KIKE AMONARRIZ Nola erabili gelan ‘Tribuaren Berbak’ sekuentzia didaktikoak?

2018-01-01

 

 

 
 

Tribuaren berbak saioa egiten ari ginela eta amaitutakoan ere, ikastetxe, euskaltegi eta baita hainbat unibertsitatetako irakasleek ere jakinarazi ziguten saioa klaseetan erabiltzen zutela euskararen gaia jorratzeko. Hori ikusirik, urrats bat gehiago eman genuen eta materiala, irakaskuntzan erabiltzeko moduan egokitu behar genuela erabaki genuen. 

Halaxe sortu ziren Tribuaren berbak saioan oinarritutako Hizkuntzen munduan eta euskara deskubrituz sekuentzia didaktikoak, ondoko helbidean kontsulta daitezkeenak: http://www.eimakatalogoa.eus/20962/tribuarenberbak/index.html. Bestalde, sekuentzia didaktikoak kaleratu genituenetik hainbat aurkezpen egin ditugu berauen erabileraren inguruan. “Tribuaren Berbak sekuentzia didaktikoak gelan erabiltzeko jarraibideak” izeneko ikastaroa eman genuen urrian UEUk antolatuta, eta bigarren saio bat ere egingo dugu hurrengo hilabeteetan.

Sekuentzia didaktiko horien inguruko oinarri metodologikoak esplikatu aurretik, ordea, sekuentzien sorreraren testuingurua nolakoa izan zen azalduko dut.

 

Ideiaren jatorria

Hasteko esan dezadan, Tribuaren berbak euskarari eta hizkuntzei buruzko ETBren beste programa batzuen segidako katebegi bat gehiago izan dela. Aurretik izan ditugu Hitzaro / Lengua Viva, Bai horixe!, edota Kerman mintzalagun bila. Eta ondoren, neronek parte hartu dudan Balinda, Mihiluze, Errazu eta Tribuaren berbak.

Saioaren disenuari ekin genionean bi kezka/helburu generabiltzan buruan:

  1. Nola erabili telebista gure mezu soziolinguistikoak zabaltzeko?
  2. Nola lortu eragin hori modu entretenigarri eta telebistagarri batean?

Izan ere, Mihiluze amaitu eta jendeak galdetzen zidanean zertan nenbilen, “euskarari buruzko programa bat ari naiz prestatzen” erantzuten nien, eta normalean jendearen erreakzioa honako hau izaten zen: bizkarrean eskuarekin zapladatxo bat eman eta “ze interesgarria” labur batez erantzutea, benetan pentsatu zutena “A ze txapa!” zenean!

Baina lehen saioa eskaini orduko lehen zorion agurrak eta komentarioak hasi zitzaizkigun iristen eta denak bat zetozen puntu berean: saio dibertigarria zela eta hizkuntzaren inguruko diskurtso baikorra zuela. 7 atal emititu eta Argia Saria eman zigutenean ere ideia horiek errepikatu zituzten. Eta horrek asko poztu gintuen bezala, kezka ere sortu zigun: Tribuaren berbak saioa dela eta, tonu baikorra horrenbeste nabarmentzen bada, nolakoak dira euskararen inguruan darabiltzagun mezuak eta tonuak? Euskararen zein irudi ari gara transmititzen?

Bestalde, hasieratik garbi ikusi genuen gure testuinguru endogamikoak sorturiko hizkuntza kriptiko eta neurri batean autokonplazientea ekidin behar genuela.

