IMANOL IRAOLA Nolakoa da irakasleen bilakaera profesionala Bigarren Hezkuntzan?

2018-03-01

Izarren hiria edota irakasleen ametsak lan-ibilbidean

 

 
 

Izarren Hiriaz, hots, unibertsitateko graduondoko gazteen ilusioaz hitz egin dezagun: Bigarren Hezkuntzako masterra amaitu berri duten momentuaz. Ez dugu irakasle berriek erreferentzia galtzea nahi. Ibilbide hau, askorentzat behintzat, jubilazioa iritsi arte izango da. Besterik gabe hel diezaiogun narrazioari (*ikus. narrazio teknika bibliografian).

La La Land pelikulan (*ikus. bibliografia), bi gazte kasualitatez elkartu ziren, eta, gainera, batak besteari ez zion aitortzen bere maitasuna. Baina amodioak bi gazteak bereganatu zituen. Sentitutakoa adieraztea kostatzen zitzaien. Halabeharrez, etengabe hitz egiten zuten etorkizunean zertan egingo zuten lan. Alegia, filmean bi gazteek bizitza nola lotzen duten ikusten da, hau da,  beraien ilusioa etorkizunarekin eta gustukoa duten lanarekin. Hainbesteko garrantzia ematen diote lanari non pelikularen amaieran bikotea hautsi egingo den. Horrela, bakoitzak lortu du bere amets artistikoa.

Pelikula modu askotan uler dezakegu, baina argi gelditzen zaigu bi gazte hauek beraien lan-ibilbidea lehenetsi dutela beraien sentimenduen gainetik. Hortaz, pelikularen bukaeran ikusle bakoitzak bere ondorioak aterako ditu.

Irakasle izan nahi dutenek ibilbide luzea izango dute bere aurrean. Lehenengo, Master Amaierako Lana defendatu beharko dute. Ondoren, Hezkuntza Sailean, Lurralde Ordezkaritzan beraien irakasgaiaren zerrendak irekitzen direnean izena eman. Azkenik, telefono deiaren esperoan egongo dira. Deia jaso baino lehen, agian, urtebete edo gehiago pasa daiteke, garai batean horrela zen, behintzat.

Irakaslearen lanak ezaugarri bereziak ditu eta artikulu honetan Bigarren Hezkuntzatik hitz egiten ari gara. Diziplina akademiko bat menderatu behar dugu. Gainera, zientzia hori hamazazpi urte genituenean hautatu genuen; ikasketak aurrera doazen heinean bere alderdi sakonagoak ikastea gehiago maite dugu. Baina karrera bukatzean amildegia dator, orduan kontziente gara hutsune eta galdera gehiago daudela erantzunak baino. Gelan sartzen garenean kezka horiek guztiak lotan gelditzen zaizkigu, auskalo memoriaren nongo zoko ilunetan gordetzen diren. Hortaz, helburua eskola ematea da, ikasleen eta institutuaren beharrak asetzea: alegia,  curriculuma bete behar dugu.

Jadanik, hogeitabost urte edo gehiago bete dituzu, zerrendetan ez zaude dagoeneko azken postuan. Gainera, egiten dituzun ordezkapenak luzeak dira, institutuan jarraian aste batzuk pasatzen dituzu. Une hau irakaslearen lan-ibilbidearen narrazioan apartekoa da hausnarketa sendoak egiteko, bai arlo pedagogikoan, bai didaktika ikuspegitik. Orain gelan egoteko eta ikasleak ezagutzeko beharrezko heldutasuna duzu; horrela, irakaskuntzan jarraitzea erabaki duzu. Hemendik aurrera adi egongo zara hezkuntza korronte ezberdinei; nola aukeratu jarduera bat edo bestea; hala, hezkuntza berrikuntzak interesa sortzen dizu.

Badirudi zerutik notiziak ailegatzen ari direla, argi dago ez direla esamesak: bai, oraingo honetan bai, badaude oposaketak hezkuntzan. Denbora oso azkar doa, ikasturtea hasita dago, mintegiko programazioak ez zeuden osatuta ditxosozko gaitasunekin, ez barkatu, konpententziekin esan nahi nuen; eta, hala ere, oposaketak prestatu egin behar dira. Lehenengo, ikasgaiaren gaitegiak ondo aukeratu behar dira. Gero, egutegiari begiratu, agenda bat osatu, berdina ipintzen ari naiz google calendar-en eta paperezko agendan; gainera, ikasteko egunak eta ordutegiak etxekoekin hitzartzen badituzu askoz hobe konponduko zarete. Hortaz, has gaitezen ikasten, unibertsitateko ostegunik gabe, noski.

Oposaketaren irakasle funtzionario-gaien zerrendak argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, zure izena ere hor dago. Hemendik aurrera, Hezkuntza Unibertsitate kanpoko irakasle funtzionarioa zara. Egoera berri honek ere badu bere bidea, lehen urratsa praktiketako aldia gainditu; ondoren, denboraren poderioz, institutu batean zure plaza finkoa lortuko duzu. Horrela, dirudienez gizarte osoak hainbeste miresten duena lortu duzu: lan egonkortasuna.

