EDUARD VALLORY “Eskola bat ez bada ahalduntzailea eta transformatzailea, zerbait ez da ondo egiten ari, eta aldatu egin behar du”
Praktika pedagogikoen berrikuntzan eta hobekuntzan aditu bihurtu da Vallory azken urteetan. Hezkuntza arloan kultura aldaketa sustatzeko xedez eta datozen belaunaldiak bizitzarako eta elkarbizitzarako prestatzea jomuga izanik, Escola Nova 21 programa sortu zuen duela bi urte. Dagoeneko ia 500 ikastetxe atxikitu dira egitasmora, euren zentroetan hobekuntza-prozesuak martxan jartzea helburu hartuta. Programak baditu bi elementu nagusi hezkuntza eragileak mugiarazi dituena. Horietako bat abiadura da, “azkartasunak erabakiak hartzera behartzen zaituelako, atzera edo aurrera egitera”; eta beste elementua objektibotasuna da: “Gure artean badirudi irakasle bakoitzak nahi duen eran jardun dezakeela, eta hezkuntza-praktika oro dela erlatiboa. Ezin dugu horrela jarraitu. Serioak izan behar dugu eta probatuta dagoen horretan oinarritu gure jarduna”.
Zer da Escola Nova 21 programa? Eta zein da bere egitekoa?
Programa zer den azaltzen hasi aurretik uste dut Escola Nova 21 zein testuingurutan sortzen den esplikatzea garrantzitsua dela. Oinarrizko hiru elementu izan behar dira kontuan.
Lehenik eta behin, ez dugu ahaztu behar orain dela mende bat pasatxo, hezkuntzaren unibertsalizazioaren gaineko eztabaida gertatu zela. Gero eta industrializatuagoa zen ingurune batean, jende multzo handiari oinarrizko heziketa ematea zen xedea. Eta planteamendu hark oinarrian hainbat premisa zituen: ‘Adin bereko haurrak berdinak dira, gaitasun berberak dituzte, ez daukate ezagutzarik eta kanpotik irakatsi behar zaie… zenbat eta nagusiagoa izan haurra, orduan eta gaitasun handiagoa du edukiak barneratzeko… ezagutza bat zenbat eta intelektualagoa izan, orduan eta esanguratsuagoa izango da…’, etab. Planteamendu hark oraindik ere indarrean darrai. Ikuspegi akademizista batez ari gara hizketan. Eskolaren oinarrian dagoen ideia da jakintza bat badagoela transmititu beharrekoa, alegia, erabat osatuta dauden ezagutza batzuk daudela eta irakaslearen egitekoa dela ikasleari horiek helaraztea, liburuen bidez, memorizazioaren bidez, jarduera mekanikoen bidez… Eredu horrek eskola erabat selektiboa eraiki du, eta balio duten ikasleak eta balio ez dutenak bereizi ditu.
Eta zer-nolako ondorioa du horrek?
Haur guztiek berdin ikasten dutela uste bada, pentsa daiteke irakasle guztiek ere berdin irakats dezaketela, eta beraz, maisu-maistrak trukagarriak direla, eta ondorioz, funtzionario izan daitezkeela. Horrexegatik, oposizio izeneko azterketa memoristiko baten bitartez hautatzen dira eta batetik bestera mugitzen dira edonor edozein lekutarako egokia balitz bezala. Alegia, hautaketa hori ez da zentro bateko proiektu pedagogikoaren arabera egiten, edota irakasle horren gaitasunen arabera, baizik eta bere antzinatasunaren arabera.
Katalunian, hezkuntza ulertzeko modu horrekin amaitzen saiatu ziren orain dela mende bat. Primo de Riveraren estatu kolpearen aurreko gobernu autonomoek pedagogia aktiboak bultzatu zituzten. Baina, diktadurak tarteko, eta beste hainbat kontu, ez dugu lortu oraindik hezkuntza aldatzerik, eta XIX. mende amaierako egitura berberarekin jarraitzen dugu. Aldaketa eragozteko frenoa jartzen jarraitzen duen zerbait dago. Galga-lana egiten duen zerbait hori zera dela esango nuke: lortu nahi dugun horren kontrakoa eragiteko diseinatuta dagoela egitura guztia.
