KUBAKO HEZKUNTZA-SISTEMA. Esaldi potoloak ahoan, gertuko harremana gorputzean eta ongi kokatutako historia buruan

2018-05-01

 

Hezkuntza eta osasuna. Horiexek dira Kubako Gobernuaren zutabe nagusiak. 1959ko iraultza komunistaren ondoren, lehen egitekoetako bat herritarrak alfabetatzea izan zen. 1961ean alfabetatze kanpaina garrantzitsua egin zuten hiri handietatik hasi eta mendialdeko herrixka txikietaraino. Analfabetismoa desagertzea lortu zuten. Irakurtzen eta idazten jakiteak jakituria dakar, ezagutza, kultura. Eta horrelako herritarrak nahi zituzten. Horregatik, hezkuntza- eta osasun-zerbitzu guztiak doakoak dira. Denentzat. Haur Hezkuntzatik hasi eta Unibertsitate ikasketak amaitu arte ez dute ez matrikularik ez testu-libururik ordaindu beharrik. Herritarrak horren jakitun dira, eta harro defendatzen dute sistema.

Horren guztiaren berri jaso zuten apirilean Hik Hasik antolatuta Habanara egindako bidaia pedagogikoan, Euskal Herriko 60 hezitzailek.

 

 
 

Barne Produktu Gordinaren % 12 inbertitzen dute hezkuntzan (Hego Euskal Herrian ez da % 4ra iristen). UNESCOk dio ratio onenetakoak dituen herrialdea dela. Erakunde beraren nazioarteko saria jaso zuen bertako Haurrak hezten programak, duen oinarri zientifikoagatik eta eragin sozialagatik. Ekonomikoki herrialde azpigaratuen artean kokatzen den arren, Hego eta Ertamerikako herrialdeen artean erreferentea da Kubako hezkuntza-sistema. Eta munduko gainerako herrialdeei erakusteko moduko ezaugarriak ere baditu.

Jose Martí irakasle handiaren ideiak bizirik daude, sinesten dute hark esandakoan: “Pertsona heztea bizitzarako prestatzea da”. Sinestu eta bizi, eguneroko praktikan behin eta berriro agertzen den ideia baita. Mi alegre pelota haur eskolako zuzendariak garbi dio: “Guretzat irakaslea da dagoen pertsonarik garrantzitsuena. Medikua oso garrantzitsua da, ingeniaria ere bai, igeltseroa ere bai... baina horiek denek ez lukete ikasketarik edukiko irakasle baten eskuetatik pasa izan ez balira. Beraz, irakaslea da figurarik garrantzitsuena, eta hortaz, maitatuena izan behar du, zainduena, komunitatearen eta familiaren maitasuna gehien sentitu behar duena. Irakaslerik gabe ez dago prestakuntzarik”. Manuel Bisbé Alberni Bigarren Hezkuntzako ikastetxeko zuzendariak ere argi du berari hezkuntzak eman diola dagoen lekuan egoteko aukera: “Nire gurasoak analfabetoak ziren eta bi ahizpok karrerarik humanoenak ikasi genituen: hark medikuntza eta nik irakasletza. Niri iraultzak eman dit naizena izateko aukera”. Daukaten hezkuntza-sistema eta iraultza lotzen ditu, eta hori gazteei azaltzea garrantzitsutzat du: “Iraultza bizi gabeko gazteak dauzkagu, eta garrantzitsua da horiei historia kontatzea. Irakasleoi dagokigu lan hori; ikasleak ez aldentzea historiatik. Eta horretarako, Kubako estatuak duen orientatzaile politiko nagusiena irakasleak dira. Hor daukagu erronka: asko hitz egin behar diegu ikasleei euren herrialdeko historia eta munduan gertatzen dena ezagutu dezaten”.

Hezkuntzari ematen dioten garrantzia, ordea, ez dator bat irakasleek jasotzen duten soldatarekin. Irakasleen soldata igotzeko eskaera sozial handia dago, eztabaida soziala da gaur egun, eta horri irtenbidea ematea dute erronka.

