzeari. Haurrak kalean badaude, praktikan jarriko da hiritartasuna, eta, horren ondorioz, guztiontzako seguruagoak izango dira kaleak.

6.- Haurra erdigunean. “Haurrarentzat egokia den jendarte-eredu batean, guztiok sartuko ginateke”.  

Francesco Tonucciren lantaldeak egungo gizartea helduzentrista eta androzentrista dela ikusi du, jendarte-antolamenduari buruz egindako ikerketetan. “Heldua, gizona, langilea” dira, hurrenez-hurren, jendarte-antolamendurako eta berorren ebaluaziorako erreferentziazko elementu nagusiak. Ikuspegi horretatik hartzen dira erabaki garrantzitsuak eta publikoak, eta harreman asimetrikoak sortzen ditu horrek, gizon helduak eta langileak ez diren beste hiritarrekiko (haien beharrak ez dira entzuten, eta, ondorioz, ez dira asetzen). Haatik, egungo ereduak zaurgarritasun-egoeran kokatzen ditu haurrak, bai eta beste kolektibo batzuk ere: nagusiak, aniztasun funtzionala dutenak, emakumeak, etab.
Beraz, espazioak irekitzera gonbidatzen gaitu pentsalariak. Errealitateari haurren begiradatik behatzera gonbidatzen gaitu, urrats sendoa egingo dugulako horrela, denontzat izango den hiri edo herri justuago bat eraikitzeko bidean.

7.- Mugikortasuna. “Ez gara gu izango espaloitik jaitsiko garenak”.

Tonuccik dio, jendarte demokratiko bat baldin bagara, ezinbestekoa dela guztiok barnean bilduko gaituzten politikak egitea. Eta hori nola egiten den? Erabaki oro zaurgarrienak direnen beharretatik abiatuta hartuz, eta ez alderantziz, babestuen dauden herritarren ikuspegiaren arabera, alegia. Mugikortasun-plan urbanistikoak egiteko orduan, formula bera erabiltzea proposatzen du; lehenik, oinezkoaren beharrak kontuan hartzea; gero, bizikletazalearenak; ondoren, garraio publikoarenak, eta, azkenik, garraio pribatuarenak.

Oinarri filosofikoak gauzatzen egin duen bidea

Hiria irakurtzeko irizpideak aldatzea proposatzen du Tonuccik. Soluzio pribatuetatik harago, soluzio soziala planteatzen du, eta, horrek, ezinbestean, herritar guztiak bilduko dituzten prozesu parte-hartzaileak egitea dakar. Prozesu parte-hartzaile horietan haurrek ere ahotsa eduki behar dutela dio, eta hori da, hain zuzen, Haurren Hiriarekin bultzatu nahi izan duena.
Haurren ahotsa entzuteko, Haurren Kontseilua sortu zen Fanon. Kon-tseilu horren funtzioa Haurren Hiria deritzon laborategiarentzat aholkularitzako gune bilakatzea da. Helburua, berriz, haurrei entzunez helduen kultura aldatzea da, horrela, hiriak eraldatu ahal izateko. Haurrez osatutako bilkura horretan, hiriari buruzko kezkak eta proposamenak lantzen eta jasotzen dira bidelagun batek dinamizatuta (jolasguneei buruz, zirkulazio-arazoei buruz, oztopo arkitektonikoei buruz, gune seguruei buruz, osasun-zerbitzuei buruz, etab.), eta, ondoren, haurrak hiriaren erdigunean jarri nahi dituen erreferentziazko gunera, laborategira, eramaten dira.
Pentsalariak badaki hiri bat haurren begiradatik eraikitzeak zeharkako lana eskatzen duela, eta, beraz, Administrazioa –alkatea eta zinegotziak–, hainbat elkartetako ordezkariak eta gai horretan interesatuta dauden herritarrak biltzen dira laborategian (betiere, hiria haurren begietatik ikusteko prest badaude); Haurren Kontseiluak emango dizkion aholkuak aintzat hartzeko konpromisoa hartuko du laborategi horrek.
Tonuccik planifikazio partekatua deritzon proposamena ere jarri du abian Fanon. Haurren Kontseiluaren antzeko funtzionamendua du horrek, baina, kasu honetan, ez dauka halako kutsu politikorik. Administrazioaren aldetik jasotako eskaera konkretu bati erantzun operatibo bat emateko lantalde bat abian jartzean datza (espazio bat planifikatzeko, ibilbide bat planifikatzeko etab.). Proposamenaren diseinua eta planifikazioa gauzatu ondoren, disolbatu egingo litzateke lantaldea.
Munduko hainbat eta hainbat txokotara eraman dira planteamendu horiek guztiak. Tokian tokiko errealitatera egokitu dira, eta askotariko formak hartu dituzte.

Gaur egun duen eragina

Hiriek haurrei bizkarra ematen dielako kontu hori ez da gaur egungoa. Jada 40ko hamarkadan, Lewis Munford arkitektoak “Hiriak haurrekin ahaztu dira” artikulua idatzi zuen. Artikuluan, kalearen erabilera soziala aldarrikatu zuen, eta hiri modernoak espazioen eta belaunaldien arteko bereizketa ekarri izana kritikatu zuen.
Gaur egun, Francesco Tonucci dugu hiri-eredu horrek haurrari nola eragiten dion aztertu eta hiriak berriro bizileku, topaleku eta jolasleku izan daitezen lanean diharduena. Berorren proposamenak Europako hainbat hiritan, Hego Amerikan eta Euskal Herrian zehar gauzatzen ari dira.
Haurren Hiria nazioarteko sarea sortu da; eskolarako bideak non-nahi aktibatu dira; La Platan, Bizikletaren Laborategia –diziplinarteko planteamendu pedagogikoa– gauzatu da; herri hezitzailearen izenean, “haurren lagunak sarea” sortu da hainbat tokitan, eta, uneren batean haur batek laguntza beharko balu, itsasgarri batekin bisualki identifikatuta dauden tabernetara edo dendetara jo ahal izango luke laguntza eske (komunera joan beharra daukalako, egarri delako edota galduta dagoelako). Hiri batzuetan, zigor sinbolikoak jartzen hasi dira haurrak, autoek oinezkoen espazioak okupatzen dituztelako.
Euskal Herrian bereziki asko hausnartu den eta praktikan jarri den kontua da herri hezitzailearena, eta, Tonucciren ideiak oinarri hartuta, hainbat proiektu interesgarri daude abian gaur egun. Oinherri federazioak “Herri Hezitzailea, Eskola Herritarra” jardunaldiak antolatu ditu, eta liburuxkak argitaratu ditu gaiaren inguruan. Lanean dihardu, gainera, Euskal Herriko hainbat herritako eragileekin, elkarlanean proiektu hezitzaileak sustatzeko. Solasgune ere Haurren Hiria Sarea hedatzen ari da Euskal Herrian. Eta, poliki-poliki, oinarri horiek abiapuntu hartuta, zenbatezinak diren neurri eta izaera askotako proiektuak ugaritzen ari dira Euskal Herrian.  

Bibliografia

Gaian sakontzeko gomendagarria:
• Tonucci, F.: Haurren hiria Txatxilipurdi Elkartea. 2. Argitaraldia. Arrasate, 2015.
• Tonucci, F.: Cuando los niños dicen ¡Basta! Fund. German Sanchez Ruiperez. Madril, 2002.
• Tonucci, F. (2013) eta beste batzuk. Herri Hezitzailea Eskola Herritarra. Hik Hasi, 27. Monografikoa.
• http://www.lacittadeibambini.org