Abeletxea, Ekogunean

2018-04-01

 

Kutxa Ekogunean Abeletxea izeneko gune berri bat prestatu dute. Ikastetxeetako haurrei eta hezitzaileei animaliengana gerturatzeko eta haien bizimodua ezagutzeko aukera ematen diete. Errespetutik abiatuta. Enpatiaz elkar ezagutzeko gune goxo bat da.

 

 
 

Hemen animalia bizi da, bera da anfitrioia eta zu gonbidatua zara”. Horixe esaten diete haurrei eta hezitzaileei Abeletxeko atea zeharkatu baino lehen. Horiek dira lehen hitzak. Argi geratzen da, beraz, haur zein hezitzaileak direla animalien etxera doazenak, eta beste edonoren etxera doazenean bezala jokatu beharko dutela, errespetuz. “Hori esan arren, atea zeharkatu ondoren, animaliengana zuzenean joan, eta, askotan oihuka, haiek alde guztietatik ukitzen hasten dira. Eta noski, animaliek alde egiten diete” dio Eider Otaegi Abeletxeko teknikariak. “Zeozer gaizki egin dugula esaten diegu eta pentsatzen hasten gara: zuei norbait ezezaguna hurbiltzen bazaizue, zer beharko zenukete lasai egoteko? Goxo hitz egitea, nola gauden galdetzea, zer nahi dugun galdetzea...”. Beste hitz batzuetan esanda, enpatia, elkar ulertzea... Eta horrek animalientzat zein gizakientzat balio du. “Hori ikusarazten saiatzen gara. Gizakiok animaliekiko dugun ezagutza eta errespetua areagotzea da gure helburu nagusia. Maitatzeko nahitaezkoa omen delako ezagutza, eta maitatzen duguna soilik zaintzen dugulako. Errespetua, maitasuna eta zaintza. Hori da gure helburua: ezagutzea eta kontziente izatea zer dagoen horren atzean” laburbildu digu Otaegik. Animaliek protagonismoa duten espazioa da Abeletxea, Kutxa Ekogunean dagoen gune berriena.

Ikasturte honen hasieran ireki zituen ateak eta dagoeneko ikasle eta hezitzaile askoren bisita jaso dute bertako animaliek. Hainbat tailer eskaintzen dituzte eta horietako bakoitzean animaliekin lotutako gaiak eta balioak lantzen dituzte: biodibertsitatea, kontsumoa, bizikidetza, ura, energia...

Hori guztia lantzeko euskal arrazako animaliak bildu dituzte Abeletxean, “Ekogunearen filosofiarekin beste modu batera ezin zelako izan” dio Otaegik. “Arraza autoktonoak gure lurralde eta kulturaren ondare dira, eta gainera, ingurugiroa gehien errespetatzen duten abeltzaintza ereduei lotuak daude, gaur egun ere. Zoritxarrez, eta gizakion jardueraren ondorioz, galzorian daude gehienak. Hainbat elkarte ari dira arraza horiek berreskuratzeko lanean, eta gu haiekin harremanetan jarri eta animalia horiek ekarri ditugu hona”. Guztira bertako zazpi espezie izango dituzte, nahiz eta oraindik denak ez dauden: euskal oiloa, ahuntz azpigorria, ardi latxa, Enkanterrietako astoa, euskal txerria, behi terraña eta euskal antzara.

 

Mitoak apurtzen

Animalia horiek gertutik ikusten dituzte. Eta ustekabe askorekin egiten dute topo Otaegik kontatzen duenez: “Mila bizidun ditu Ekoguneak tailerrean, adibidez, ahuntza, ardi eta txerrien eremuan sartzen gara. Ahuntzak eta ardiak dauden zelaia berde-berde dagoela konturatzen dira berehala, eta txerriena lokaztuta. Zergatik? Bada, txerriak janaria lur azpian bilatzen ibiltzen direlako (fruituak, sustraiak, zizareak...) eta horregatik gelditzen da dena lokatzez”.

Animalia bakoitzak ezaugarri desberdinak ditu, eta hori zergatik den azaltzen dute, naturari lotura eginez. Ezer ez baita kasualitatez. “Adibidez, ahuntzak zergatik dauka bi hanketan jartzeko gaitasuna? Zuhaitzetako hostoak jaten dituelako eta iritsiko bada bi hanketan jarri behar duelako. Horrez gain, orain dela milaka urte mendian toki malkartsuetan ibiltzen zen eta horregatik du eskalatzeko joera”. 

Mitoak ere apurtzen dituzte: etorri aurretik galdetuz gero, txerria zikina, ardia tuntuna eta ahuntza gaiztoa dela esaten dute. Eta horri buelta ematen diote Abeletxean. Ardia ez da tuntuna. Ahuntzari naturak adarrak eman zizkion defendatzeko. Ardiari, ordea, naturak eman zion bakarra taldea eta alde egiteko gaitasuna izan zen. Orduan, ez da tuntuna; egiten duena da bere bizitza arriskuan ez jarri eta gustatzen ez zaion zerbaiten aurrean taldean bildu eta alde egin. Bere estrategia da.

Ahuntza ere ez da gaiztoa. Zergatik egiten du salto hesi baten inguruan jarritakoan? Gaiztoa delako? Ez, kuriositatea duelako eta horri gehituta, eskalatzeko eta oreka mantentzeko abilezia.

Eta txerria ere ez da zikina. Baserriko animaliarik garbiena da. Zeren txerriak ez baitu inoiz kakarik eta txizarik egiten ukuilu barruan. Kanpora ateratzeko aukera baldin badauka, kanpoan egiten du.

Horrelako kuriositateak, kontu harrigarriak, baina egiak ezagutzeko aukera ematen du Abeletxeak. Mila bizidun ditu Ekoguneak tailerreko kontuak izan dira horiek. Baina tailer gehiago ere badaude aukeran:

 

Haur Hezkuntzan

  • Artoterapia eta oiloak bazkatu
  • Nortzuk behar dugu ura?
  • Bero egoteko beroki desberdinak
  • Mila bizidun ditu Ekoguneak

 

Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailan

  • Gorotzengatik desberdinduko dituzue!
  • Nortzuk behar dugu ura?
  • Bero egoteko beroki desberdinak
  • Mila bizidun ditu Ekoguneak

 

Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailan

  • Abeletxearen aztarna ekologikoa

 

Bigarren Hezkuntzan

  • Animalien erabilera hausnartzen

 

 

 

INFORMAZIOA:

Abeletxea. Kutxa Ekoguneko hezkuntza eskaintza

Ordutegia

10:00-15:00

Kontaktua eta izen-emateak

Tel.: 943 552 020

hezkuntza@ekogunea.eus
www.hezkuntza.ekogunea.eus

Prezioak

1 ekintza: 5 €

2 ekintza: 7 €/ikasle*

3 ekintza: 9 €/ikasle*

* Osatzeko aukeran eta doan: haur parkea, geocatching, eathink jokoa, baratze-eskola, bisita autogidatuak...

* Abeletxeko tailerrez gain, gainerako tailerrekin konbinatzeko aukera dago.

Tailerren iraupena ordubetekoa da.

Kokapena

Errekalde-Hernani errepidea z/g

(GI-2132, km. 2)

20009 Donostia