 

Oinarrian dagoen filosofia

Programaren formatua osatzen ari ginela, honako oinarri hauek erabili genituen: 

- Euskararen inguruko DIBULGAZIOA egin nahi izan dugu eta horretarako ezinbestekoa da saioa ENTRETENIGARRIA izatea:

  • Euskarak duen ”txapa” fama gainditu nahi izan dugu eta negarraren eta tristuraren ordez, euskararen alde lanean ari den jendearen ilusioa transmititu eta euskalduna izateak, ikasteak edo euskaraz egin eta sortzeak hiztunei sortarazi dizkien sentimendu positiboak nabarmendu.
  • Emozioa, harridura, jakinmina piztu eta  programan jolastu eta ondo pasa.
  • Ohiko euskaltzaleengandik haratago iritsi nahi izan dugu. Are gehiago, saioak, batez ere, euskalgintzatik kanpoko jendeari zuzendutakoak izan dira.

- Lengoaia telebisiboa asko zaindu da:

  • Kaleko programa izan da. Airea eman nahi izan diegu elkarrizketei eta erreportajeei. Gure buruari debekatu egin genion elkarrizketak liburutegi baten aurrean egitea (salbuespenen bat egin bagenuen ere). “Aditu” kutsua kendu eta “aritu” kutsua erantsi nahi izan genion.
  • Denek ulertzeko moduko hitzak eta kontzeptuak erabili eta teknizismoak ekidin ditugu. Amak, alabak eta lehengusu elektrizistak ulertzeko moduan hitz egin behar zutela esaten genien elkarrizketatuei.
  • Elkarrizketei ekin aurretik gonbidatu guztiei errepikatzen genizkien gure 3 goiburuak: argi, mamitsu eta labur.
  • Erritmoa, hasierako irudiak, teknikarekin jolasak… asko landu dira.

- Tonua: alaia eta baikorra. Ilusioa eta pasioa transmititu nahi izan dugu.

  • Baina errealitatea den bezala erakutsiz.
  • Hori bai, errealitateari aurre egiteko jarrera baikorrarekin. ”Mekaguen! Aurrera egin behar dugu” ideia transmititu nahi izan dugu atal bakoitzean, sinetsita bainago partidak eta gerrak baikorrek irabazten dituztela.

- Zaindu ditugun balioen artean honako hauek azpimarratuko nituzke:

  • Lurraldetasuna (+ Euskal Herritik kanpoko euskaldunak). Lehen programan, Garabide elkartearen bidez, gure errealitate soziolinguistikoa ezagutzera etorritako hainbat hizkuntza indigenatako hitzak jaso genituen beraien hizkuntzatan azpidatzita. Gerora, programan entzun dira okzitaniera, katalana, gaztelania, frantsesa, italiera eta ingelesa, besteak beste.
  • Adina eta generoa.  
  • Eta adituak eta arituak nahastu ditugu. Edukiak eta bizipenak.

 

Telebistatik sekuentzietara

Sekuentziak osatzeko lana Iñaki Zapirainen eta bion artean burutu dugu. Lankide izan ginen Mihiluzen, eta orain Orereta ikastolako irakaslea da bera; euskaltzalea, teknologia berrietan trebea, eta euskara eta pedagogiarekiko pertsona kezkatua eta interesatua. Lan honetarako perfektua zela pentsatu nuen… eta hala gertatu zen.

Baina ikuspegi metodologikoan, lagunduko gintuen norbait behar genuen. Tolosan ahozkotasuna lantzeko bideratu zen proiektu pilotuan ezagutu nuen Josune Zabalari deitu genion: ahozkotasunean aditua bera, eta atal batean elkarrizketatua genuena. Metodologia aldetik berak markatu du bidea, eta berak adierazi zigun hasieratik, gaiak lantzeaz gain, sekuentzia bakoitzak bere helburu komunikatiboa behar zuela. Jarraian irakurriko duzun guztia Zapirain, Zabala eta hiruron artean prestatutakoa da.

 

Zer dira sekuentzia didaktikoak?

Tribuaren Berbak saioa oinarri hartuta, euskarari eta Euskal Herriko eleaniztasunari buruzko oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa lantzeko material didaktikoa da. Material hau, une honetan, edonorentzat eskuragarri dago EIMA katalogoan. 

Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz materiala, 10 sekuentzia didaktikok osatzen dute. Sekuentziak euskara ikasgaiaren material osagarri gisa erabil daitezke eta DBHra begira prestatu badira ere, behar diren egokitzapenak eginda, goimailetan, unibertsitateetan, euskaltegietan, edo euskalduntze programak garatzen ari diren edozein sektore edo erakundetan erabil daitezke; eta zenbait irakaslek LHn ere erabili dituzte ikasle bakoitzaren adin eta mailara egokituta.

Material honek ikasleen artean soziolinguistika arloaren inguruko trebeziak garatzea bultzatu nahi du: testuinguruaren azterketa, datu bilketa eta antolaketa, informazio trukatzea, emaitzen deskribapena, hausnarketa, eztabaida eta gisakoak garatzea. Ez du ikuspegi jakin bat eman nahi, baizik eta honako aspektuetan arreta jarri: 

  • ikasleak inguratzen dituen errealitate soziolinguistikoa interpretatzen laguntzea, 
  • ikuspegi pertsonala osatzea, 
  • eta euskararen eta eleaniztasunaren aldeko jarreretara “motu propio” irits daitezen eta jarrera praktikoak har ditzaten lortzea. 

Sekuentzia didaktiko bat ekoizpen erreal batean amaitzen den jarduera multzo bat da. Proposatzen zaien erronka gauzatzeko bidean, ikasleek curriculumak proposatzen dituen gaitasunak garatuko dituzte, horretarako planteatzen zaizkien gaiak eta jarduerak gauzatuz. 

Ekoiztu beharreko helburu horiek anitzak izango dira, gaitasun desberdinak lantze aldera (ahoz nahiz idatziz; bitarteko eta euskarri desberdinak erabili beharko dituzte helburu komunikatibo horiek lortzeko). 

Sekuentzia didaktikoek ikaste-prozesua esanguratsua izatea bermatu behar dute. Hau da, lantzen diren edukiek lotura izan behar dute lortu behar duten helburu komunikatiboarekin. Bi ildoak etengabe lotuta doaz, gure kasuan, soziolinguistika edukiak eta helburu komunikatiboa lortzeko gaitasunak.

Ikasketa-prozesu hori esanguratsua izateko, ezinbesteko bi ardatz daude: lehena, materiala esanguratsua izatea  eta bigarrena, irakasleak prozesuarekiko jarrera positiboa izatea.

Azken finean, ikasleak ekintzara bideratzen ditugu. Lantzen diren gaien inguruan hasunartu eta eztabaidatu beharko dute, ondoren, planteatu zaien erronka lortzeko. Eta lanketa hori guztia ikasketa kooperatiboa erabiliz egingo dute.

 

Metodologia kooperatiboa

Kooperazioan lan egiteak, batera lan egitea esan nahi du, komunean duten helburua lortzearren. Egoera kooperatibo batean, norberak emaitza onak lortu nahi ditu berarentzat eta gainerako taldekideentzat. Honenbestez, lan eta esfortzu indibidualaz gain, talde lana funtsezkoa da, gizabanakoak besteekin elkarri eragiten ikasten baitu.

Elkarlan honek 4 ardatz hauek izan behar ditu:

  • Helburu komuna izatea.
  • Elkarmenpekotasun positiboa izatea, hau da, azken emaitzak guztion ekarpena eta lana behar izatea.
  • Bakarkako erantzukizuna ezinbestekoa izatea helburua lortzeko eta edukiak eta ezagutzak garatzeko.
  • Aurrez aurreko komunikazioa izatea, entzumen aktiboa lantzea, gure arteko gatazkak bideratzen ikastea…

 

Sekuentzien lanketa-faseak

Hau guztia kontuan harturik, 6 fase desberdinetan banatu ditugu gure sekuentziak:

1. fasea: egoera komunikatiboaren aurkezpena

Sekuentzia didaktikoaren abiapuntuan, ikasleei aurkeztu egiten zaie zer egitera eta zertan ikastera goazen hurrengo saioetan. Azken helburu komunikatiboa ere aurkezten zaie, eta baita helburu hori lortzeko dinamikak zein izango diren ere. 