Artikulu honetako hasierara bueltatuko gara. Bertan, beti ere idazteko narrazio idazkera pedagogikoaren teknikari eutsiz, zineko La La Land pelikularen gogoetarekin hasi ginen. Bi gazteak, gauez, zeruko izarrei begira zeudenean; etorkizunean beraien lanean proiektatzen zuten beren burua. Hala, lan-ibilbidea magiaz osatzen zuten, lan artistikoa zen beraiena. Baina hala ere, aitortu behar dugu, ikasketak amaitzean bakoitzak gure ametsak eta ilusioak ditugula, nahiz eta etengabe entzun behar izaten dugun lan munduko pragmatismoaz.

Irakasle funtzionariook aldizkariko irakurleari, batipat irakasle gaztea denari, informazioa eman nahi diogu une honetan, adierazi zein aukera dituzten lan-ibilbidean unibertsitatez kanpoko hezkuntzan. Teorian lan-ibilbidea egiteko aurkerak hor egon beharko luke, beste edozein lanbidetan bezala.

Hel diezaiogun zuzenean gaiari.

Unibertsitatez kanpoko irakasleak baditu bere berezitasunak. Gure iritziz interesantea da ezagutzea zein den ibilbidea; horrela, bakoitzak dauzkan baldintzekin, hezkuntza-sistema osoari eta gizarteari duen onena eskainiko dio. Gainera, ez die uko egingo bere baitan mugitzen diren ilusio horiei.

Halaber, ausardiaz josi nahi dugu testu hau. Gauza bat da sistemak eskaintzen duena eta beste bat da gure ustez hobetu daitekeena, bai maila indibidualean bai maila kolektiboan. Ahaztu gabe, hobekuntzak gizarte guztiarentzako izan behar duela.

Hala, lan-ibilbidean irakasle funtzionarioek bere institutuan eman dezaketen lehenengo urratsa zuzendaritza taldeetan parte hartzea litzateke, bere burua eskainiz kargu egokienean. Zuzendaritza kargura aurkezteak, beti ere proiektu batekin, lege arautegiak eskaintzen duena jasotzea dakar: ordainsaria asko hobetzen da. Bestalde, aukera honek duen arazorik larriena da jakitea aurkezten dena benetan aitzindaria den ala ez; hezkuntza komunitatea biziki bultzatu behar da-eta.

Era berean, irakasle funtzionario bazara, aukera duzu Unibertsitatean eskolak emateko. Hori bai, irakasle asoziatu horrek unibertsitatean eskola eman dezan lan bateragarritasun agiria bete  eta onartua izan behar du, irakaslea bi erakunde desberdinetan aritzen delako. Irakasle asoziatuak bere lanaldiagatik soilik eman ditzake eskolak, eta ez bertako irakasleen moduan, horiek lanaldiaren zati bat ikerketan jarduten baitira. Hortaz, hezkuntza ikerketa ofizialean unibertsitatez kanpoko irakasleak ezin dira jardun; bere lana laguntza bezala hartuko da, baina ez ikerketa taldeko partaide moduan. Aipatu dugun egoerak —institutuko irakaslea aldi berean unibertsitatean asoziatua dena—, ez du zerikusirik titulazio akademikoarekin, edota doktore gradua edukitzearekin, asoziatuen mugarekin baizik.

Ondoren, Hezkuntza Sailetik eskaintzen diren beste mota bateko lanpostu batzuez hitz egingo dugu. Horiek zerbitzu eginkizunetako forma juridikoarekin eskaintzen dira. Hortaz, lanpostu horiek aldi baterako dira eta ez dira finkoak, hau da, urtero berritzen dira:

  • Berritzeguneetako aholkulari eta teknikari anitzak. Irakasleen formakuntzan eta aholkularitza pedagogikoan datza bere lana. Gainera, Hezkuntza Sailari,  eta sailburuaren mende dagoen berrikuntza zuzendaritzari, interesatzen zaizkion Hezkuntza Berrikuntza ildoak gauzatzen dituzte, noski legearen mugarekin, gaur egun LOMCE.
  • Ingurugela. Ingurumenaren hezkuntzaren bulegoetako irakasleen plazak eskaintzen dira.
  • Hezkuntza Saila behin-behineko hezkuntza ikuskatzaileak hornitzeko beharrean egoten da, ordezkapenei edota lan jarduera berriei egokitzeko.
  • ISEI/IVEI Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko teknikariak. Beraien funtzio nagusiak ondokoak dira: hezkuntza sistemaren ikuspegi orokorra; ebaluatzeko tresna egokiak landu; nazioarteko ebaluazio konpromisoak betetzeko dokumentazioa eta probak; hezkuntza berrikuntzaren emaitzak aztertu, aholkularitza orokorra sortu. Kanpo ebaluazioak kudeatzen dituzte. Egun, Europar Batasuneko Konpetentzien ebaluazioa hedatzeaz eta sustatzeaz arduratzen dira bai ikastetxeetara heltzeko bai curriculumetara.
  • Hezkuntza administrazioan eta Eusko Jaurlaritzako administrazioan ere lan egin dezakete irakasle funtzionarioek, beti ere, lehen aipatutako zerbitzu eginkizunetako ereduarekin. Kudeaketa eta dokumentazioa lantzea izango litzateke betebehar nagusia. Hala, hezkuntza-berrikuntza, administrazioa  edo ikastetetxeen antolakuntza izan daitezke bi adibide esanguratsu.