Hortaz, egin zenuten diagnosiaren lehen elementua da sistema aldatzeko frenoa jartzen duen egitura bat dagoela. Zein lirateke beste bi elementuak?
Bigarrenik, historiako iraultza teknologikorik handienaren aurrean gaude. Abiadura esponentzialarekin ari dira aldatzen gauzak eta bizitzako arlo guztiei eragiten die horrek: nola ikasten dugun, nola bizi garen, nolako harremanak ditugun beste pertsonekin eta inguruarekin, nola egiten dugun lan, nola informatzen garen, nola hartzen ditugun erabakiak… Eta transformazio teknologiko azkar horrek dakarren aldaketa izugarri horri beste erronka global handi bat gehitu behar zaio: garapen jasangarriarekin loturiko helburuei erantzuten saiatzea. Horrek esan nahi du gaurko hezkuntzak erronka berri horiei aurre egingo dien norbanakoak, profesionalak eta hiritarrak sortu behar dituela. Baina berezitasun nagusi batekin: eskolak berak erantzuteko duen gaitasuna baino askoz ere azkarrago doala gaur egun mundua. Eta horrek hezkuntzaren bestelako planteamendu bat egitea eskatzen du.
Hirugarrenik, azken urteetan neurozientziaren bitartez hainbat informazio jaso dugu eta aspalditxoan batzuek intuizioz ziotena baieztatzen dute: ikaskuntza ez dela gertatzen eduki finalak transmitituz, baizik eta ikasteko prozesuak aktiboa izan behar duela, eta ikasten duen subjektu horretan zentratu behar duela.
Hezkuntzaren inguruan egindako diagnosian identifikatu dituzuen hiru elementu horiek hezkuntza aldatzea eskatzen dute, hortaz?
Bai, hori da. Baina, gainera, horri guztiari beste elementu bat gehitu behar diogu: zergatik 20-30 urteetan edota 60-70etan berrikuntzarekin hasi eta aitzindari izan ziren eskola haiek ez dira gaur egun erreferentziazko zentro? Horrek ere badu bere erantzuna: sortzen edo eraikitzen den berrikuntza oro, atzera ere, zulo beltz batek irentsiko balu bezala da, sistema horretarako diseinatua dagoelako.
Beraz, hauxe da diagnosiaren elementu zentrala: aurkako erakarmen indarra duen poloa sortu behar da. Alegia, orain daukagun erakarmen poloak beti eskola transmisibora bagaramatza, kontrakoa eragingo duen ekintza polo berri bat sortu beharrean gaude. Eta ekintza polo berri hori ez da sekula eraginkorra izango soilik curriculumaz, lanpostuez, eskolaz, egituraz, testuliburuez, irakasleen formazioaz… hitz egiten badugu. Izan ere, elementu horietako bakoitza bestearekin elkarlotuta dago.
Osotasunaz hitz egin behar dugu eta osotasunaz hitz egiteak esan nahi du “zer-nolako eskola behar dugu?” galderaren inguruan hausnartzea eta horri erantzuna ematen saiatzea, kontuan izanik pertsonok ikasteko dugun moduaren inguruan zientziak dioena, alegia, “nola ikasten dugu gizakiok?”. Bi galdera horiei erantzunez definitzen dugun eskolak esango digu gainerako elementuek nolakoak izan behar duten: nola formatu behar ditugun irakasleak, nola aukeratuko ditugun, zein rol jokatuko duten eskolan, nolakoa izan behar duen ikasleen ikaskuntza-esperientziak, nola ebaluatuko ditugun haurrak, zer-nolako egitura fisikoak behar ditugun, nolako materiala, zer-nolako prozesuak, ebaluazioa nola egingo den…
Beraz, kultura aldaketa batez ariko ginateke hizketan?
Bai, nagusiki, horixe da: kultura aldaketa. Horrek esan nahi du behar dugun eskolaren gainean kontzientzia hartzea eta behar dugun eskola hori eraikitzeko ekintzak martxan jartzea. Horixe da funtsean Escola Nova 21.