 

Familia bidelagun etapa guztietan

“Familiarik gabe ezin du egon eskolak. Zer egingo dugu guk familiarik gabe?”, gaineratzen du aipatu ikastetxeko zuzendariak. Familia eta eskolaren arteko erlazioa oso estua da Kuban, asko zaintzen da haur eskoletatik hasi eta goiko mailetako zentroetan ere. Denetan. Mi alegre pelota haur eskolako zuzendariak dio familiek konfiantza dutela euren umeei irakasten ari diren hezitzaileengan: “Irakasten ari den heziketaren eta irakaskuntzaren eredu izanez irabazten du irakasleak familiaren eta komunitatearen prestigioa eta maitasuna. Konfiantzarik ez balute, ez lituzkete eskolan utziko. Eta ez da horrelakorik gertatzen. Ikasi egingo duten konfiantzarekin uzten dituzte eskolan. Umeek zer egin duten kontatzen dietenean, familia-kideei eskolarekiko eta irakaslearekiko maitasuna sortzen zaie. Beraiek ekarritako kartoi zaharrak zertan erabiltzen diren ikustean, kartoi hori aulki, arrautza edo mahai bihurtu dela ikustean, baliorik gabeko zerbait ekarri eta euren haurren lanketarako zerbait garrantzitsua bihurtu dela ikustean, maitasuna sortzen da”.

Maitasuna eta inplikazioa eta parte-hartzea. Horretarako bideak zehaztuta dituzte. Haur eskoletan eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan argibide-taula bana dute gela bakoitzean. Bertan ordutegia, elkarrekin egiteko ekintza eta mezu hezitzailea agertzen dira. Horrez gain, hilero biltzen dira mailaka gurasorekin eta hizpide izaten dituzte umeen garapenari lotutako gaiak. Haur eskola bakoitzean osasunaz arduratzen den erizain bat dago.

Are gehiago, gurasoek eta hezitzaileek elkarlanean umeentzako materiala sortzen dute, batik bat paperarekin. Umeek argudio desberdinak garatu eta landu ditzaten sortzen dituzte materialak eta txokoak: sukaldea, logela, egongela, komuna, denda, ospitalea, ileapaindegia... Leku errealak dira eta umeek helduak imitatzen dituzte txoko horietan. “Gure eskolako ekintza nagusiak jolasa eta ekintza independenteak dira. Dena imitazioz ikasten dute eta horretarako baliabideak eskaintzen dizkiegu”.

Haur eskolak lanean dauden amen umeentzako dira Kuban. Umea izan eta urtebeteko amatasun baimena dute eta beraz, urtebeterekin eramaten dituzte haur eskoletara, lanera itzulitakoan. Amek etxetik kanpo lanik egiten ez badute, beste aukera bat dute: Haurrak hezten programa. Astean behin edo bitan auzoko parkera joaten dira auzoko amak, aitak, amonak, aitonak... 2-6 urte bitarteko umearekin. Bertan programa horretako pare bat hezitzaileren gidaritzapean jarduera batzuk egiten dituzte eta astean zehar etxean egiteko zereginak ere gomendatzen dizkiete. Elkartrukeak asko laguntzen die gurasoei. Ume bakoitzaren garapenaz, lorpenez zein zailtasunez hitz egiten dute. Auzoko erizainak, medikuak, programaren koordinatzaileak eta lekuko presidenteak ere parte hartzen dute eta jarraipena egiten diete, alegia, komunitatea osoa inplikatzen da.

Gaur egun Kubako adin horretako umeen % 97ak hezkuntza zerbitzu bi horietan parte hartzen du: haur eskoletara
% 20 joaten da eta Haurrak hezten programara gainerako % 77. Bien helburua haurrak eskolatzeko garairako presta-tzea da. Bide horretan laguntzeko ume bakoitzaren txosten pedagogikoa ematen diete Lehen Hezkuntzako irakasleei.

