MEXIKO: NORK HIL ZUEN CLAUDIO CASTILLO?

2017-06-01

MEXIKOKO IRAKASLEAK HEZKUNTZA-ERREFORMAREN AURKA

 Mexikoko lehendakaritza eskuratu eta, berehala, hezkuntza-erreforma ezarri zuen Enrique Peña Nietok; herrialdea eraldatzeko iragarritako 11 aldaketen artean lehena izan zen. Bi gako ditu erreformak: irakasleak ebaluatzea, batetik, eta, bestetik, ikastetxeek kudeatzeko autonomia izatea. Hezitzaileak erreformaren aurka agertu dira —hezkuntza-erreforma deitu beharrean, lan-erreforma deitzen diote—: “Ebaluazioaren helburua irakasleen artean garbiketa egitea delako eta kudeaketa-autonomiak, funtsean, hezkuntzaren doakotasuna amaitzea eta pribatizazioa esan nahi duelako”. Protestan dira irakasleak; atxilotuak, zaurituak eta hildakoak daude.

 
 

Claudio Castillo irakasle nekaezina zen. Etikako irakaslea izan zen 40 urtez, eta, eskolak amaitutakoan, haurrei eta emakumeei irakurtzen eta idazten irakasten zien, eta erretiratu ondoren ere eskolak ematen jarraitzen zuen. Oratoria zuen maite. Mexikoko irakaskuntzaren figura bat, hezkuntzaren defendatzaile sutsua zen Claudio Castillo. 2015eko martxoaren 1ean, kalera irten zen Acapulcon (Guerreroko estatua) beste behin. Orduko hartan, 12.000 irakasleri zor zitzaizkien soldaten ordaintzea exijitzeko irten zen. 65 urte zituen, eta gaixo zegoen, ibiltzeko herren. Hantxe gelditu zen hilotz. Bertsio ofizialaren arabera, manifestarien autobus batek harrapaturik hil zen Claudio Castillo; haren kideen arabera, Mexikoko Polizia Federalak kolpaturik hil zen. Claudio Castillo hezkuntza publikoa defendatzeko eta pribatizazioa saihesteko irakasleen borrokaren ikur bihurtu da Mexikon, baita Estatuaren indarkeriaren eta kontrainformazioaren erakusle ere.

“Ez da erraza, manifestazioetan kideak hil dituztenean, eskolak ematen jarraitzea. Ez da erraza, baina egiten duzu, borroka egunik egun irabazteko modu bat da eskolak ematen jarraitzea. Ez da erraza, kaleratze-mehatxuak jasotzen ditugularik, eskolak ematen jarraitzea, baina egiten duzu. Hezkuntzaren kontra eta irakasleon kontra gobernuak abiatu duen borrokak erakusten du, hain zuzen ere, zeinen garrantzitsua den hezkuntza, eta, beraz, irakasleon lana. Gure beharrean sinesten dugulako jarraitzen dugu eskolak ematen, bai eta manifestazioetara irteten ere”. Heber Peñaloza Ramirez-en hitzak dira; Mexikoko Michoacan estatuko irakaslea da, eta hezkuntzako langileen sindikatu ez-ofizialeko kidea. Habanako Pedagogiako Topaketetan elkartu zen Peñaloza hikhasi aldizkariarekin. Enrique Peña Nieto Mexikoko Errepublikako presidenteak 2012an gobernua eskuratu eta berehala hezkuntza-erreforma ezarri zuen Mexikoko 31 estatutan, eta irakasleak kontra atera dira: “Erreformaren atzean ez dago hezkuntza-irizpiderik —dio Peñalozak—, auzia guztiz ekonomizista da, gastu sozialean murrizketa ikaragarria egin du, eta baita, beraz, hezkuntzaren arloan ere. Hezkuntza-erreforma deituriko horren helburua kalitate txarreko hezkuntza eskaintzea da, pentsatzen irakasten ez duen hezkuntza du helburu, enpresariari eskulan kualifikatu eta merkea eskainiko dion hezkuntza-sistema da. Eta irakasleok ez gaude konforme”.