2. fasea: testuinguratzea

Atal honetan ikasleek dituzten aurrezagutzak aktibatuko dituzte eta duten informazioa elkarrekin partekatuko dute egitura kooperatiboak erabiliz. (1-2-4, Arkatzak erdira edo Orri birakaria). Gai bakoitza lantzen hasi aurretik, irakasleak oinarrizko azalpena emango du eta galdera sorta bat planteatuko die ikasleei bi aspektu nagusi hauen inguruan eta ikasleek erantzun egin beharko dituzte:

  • Zer dakite ikasleek landu nahi den curriculumaren atalari edo gaiari buruz?
  • Zer dakite bukaerako proiektua ekoizteko behar diren ezagutzei, bitartekoei nahiz komunikazio/hizkuntza mailari buruz?

Dakitenaren kontzientzia hartu eta ikasteko beharrak identifikatu ahal izango dituzte.

3. fasea: garapen fasea

Behin gaia planteatuta, gero eta lanketa kooperatiboagoen bidez, ikasleek gaiari dagozkion galderak erantzun ahal izateko informazioa bilduko dute. Informazio horren zati garrantzitsuenetariko bat Tribuaren Berbak saioko bideoak izango dira.

Horrez gain, azken helburu komunikatiboari erantzuteko behar dituzten trebezietan sakonduko dute ikasleek. 

Bidaia kooperatibo honetan irakaslea laguntzaile eta aholkulari izango dute.

4. fasea: gauzatze fasea 

Fase hau ekintza fasea izango da.
Orain arte bildutako informazio guztian oinarrituta, azken helburuari erantzuteko ekintzak egingo dira: bildutako informazioa antolatu, testuak prestatu... eta hau guztia modu kooperatiboan egingo dute.

5. fasea: helburua ekoiztea 

Ikasleek, sekuentzia bakoitzaren amaieran, helburu zuten materiala ekoiztuko dute.

6. fasea: ebaluaketa

Fase bakoitzaren amaieran, edo irakasleak egokiago ikusten badu sekuentziaren amaieran, ikasle bakoitzak zertan ikasi duen eta talde gisa zer ikasi duten zehaztu beharko du, 4 esparru aintzat harturik:

  • Landu duten gaiaren ezagutzari eta ulermenari dagokionez.
  • Komunikazio mailan izan dituzten beharrei eta lortu duten gaitasunari dagokionez.
  • Behar ziren bitartekoak erabiltzeko lortu duten gaitasunari dagokionez.
  • Praktika linguistikoetan izandako garapenari dagokionez.

 

Materiala nola erabili

Dagoeneko azaldu dugu material hau sortzearen jatorria zein izan den, eta baita zein metodologia erabili dugun ere. Jarraian, webgunea nola antolatu dugun eta nola erabili litekeen azalduko dugu. Webgunearen helburua da bertan sartzen den edonork, inoren laguntzarik gabe, materiala nola erabili behar den argi izatea. Horretarako, hasierako orrian 3 atal (informazio gune) jarri ditugu:

  • Nola erabili material hau?
  • Ezagutu sekuentzia didaktikoak.
  • Proiektuaren nondik norakoak.