Hasteko eta behin, kontuan izan behar da Katalunian Berrikuntza Pedagogikoko mugimenduek dezente indar izan dutela. Ondorioz, belaunaldi berrien artean ere uste izan da orain dela urte batzuk eredugarri gisa imajinatu zen eskola hura horizonte komun bat izan daitekeela denentzat; posible dela aldaketa, eta gainera, bideragarria dela. Testuinguru horretan, azken 10 urte inguruan, hainbat iniziatiba egon dira eremu ezberdinetan —eskola publikoan, kontzertatuan, administrazioko profesionalen artean…—, eskola aldatzera bideratuak.
Bestetik, 2009ko Kataluniako Hezkuntza Legeak konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaz hitz egiten du. Eta, beraz, garai horretan ireki ziren zenbait eskola berritan —hutsetik eraiki zirenez—, bakoitzak bere eredu pedagogikoa aukeratu ahal izan zuen. Izan ere, Katalunian eskola publiko bat zerotik hasi behar duzunean, zeuk aukeratutako taldea izan dezakezu bost urtez. Hala, aldi berean norabide berean lanean ari ziren zenbait eskola sortu ziren. Gertakari berria zen hori eremu publikoan. Baina, horrez gain, aldi berean, zenbait eskola kontzertatu ere berrikuntza betean sartu ziren.
Finean, nik ekosistema deitzen diodanaren antzeko zerbait sortu zela esan daiteke, baina ekosistema hori artikulatu gabe zegoen. Bakoitza bere kasa ari zen lanean.
Artikulatu gabeko ekosistema bat aurkitu zenuen, beraz.
Kontua da eskola eta zentro eredugarriak eta berritzaileak existitzen zirela, baina euren artean ez zegoela inolako kooperaziorik, eta askotan elkarren aurka ari zirela. Edonola ere, konturatu ginen konfluentzia bat zegoela Katalunian zenbait zentro egiten ari zirenaren eta nazioartean pedagogia arloan berritzaile gisa aldarrikatzen zenaren artean. Beraz, geure baitarako pentsatu genuen: eredugarria den hori zergatik ez anekdotikotik atera eta sistemiko bihurtu? Alegia, eskola horiek ez daitezela izan salbuespen, baizik eta arrunt eta ohiko izan daitezela.
Hala, eskola horiekin lanean hasi ginen komunean zituzten jarraitzeko moduko ezaugarrien bila. Eta hortik atera zen aliantza bat egiteko aukera. Jaume Bofill erakundearekin, Universitat Oberta de Catalunyarekin, Educaixa-rekin eta administrazioarekin —Generalitat-arekin eta Bartzelonako Diputazioarekin lehenik; eta Bartzelonako Udalarekin ondoren— hitz egin genuen, eta Katalunian arrazoi batengatik edo bestearengatik erreferentzialak ziren 30 eskolarekin hasi ginen elkarlanean. Montserrat edota Jesuitak erreferentzialak ziren batzuentzat; El Martinet edota La Maquinista beste batzuentzat.
Ordura arteko jarduteko moduarekin alderatuta diferentzia nagusia zen, aurrez inork inoiz ez zituela eskola horiek guztiak batera bisualizatu erreferentzia bakar gisara, elkarren aurka zeuden eredu bezala baizik. Horri buelta ematen saiatu ginen gu eta erreferentzia bakar gisara hautemateko behar diren ezaugarri komun horiekin marko bat osatu genuen: “eskola aitzindariaren markoa” deritzoguna, hain zuzen.
Eta zein ezaugarri ditu zehazki eskola aitzindariaren marko horrek?
Ikasleak bizitzako eta elkarbizitzako erronkei aurre egiteko prestatu behar ditu eskolak eta horretarako beharrezkoak diren konpetentziak garatzeko gai izan behar du; gizakiak ikasteko duen moduaren gainean zientziak zer dioen ikusi eta horretan oinarritu behar du bere jarduna; ikaskuntza praktika horiek hobetzea ahalbidetuko duten ebaluazio sistema garatu behar du; eta azkenik, eskolak etengabe eguneratzeko aukera eman behar die bai ikasleei eta baita irakasleei ere.