Oposizioan batu diren Mexikoko hezkuntza-sindikatu ez-ofizialen arabera, Enrique Peña Nietoren erreformak ez die Mexikok une honetan hezkuntza-arloan dituen behar eta erronkei erantzuten: “Hezkuntza publikoak osasun eskasa du Mexikon, sinpleki —idatzi zuten Rebelión aldizkarian—. Hezkuntza-erreformak ez ditu Mexikoko behar sozialak aintzat hartzen, ez ditu konpontzen, eta ez ditu mahai gainean ezartzen hezkuntza hobetzeko herrialde horrek dituen zailtasun handienak. Eskolatze-maila baxua eta eskola-uzte maila altuak ditugu, kausa sozioekonomikoen ondorioz, lanera behartuak daudelako haurrak, goseagatik eta miseriagatik, komunitateetan bizi duten indarkeriagatik, haurrek bizi duten errealitatearen eta curriculum-edukiaren artean dagoen distantziagatik, testuliburuetako arrazismoagatik eta klasismoagatik, aukera faltagatik eta beste hamaika arrazoirengatik eskolatze-maila baxua eta eskola-uzte maila altua ditugu Mexikon; ikastetxeen azpiegiturak egoera beldurgarrian ditugu, urik eta elektrizitaterik gabe batzuk, estalperik gabe besteak, landa-eremu batzuetan eskola-biderik ez dago, irakasleei ematen zaien ordaina miserablea da... horiek dira Mexikoko hezkuntzak dituen erronka nagusiak, eta erreformak ez du horien aipamenik ere egiten. Nola onartuko dugu, bada?”.

Enrique Peña Nietok 2012ko abenduan irabazi zituen errepublikako presidentetza-hauteskundeak, PRI alderdiarekin —oposizioak botoak erosi izana aurpegiratu zion—. 1917an, Mexikoko estatuen konstituzio politikoa eratu zenean, ezarri ziren Peña Nietok erreformatu nahi izan dituen funtsak. Mover a Mexico zuen leloa, eta 11 erreforma handi iragarri zituen; hezkuntza-erreforma izan zen  lehena, abenduan bertan abiatu zuena. Gero etorriko ziren erreforma fiskala, energetikoa, osasungintzakoa.... Peña Nietoren erretorikaren arabera, “erreformek garapena bultzatzea” bilatzen zuten, “ekoizpena sustatzea, eraginkortasuna hobetzea, baliabideak optimizatzea, kalitatea hobetzea eta aukerak sortzea”. Lehen erreforma, bada, 2013ko otsailerako onartu zuten ganberek, eta konstituzioan ezarri ziren aldaketak, 3. eta 73. artikuluetan. “Kongresuan ez da izan batere eztabaidarik, eta, curriculuma apenas ukitu gabe, funtsean lan-erreforma bat den hau onartu dute, baina kalean erresistentzia handia izan du, eta ari da izaten”. Grebak egin dituzte irakasleek, manifestazioak ehunka, protestak... Bereziki lau estatutan izan du erresistentzia erreformak: Michoacanen, Oaxacan, Guerreron eta Chiapasen. “Estatu guztiak ari dira borrokan, baina lau estatuok dituzte baldintzak borrokak emaitza onenak ekar ditzan. Lau estatu horietan, hezkuntza-lege berriak auditorium batean onartu behar izan zituzten, legegintza-jauregia inguratua baikeneukan irakasleok eta herritarrek”.

