Ekainberri museoa

2018-05-01

 

Altxor historiko eta artistiko paregabea gordetzen du Sastarrain bailarak Zestoan: Ekaingo kobazuloa, Paleolitiko garaiko labar-artearen adierazle bikainenetariko bat. Haitzuloa bera bisitatzeko aukera oso mugatua denez, handik metro gutxira, haitzuloaren erreplika bikaina eraikia dago, Ekainberri museoan. Margolanak ikusteaz gain, antzinatean bezala ehizatzen eta sua egiten ikasteko aukera eskaintzen du museoak, besteak beste. 

 

 
 

Labar artearekin lotu ohi dugu Ekainberri museoa eta bertan eraikia dagoen haitzuloaren erreplika, baina bisitaria berehala ohartuko da hori baino gehiago eskainiko diola Ekainberriko egonaldiak: antzinateko bizipenak norbere azalean sentitzeko aukera. Bereziki haur eta gazteei egokitutako hezkuntza material eta jarduera ugari aurkituko ditu bertan. Hala, ikasleek historiaz eta arteaz modu atseginean eta entretenigarrian ikasteko aukera izango dute, beti ere gida espezializatuen eskutik. Besteak beste, margolanak egin, sua sortu eta ehizatzeko aukera izango dute. Gainera, museoak adin tarte bakoitzari egokitutako programa didaktikoak eskaintzen ditu.

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek, adibidez, paleolitikoan Sastarrain bailaran bizi ziren animaliak ezagutuko dituzte. Lehen gizakien antzera marraztuko dituzte animaliak, erreplikan zehar animaliak bilatu eta deskribatzen saiatuko dira... LHko 3. eta 4. mailetan, suarekin lotutako ekintzak burutuko dituzte ikasleek, Paleolitikoan suak zuen garrantziaz jabetzeko. Kobazuloko iluntasuna sentituko dute, eta lehen gizakiek bertan marrazteko erabili beharko luketen sua lortzen saiatuko dira, besteak beste. Eta LHko 5. eta 6. mailetako ikasleek, berriz, Paleolito garaiko gizakien ehiza tresnak ezagutuko dituzte, eta horiekin basahuntzak eta orkatzak ehizatzen saiatuko dira. Gainera, erreplikan labar artearen eta ehizaren arteko erlazio berezia azalduko diete gidek.

DBHko ikasleei dagokienez, lehen ziklokoek Ekaingo giza taldearen bi ezaugarri nagusi aztertuko dituzte: pintura eta ehiza. Horretarako, kobazuloko irudiak ikertuko dituzte eta ehizaren mundura hurbilduko dira, janaria eta bestelako lehengaiak lortzeko estrategiak diseinatuz. “Bi orduren ondoren ondorio argi bat behintzat izango dute: Ekainen ez zuten ehizatzen zuten hura marraztu”, diote museokoek.

DBHko bigarren zikloko ikasleak, aldiz, Ekaingo artista bihurtuko dira. Alde batetik kobazulo barruko artea, labar artea, ikusi eta ikertzeko aukera izango dute. Bestetik, aire zabalean eta beste euskarrien gainean egindako artearen, arte erabilkorra deitutakoaren, inguruko informazioa jasoko dute.

Batxilergoko ikasleei arkeologoen lana gertutik ezagutzeko aukera emango die museoak. Hala, arkeologia esperimentalaren bidez, Ekaingo gizakien bizimodura hurbilduko dira. Gidak gizaki haiek sua, pintura eta ehiza nola egiten zuten erakutsiko die, eta, taldetan banatuta erreplikara sartuko dira, labar artea aztertzeko. 

 

Gizateriaren ondare

2008an Unescok Gizateriaren ondare izendatu zuen Ekaingo kobazuloa, Paleolitiko garaiko Madeleine aroko margolan ikusgarriak dituelako, duela 13.000 urte ingurukoak, egoera ezin hobean mantenduta. Kobazuloan (eta baita erreplikan ere) 70 animali-irudi daude, gutxi gorabehera. Zaldia da gehien ageri dena, eta Ekaingo zaldi-multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik aberatsenetakotzat hartzen da, eta espezie horretan, horma-mihise onena. André Leroi-Gourhan etnologo, arkeologo eta historialari frantziarrak “zaldi multzorik bikainena Kuaternarioko arte guztian” izendatu zuen. Hartzak, oreinak, kapridoak… ere ikus daitezke Ekainen. 

Bertako altxorraren kontserbazioa bermatzeko, haitzuloa inoiz ez da egon publiko zabalari irekia, eta oso mugatua da haitzulora sartzeko baimena jasotzen duten pertsona kopurua. 2008an, ordea, Ekaingo kobazuloaren erreplika inauguratu zuten, haitzulotik metro gutxira, eta, hala, denentzat eskuragarri gelditu da Ekaingo altxor milenarioa.

 

 

INFORMAZIOA:

Non

Zestoako Sastarrain bailaran dago museoa. Zestoatik bertatik hasten da berdegunez inguraturiko oinezko ibilbide atsegina museoraino, 20 minutu ingurukoa. Autoa uzteko aparkalekua dago Zestoan bertan.

Sarrerak
Ekainberri.com webgunearen bidez, info@ekainberri.com helbidera idatzita edo 943 868811 telefono zenbakira deituta lor daitezke. Sarrerak Zestoako Informazio Bulegoan jaso behar dira erreplikara abiatu baino lehen.

Ordutegia

Asteartetik ostiralera 10:00etatik 18:00etara dago zabalik, eta asteburu eta jaiegunetan 10:00etatik 19:00etara. Uztailean eta abuztuan zehar astelehenetan ere zabalik egon ohi da.