Hortaz, programaren xedea da haurren heziketarako marko komun hori Kataluniako hezkuntza-sistema osora hedatzea, edo behintzat hala nahi duten zentroetara?
Bai, hori da. Gu plazara atera gara eta esan dugu: “Begira, hauxe da komunean dugun markoa, eta marko hauxe da guk sistema guztiarentzat nahi duguna. Eta gurekin lan egin nahi duten eskolak baldin badaude, gu laguntzeko prest gaude”.
Uneotan 400 zentro baino gehiago ari dira zuekin lanean.
Nire ustez garrantzitsua da kontuan izatea programaren helburua ez dela zentro horietako bakoitzean transformazioa eragitea, baizik eta kultura aldaketa sustatzea. Egia da zentroetako funtzionamendua eraldatzea ere badela aldaketa kulturala sortzeko erreminta bat, baina finean, gure nahia da gizartea konbentzitzea eta kontzientziatzea ezin dela zentro bakar bat ere egon lehen aipatu ditugun irizpideak helburutzat ez dituena. Eta hori da kultura aldaketa: gurasoek, zinegotziek, komunikabideek, akademikoek… denok partekatzea marko komun hori.
Horretarako, gakoetako bat da programa hiru urtekoa izatea, gehiago iraungo balu, gu aldaketarako hornitzaileak bilakatuko ginatekeelako, eta guk ez dugu aldaketaren hornitzaile izan nahi, baizik eta inpaktu bidez kultura aldaketa eragin nahi dugu, eta zentro bakoitzak, barrutik kanpora, alegia, behetik gora, bere hobekuntza-prozesua egitea.
Hasieran 30 eskolari aldaketa sistemikoko prozesuan laguntzeko prestatu ginen eta beste 200 eskolaren bidelagun izateko zenbait eraldaketatarako. Baina aurreikuspen guztiak gainditu genituen eta azkenean 480 eskolarekin topatu ginen. Zenbait herritako udalak ere jarri ziren gurekin harremanetan, esanaz euren herriko eskola guztiek honetan parte hartzea nahi zutela.
Beraz, udal mailan ere garrantzia hartu zuen Escola Nova 21 programak?
Bai, hala da. Bat-batean sekulako ospea hartu zuen programak. Garbi geratu zen eremu lokalak ere zeresana duela hezkuntzan. Gainera, aldaketa kulturalak transbertsalitate politikoa behar du, eta udalak transbertsalitate politikoaren isla dira. Horregatik, akordio bat egitea proposatu genien, eta premisa nagusi batekin lan egitea: zentroek taldean ikastea, alegia, elkarrengandik ideiak jaso eta batera jardutea. Hau da, ikasleekin egiten dugun bezala, kooperaziorako elementuak txertatzea zentroentzat ere.
Hala, Bartzelonako Diputazioaren kasuan, aliantza bat egin genuen eta 8-12 zentro elkartuta sareak osatu genituen udalerri mailan, eta udalek sare horiek koordinatzeko teknikariak jarri zituzten.
Azkenik, Bartzelona hirian, “Xarxes per al camvi” sortu genuen (aldaketaren aldeko sareak). Kontuan eduki behar da Bartzelonako Udalak hezkuntzaren zenbait eskuduntza dituela eta bere egitura Kataluniako gainerako udalerrietatik desberdina dela. Bide horretatik, gainera, Generalitat-eko Hezkuntza Kontseilariaren (lehengo CIU alderdikoa) eta Bartzelonako alkatearen (Barcelona en Comú alderdikoa) arteko akordioa sinatu genuen. Eta hori izan zen transbertsalitatearen beste isla nabarmen bat, bi mutur politikoak direlako.
Maiatzean aurkeztu genuen Escola Nova 21 programa. Uztail arte utzi genuen izena emateko epea. Irailean Bartzelonako Diputazioarekin sinatu genuen akordioa; handik hurrengo otsailean Bartzelona hiriko konsortzioarekin eta urtebetean 480 eskola ari ziren aldaketa prozesu baterako lanean, horizonte komun bat oinarri hartuta.
