Iker Irribarria HARREMANA

2018-05-01

 

 

 
 

Txikitatik jorratu izan dut besteekiko harremana, eta hezkuntza hitza aditu bezain laster etortzen zait harreman hitza. Hezkuntzaren funtsa da harremana, eta zortez ikastola xume bateko kide izan naiz urte askoan zehar. Irakasleekin izandako harreman horrek, klasekideekin (orain nire lagunartea osatzen dutenak) izandako harreman horrek hezi nau, ikastolako edukiak baino gehiago.

Duela urte batzuk, Ingalaterrara joateko aukera izan nuen, eta bertan ikastolan ikasitako hainbat arlo jorratzekoa. Orain sentsazioa daukat lagun haiekin, giro ederrean, ingelesa ez dela vocabulary, listening eta grammar, harreman horiekin mila aldiz ederragoa dela hizkuntza, eta noski, hezkuntza.

Neure gaztelania ere horrelako pasarte batzuekin bete nezake, baina badakit ez nintzatekeela gaur egun daukadan erraztasunarekin ariko ez banintz kirol arloan jardungo, bertan trebatu bainintzen, lagun errioxarrekin pilotan eta beste selekzioetako gazteekin saskibaloian.

Jakintza ikastolako irakasle gehienekin harreman ezinobea izan genuen klasekide gehientsuenek, eta iruditzen zait ikasle bizia askoz ere samurragoa egiten dela horrela, nik neuk ere gorrotatu izan ditudalako ikasgaiak irakasle gogaikarriengatik. 

Gozatu ederra hartu nuen bigarren batxilergoa bukatu ostean irakasle, tutore eta gurasoekin eginiko afarian, harreman onik ez balitz zaila izango litzatekelako horrelakorik egitea. Gogoan dut baita ere, zirikatzen ari ziren bi ikasle nola bidali zituen dirua emanda irakasleak txokolatezko palmeren bila… lezio ederra.

Horrexegatik aukeratu nuen neure unibertsitateko ikasketak egiteko harreman estuko unibertsitate bat, non irakasleak ezagutzen gaituen eta gurekiko harreman bat sortzen den. Eta behin eta berriz pentsatzen dut irakasleekiko harremanak zuzenean duela harremana hezkuntzarekin. Harreman horrek, ikasgaiko arlo teknikoak adina hezten gaituelako. Eta pena bat badaukat: ez nago gustura unibertsitateko irakasleekin dudan harremanarekin. Klasekideak ikaragarriak dira, baina badut arantza bat, ez diodala inongo irakasleri kariñorik hartu, pasiloetan kasurik apenas, beste kanpusetara noiznahi joaten dira…

Lehen esandakoaren arabera, zapore gazi-gozo batekin geratzen naiz, gainditzeagatik soilik ikasten ari ote naizen edota klasera ikaskideekin egotera joaten naizen, ez dudalako feeling-ik irakasleekin. Gogoz kontra joate horrek ilusio galera bat eragin dit, baina zortez, laster bukatu eta feeling gehiago dudan lanean jarriko dut burua. Eskerrak pilotan dugun taldean ilusioa eta giro ona ditugun, gure hezkuntzaren, etorkizunaren eta norberaren oinarria hori baita. Ez al da gure hezkuntzaren funtsa harremana? Kontuan hartu ama eta aita…