EUSKAL GIROTZE BARNETEGIAK

2017-07-01

Erabaki indibidualtzat dugu euskararen hautua, baina inguruak asko baldintzatzen du

 Euskal Girotze Barnetegietako egonaldietan eraldaketa-prozesu bati ekin diote. Ikasleek euskararekin duten harreman afektiboa berariaz lantzen dute, haiek euskarara erakartzen eta limurtzen saiatzeko. Prozesuaren ardatza da ikasleek kontzientzia hartzea: euskararen atxikimendu baikorraren graduaren kontzientzia batetik; eta taldean sortzen diren emozioen eta elkarrenganako dinamiken kontzientzia bestetik. Irakasleak horretan trebatzeko 'Ikasleak erakarri euskaraz egin nahi izan dezaten' izeneko ikastaroa eskainiko dute Fernandezek, Altunak eta Zubizarretak Udako Topaketetan. Argi dute euskararen hautua pertsonala dela eta bidea norberak egin behar duela, baina uste dute bide hori denon artean eraiki dezakegula: “Horixe da gure nahia, bide hori elkarrekin egitea, modu dibertigarri, ludiko eta erakargarrian”.

 
 

Euskararen erabilerari dagokionez, euskal ikasleen artean zein da egoera? Nola deskribatuko zenukete zuen esperientziatik errealitate hori?

Barnetegietan  erkidegoko era, maila, eredu eta errealitate desberdinetako ikasleak izaten ditugu. Hau horrela izanik, aniztasun handia ikusten da euskararen erabileraren inguruan. Gehienetan ikasleen artean komunikatzeko erabiltzen duten hizkuntza gaztelania da, nahiz eta askotan euskararekiko atxekimendu afektibo handia  izan. Kontraesan honetaz ez dira ohartzen eta jolas eta hausnarketen bidez azalarazten eta kontziente bihurtzen ahalegintzen gara.

Hizkuntzaren ezagutza gora doan arren, erabileraren datuak ez dira hain onak.

Hezkuntza munduan urte dexente pasatu dugu pentsatzen ezagutza + motibazioa = erabilera baina hau ez da betetzen.  Ezagutza eta motibazioa norbanakoarena da eta hizkuntza erabiltzea ekintza kolektiboa da, beraz alderdi psikologikoari erantsi behar dizkiogu alderdi soziologikoaren eraginak.

Eta nola erakar daitezke ikasleak euskaraz egin nahi izan dezaten?

Hainbat modu egon daitezke horretarako:
* Hausnarketak hizkuntzaren inguruan eta hizkuntza beste betaurreko batzuekin begiratzen jarri, akademikotik aldenduz.  Euskarak zer eman dezake hizkuntza erraldoiekin alderatuz? Imaginatu herri batean gaudela eta bertan herriko denda txikia dagoela hipermerkatu baten ondoan. Denda txikian zu ez zara bakarrik bezero bat, “Ainhoa” zara eta saltzaileak badaki zure gustuko produktuak zeintzuk diren, eskeintzen dizu arreta pertsonala, goxotasuna, komunikatzeko aukera eta azken finean beste mota bateko harremana. Hipermerkatuan bezero bat zara, eskaintza zabalagoa da, agian produktuak merkeagoak dira… Aldea hurbilketa pertsonalean dago. Hizkuntzekin gauza bera gertatzen da, hizkuntza erraldoi batzuekin  bizi behar dugu,  baina auzoko denden xarma badugu.
* Hitz egiteko guneak eskainiz, beraien interes, gusto eta beharren arabera, non protagonistak beraiek diren.
* Ludikotasunarekin lotuz. Ongi pasatzen dugunean naturalago, atseginago, alaiago, irekiago, ausartago…. sentitzen gara.  Euskarari kentzen zaio duen “derrigortasuna” eta “eskolarekin duen lotura”, hauxe baita ikasleek esaten digutena galdetzen diegunean ea zergatik egiten duten euskaraz.
* Erronkak burutuz: erronken bidez talde kohesioa ematen saiatzen gara baina pertsona bakoitzaren rola talde horren baitan agerian gelditzen da zenbaitzutan. Ekintza bat burutzeko “lidergoaren papera” duenak euskararekiko jarrera ezkorra baldin badu, talde horrek nekez hitz egingo du euskaraz. Taldekideak konturatu behar dira hitz egitea talde ekintza dela eta zenbait sinergia daudela hizkun-tza hautatzeko unean. Erabaki indibidualtzat dugu euskararen hautua baina, inguruak asko baldintzatzen du. Zenbat pertsona behar dira leiho bati begira herri oso bat leiho horri begira jartzeko? (masa kritikoa).

Euskararen hautua pertsonala dela diozue, eta bide hori norberak egin behar duela, baina denen artean eraiki daitekeela. Nola egin daiteke eraikuntza kolektibo hori?

Eraikuntza kolektiboaren inguruan, hizkuntza batzutan hartzen dugu gauza isolatua bezala pertsona baten bizitzan. Imaginatu rubik kubo bat, kolorez beteta.  Kolore bateko aurpegia lortzeko, beste kolore guztiak mugitu behar dituzu eta horixe gertatzen da hizkuntza ohiturekin,  aldaketa lortzeko, pertsona horren beste arloetan eragin behar dela eta hizkuntzak zer nolako lotura emozionalak dituen pertsona horrekiko kontziente bihurtu. Honek taldean eragiten du, taldeak honetan eragiten duen bezalaxe.

Amaitzeko, zer jasoko du zuen ikastarora doanak?

Gure ikastarora datorrenari: goxotasuna, alaitasuna, baikortasuna, elkartasuna, hizkuntza ikusteko betaurreko berriak, lankidetza, teknikak, ariketa praktikoak, hausnarketak, ekintzak, eta  bizi, sentitu, pentsatu ahal izateko AUKERA eskainiko diogu.