Berrikuntza pedagogikoa Kataluniako hezkuntza-sistema osora ari zarete hedatzen?
Nik lau urte besterik ez daramat honetan, baina kontuan izan behar da Escola Nova 21en muina, nagusiki, dagoeneko lanean arrakastaz diharduten eskolen eta irakasleen knowhow-a dela, hau da, dagoeneko hor dagoen jakintza hori. Sistema guztia kontrara diseinatuta egon arren, miraria egingo balute bezala lanean ari diren irakasle eta eskolen transmisioko korrea lana egiteko tresna besterik ez da Escola Nova 21.
Egia da askotan diskurtso berriak eraiki ditugula, baina gero praktikan betiko moduan funtzionatzen jarraitzen dugu. Hortaz, zein klabe dira beharrezko eskola batek bere jarduna hobe dezan? Eta bere funtzionatzeko modua alda dezan?
Horrekin lotuta bi gauza esan nahi nituzke. Batetik, hainbat diskurtso praktikara zergatik ez diren pasatzen erakusten duen elementuetako bat da aldaketarako metodologiarik eta adierazlerik ez erabiltzea. Guk ez dugu esaten zentro guztiek modu berdinean lan egin behar dutenik. Guk esaten duguna da zentro batek azterketak gainditzera soilik bideratuta antolatzen badu bere lan egiteko modua gaizki ari dela funtzionatzen. Norbaitek zera galde dezake: “Aizu, eta zu nor zara esateko zentro bat gaizki ari dela lanean?”. Bada, denok gara nor. Eta zentro bat gaizki ari bada lanean, esan egin behar da. Adibidez, eskola batean umeari zuzenean esaten bazaio “zuk ez duzu balio” edo “matematikak ez dira zuretzat eginak”, bada, zentro hori gaizki ari da lanean. Eta horrek talka eragiten du. Izan ere, dena erlatiboa eta eztabaidagarria dela onartzen duen sistema batetik gatoz. Eta guk argi esaten dugu: badaude gauza batzuk eztabaidagarriak ez direnak. Derrigorrezko eskolak betebehar sozial bat dauka eta horri ezin dio muzin egin. Guk umeak derrigortzen ditugu eskolara joatera, beraz, gizarte bezala eskolari exijitu egin behar diogu ume horiek ahalduntzeko eta gaitzeko, eta hori egiten ez badu, gizarte bezala inkonpetenteak garelako izango da.
Logika horrek beste planteamendu batera ere eraman gaitzake. Gutxieneko estandar batzuk baldin badaude eskola guztietan eman beharko liratekeenak, nola ahalbidetzen da eskola guztiek gutxieneko hori ematea? Eta nola neurtzen da hori? Emaitzak neurtu behar lirateke?
Horrekin ez dut esan nahi emaitzak neurtu behar ditugunik, baizik eta prozedurak neurtu behar ditugula. Adibide sinple bat jarriko dut: guk badakigu konpetentzia demokratikoen ikaskuntza —trebetasunak eta balioak barne-hartzen dituena— praktikaren bidez soilik gertatzen dela. Hau da, zuk zure eskolan balio demokratikoak barneratzeko egiten duzun gauza bakarra power point bat pasatzea baldin bada, esan dezakegu ikasle horiek ez dituztela ez gaitasun demokratikoak ez balio demokratikoak ikasiko. Dantzaren adibidearekin erraz uler daiteke hau. Demagun dantza-eskola bateko maisuei galdetzen diegula ea nola erakusten duten dantza eta erantzuten digutela “power point diapositiba batzuk pasaz”. Denok dakigu horrek ez daukala inolako zentzurik eta horretarako berdin-berdin diola dantza-eskola hori ixten badute ere. Bada, gauza bera gerta-tzen da eskolaren kasuan.