Azkenik, irakaslearen lan-ibilbidean institutuko irakasleen kasuan, soldata eta lanpostuaren hierarkian oposaketa bertikala egin daiteke, beti ere oposaketa deialdia balego, hezkuntza ikuskatzailea izateko. Gaur egun, ikuskatzailearen postua karrera funtzionarioaren berme eta egonkortasuna ematen duen lanpostu bakarra da, irakasleentzako bere lan-ibilbideaz aritzen bagara.

Orain arte modu ofizialean dauden aukerez hitz egin dugu. Goazen hemendik aurrera proposatzera jorratu daitezkeen beste hainbat bide.

Jakina da hainbeste urte gelan pasa ondoren irakasleek jasaten duten nekea: inplikazio afektiboa, gelaren erritmoak, nerabeen izaera bai fisikoa bai psikologikoa. Proposamen bat izan daiteke irakasleek adin batera iristen direnean aukera izatea lanpostuz aldatzeko: kudeaketa, berrikuntza, ikuskaritza, ebaluazioa. Beste proposamen bat izan daiteke irakasleen lan historia eta narrazioa ezagutzea, jakin dadin irakasleek hezkuntza-sistemari zein gaitan eskaini diezaioketen onena. Adibidez, Teknologiako irakasle batek makinen diseinuan sor dezakeen gida didaktikoa edota Historiako irakasleak artxibo lanak egiteko aukera izatea Eusko Jaurlaritzako erakunde batean…

Lehen esan dugu institutuko irakasleek, doktore izanda ere, unibertsitatean gehienez asoziatu moduan eman ditzaketela eskolak. Alegia, institutuko irakaslea izan eta doktore gradua duenari sistemak ez dio aitortzen bere balio akademikoa ez ikerketa mailan ez berrikuntza mailan; gainera, egoera hori Unibertsitatean eta Bigarren Hezkuntzako institutuan gertatuko da. Egoera horren aurrean interesgarria izango litzateke erregistro bat egitea. Ezagutzea zenbat doktore dauden institutuetan lanean eta zein gai jorratu dituzten, bai ikerketan, bai berrikuntzan. Azkenik garatu beharko litzatete estrategia bat ondare hau aitor dadin; ondorioz, hezkuntza komunitatean eta gizartean onura lortzeko giza-kapital honekin.

Artikulu bukaeran gaude. Esan dezagun irakaslearen lan-ibilbidean ikertzen jarraitu behar dugula. Gure ustez, hezkuntza berrikuntzan eta ikerketa mailan, bai irakasleen narrazioen teknika kualitatiboak, bai irakasleen historien ikerketak aipagarriak dira metodo gisa (*ikus bibliografia).

Lerro hauetatik gaiaren lekukoa hartzea eskatzen diet Madrilgo Hezkuntza Ministerioari, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari, partidu politikoei, sindikatuei eta, jakina, irakasleei.

Aspalditik hitz egiten ari dira irakasleen ebaluazioaren beharraz, baina ezer gutxi ikertzen ari da besteaz: nola ikusten duten irakasleek bere lan-ibilbidea.

Lerro hauetatik ere esan nahiko nuke sistemak adierazi behar diola adineko irakasleari zor zaion onura eta balioa, dagozkion tresnak erabiliz: adibidez, klaustroan esperientzia handiena dutenei aukera emanez irakasle gazteei laguntzeko eta ofizioa erakusteko. Hala, oreka zainduko dugu gaztearen ilusioarekin eta kemenarekin. (*ikus bibliografian, (2007) NIETO, S.)

Alferrik da idaztea, ez badago nork irakurri. Hortaz, nire esker onenak hik hasi-ko irakurle guztiei.

 

BIBLIOGRAFIA

  • BOLÍVAR BOTÍA, A, “Las historias de vida del profesorado: voces y contextos”. Revista mexicana de investigación educativa, ISSN-e 1405-6666, Vol. 19, Nº. 62, 2014, págs. 711-734.
  • HERNÁNDEZ Y HERNÁNDEZ, F.; RIFÀ VALLS, M. 2011. Investigación autobiográfica y cambio social. Barcelona.  Octaedro.
  • IRAOLA MENDIZABAL, I.  2009 Didáctica de la geografía humanística: explorar el concepto de lugar en la ciudad postindustrial, mostrar la acción educativa desde la narración del profesor. UPV/EHU.
  • NIETO, S. 2007. Razones del profesorado para seguir con entusiasmo. Barcelona. Octaedro.
  • Aipatu den pelikularen fitxa: La Ciudad de las Estrellas. La La Land (Espainian jarri zaion izenbururua). Zuzendaria: Damien Chazelle. 2016. Ameriketako Estatu Batuak.