Data hori mugarri bat izan zen irakasleentzat Mexikoko hezkuntza-sistemaren endekatzean, baina endekatzearen hasiera askoz lehenagokoa da, Peñalozaren arabera. Lazaro Cardenasen gobernuak 1992an sinaturiko Hezkuntza Modernizatzeko Nazio Hitzarmena deiturikoan ezartzen du irakasle sindikalistak “Mexikoko hezkuntza-sistemaren endekatzearen benetako hasiera”. “Hitzarmen horrek hezkuntzaren doakotasuna amaitzea du helburu, eta, sistema okertzeko bidean, aldaketa batzuk ezartzen ditu, nahiz eta ez diren gaur egun bizitzen ari garen aldaketak bezain sakonak”. Gaur arteko bidean, hurrengo urratsa, irakasle sindikalistaren arabera, Felipe Calderonen gobernuak egin zuen, 2008an: “Orduan, Hezkuntzaren Kalitaterako Hitzarmena deitu zioten, baina atzean ez zegoen hezkuntza hobetzeko asmorik”. Hitzarmen hura Calderonen gobernuak eta Mexikoko Oinarrizko Hezkuntzako Irakasleen Sindikatuko ordezkari Esther Gordillo Moralesek sinatu zuten; berori da Mexikoko hezkuntza-sindikatu ofizial bakarra, eta Gordillo ustelkeriagatik espetxeratuta dago gaur egun. “Horrela iritsi gara gaurko egoerara: hezkuntza-sistema suntsitzeko lanetan ari da gobernua, murrizketen bidez, irakasleak ebaluazio bidez kanporatu nahi dituen lan-erreforma ezarriz, eta indarkeria erabiliz. Munduko irakasleek jakin dezatela: hildakoak daude Mexikon, estatuaren poliziak irakasleak hil ditu, hezkuntza defendatzen ari ziren irakasleak”.

Irakasleak ebaluatuko dituen erreforma

PRI alderdiaren hezkuntza-erreformaren intsignia irakasleen ebaluazioa izan da; “belaunaldi berriek formazio eta prestakuntza hobea izan dezaten” irakasleak ebaluatzea izan da Peña Nietoren estrategia. Onura ekonomikoak agindu zituen ebaluazioa gainditzen zuten irakasleentzat, eta, gainditzen ez zutenentzat, “baliabideak”; “Inork ez du bere lanpostua galduko ebaluazio horrengatik”, adierazi zuen presidenteak. Baina ez da hala izan. 2014. urtetik aurrera kontratatu dituzten irakasleak bi urtez behin bi aldiz ebaluatuko ditu gobernuak horretarako sortu duen Irakasleen Zerbitzu Profesionalak. Diagnosi-ebaluazioa eta iraunkortasun-ebaluazioa gainditu beharko dituzte ziklo guztietako irakasleek, bestela kaleratuak izango dira, eta 3 urtetik 6 urtera bitarteko betoa izango dute hezkuntza-sistema publikoan lan egiteko. 2014aren aurretik kontratatuak izan direnak eta finkoak direnak ere hiru urtez behin ebaluatuak izango dira, eta, gainditu ezean, gobernuak kaleratzeko aukera izango du. Kaleratze horrek, sindikatu ez-ofizialen arabera, unean uneko galeraz gain, erretiroan, prestazioetan, gizarte-segurantzan eta pentsioetan ere eragin kaltegarria izango luke. Eta jada izan da kaleratzerik. “Irakasleok ez gara ebaluaziora aurkeztu, % 10era ere ez da iritsi aurkeztu den irakasleen kopurua, garbiketa egiteko erabili nahi du Peña Nietok ebaluazioa, eta ez gara jolas horretan sartuko. Orain, ez aurkezte hutsa lanpostua galtzeko arrazoi izan da urteak lanean zeramatzaten maisu-maistra askorentzat”. Langile horiek birkokatzea izan da sindikatu ez-ofizialen egitekoetako bat. Bestea, ebaluazioa benetan zer den eta zertara datorren irakasleei eurei eta herritarrei azaltzea.

“Gobernuak informazio okerra zabaltzeko erabiltzen du sindikatu ofiziala, gezurra da ebaluazioa gaindituz gero soldata handiagoa izango dugula”. 305 milioi pesoko aurrekontua 5 milioi peso gutxiagokoa izan da hezkuntzaren azken urtean. Ez da igoerarik izango, beraz, Peñalozaren arabera: “Gobernuak sindikatua erabili du irakasleen artean nahasmena sortzeko eta tirabirak sustatzeko”.