Beraz, aldaketarako prozedurak txertatzeak norbere praktikaren gaineko metakognizioa ere eskatzen du. Hau da, zertan ari garen pentsatzea, eta egiten dugun hori zergatik egiten dugun egiten dugun bezala hausnartzea. Benetan jakin behar dugu zer nahi dugun, zer nahi duen eskolak…
Askotan gertatzen da teoriaren eta praktikaren artean inkoherentziak sortzen direla eskolako jardunean, alegia, gauza bat predikatzen dugula eta beste bat egiten. Esaten dugunaren eta egiten dugunaren artean dagoen arrakala gainditzeko ezinbestekoa da zentroko ikuspegi bat sortzea, eskola komunitate osoak partekatzen duena. Gainerakoan, aldatzeagatik aldatuko dugu, jakin gabe zehazki zergatik ari garen gauzak egiten.
Askotan modaren arabera funtzionatzen dugula esan nahi al duzu?
Bai, hala da. Kontuan izan behar dugu modak beti “nola?” galderarekin daudela erlazionatuta. Baina benetan aldatu eta hobetzeko dagoen modu bakarra da “zergatik?” galderari erantzutera pasatzea, alegia, jomugaren arabera funtzionatzea. Helburua argi izatea da zentro bat ahalduntzeko eta benetan autonomiaz funtzionatzeko bide bakarra. Soilik zuk zentro gisa hausnarketa sakon bat egin duzunean jomugaren gainean, alegia, zentro gisa lortu nahi duzun horren inguruan gogoeta egina duzunean, izan dezakezu autonomia nahikoa erabili nahi dituzun “nola?” guztiak erabakitzeko.
Nola jartzen dituzue martxan aldaketak zentroetako bakoitzean?
Escola Nova 21ek baditu bi elementu hezkuntza eragileak mugiarazten dituena. Horietako bat abiadura da. Estrategikoa da elementu hori: azkartasunak erabakiak hartzera behartzen zaitu, atzera edo aurrera egitera.
Eta bigarren elementua objektibotasuna da. Gure artean, badirudi, irakasle bakoitzak nahi duen eran jardun dezakeela eta praktika oro izan daitekeela egoki edo ez, dena dela eztabaidagarria, hezkuntza-praktika oro dela erlatiboa. Ezin dugu horrela jarraitu. Serioak izan behar dugu. Hezkuntza oinarrizko eskubide bat dela onartzen badugu, argi izan behar dugu eskolak ahalduntzailea eta transformatzailea izan behar duela, eta hori ezin da zalantzan jarri, ez da eztabaidagarria. Alegia, eskola bat ahalduntzailea eta transformatzailea ez bada, zerbait ez da ondo egiten ari eta aldatu egin behar du.
Aliantzaz mintzo zarete zuek, baina hezkuntzan ere ez al da ari nagusitzen elkarren arteko norgehiagoka?
Lehen aipatu dudan bezala, hezkuntza oso gaizki tratatzen den eremua da. Eta inbidia eta ezinikusi handiak daude. Adibidez, eskola batek ondo funtzionatzen badu, haren kontrako esamesak eta gorrotoak hasten dira, norgehiagoka moduko bat hasten da zentro baten eta bestearen artean, eta errudunak bilatzen dira nonahi norbere praktikak eta emaitzak justifikatu nahian. Escola Nova 21en helburua, hain zuzen, norgehiagoka horrekin haustea da.
Azkenean jendea elkarri aizkorakadaka dabilen sistema bat eraiki dugu. Eta, ideiak juxtu kontrakoa behar luke izan: “Egin dezagun aliantza handi bat”. Titularra “Escola Nova 21” baldin bada, azpititularra zera litzateke: “Hezkuntza-sistema aurreratu baterako aliantza”. Xedea litzateke zentroa erabat autonomoa izatea, jakinik autonomia ez datorrela eskolari esatetik “orain zuri tokatzen zaizu aukeratzea eta ardurak har-tzea”. Autonomia bereziki trebakuntzatik dator, gaitzetik, ahalduntzetik. Zerbaiterako gai ez bazara, ezin duzu autonomo izan. Eta gaitzeko ardura ez da soilik hezkuntza-sistemarena edo eskolena, edo irakasleena, baizik eta gizarte osoarena. Gizarteak eskolari eskatu behar dio gaur egungo ikasleen premiei erantzun egoki bat eman diezaiela, baina horretarako erremintak, baliabideak, metodologiak, adierazleak… behar ditu, eta beste ezeren gainetik, logika ahalduntzaile bat behar du, alegia, entitatea, nortasuna behar du.