Atzekoz aurrera hasiko gara atal hauek aztertzen.

a) Proiektuaren nondik norakoak: 

  • Hasteko, material honek dituen HELBURUAK azaltzen dira  bertan (Heziberri dekretua aintzat hartuz jarri ditugunak). Sekuentzia bakoitzak helburu hauetako batzuei erantzuten die. Irakaslearen gidan zehaztuta dator sekuentzia bakoitzak zein helburu dituen.
  • Tribuaren berbak MATERIAL PEDAGOGIKO GISA puntuan azaltzen da, orain arte azaldu duguna: zer dela eta sortu dugun materiala, zein oinarri dituen...
  • Sekuentzietan landuko diren OINARRIZKO GAITASUNAK ere aipatzen dira (hauek ere legeak markatzen dituen konpetentziak kontuan hartuz), eta kasu honetan ere, irakaslearen gidan dator sekuentzia bakoitzak zein konpetentziari erantzuten dion.
  • METODOLOGIAren inguruko argibideak ere agertzen dira: Sekuentzia didaktikoak + teknika kooperatiboak.
  • Materiala erabiltzeko behar diren BALIABIDEEN berri ere ematen da. Ikasle bakoitzak bere ordenagailu eramangarriarekin lan egitea proposatzen dugu, modu digitalean.
  • Azkenik, lanaren egileak, telebista saioko lan taldea eta bibliografia agertzen dira.

b) Ezagutu sekuentzia didaktikoak

Atal honetan 10 sekuentzien AURKIBIDE moduko bat aurkituko duzue. Izenburuaz gain, sekuentzia bakoitzean landuko den gaia eta egin beharreko erronka zehazten dira. Hauek dira:

  • Euskararen tamaina 
  • Zergatik ez dugu egiten? 
  • Euskal Babel
  • Batua eta euskalkiak
  • Jolas dezagun euskararekin
  • XXI. mendeko euskara
  • Jendaurrean
  • Eskolaz kanpo, aisian aise
  • Garunetik teknologiara, zientzia bidelagun 
  • Eta guk zer? 

c) Nola erabili material hau?

  • Atal honetan agertzen dira materiala erabiltzeko argibide praktikoak. Bertan azaltzen da webgunea nola dagoen antolatuta eta atal bakoitzean zer aurkituko dugun. 
  • Webguneak, goiko “banerrean” ageri diren 3 atal nagusi ditu:
    1. Sekuentziak
    2. Lan koadernoak
    3. Gida didaktikoak
  • Sekuentziak atalean, sekuentzia bakoitzean egin beharreko jarduerak agertzen dira. Behin bat aukeratuta, jardueretara joko genuke, eta jarduera bat bukatu ahala, hurrengora pasako ginateke. Horrela, azken erronka gauzatu arte. Bestalde, zenbait kasutan, jarduera horiek garatzeko ikasleek Lan koadernoa erabili beharko dute. Lan koaderno hauek sarean zintzilikatu ditugu Google Drive aplikazioa erabiliz. Honenbestez, ikasleek landu behar duten sekuentziari dagokion Lan koadernoa deskargatu beharko lukete. Hainbat jardueratan planteatzen zaizkien galderak, taulak... bertan betetzeko. Jarduera horiek LK ikurra dute, lan koadernoan egin beharreko jarduera dela adierazteko. Horretaz gain, “Txuletario” deitu diogun kontrol zerrenda bat sortu dugu, sekuentzian zehar ikasten ari diren guztia bertan bildu dezaten, eta hau ere lan koadernoan txertatu dugu. Azken finean, hau izango da ebaluaziorako erabili dezaketen beste tresna bat.Azkenik, gida didaktikoen atala daukagu, irakasleei zuzendua. Gida didaktikoan aurki daiteke sekuentzia gauzatzeko beharrezko informazio guztia: gaia, maila, saio kopurua, landuko diren konpetentziak, helburuak… Eta baita, jarduera bakoitzaren inguruko azalpenak ere. Teknika kooperatiboak proposatzen direnean, horien inguruko informazioa ere ematen da.
  • Praktikara eramanez, hauexek lirateke Webgunean sartzen den edonork eman beharreko urratsak:
    1. Landu nahi den sekuentzia aukeratu.
    2. Sekuentzia aukeratu ondoren, dagokion gida didaktikoa deskargatu.
    3. Ondoren, ikasleei esango zaie zein sekuentzia landuko duten eta webgunean sartu beharko dute sekuentziari dagokion lan koadernoa deskargatzeko.
    4. Lan koadernoa deskargatu ondoren, sekuentzia lantzen hasteko moduan dira. 
  • Webguneko azken bi atalak:
    1. NAHIERAN: bertan klik eginez gero EITBko webguneko Nahieran atalean sartuko gara, Tribuaren berbak saioko atalak osorik ikusi ahal izateko.
    2. WEBGUNEA: hemendik Tribuaren berbak-eko eitb.eus atarian sartuko gara.
    3. Aipatzekoa da eitb.eus-eko webgunean, material pedagogikoaren webguneko lotura ere agertzen dela eta grabatu ziren 60 telebista saioen laburpenekin osatutako dokumentua ere deskargatzeko moduan dagoela.