Ebaluazioaz gain, kezka handia eragin du, baita ere, erreformak proposatzen duen kudeaketa-ereduak. Hezkuntza pribatizatzeko arriskua ikusten dute irakasleek; izan ere, ikastetxeek kudeaketa-autonomia izango lukete erreforma ezarriko balitz, eta horrek, funtsean, sindikatu ez-ofizialen arabera, “gurasoek euren seme-alaben hezkuntzaren gastuen ardura hartzea” esan nahi du. “Hezkuntzak doakoa eta publikoa izateari utziko dio, gaur arte estatuaren ardura zen hezkuntzaren aurrekontuaren ehuneko ehuna, baina erreforma horren arabera, gurasoek lortu beharko dute euren seme-alaben ikastetxeen mantenuaren eta materialen kostua”. Chiapasko adibidea aipatzen dute sindikatuek: “60 pesoko (3 euro) soldata duten laborariek nola ordainduko dute 7-8 kideko familia baten hezkuntza-gastua?”

Odolez zikinduriko erreforma Peña Nieto presidentearena

Egituren –hezkuntza-egiturena– eta informazioaren kontrola izan dira Peña Nietoren borroka-bideetarik bi hezkuntza-erreforma ezartzeko. Hirugarrena, indarkeria.

Sistema egituraz osoki kontrolatzea izan da erreformaren gakoetako bat. Sindikatuak bezala, ikastetxeetako zuzendaritzak kontrolatzen ditu gobernuak. Ikastetxeko zuzendariek zuzenean kaleratu ditzakete irakasleak, 30 egunen barruan justifikatu gabeko hiru falta izanez gero, adibidez, edo estatuak ezarritako ebaluaziora aurkeztu ezean... “Protestetara edo grebara atera nahi baduzu, lanera faltatu behar duzu, eta, beraz, aski da hiru protestatan parte hartzea zuzendariak kalera zaitzan”. Peñalozaren arabera, ikastetxeetako zuzendariak gobernuarekin daude. “Egitura erabat bertikala da, gobernuak hezkuntza-idazkaritza kontrolatzen du, eta hezkuntza-idazkaritzak departamentuak. Departamentutik ateratzen dira saileko buruak, eta horien mende daude ikuskatzaileak, eta horien azpian zuzendariak. Gobernuak kontrolpean dauka egitura guztia”.

Informazioaren kontrola
Eta kontrolpean edo, gutxienez, kide ditu komunikabide nagusiak ere. Televisión Azteca, Televisa eta Milenio telebista kate handiak eta zabalpen handieneko prentsa PRIrekin daude. “Mexikoko komunikabide nagusiak oligarkiarenak dira, eta horiek eta enpresari handiek irakasleon izen ona galarazteko kanpaina abiatu dute, borrokara irteteagatik gure lana uzten dugula salatzen dute, eta hezkuntzaren alde ez eta geure interes pertsonalen alde ari garela diote”. Dozenaka artikuluk izenburu bera izan dute hainbat hilabetetan Mexikoko egunkarietan: Ebaluatuak izan nahi ez duten irakasleak; hala deitzen diete erreformaren kontra atera diren milaka eta milaka irakasleri. “Maisu-maistren izen ona zikintzen saiatu dira behin eta berriz, ebaluazioa erabili dute, baina ez dute behin ere ebaluazioaren edukia zer den azaltzeko lerrorik baliatu —deitoratu du Peñalozak—. Are gehiago, erreforma bera zer den edo zertara datorren benetan azaltzeko ere ez dute lerrorik baliatu komunikabide nagusiek, oligarkiarenak eta enpresari handienak baitira hedabideak. Herria, ordea, gurekin dago; herritarrek badakite zein den egoera, nola dauden eskolak, nola dagoen hezkuntza-sistema publikoa. Komunikabideek ospe txarra eman nahi digute, baina kontsentsua gurekin dago”.