Lehen Hezkuntzako Jose Luis Tasende ikastetxeko zuzendariak ere familiarekiko komunikazioaren garrantzia azpimarratzen du: “Denok elkarrekin kateatuta gaude, askatu gabe, eta horrek funtzionarazten du eskola. Horrek egiten du haur bat zoriontsu ikustea”. Eta nerabeekin lan egiterakoan ere familiaren laguntza eta parte-hartzea funtsezkoak direla gehitzen du Bigarren Hezkuntzako Manuel Bisbé Alberni ikastetxeko zuzendariak. “Familiako heziketaren eskola”n biltzen dira hilero eta gurasoek zein hezitzaileek iradokitako gaiak nerabeekin nola bideratu eztabaidatu eta lantzen dute.

Horrez gain, gela bakoitzean guraso ordezkari bat dago. Horien guztien arteko bat hautatzen dute eskolako kontseiluan parte hartzeko. Hilean behin biltzen dira eta ekintza metodologikoa eta eskolatik eta curriculumetik kanpoko ekintzak planifikatzen dituzte. “Badugu gurasoek parte hartzeko beste modu bat ere”, gehitzen du zuzendariak. “Ikasgai batzuetan bukaerako lan bat egin behar izaten dute, eta informazioa bilatzeko liburutegi batera, museo batera, leku zehatz batera... joan behar izaten dute. Kasu horretan, guraso batek laguntzen die, hark hartzen du talde horren ardura”.

 

Helburua, bizitzarako prestatzea

Hezkuntza zuhaitz bat bezalakoa da, hazi bat ereiten da eta adar askotan zabaltzen da”. Haur eskoletako txokoek etxeen eta gertuko ingurunearen antza dute: sukaldea, logela, denda, ospitala… eta horietan garatzen diren lanbideak ezagutzen dituzte, bidenabar. “Horrela ohitu egiten dira egoera eta toki horiekin, eta etorkizunean aukeratzen duten lanbidea haur eskolatik egiten zaie ezagun”, diote haur eskolako arduradunek.

Etorkizunerako prestatze hori buruan dute. Baita eskola berezietan ere. Behar bereziak dituzten ikasleentzat eskola bereziak dituzte Kuban: gorrentzat, autistentzat, hizkuntza gabezia sakona dutenentzat, itsuentzat, komunikazio zailtasunak dituztenentzat, portaera arazoak dituztenentzat… “Trantsizioko eskola da gurea” dio, adibidez, Habanako René Vilches gorren eskolako psikopedagogoak. “Umeak hemen egoten dira, baina une konkretu batean eskola arruntera pasatzen dira, hara joateko baldintza guztiak betetzen dituztenean, betiere familiek nahi baldin badute”. Euren zeregina haur horiek heztea eta irakastea da, etorkizunerako prestatzea, lan mundurako, beren interes pertsonaletarako. Azken batean, gizartean integratzea. 

Hainbeste gauza erabilgarri daude ikasteko, ez zaiola haurrari alferrikako hitzik edo daturik irakatsi behar. Alfabetoaren eskolak, esajeratu gabe, ekintzen eskolekin ordezkatu behar dira”. Lehen Hezkuntzako eta goragoko mailetako eskoletako hormetan Kubako historiako pasarteak irakur daitezke. Che Guevara, Fidel Castro eta Jose Martíren argazkiak ikusi ere bai. Herrialdearen historia presente dago. Jose Luis Tasende Lehen Hezkuntzako ikastetxeko liburutegiko arduradunak dio ikasgelak funtzio bat betetzen duela eta liburutegiek beste bat: jakintza esparrua edo kultura handitzea. Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitate-aurrekoan (hemen Batxilergoa deritzona) “Eztabaida eta hausnarketa” izeneko denbora tarte bat dute astero. Hilean behin gai politiko bat lantzen da eta gainerako saioetan gai nazionalak, nazioartekoak… munduko gaiak. Hitz egin, ezagutu, eztabaidatu eta kultura maila igo. Unibertsitate-aurreko ikastetxeetan ikasleak unibertsitatera sartzeko probarako prestatzen dituzte. Hiru urteko ikasketak dira eta lehendabizi kultura orokorra eta balioak lantzen dituzte; gero datoz arlo teknikoak.  