Autonomiaz funtzionatzeko eta hezkuntza-proiektu sendoak aurrera eramateko eskoletan lan-talde egonkor bat beharko da, ezta?
Bai, noski, klaustro egonkor bat behar da horretarako. Escola Nova 21en barruan guk defendatzen dugun ezaugarrietako bat da klaustroak egonkorrak izatea batetik, eta bestetik, klaustro horiek zentroaren hezkuntza proiektuari atxikiturik egotea. Baina hori ez da ezer berria. Katalunian Rosa Sensat maistra sonatu eta berritzailea izan zen, Escola del Bosc Bartzelonako eskola publikoa zuzendu zuena, eta berak aukeratu zuen lan-talde osoa, hezkuntza proiektuaren arabera. Eta, gaur egun ere, horixe da, adibidez, Finlandian egiten dutena, sistema osoa ia erabat publikoa den herrialde horretan. Hezkuntza proiektu sendo bat nahi bada, derrigorrez, proiektu horretarako egokien izango diren irakasleak aukeratu behar dira.
Honen guztiaren atzean, ez ote dago “publikoa” kontzeptua beraren gaineko ikuspegia jokoan?
Bai. Kontua da, gaur egun, hemen, Katalunian, “publikoa” gutxi gorabehera langile publikoek zer izango den erabakitzen duten hori dela. Baina publikoa bada, denona da, eta, beraz, gizarte osoak erabaki behar du zer izango den eta nolakoa izango den. Guztiok daukagu zeresana horretan.
Kontua da hemen hezkuntza eskubidea lan-eskubideekin nahastu dugula. Hezkuntzarako eskubidea, ekitatezko egoera batean kalitatezko heziketa jasotzeko haurrek duten eskubidea da, eta ez langile publikoek baldintza jakin batzuetan lan egiteko duten eskubidea. Horretarako eskubidea du langile publikoak, noski. Baina hori beste eskubide bat da: eskubide laborala: ez hezkuntza eskubidea. Eta guk bi eskubideak nahastu egiten ditugu.
Eskolak publikoa izan behar duela soilik esatea, eztabaida gaiztoa egitea da. Publikoa izan behar du, noski. Nire ustez bai behintzat, baina publikoa izan behar du, klaustro egonkorrekin, funtzionariorik eta oposiziorik gabe, hezkuntza eredu aurreratuekin, kalitatearekin… Hortaz, eskolak publikoa izan behar al du? Bai, dudarik gabe. Baina defini dezagun lehenik hori diogunean zertaz ari garen. Zeren publikoa esatean ari bagara esaten hemendik bost urtera ez dakigula eskola horrek hezkuntza proiekturik izango duen, zein irakasle izango dituen, umeek zer ikasiko duten… bada nire erantzuna da ez dudala horrelako eskolarik nahi. Eta hain zuzen ere, eskola publikoaren alde nagoelako ari naiz hau guztia esaten. Arduraz begiratzen diodalako gaur egungo eskola publikoari, eta ikusten dudalako eraldatzen ez bada, heziketarekin loturiko hainbat erronkari eskola kontzertatuek soilik erantzun ahalko diotela.
Programa hau martxan jarri zenutenetik inolako aldaketarik ari zarete antzematen?
Bai. Izugarrizko diferentzia nabaritzen dugu. Zentzu guztietan. Adibidez, komunikabideetan, gaur egun araua da guk aldarrikatzen ditugun balioetan oinarritutako hezkuntza. Bestetik, gurasoen jarrera ere asko aldatu da. Eta gaur egun ohikoa da gurasoek, eskolara doazenean, bertako hezkuntza proiektuaren inguruan galdetzea. Edota, esate baterako, lehen irakasleek gurasoekin egiten zituzten bilerak nagusiki burokratikoak ziren; orain, berriz, pedagogikoak.