Hezkuntza-erreforma ezartzeko hirugarren bidea, esan bezala, indarkeria izan da.

Borroka hau guztia odolez zikinduta dago. “Enrique Peña Nieto presidentetzara iritsi zenean, argi utzi zuen hezkuntza-erreforma izango zela bere gobernu-aldian egingo zuen erreformarik garrantzitsuena, eta bazekien jakin erresistentzia handiena izango zuen erreforma ari zela prestatzen. Mehatxuka abiatu zuen gobernu-aldia, eta aldarte horretan jarraitu du gaur arte; horrek odol asko ekarri du”. Hildakoak daude Mexikon, horietako bat da Claudio Castillo. Irakasle, ikasle eta herritar asko hil ditu erreforma honek. 2014ko irailaren 26an, Guerreroko estatuan desagerrarazi eta eraildako 43 ikasleak ere testuinguru horretan kokatu behar dira, sindikatuen arabera: “Hezkuntza publikoaren aldeko borrokan erreformari aurre egiten dion guztiari eskarmentu emateko desagerrarazi zituzten 43 ikasleak. Hori denik eta krimenik handiena da, estatu-terrorismoa”.

Chiapasen, Peñalozaren beste kide bat hil zuten, David Quemallel irakaslea. Bertsio ofizialak eta, oro har, prentsa nagusiak, Quemallel ere manifestarien euren autobusak  harrapaturik hil zela dio; bestelakoa da, ordea, han zeuden kideen bertsioa: indar polizialek hil zuten David Quemallel ere.

Enfrentamendu gogorrena, eta indarkeria handiena, Nochixtlanen (Oaxaca) izan zen, ekainaren 19an: 13 hildako, ehundik gora zauritu eta beste horrenbeste atxilotu. CNTE Hezkuntzako Langileen Koordinadora Nazionaleko irakasleek Oaxaca-Puebla bitarteko autobidea itxita zuten zazpi egunez, protesta moduan. Poliziak armen, frankotiratzaileen eta helikopteroetatik botatako gasen bidez sakabanatu zituen irakasleak; erreformaren aurkako protestak “terrorismo-delitu” dira Mexikon gaur-gaurkoz. “Protesta hura mugarri bat izan zen gure aldeko borrokan; herria guregana irauli zen, laguntza osoa eman zigun, babesa, janaria... Herritarrak irakasleen protestara batu ziren osoki, eta halako dimentsio handia hartu zuen mugimenduak non zaila egin baitzitzaigun artikulatzea”.

Irakasleen eta intelektualen ordez, enpresari handiak daude erreformaren atzean, sindikatu ez-ofizialen arabera; hauxe idatzi zuten Rebelión aldizkarian: “Munduan ezartzen ari diren hezkuntza-erreforma neoliberalen antzera, kalitate eskaseko hezkuntza du helburu aldaketa honek ere. Ikasleak mendean hartu nahi dira, etorkizuneko eskulan esplotatua dira ikasleak, eta, helburu hori lortzeko, irakasleak mendean hartzetik hasi behar da. Ez da egiteko erraza, irakasleen kolektiboa Mexikoko talde intsumisoenetako bat baita. Belaunikatu aurretik bizitza galtzeko prest agertu dira irakasleak, hezkuntzaren defendatzaileak dira, eta esandako horiek ez dira hitz hutsak, ikusi ahal izan dugunez. Eta ikusi ahal izan dugu, era berean, Peña Nietoren gobernua irakasleak hiltzeko prest dagoela, eta baita bere bidean jarri diren herritarrak ere, estudianteak, normalistak, kazetariak, ekintzaileak, sindikalistak, lider indigenak, giza eskubideen defendatzaileak, oposizioko erakundeetako militanteak, feminizidioak eta ingurumenaren suntsiketa salatu dutenak... Subjektu horiek guztiak desagerrarazi dira, desberdinkeriaren gorakada eta herrialdearen suntsiketa ezkutatzeko antzezten ari diren ikuskizuna etetera atera direlako”.