Irakastea haztea da”. Kuban, bizitza osorako hezkuntza eskaintza dute: unibertsitate-aurrekoa, tekniko-profesionala eta lanbideak, eskola pedagogikoak eta goi mailako hainbat modalitate, unibertsitate ikasketak, lanean daudenentzako ikasketak lantokietan bertan… Nahi duten arloan ikas dezakete, eta doan. Dena da doakoa eta denentzat: mendialdeko herrixketan badaude 2, 3 edo 4 ikasleko eskolak. Unibertsitatean 5 urteko aurreikuspena egiten da zein titulazio eta zenbat plaza eskaini erabakitzeko. Adibidez, 2018ean kalkulatuko dute 2023an zenbat abokatu beharko dituzten. 100 abokatu behar badituzte, 100 plaza eskainiko dituzte. Behin karrera amaitutakoan, hiru urtez zerbitzu sozialetan egiten dute lan. Bukatutakoan, lan horretan gelditzeko aukera dute. 

Hezkuntza bizitzarekin hasten da, eta heriotzarekin baino ez da bukatzen”. Horrek irakasleentzat ere balio du. Eskolan bertan beraien artean, mailaka, mintegika, probintziako formazioetan… prestakuntza antolatuta eta zehaztuta dago. Irakasleak ebaluatu egiten dira, ikasleen hobebeharrez.

 

GURETIK IKUSIZ

Bidaide izan garen 60 hezitzaileon artean gure ikuspegiak eta iritziak partekatu ditugu, betiere ikuspegi pedagogikotik. Ikusi dugunaren arabera, zer gustatu zaigun, zer ez, zer hobetu daitekeen eta guretzat zer izan daitekeen baliagarria aipatu dugu.

 

Hezkuntza

- Hezkuntzarekiko adierazten duten konpromisoa eta jarrera eredugarriak dira. Eskola bigarren etxea da. Hezitzaileei eta familiari balio moral eta psikologiko itzela ematen diete. Irakasleek ikasleekiko espektatiba altuak dituzte, eta, hain justu, hori da hezkuntza praktika arrakastatsuetako bat. Ikasleei “ahal dutela” mezua helarazten zaie behin eta berriro (garbi ikusi zen gor eta hipoakusikoen eskolan, baina baita eskola arruntetan ere). Zailtasunen aurrean banakako orientazioa erabiltzen dute. Haur eta gazteekiko begirada azpimarratuko genuke: pertsona kapazak dira eta euren eskuetan dago gizarte osoaren etorkizuna. Guk nola errekuperatu balio eta konfiantza hori?

- Hezkuntza afera politikoa da Kuban. Gurean tabu bihurtu da politikaz hitz egitea. Horren inguruan gogoeta egin beharko genuke. Edonola ere, nahiz eta aitortu ez, politikoki erabiltzen da hezkuntza gurean ere (Nafarroan ingelesaren erabilerarekin, adibidez). 

- Hezkuntza funtsezko zutabea da Kuban, baina irakasleek oinarrizko soldata dute (20 euro inguru). Hori juxtukoa denez bizitzeko, diru gehiago (beltza) atera dezaketen lanbideetara jotzen dute batzuek. Kontraesan edo arazo hori dute. Jende berriaren faltan, jubilatuak ari dira bueltatzen irakaskuntzara. Ekonomia bikoitzak, besteak beste, arriskuan jar dezake estatu eredua. Iraultza “paternalistegia” izan dela aipatu zuen baten batek eta  horrek ekarri du ez baloratzea dagoena, baizik eta faltan izatea ez dagoena.

- Sistema produktiboan dute arazoa: produkzioa garatzea dute erronka, denek lana izan dezaten. Baliabideak etekinik atera gabe joaten zaizkie. Ez da herrialde azpigaratua, baliabiderik gabeko herrialdea baizik.

- Gustatu zaigu ongizateari ematen dioten garrantzia: hezitzaileak ondo, gustura, pozik egotea. Hezitzaileak gustura baldin badaude, haurrak ere gustura egongo dira. Era berean, ikaslearen eta familiaren ongizateari ere ematen diete garrantzia.