 

Gaiak eta garaiak

Era guztietako gaiak lantzen saiatu gara, askoren harridurarako. Genuen material guztitik entresaka egin behar izan dugu, eta gure ustez, irakaskuntzara begira egokienak ziren 10 gaiak aukeratu ditugu “Hizkuntzen mundua eta euskara deskubrituz” sekuentzietarako:

  • Batzuetan programa bakarrean oinarritu gara.
  • Beste batzuetan, programa bat baino gehiagoren zatiak erabili ditugu.

Programan bezala, sekuentzietan ere, era desberdinetako atalak erabili ditugu:

  • Gaira hurbiltzeko sarrerak (programa guztien hasieratan ustekaberen bat zegoen; hurbiltzeko planteamendua, irudiak, ideiak edo ukitu umoretsua).
  • Ideiak aurkezteko ”azalpen bisualak” landu ditugu: erabileraren podiuma, hondartzako mapa, hizkera mota desberdinak koktel moduen bidez...
  • Elkarrizketak adituekin.
  • Kale-inkestak eta jolasak.
  • Berriemaileak: EHko 3 egoeren lekuko programero, lehen denboraldian.
  • Gai baten inguruko ”pilulak”: mikrogai bat, bitxikeriak, datuak, etab...

Hizkuntzak askorako ematen du:

  • Ikuspegi teknikoaz gain, bizipen, esperientzia eta emozioei leku handia eman diegu.
  • Kaletik oso gertu ibiltzen saiatu gara; eguneroko eta benetako errealitatetik.
  • Pista asko daude irakaskuntzan eta hizkuntza politika-plangintzetan ari zaretenentzat. Sekuentzietan erabilitako atalez gain, beste hainat gai jorratu genituen 60 ataletan.

Programa eta sekuentziak garai egokian etorri dira gainera:

  • Aldaketa eta hausnarketa garaia dugu hau. Eta horren adibiderik gertukoena 2018an abiatuko den Euskaraldia ekimena izan liteke.
  • Hizkuntzaren gaiak zentraltasuna hartu behar du, bai euskal agenda politikoan eta baita gizarte-eragileen artean, eta irakaskuntzak ere landu behar du ikuspegi hori.
  • Belaunaldi aldaketa dugu euskalgintzan eta hiztunei dagokienez hurrengo belaunaldiaren norabidea orain ari gara jokatzen:
    1. D eredutik masiboki ateratzen ari den lehen belaunaldiaren hizkuntza praktikek gure etorkizuna baldintzatuko dute.
    2. Lan munduan zein hizkuntzatan integratuko diren eta nola egingo duten familia osatu berrietan.
    3. Egoera eta erronka berriei aurre egin ahal izateko ahaldundu behar ditugu.
  • Ditugun azken datu soziolinguistikoek makalaldia edo egonkortzea adierazten dute hizkuntzaren erabilerari dagokionez. Hiztunak (ber)aktibatu beharra ezinbestekoa da aurrera egitekotan.
  • Inertziak astintzeko garaia heldu zaigu. Erronka berriak planteatu behar ditugu.

Ea aipatutako helburu horiek lortzeko sekuentzia hauek lagungarri zaizkizuen.