Irakasleentzat, garrantzitsua da nazioarteko testuinguruan kokatzea Mexikon gertatzen ari dena. “Lanaren mundu-mailako banaketa neokolonialak baztertu egin du Mexiko, eta lehengaia eta eskulana ekoizten jarri du. Europan, AEBn edo Ekialde Urrunean pentsatu eta sorturiko produktuak ekoizteko herrialde bilakatu da Mexiko, eskulan erabat tekniko eta teknologikoa eta azpi-intelektuala lehenesten dute Mexikoko enpresa handiek, eta, beraz, horretara bideratu nahi dute hezkuntza publikoa, eskulan kualifikatua, eraginkorra, produktiboa, esanekoa, merkea, akritikoa eta buruarina heztera”.

Laborariak, irakasleak, langileak... erreformen aurka

Egiturazko 11 erreformetan aurrenekoa izan zen Peña Nietok hezkuntzan egin zuena, baina, irakasleen arabera, estuki lotuta dago energia-alorrean egin zuen erreformarekin: “Ekonomikoki, erreforma energetikoa izan da 11 aldaketen artean garrantzitsuena: gure Barne Produktu Gordinaren % 40 petrolioan oinarritzen da, eta alor horretan egin diren pribatizazioek asko murriztu dituzte diru-sarrera publikoak; horrek zuzenean murrizketa ekarri du alor sozialera eta hezkuntzara. Funtsean, hori dago: gobernuak diru gutxiago daukanez, non egingo du lehen murrizketa? Osasungintzan eta hezkuntzan”.

Energiaren alorrean egin dituen aldaketek gasolinaren garestitzea eta energia elektrikoaren igoera ekarri dute. “Horrek oso gogor erasan du jendearen patrika; beraz, uste dugu jende gehiagok hartuko duela kontzientzia”. Hainbat alorretan borrokan ari diren herritarrak batzea da irakasleen nahia: “Nahigabe handia dago herritarrongan, irakasleoi, ikasleei, familiei, laborariei, indigenei... herritar guztioi eragiten digute erreforma hauek, eta guztion nahigabe hori artikulatzen asmatu behar dugu orain”. Irakasleen borroka ez da protestetara mugatzen: beste kolektiboekin batera urte bukaerarako gobernu-programa bat aurkeztea da irakasleen proposamena. Mexikoko intelektualekin batera, 2018ko gobernu-hauteskundeetarako programa bat prestatzen ari dira irakasleak, Peñalozak jakinarazi duenez: “Ez daukagu alderdirik, ez dugu inor babestuko, independenteak gara, baina agintea hartzen duenari gobernatzeko proiektu bat eskainiko diogu, herriaren benetako beharrei erantzungo dien proiektu politiko bat idazten ari baikara”.

Irakasleak, gaur gaurkoz, legearen bidean, bide politikoan eta bide pedagogikoan ari dira borrokatzen. “Nazio guztiari begirako hezkuntza-eredu bat landu du alor pedagogikoak. Iazko azaroan eta abenduan, hiru foro nazional handi egin ziren, eta herrialdeko klase intelektuala batu zen han; izan ere, klase intelektuala eta pedagogiaren idazleak dira irakasleon beharren erredaktoreak; alor juridikoari dagokionez, ostera, Konstituzioaren erreformari herri-ekimeneko lege-proiektuak aurkeztu dizkiogu, 3. eta 73. artikuluak lehengora itzultzeko, eta, horrez gain, nazioarteko gorteetara joko dugu, nazioarteko behatzaileak Mexikon gertatzen ari denaz jabetu daitezen. Bide politikoari dagokionez, protestan jarraituko dugu, egia ezagutu dadin. Eskolak ematen jarraituko dugu, hezkuntzak kritikoa izan behar duela pentsatzen baitugu eta herritarrek pentsatzen ikasi behar baitute, eta, horretarako, tresnak ematea da irakasleon egitekoa. Konbentziturik gaude”.