- Eskoletako zuzendariek oso ondo aurkezten zituzten lankideak, elkarrekiko miresmenez. Kultura handia erakusten zuten eta ez soilik Kubako aferei buruz, baita mundu zabaleko gatazka edota egoera ekonomiko-politikoei buruz ere. Mundura begira daude; inolaz ere ez isolatuak. Oro har, hizlari onak dira, ongi helarazten dituzte ideiak eta nabari da argumentatzen ohituta daudela. Zuzendariak ez ezik irakasleak ere oso ongi mintzatzen dira.

- Elkarlana. Irakasleek elkarrekin egiten dute lan. Prestakuntza partekatua dute.

- Konpetentziak ez dira aipatu ere egiten. Baina argi dute euren helburua herritarrak eraikitzea dela.

- Baliabide asko bideratzen dituzte hezkuntzara. Haur Hezkuntzan ratio onak dituzte. Hezitzaile asko daude eta haurrak kasu eginda eta zainduak ikusten dira. DBHn ikasle talde bakoitzak bere irakasle-gida du. Haur Hezkun-tzakoen ordutegia eta egutegia lan egiten duten gurasoei begira daude eginak.

- Deigarria izan daiteke haur eskoletan (0-6) eskolatzeko aukera soilik lanean ari diren emakumeen seme-alabek izatea. Gurean, emakume langabetuen eta hainbat etorkinen seme-alabak eskolatik kanpo geratuko lirateke (galdetu gabe eszedentzia egoeran daudenak, lanaldi murriztua dutenak, bat-batean lan bat izateko aukera dutenak, berriro haurdun geratu direnak, etxetik irten ezinik daudenak... zein egoeratan egongo liratekeen). Eredu honek hausnarketa sakona beharko luke. Azken finean, beti gertatzen den bezala, umeen zaintzaren ardura emakumeengan jartzen da.

 

Familia

- Familiekin harreman estua dute, baita Bigarren Hezkuntzan ere.

- Familiaren inplikazioa handia da. Bisitatu ditugun eskola guztietan aipatu dute familia. Familiaren laguntza ezinbestekoa dela diote eta bere parte-hartzea arautua dute. Bi aldeen arteko joan-etorria etengabekoa da. Eskoletan familiei zuzendutako argibide-taulak dituzte. Taularen edukia aldatuz joaten dira. Hilean behin biltzen dira familiekin eta eguneroko jarraipena egiten dute lan orduetatik at. Hemen, oro har, gurasoei gauza puntualetan soilik uzten zaie parte hartzen. Gehiago gerturatzea falta zaigu eta egiten duten lana eta betetzen duten ezinbesteko funtzioa errespetuz aitortzea. Familiak eta ikasleak epaitzeko joera handiegia daukagu; eta askotan familiei ez dagozkien funtzioak helarazten dizkiegu (etxerako lanen inguruan, adibidez).

- Gurean gurasoak eskolaz kanpoko jardueraz arduratzen dira eta hezitzaileak arlo pedagogikoaz. Hori zuzendu beharko genuke, gurasoak arlo pedagogikora ere ekarriz.

 

Hezkuntza eta osasuna

- Osasuna oso presente daukaten gaia da.

- Familia eta gizarte zerbitzu guztiak elkarrekin harremanetan daude. Antolatuta daude eta komunikazioa eta jarraipena dute. Horrek batasuna ematen du.

- Emakume bat haurdun gelditzen den unetik, medikuak jarraipena egiten dio eta Haurrak hezten programan parte hartzeko aukera du. Umea jaiotakoan pediatrak eta erizainak egiten diote jarraipena. Eta ondoren hezitzaileak eta haur eskolako erizainak.

- Haur eskola bakoitzean erizain bat dago lanean. Oso presente dago. Prebentzio lan izugarria egiten du: elikadura zaintzen du, komunak garbi egon daitezen ziurtatzen du, zuhaitzen adarrak mozten ditu erortzeko arriskuan baldin badaude, zorriak begiratzen dizkie egunero haurrei, muki zuriak baldin badituzte haur eskolan geldi daitezke eta muki berdeak baldin badituzte etxera bidaltzen dituzte, gaixo daudenak etxera bidaltzen dituzte... Jarraipena erabatekoa da.

