Maika Etxekopar OROIT NIZ

2018-04-01

 

 

 
 

Oroit niz ama eskolan dena zela eskulan, joko, kanta eta dantza. Plazera. Taldea eta sormena lantzen ikasteko denbora baginuela. 

Oroit niz ama eskola ondoko udako oporren azken gauean zer negarrak egin nituen, handiagoen gelara joaiteko beldurrez, benetan ikasten hasteko beldurrez. 

Oroit niz gure errejent batek gelan bakarrik utzi gintuela ikasleen artean ginuen arazo baten konpontzeko. Lehen asanblada.

Oroit niz gure errejent horrek bizikletaz Gurs-eko kontzentrazio esparrura eraman gintuela, eta beste behin berekin mendi lainotsu batean galdu ginela, bai eta nola kobazuloetan espeleologia eginarazi zigun. Abenturazalea hura. 

Oroit niz nola harekin ginuen gure bihurrikeria ikertu, probatu, garatu, landu, eta zer plazera emaiten zigun. 

Oroit niz nola urte batzu berantago inspekzio baten ondotik errejent hura Hezkunde Nazionaletik kanporaturik izan zen. Alta besteekin bezainbeste ikasi ginuen harekin, desberdinki bazen ere, ez hain akademikoki.

Oroit niz nola lehen mailako andereño batek gu baino handiago zen neska bat belarritik tiraka txikien gelara botatzen zuen erranez «hara, hemen da zure lekua, txikiekin». Neska horrek izigarriko arazo sozial, familial eta psikologikoak bazituen, eta eskolan helduen mespretxu eta bortizkeria ere jasan behar.

Oroit niz bazkalondoan etxetik itzultzen nintzanean ene ikaskideek ene lagun hoberena izkutatzen zidatela, gaixorik etxera sartu behar izan zuela sinetsaraziz, bakarrik egon behar izatearekin ene beldurrarazteko.

Oroit niz ni baino gaztexeago zen mutiko bat kantina aurrean zegoen ixtil handian pusatu nuela, eta bere anai handiak mendekuz jo ninduela. 

Oroit niz kantina eta gero elgarren artean borrokatzeko hitzorduak finkatzen gintuela, arazo batzuen konponbide gisa.

Oroit niz erakasleengandik ikasle ona nintzalako irudia jasotzen nuela, eta erantzun on bat asmatzen nuelarik andereñoari belarrira erran behar niola, besteek bilatzen jarraitzen zuten bitartean.

Oroit niz lehen mailan jadanik maitemintzen ginela, eta nola!

Oroit niz, nahiz eta ikaraturik izan, zer harrotasun eta axolagabekeri faltsuarekin Xiberotik abiatu ginen hamaika urtetako bost neskatxa Kanbo-ko kolegioko barnategira.

Oroit niz ordutik aurrera zoin luze iduritu zaizkidan bost eguneko asteak, bakardade eta lasaitasun gabeko egun amaiezin bakar bat balitz bezala, emozio eta gure arteko ixtorioz beterik. 

Oroit niz nola aski bertan barnategitik gurasoei egiten zitzaien aste-erdiko telefono deiari uko egin nion. Astea etxetik kanpo igaraitekotan, osoki izan behar zuen, etxeari batere pentsatu gabe eta gogor eutsiz. 

Oroit niz nola hamaika urtetan jadanik ideia hau buruan zohitzen hasi zitzaidan: handituko naizenean, beste gisako eskola bat asmatuko dut. Gogor bizitzen nuen nerabezaro nahasiaren bai barneko eta bai taldeko basakeria hortarik deszentratzen eta kanalizatzen lagunduko gindukeen eskola bat. 

Oroit niz lizeoan tontotzat geneukan Historiako erakasle batek gelatik kanporatu ninduenean baliogabe iduritzen zitzaidan zerbait kopiatzen ez nuelako, taldearen erdia ene atzetik atera zela, elkartasun eta oldartze marka gisa. Lehen talde altxatzea. 

Eta beste gauza hanitxetaz.