- Lehen Hezkuntzako eskoletan ez dago bertan erizainik, baina egunero joaten da jarraipena egitera.

 

Metodologia, didaktika

- Hezitzaileak haurrengandik gertu daude, “gu ere guraso gara” diote.

- Bitarteko gutxi dituzten arren, irudimen handia dute. Haur eskoletako materiala beraiek egiten dute: gurasoek, hezitzaileek eta ikasleek.

- Eduki asko buruz ikasten dituzte. Biderketa taulaz gain, literatura (poesia, kantak, ipuinak...). Gure kasuan ere, euskal curriculumeko hainbat eduki buruz ikastea ondo etorriko litzateke. Baina betiere modua zainduz; alegia, jolasen bidez eta sormena landuz ikasiz, eta ez buruz automatikoki.

- Haurren parte-hartzea eta komunikazioa oso ondo lantzen dute. Diziplina dute, baina konfiantza ere bai. Bat-batekotasuna ikusten zaie.

- Hezkidetza guk gehiago lantzen dugu. Haiek ere lantzen dute eta oso presente dute gaia; baina ondorioak, oraindik ere, ikusteke daude. Gure eta haien abiapuntua desberdina da; kulturalki gizarte tradizionalagoa da gurea baino, baina ez zaigu ahaztu behar iraultzak 60 urte eskas dauzkala, aurretik erabateko zapalkuntza zegoela eta soilik 100 urte pasa direla esklabutza debekatu zenetik...

- Hizkuntza gorputzera ekartzen dute. Gorputzaren lanketa oso garatua daukate.

- DBHn eta Batxilergoan aukerazko ikasgairik ez dute. Denek berdin. Estatuaren sistema da hori: hezkuntza berdina eta denentzat. Gure ikuspegitik, aukera falta negatibo ikusten dugu. Aldiz, gorputz espresioari, mugimenduari, arteari... garrantzia emanez askotariko adimenak garatzeko aukera gehiago dute. Gurean ikasgaiak aukeratu ditzakete, baina denak modu beretsuan erakusten dira. Ez dugu uste horrek aukera gehiago ematen dienik ikasleei.

- Eskola porrotaren gaia ez dute guk bezala ikusten. Ikasleek azaltzen dituzten zailtasunak gainditzeko banakako jarraipena egiten zaie, nahiko modu holistikoan.

- Gehienek badakite 14-16 urterekin zer ikasi nahi duten. Denentzat dena berdina den eskola tradizionaletan hori garbi izatea zaila da. Nola lortzen dute, orduan? Askok familiaren tradizioari jarraitzen diote: gurasoen lanbidea hartzen dute eurek ere.

 

Heziketa berezia-inklusioa

- Behar bereziak dituzten haurrak (gorrak, autistak...) aparteko eskola berezietan daude. Eta gero, ahal dutenean eta prest daudenean, eskola arruntetara bideratzen dituzte. Eskola berezietan arreta pertsonalizatua dute eta eskola arruntetara joaten direnean jarraipena egiten diete. Eskola arruntetan baliabideak egonik, beste ikasleekin batera aurrera egiten dute. Ikusi genituen gehienek intelektualki arazorik ez zuten, gai ziren mailari zegokion curriculuma jarraitzeko. Helburua da eskola arruntetara pasatzea eta hura bukatzean lan bat aurkitzea. Zer da egokiagoa eskola berezietan egotea ala hasieratik eskola arruntetan egotea? Zalantza eta galdera asko sortzen dira gai honen inguruan:

  • Nola egokitzen dira eskola arruntera trantsizioa egiten dutenak?
  • Eta trantsiziorik egiten ez dutenak? Ez al dira erlazionatzen gainerako umeekin? Gizartetik at al daude?
  • Ez dakigu zer-nolako irakaskuntza jasotzen duten ezgaitasun intelektuala dutenek, Down sindromedunek, gaixotasun arraroak dituztenek, garun paralisia eta abar... Ziur hauek eskola arruntetik at daudela... Nola gizarteratu? Besteek nola ikasiko dute eurekin erlazionatzen?
  • Gurean eskola arruntetan daude, baina jarraipen eta laguntza nahikoa al dute?
  • Gurean integratzeko aurrerapenak egiten ari gara: fisioterapeutak ditugu, logopedak, hainbat elkarteren laguntza (Aransgi...)...
  • Behar bereziko haurren inklusioa da denon helburua, baina zein da abiapuntu egokiena? Gela barruan gainerako haurrekin egotea ala aparteko trataera eta laguntza berezia ematea? 
  • Euskal Herrian gaur egun ezin dugu pentsatu umea gorra izateagatik eskola berezi batean eskolatzea. Beharbada eskoletan ditugun baliabideetan jar dezakegu eztabaida. Baina segregazio eredua ume gorrentzako aukera bezala ez dugu ikusten hemen.
  • Inklusioa helburu bada, abiapunturik egokiena ezin da bazterketa edo segregazioa izan, ezta?

- Portaera arazoak dituzten haurrentzat hiru eskola daude Habanan. Helburua ikasle horiek lanbide baterako prestatzea eta gizarteratzea da.

- Hiperaktibitate kasuen inguruan, nabari da arazo hori guk izaten dugun bezala ez dutela bizitzen. Horrek hausnarketa bat dakargu: gure hezkuntza-sisteman benetan al dago hainbeste arreta falta eta hiperaktibitate kasu? Ala berehala diagnostikatzeko joera dugu eta arazoa ez da ikasleena baizik eta sistemarena, haurraren mugimendua eta erritmoa onartzen eta errespetatzen ez direlako? Prest al gaude banakako erritmora egokitzeko curriculumak dioen bezala?

 

Atzerriko hizkuntza

- Atzerriko hizkuntzarekin edo bigarren hizkuntzarekin LHko 3. mailan hasten dira. Lehenengo ama hizkuntza ongi lantzeari ematen diote garrantzia. Gu oso goiz hasten gara 2. hizkuntzarekin. Euskarari gehiago eskaini beharko genioke, eta batez ere ahozkotasunari.

- Komunikazioari garrantzi handia ematen diote. Lehenengo hitzaldian hizlariak mikrofonorik gabe zuzenean hitz egin nahi izan zuen, zalantzak zituen mikrofonoarekin jendearengana iritsiko ote zen.

 

Sorterria, historia

- Sorterriari leku egiten diote. Euren historia ikasten dute. Guk, aldiz, nahiko utzita dugu. Ez dugu lantzen ez nondik gatozen ez nora goazen. 

- Agian euren lantzeko modua ez da egokiena, beste modu batera lantzeko aukera edukiko genuke; baina landu beharko litzateke.

- Hezkuntza euren historia eta balioak transmititzeko tresnatzat dute. Gu, ordea, beldurtuta eta konplexuz beterik gaude. Guk euskaratik eta euskal kulturatik transmititu ditzakegu gure balioak: gu zer garen eta nola ikusi nahi dugun mundua. Beraiek hori lantzen dute, eta guk konplexuak ditugu hori lantzeko.

- Burujabetza, bakea eta bizikidetza dituzte.

 

Antolaketa eredua

- Herritarren parte-hartzea: bai gure sistema kapitalistan bai kubatarren sistema komunistan, herriari ezarrita eman zaio eredua, herritarrak ez dira protagonista izan. Eta ondorioz, herritarrok kontzientzia gutxi dugu. Deszentralizazio ekonomikoa eta politikoa behar da herritarren parte-hartzea indartzeko.

- Sistema zentralizatua da eta hori negatiboa iruditzen zaigu.

- Kuban irakasle ikasketak egiten ari direnek etxetik gertu duten eskolan egiten dituzte praktikak, eta ikasketak amaitutakoan eskola berean hasten dira lanean.

- Gure kasuan eta egoeran, denok nahi ditugu hezkuntza proiektuak sendotu, irakasleen mugikortasuna gutxitu... Daukagun sistemak erabat baldintzatzen du gure jarduna. Lagundu beharrean zaildu egiten du. Irakasleen egonkortasunik eza da gure sistemaren hutsuneetako bat.